Leire Bilbao: "Helduak baino poesia-hartzaile hobeak dira haurrak"

2020-09-14

Konfinamendu batekin amets egiten zuen Leire Bilbaok, etxean zarratu eta idatzi ahal izateko, Emily Dickinson bezala. Eta etorri da konfinamendua, baina ez da hautatua izan, ez da amestua bezalakoa izan. Kanpoan izan den larridurak ez dio barnekoa entzuteko abagunerik eskaini. Sortzeko, barnera begiratu behar baitu idazleak.

 
 
Leire Bilbao: "Helduak baino poesia-hartzaile hobeak dira haurrak"

Ezkatak, helduentzkao poema-liburuarekin eta Amonak nobioa du, eta zer? haurrentzako liburuarekin plazaratu zen literaturgintzara Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) duela ia 15 urte. Orduz geroztik, Haur eta Gazte Literaturako ia 20 liburu idatzi ditu, genero, gaitegi eta estilo ugaritakoak, gozoak bezain zorrotzak, sarituak eta erdaretara itzuliak izan direnak ere bai tartean. Aurki helduentzako poesiarekin itzuliko da, amatasunetik idatzi duen liburu batekin.

 

Konfinamendu-garaia, sormenaren ikuspegitik, emankorra izan al da?

Beti amestu izan dut konfinamendu bat bizitzearekin, lanera joan gabe etxean itxi eta idazteko. Baina nire ametsetako konfinamendua konfinamendu hautatu bat da. Emily Dickinson bere etxean egon izan zen poemak idazten, konfinatua bezala. Idazleok askotan pentsatu izan dugu horrelako egoera batekin, beti denbora falta dugulako idazteko, sortzaile gehienok ez baikara idaztetik bizi, beste lanbide bat daukagu, eta idazteko denbora edukitzeagatik amesten dugu konfinamendu hautatu batekin.

 

Hau, hautatua izan ez den neurrian, konfinamendu inposatu bat izan da. Kanpoan gauza asko gertatu dira, eta larrialdi horiei oso adi egon gara, eta, nire kasuan, konfinamendu ez hautatu honetan, batez ere hasieran, ez nintzen kontzentratzen, ezta irakurtzera ere. Desasosegu bat sentitzen nuen, non irakurtzeko gaitasunik ere ez neukan. Konfinamendua hautatua denean gauza ederra dela pentsatzen dut, batzuek edukiko zuten itxialdi hau modu horretan bizitzeko zortea, barrura begira jartzeko astia; nik ez.

 

Sortzeko, barrura begiratu behar  duzu?

Nik horrela ulertzen dut. Norbere proiektuak direnak, hau da, norberagandik irteten diren proiektuak gauzatzeko, barrura begiratu behar da kanpora atera ahal izateko. Beste sorkuntza-lan batzuk enkargu bidez egiten dira eta horietan ere lan ederrak sortzen dira, baina abiapuntua desberdina izaten da, kanpotik etortzen baita eskaria. Baina funtsean, idatzi ahal izateko, zerbait sortzeko bai, barrura begiratu behar izaten dut.

 

Haatik, konfinamendu honetan, liburuak baino gehiago pantailak erabili direla dirudi eta pantaila asko erabiltzen duten umeek denbora gutxiago izan ohi dute liburuak irakurtzeko… Esaten da, ordea, bietan haurra istorioen/fantasien hartzaile dela, baina idazlea zaren neurrian, eta Haur eta Gazte Literaturan ibilbide mardula egina, berdintsu ikusten al duzu haurra, hartzaile gisa, liburu baten edo pantaila baten aurrean?

Pantaila baten aurrean, normalean akzio, irudi, zarata eta soinu asko pasatzen dira, bata bestearen atzetik eta umea hartzaile hutsa da, abiadura handian ematen dizkioten akzio eta eduki horiei guztiei lotuta bezala gelditzen den hartzaile hutsa. 

