Bigarren mintegiko izen-ematea zabalik dago

2020-05-12

Osasun krisiak hezkuntzan eragin duen aldaketaz hausnartzeko sortu dugun laborategiko bigarren mintegian konfinamenduan hainbeste erabili ditugun baliabideen inguruan hausnartzeko eta praktika onak ezagutzeko parada izango dugu, IKTak, etxerako lanak eta ebaluazioa (ebaluazio hezigarria), IZENA EMATEKO
- Ongi ari al gara erabiltzen IKTak? Aplikazioetatik harago, ikuspuntu etiko, pedagogiko eta osasuntsutik, zer eduki behar dugu kontuan?
- Etxerako lanak... guztiek balio al dute? Guztiak al dira balekoak?
- Eta nola ebaluatu hau guztia, gauden egoeran egonik, nola aplika genezake ebaluazio hezigarria?

 
 
Bigarren mintegiko izen-ematea zabalik dago

Huheziko Amaia Arroyo-Sagastak eskainiko du lehen ikastaroa, teknologia digitalen ingurukoa. “Urteak dira teknologia digitalek hezkuntzarekin duten harremanaz ari garela. Batzuek ez dute ikusten lotura egiteko beharrik; beste batzuek, aldiz, integrazioa ezinbestekoa dela diote. COVID-19 birusa izan da harreman horretan aurrerapauso handiena bultzatu duena: bat-batean, hezkuntza ingurune digitalera igarotzea eragin du, ezbairik gabe. Berehalako egoera horrek, ordea, alderdi teknologiko-instrumentalari gehiegizko garrantzia ematea ekarri du: tresna digitalak izan dira protagonistak hein handi batean eta, horiek erabiltzeko jarrera tematian, alderdi pedagogikoak eta metodologikoak alboratzen ari diren kezka zabaltzen hasi da. Horren aurrean, ezinbestekoa da hausnartzeko parada hartzea eta teknologia digitalen inguruko oinarrizko galderak lantzea: Zer dira? Zertarako balia ditzakegu hezkuntzan? Zer baliabide izan daitezke erabilgarrienak? Eta zer oinarrizko gidalerro izan beharko genituzke kontuan, horiek integratzeko garaian? Galdera horiek guztiak lantzeak ahalbidetuko digu krisi honek eragin duen hezkuntza-aldaketarako aukera baliatzea, teknologia digitalek hezkuntzarekin izan beharreko harremana ikuspuntu pedagogiko, osasuntsu eta etikotik eraikitzeko”.

Joxe Amiama EHUko irakasleak etxerako lanen inguruko doktorego tesia egin zuen, eta une honetan tresna honen gaineko hausnarketa egitea ezinbesteako iruditzen zaio, ongi ari al gara erabiltzen etxerako lanak? zer-nolako etxerako lanak dira gomendagarriak?

Nafarroako Ikastolen Elkarteo Pedagogia arduradun Irene Lopez-Goñik ebaluazio hezigarriaren balioa mahai gainean jarriko du testuinguru honetan: “Ebaluazio hezigarria ikaskuntza prozesutik bereizi ezin den atala da, jasotako informaziotik abiatuta, ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko erregulazioa da nagusiki. Ebaluazioa, informazioaren bilketa eta analisi prozesu gisa ulertu behar dugu, zeinak ahalbidetuko digun ikaskuntza prozesu egokia zer neurritaraino ari den gertatzen jakitea, zer zailtasun ari diren suertatzen eta hobekuntza aholkuak proposatzen. Ikastaroan, Pedagogian funtsezko diren Aprendizaiaren teorian oinarrituko gara, Ebaluazio Hezigarrirako lagungarriak izan daitezken proposamen teoriko zein praktikoak azalaraziz. Ebaluazio hezigarria aurrera eramateko zutabe teorikoan uztarturik, iradokizunak, aholkuak, adibideak ikusiko ditugu. Halaber, gauden egoeran gaudela ebaluazio hezigarria bideratzeko proposamenak eskainiko ditugu”.