Nora Salbotxen zutabea: COVID-egunetan zaintzari ikasiak

2020-07-17

Hondar hilabete hauek katramilatsuak izan dira zinez. Aldiz, hezkuntza birpentsatzeko eta egiazki haurra eta bizitza erdigunean jarriko dituen eredua proiek-tatzeko aukera paregabea zabaldu zaigu.

 
 
Nora Salbotxen zutabea: COVID-egunetan zaintzari ikasiak

 

 

Izan ere, ezohiko gertaera honek begien aitzinean jarri dizkigun kontu saldoaren artean baleudeke gaur egungo eskola arautuaren hel-buru-eduki-prozedura-kontzeptu-metodoen eta etxea-bizitzaren arteko arrakalarena. Gisa honetan, ikasturte akaberarekin batera, han eta hemen agertu zaigu hutsuneen inguruko eztabaida, eskuarki naturaltzat jotzen ari garena. Oraingo honetan horixe bera paratu nahiko nuke ezbaian; gure ume, haur eta nerabeek euren heziguneen itxieraren ondorioz izan duten galerez galdegiten digun diskurtso instituzionalari ihardesteko unea baita. Behin eta berriz zer eduki galdu den galdetzen ari zaigun honetan, zer irabazi den pentsatzeko tenorea badela uste baitut. Galdu denaz luze solastatu gintezke bistan da, baina, kasu horretan, bi sistemen (etxea-eskola) arteko arrakala nola gaindituko dugun birpentsatzeko beharko luke, euren arteko etengabeko urrun-
tzea birnorabidetzeko, curriculumak pertsonen zerbitzura paratzeko eta ortzi-mugan bizitzarako eskola marrazten hasteko. Eta ez aldiz, eskatzen ari zaigun moduan, programazio eta curriculumetan agindutakoetatik lantzeari utzi zaion eduki multzoa zerrendatzeko. Galeren inguruko apelazio oro, haurrengan hutsune berriak ezartzeko, begirada helduzentriko eta paternalistaren ondorioz ahultzat jotzen dugun gizakia oraindik eta ahulago egiteko, beraz gabezien zakua gehiago zamatzeko, baliatzen ari da. Berriz ere, sendo, irudimentsu eta gai diren pertsona gazte horiek gabezien prismatik begiratzeko, beraz. Aitzineko hau Hezkuntza Sistemaren eta instituzioaren tradizioari atxikitako joera da, jendarte eta eskola berri baterako gure grinatik baizik gaindituko ez duguna, paradigma aldaketatik.

 

Beraz, erran bezala, galdera bera irauli eta etxean konfinatuta egote hutsak, sortarazi dituen aberastasunez eta ikaskuntzez solas egin dezagun behingoan. Izan ere, pertsona autonomo, kritiko eta solidarioak eraikitzeko potentziala daukan eduki eta gaitasun piloa jarri baitzaizkie begien bistara haurrei egunotan; zaintzari eta bizitza sustengatzeari loturikoak hain zuen ere. Zaintza hezitzailea izan baitaiteke zentzu sozialean, politikoan, etikoan, linguistikoan eta pedagogikoan ere.

 

Hezkuntzaren ikuspegi feminista eta kritikotik badagokigu galdetzea zaintzan leudeken gaitasun eta eduki horiek nola balioan jarri, nola ahaldundu, normalizatu, konplexurik eta curriculumaren presio patriarkalik gabe transmititu, irakatsi, aberastu, konplexu egin. Historikoki azientifikotzat jo, subalternizatu eta zokoratua izan den ezagutza saldo hori didaktizatu daitekeelako eta beharrezkoa dugulako baldin eta jendarte honen eraldaketa feministari eskutik helduta ibili nahi duen erakundea izanen bagara, are, berau heziguneetatik ere bulkatu nahi badugu. Zaintza eta bizitza sustengatzearen arduraren euste-zutabea kolektiboa eta komunitarioa izan beharko badu, etxearen esparru pribatutik —familiarenetik gehienetan— atera dadin, sistema da arrakalatu beharko duguna. Hasi gintezke hezkuntza komuna sustengatzen duen horri buruz hausnartzen eta gure gain har-
tzen zaintzatik eta zaintzarako heztea, bai eta zaintzaz hausnarketa kritiko, ekofeminista eta dekolonialak abiatzea ere. Hezkuntza komunitateko kideok horizontalki elkar topo egiteaz gain, hor hasiko baititugu lausotzen esparru publiko eta pribatuaren artean patriarkatuak ezarritako mugak, hor, ondorioz, arestian aipatutako eskola-etxea binomioan ematen den sakoneko eduki eta gaitasun arrakala gaindi-tzeko bidea urratzen.