Liburu batean, aldiz, eduki eta irudi asko egon daitezke, baina umeak heltzen dio liburuari txalupari nola, berak pasatu behar du orria, berak erabakitzen du abiadura; eta ez pantailak. Liburuko hitz bakoitzaren atzean zer irudi dagoen ere asmatu egin behar du umeak. Adibidez, pantailan zuhaitz bat aipatzen bada, zuhaitz hori enbor marroiarekin eta hosto berdeekin agertuko da, baina liburuan zuhaitza aipatzen denean, haurrak makal bat, haritza, pagoa, hurritza... irudikatuko du, hau da, bere imajinarioak sortu dion zuhaitza ikusiko du. Liburuan uda aipatzen denean berdin: haur batek hondartzarekin lotuko du uda, beste batek mendiarekin, igerilekuarekin… Hitz bakoitzaren atzean ume bakoitzak bere esperientziak eta bizipenak gehituko dizkio.

 

Gainera, pantaila gelditu daiteke, bai, baina liburua apalean edukiko dugu nahi dugunean bueltatzeko…

 

Zergatik kontatu behar dizkiegu ipuinak haurrei? Zer ematen die?

Umeei bakarrik ez die ematen, ipuin hori kontatzen ari den helduari, izan guraso, ama, aita, amona, izeko, lehengusina... ere asko ematen dio haurrari ipuinak kontatzeak. Patxada hartu eta denbora berri bat irekitzen da liburu bat hartzen duzunean, zirrikitu bat zabalduko balitz bezala, bizi dugun abiadura horren erdian arnasa hartzeko, eta noranahi bidaiatzeko, kanpora zein barrura, aukera ematen digu. Helduaren eta umearen arteko momentu goxo eta aberasgarri bat da, bien arteko inplikazio bat lotzen da istorio baten bidez, liburuko hitzekin mundu berri bat ezagutarazten ari baitzaio heldua ume horri. 

 

Literaturan ez ezik, bertsotan, eta kantuan (Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin azkena 'Bizi dantza' disko-liburuan) entzun zaitugu… Zure barnean sormenak apal desberdinak ditu? 

Ariketa guztiak hitzaren ingurukoak dira, bai bertsolaritza eta baita letragile ibili naizenean Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin ere, eta kantuan ere ipini naute. Nik hitzarekin disfrutatzen dut, eta jendaurrean egindako sorkuntza-lanak azkenean hitzaren bueltakoak izan dira. Ahozkotasuna sortu zen lehenengo, gero hitza etorri zen…

 

Eta zergatik ekin zenion bereziki literaturari? Eta zergatik Haur eta Gazte Literaturari? Izan ere, helduentzako lehen poema liburua atera zenuen urte berean atera zenuen haurrentzako liburu bat ere, esanaz bezala, bi esparruetan aritzera zentozela…

Oraindik uste dut bi esparruetan ari naizela. Baina esparru bakoitzak denbora desberdina dauka. Ezkatak poema-liburua argitaratu nuen urte horretan bertan [2006an] Amonak nobioa du, eta zer? kaleratu nuen, baina berriro helduentzako liburu bat argitaratzeko denbora pasa zen, 2011n atera bainuen hurrengo helduen poema liburua [Eskaner], eta tarte horretan haurrentzako beste sei liburu argitaratuak nituen. Gauzak ondo bidean, helduen hurrengo poema-liburua udazken honetan aterako dut, eta, gainera, amatasunetik idatzitako poema liburua izango da; ez amatasunaz, baizik eta amatasunetik.

 

Helduentzako poesia idazteak denbora asko eskatzen dit, arnas luzea eskatzen baitit. Barrura begiratu eta patxada hartu behar dut halako proiektu pertsonal bat daukadanean. Haurrentzako ia urtero publikatzen dut liburu bat edo bi, bestelako lana eskatzen dit eta gehiago disfrutatzen dut.

 

Ia 20 liburu idatzi dituzu haurrentzat. Nola eta nondik sortzen zaizkizu haurrei kontatzeko istorioak?

Norbera zen umeari zer pasatzen zitzaion burutik, norbera zen umeari zer gustatzen zitzaion, norbera zen ume hark zer egiten zuen… neu izan nintzen umeak asko elikatzen du nire literatura. Asko begiratzen diet beste umeei ere, neure semeei eta beste umeei, eta belarriak eta begiak ondo zabalik edukita gertakari edo irudi txiki batek ipuin eder bat eman dezake.

