Etxeak eskola bihurtuta; argazki bat Euskal Herriko ikastetxeei eta etxeei (eta III)

2020-04-14

Opor egunak lasaiagoak izan arren, aurreko asteetan eskola bihurtu diren etxeetan aldaketa asko ekarri ditu konfinamenduak. Etxeko lanak eta eskolako lanak elkarren artean gurutzatzen dira, ordutegiak eta lanak banatzeko zailtasunarekin. Ordenagailua eta Internet ia ezinbesteko bihurtu dira ikasleek etxetik ikasketak egiten jarrai dezaten. Hori bermatzen saiatzen ari dira eskoletatik. Etxeko hormen barruan gutxieneko errutina bat eta kontziliazioa erdiestea bihurtu dira helburu preziatuenak. Horra iristeko dauden zailtasunak eta bilatzen ari diren irtenbideak aipatzen dira erreportaje honetan.

 
 
Etxeak eskola bihurtuta; argazki bat Euskal Herriko ikastetxeei eta etxeei (eta III)

 

 

Etxetik lana egiteko ordenagailua eta Internet behar dira, eta hor sortu da arazoa eta erronka. Ikasle guztiek etxetik lana egiteko eta eskolak jarraitzeko baliabideak bermatzen saiatu dira hainbat ikastetxetan, eta beste batzuetan baliabide horien faltan egokitzen eta komunikazioa eta jarraipena beste modu batera bermatzen.

 

Olaberriko eskola txikian Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasle denei etxetik lan egiteko aukera jarri diete, ordenagailurik ez zutenei eskolakoak emanez mailegu kontratu bat sinatuarazita. Tuterako Argia ikastolako familiei ikastolak berak eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak eskaini dizkiete baliabideak. Lehendabiziko egunean bertan zerrendatu zuten zein etxetan ez zegoen ordenagailurik edo zeinetan behar zuten beste bat (daukatena gurasoek behar dutelako), eta ikastolako ordenagailuak banatu dizkiete. Horrez gain, Interneterako sarrerarik ez zuten familiei pintxoak banatu dizkiete Ikastolen Elkarteak, etxe guztietan aukera izango dutela ziurtatzeko. “Denek dute eskubidea”, dio Argiñe Korta zuzendariak. “Horretarako dauzkagu materialak ikastolan, ikasleek erabiltzeko, koaderno bat bezalaxe. Beraz, ikasleen esku utzi behar dira”.

 

Gasteizko Zabalgana institutuan ikasle batzuei telefonoz deika aritu dira, “ziurtatzeko ordenagailua eta Interneten duten, e-postaz bidaliko diegun edo posta arruntez”, dio Miren Fernandez de Betoño ikasketaburuak. “Berez oso gutxi dira e-posta ez dutenak eta horien kasuan gurasoak etorri izan dira ikastetxera lanen bila eta telefonoz ere ari gara jarraipena egiten”.

 

Denetariko egoerak daude eta bideratzeko eta irtenbideak topatzeko aukerak ere anitzak dira. Horren jakitun da EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imaz eta bere ustez, oro har, momentuz ongi ari da bideratzen eskolen eta familien arteko hartu-emana. “Baina egoera hau luzatzen den heinean, epe ertainerako plana beharko dugu egoera honi elkarrekin nola aurre egingo diogun adosteko, hau da, bide-orri adostu bat administrazioaren eta eskola-komunitateko kideen artean. Ikastetxeak eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak egokitu behar dira eta horrek adostua izan behar du”. Egokitzapen hori egiteko familien eta umeen ezaugarriak kontuan hartu beharko dira. Esate baterako, seme-alabek behar desberdinak izango dituzte autonomia gutxiago edo gehiago duten neurrian; txikitxoenek arreta gehiago beharko dute eta nerabeen kasuan beharrak bestelakoak izango dira, ikasteko diziplina mantentzea, esaterako. Maria Bonilla Leioako Claret Askartza ikastetxeko Haur Hezkuntzako hezitzailea ere iritzi berekoa da: “Familia bakoitzaren errealitatea ezberdina da eta hori ere kontuan hartu beharrekoa da. Asko eta asko egoera zaila bizitzen ari dira lanean jarraitu behar dutelako, telelana egin behar dutelako, seme-alaba nagusiagoei etxerako lanekin lagundu behar dietelako eta abar. Egoera oso desberdinak daude, eta horregatik, gure kasuan, Haur Hezkuntzako etapan, bidaltzen diegun materiala proposamen gisa jaso behar dute, ez gainkarga edo presio gehigarri gisa”.

 

Gauza bat da eskolako lanak egiteko materiala familien eskura jartzea, baina behar gehiago ere badira: “Bazterketa egoeran dauden familiek behar bereziak dituzte. Esate baterako, otordu egokiak bermatzea seme-alabei edota Internet zerbitzua, baina ez eskolako lanetarako soilik, baizik eta maite dituzten pertsonekin komunikatzeko”, kontatzen du EHIGEko koordinatzaileak.

 

Eta beste kontu bat kontziliazioarena da. “Egoera honek ageria utzi du gure gizartea ez dagoela prestatuta lana eta familia uztartzeko”, dio Imazek. “Esango nuke krisi honek agerian ipini duela zaintza gizartaren erdigunean jartzeak duen garrantzia”. Kasu askotan aitona-amonak izan dira orain arte gabezia hori estali dutenak; eta umeek aitona-amonekin ezin izan dutenean egon, gurasoek lanak izan dituzte familia eta lana uztartzeko. Lanera joan behar izan duten gurasoen kasuan, ume txikien zaintza bermatu ezinik ibili dira, zaila baita beste pertsona helduren baten laguntzarik ez badute. Guraso bakarreko familiek ere zailtasun gehiago izan dituzte. Egoera horiek bultzata sortu dira zaintza kolektiboak, boluntarioez osatutako taldeak beharra duten familiei laguntzeko. Imazek dio ederra dela horrelako ekimenak sortzea, “baina hala ere zaintza ezin da soilik boluntarioen esku utzi. Zerbitzu publikoen bidez bermatu behar da prestakuntza eta lan-baldintza egokiak dituzte profesionalekin”. Bonilla Claret Askartzako Haur Hezkuntzako hezitzailea, esate baterako, etxetik ari da lanean, eta aldi berean seme-alabekin dago, eta argi dio ez dela erraza telelana seme-alaben zaintzarekin partekatzea. “Horregatik, etxean, ahal den neurrian, errutina bat mantentzen saiatzen gara. Goizetan, gosaldu ostean, jantzi eta denbora batean nagusiarekin (LH1) ikastolatik bidalitako etxerako lanak egiten ditut eta txikiarekin (HH3) ekintzaren bat egiten saiatzen naiz. Bitartean, nik ere ordenagailua prest edukitzen dut, lankideekin lan egiteko edota e-postak erantzuteko. Gero, egunean zehar aurkitu ditzakedan hainbat momentutan jarraitzen dut lanean. Ezohiko egoera da eta ez dakigunez noiz arte egongo garen, horrela egunez egun modaltzen joan beharko dugu”.