 

Zure liburuen irakurlea (edo jasotzailea) haurra da bai, baina esaten den bezala, txikiak dira baina ez ergelak… Jostari, baina exijentea zara irakurleekin, ezta?

Eskertzen dizut hala ikusten baduzu. Niri, irakurle bezala, literatura gustatzen zait, horrek esan nahi du liburu bat hartzen dudanean literatura bilatzen dudala, ez dut bilatzen etika, edo morala edo zerbait esango didan liburu bat. Irakurle bezala mundu berri bat deskubritzea gustatzen zait, irakurtzen dudanean era eder batean idatzita egotea gustatzen zait, eta zerbait iradokitzea. Beraz, irakurle bezala bilatzen dudana idazle bezala eskaintzen saiatzen naiz. Kontu handia dut infantilizazioarekin eta gutxiestearekin, haurrak txikiak dira, pertsona txikiak, baina ez ergelak.

 

Gaur egun, gainera, umeek inoiz baino eskaintza handiagoa dute, denetariko liburuak daude, gai aldetik, moral aldetik... Beraz, norbere onena eman behar zaie umeei eta gero eurei aukeratzen utzi. Helduok barruan ume bat daramagu, eta umeek barruan ondo zaindu beharreko irakurle bat. 

 

Poesia idatzi izan duzu haurrentzako. Haurrak poesia-hartzaile onak dira?

Guztiz! Poesiak ez dauka adinik. Hain zuzen ere, umeak literaturarekin daukaten lehen kontatua, poesiarekin da. Eta are gehiago esango nuke: hitzarekin daukaten lehen kontaktua poesiarekin da. Ume bati katamarraka edo xapi-xapi-xapi-ka ari gatzaizkionean, liluratu egiten zaigu, hitz inbentatu horiek sonoritate handikoak eta oso poetikoak direlako. Umeak hasieratik erritmoaren nozioa dauka, eta horixe da poesia. Baina haurraren eta poesiaren arteko harremana ez da bakarrik hartzaile gisakoa, haur txikiak, hitzak ezagutzen ari den bitartean, asmatu egiten ditu eta esango nuke, hitzak asmatzeko kapizatate innatoa daukala ume txikiak, eta berehala jolasean hasten da sonoritate horrekin, hitzak asmatzen.

 

Orain 6 urte dauzkan semeak txikiagotan, hizketan ikasten hasi zenean, honakoa esan zidan, bera bere gelan eta ni sukaldean geundela: “ama ama…” ari zen deika bezala; “zer nahiko du?”, pentsatu nuen, “zer eskatuko dit oraingoan?”; eta berak: “amatatu iluna” bota zuen. Bazekien zer zen amatatu eta bazekien zer zen iluna, beraz, horixe izan zen argia piztu esateko aurkitu zuen modua. Gero, handitzen doazen neurrian, moztu egiten diegu bide hori, zuzendu eta geuk esaten diegu esaldia nola esan behar den ondo. "Amatatu iluna" entzun nuenean konturatu nintzen ez nintzela nire semea bezain poeta ona izatera iritsiko inoiz. 

 

Sortzeko duten gaitasun horri loturik irudikatzeko gaitasun handia dute haurrek, eta horrexegatik, irudimen hori elikatzeagatik garrantzitsua da poesia irakurtzea umeei: badakite zerri bat zer den, badakite arkakusoa zer den, eta berehala irudikatuko dute zerrikuso bat zer den. Helduok muga edo aurreiritzi gehiago ditugu. Umeak zabal-zabalik daude poesia hartzeko, hitzarekiko lehen harremana hortik datorkielako eta sormen-gaitasun handia dutelako; beraz, ez dizkiegu aukerak moztu behar. 

 

Haatik, aurreiritziak ditugu haurrei poesia eskaintzeko garaian. 

Haurrek helduok baino hobeto hartzen dute poesia, libreagoak direlako. Gero, heldutan, asko entzuten da “ez dut ulertzen, ez dut harrapatzen”, umetatik ohitzen bazara poesiara, gero eta hobeto ulertuko dituzu arauak, eta arauak hautsiko dituzu. Esate baterako, poesian esan dezakezu “edaten naiz”, eta imajinatuko duzu norbera norbere burua edaten. Poesia libre da, poesia hizkeraren territorio libre bat da. “Edaten naiz” esaten baduzu, mundu berri bat irudika dezakezu,  eta bide hori txikitatik moztua ez baduzu errazago izango zaizu horrekin guztiarekin gozatzea.

 

Gai bat aukeratu, pertsonaiak sortu, istorioa korapilatu eta hori guztia idaztean hitzekin jolas egiten duzu… Nolakoa da haurrentzako liburu bat idazteko prozesua?

Niri oso gauza kuriosoa pasa zitzaidan. Nire lehenengo liburua poesia zen eta umeentzako lehen liburua narratiba zen. Gerora ere, urte hauetan guztietan, haurrentzako batez ere narratiba jorratu dut (Xomorropoemak eta Piztipoemak  poema-liburuak 0 urtetik 99 urte bitarteko pertsona guztientzako modukoak direla erreibindikatzen dut, kar, kar). Neure barruan beldurra nion haurrentzako poesia egiteari, errespetua nion. Baina kontziliazio-zailtasunak tarteko, beldurra galdu beharra izan nuen: lehenengo semea eduki nuenean esan nuen, “akabo Leire, ume txiki bat daukazu, lanean ari zara, bularra, bigarrenarekin haurdun gelditu zara… eta akabo idaztea!”. Zentzu metaforiko batean hitz eginda, hondoa jo nuen, eta orduan sortu zen Xomorropoemak liburua. Ez neukan helduentzako poesia idazteko denborarik, “zer gustatzen zaizu?” galdetu nion neure buruari; “poesia!”; eta "zer egiten duzu?”, “umeentzako literatura”. Ordenagailua utzi eta arkatzez idatzi nituen poemak 2016ko udan, koadernotxo batean, bertsoek emandako bagajetik, eta gero fintzen eta txukuntzen joan nintzen liburua osatu arte.

 

Poemek euren tenpoa eta euren entitatea daukate. Irudi edo esaldi batetik datoz. Narratiban lanketa beste bat da, ideia bat duzu, haria, pertsonaiak landu, findu... Norberaren egoerak sorkuntza baldintzatu egiten du, une honetan labur eta kondentsatura joateko beharra dut eta haurrentzako poesiak aukera hori ematen dit. 

 

Eta zu, nolako irakurlea zinen txikitan? Txikitatik gustatzen zitzaizkizun ipuinak?

Idazten dugun gehienoi, eta era batera edo bestera hitzaren bueltan gabiltzanoi edo sortzaile garenoi, umetatik gustatzen zaigu irakurtzea. Ni Ondarrukoa naiz, eta udak irakurtzen pasatzen nituen; gertuko osaba batek askotan esaten zidan, “Leire, zoaz hondartzara, liburuko orria baino zuriago geldituko zara-eta”. Baina uda haietan ni zoriontsu nintzen liburu on bat eskuetan banuen. 

 

Haurrentzako idazten duen idazle batek, berdin idazten du seme-alabak eduki aurretik eta ondoren?

Ez du zertan baldintzatu, nik uste dut haur eta gazte literatura idazten duen idazleak barruan duen haur horri begiratzen diola batik bat, neure kasuan behintzat, batik bat bai.

 

Eta idazle den guraso batek, nola aukeratzen ditu eta kontatzen dizkie ipuinak bere seme-alabei?

Ez dakit nork pasatzen duen hobeto liburuak aukeratzen, haurrek ala neuk! Inportantea iruditzen zait haurrak txikitan gidatzea, eta behin gida-lana eginda, euren gustuak gara ditzatela. Eta garrantzitsua da, baita ere, aukerak ematea. Erabateko konfinamendua bukatu zenean haurrak eskutik hartu eta liburu-dendara eraman nituen, opari bezala liburuak erostera.