Neli Zaitegi: “Ezin dugu jada pasa den mundurako hezi”
Abanton jaiotako emakume hau jakin-minak asko erakartzen zuen txikitatik. Anaia zaharragoen liburuak hartu eta txundituta begiratzen zien hizkiei. Zortzi urterekin hasi zen eskolan eta han ezagutu zuen maistrak pentsatzen irakatsi zien. "Emakume indartsua zen, asko zekiena, eta niri gogoa berotzen didate asko dakitenek, oraindik ere bai. Harengatik naiz maistra". 24 urtez aritu zen gelan umeekin, zuzendari gero, ikuskari izana da, ehunka zuzendaritza talde formatu ditu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean ere aritu zen. Duela hamar urte jubilatu zen, baina Euskal Herritik kanpora formazio saioak ematera joateko beta hartu zuen. Azken lau urteetan Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakari kargua bete du eta orain uztekoa da. Amaiera bikaina izan dela dio, asko ikasi duela. Halere, ia ziurra da ez dela erabateko amaiera izango, hezkuntzari lotuta jarraituko duela, beste hobby batzuk badituen arren, benetan arima berotzen diona hezkuntza baita.
COVID-19a, konfinamendua, eskolak itxita. Bizitzea egokitu zaigun egoera honetan nola ikusi duzu hezkuntza eta zer irakaspen ekarri ditu?
Ikastetxeetan eta irakasleen artean lan ikaragarri egin duen jendea egon da —beste kontu bat da nola egin den—. Nik uste dut borondaterik onenarekin jendeak berehala erreakzionatzeko gaitasuna eduki duela.
Agian ikasi dugu kontua ez zela ikasleak okupatuta edukitzea, baizik eta nola baliatu egoera beste ikasketa batzuetarako: familian kolaboratzen ikasteko, etxean gauzak partekatzen ikasteko, egoteko, elkar zaintzeko, elkarri mimoak egiteko... Lantzeko aprobetxatu daitezkeen gauza zoragarriak egon dira.
Interesgarria izan da gelditzeko eduki dugun aukera. Zeren gelditzen ez bagara eta azterketa bat egiten ez badugu, alferrikako lana izango da. Bizitu dugun esperientzia guztia aztertu egin behar da.
Nik uste dut birmoldatzeko garaia dela hau; zaintzeko, mimatzeko, jakiteko. Bizitu dugun guztia hitzez adierazi behar dugu, pertsonalki eta kolektiboki suposatu digunaren kontzientzia hartu behar dugu. Hausnartzeko aukera zoragarria da eta pena litzateke galtzea.
Zer hausnarketa egin dituzu zuk?
Nik uste dut koronabirusarekin zaurgarriak eta elkarren mendekoak garela konturatu garela. Eta hori horrela bada, soluzioek ere kolektiboak izan behar dute. Umiltasun handia behar dugu. Nik uste dut koronabirusak zerbait erakutsi baldin badigu, umilak izaten dela. Ez dakigula esaten. Eta orain, dena birpentsatu behar dugu: eskola, harremanak, zer mundu nahi dugun, nora joan nahi dugun... Zeren etorkizuna ez da joan behar dugun leku bat, eraiki behar dugun mundu bat baizik. Nora joan nahi dugun jakin behar dugu, ez baitago haize onik norabide gabeko itsasontziarentzat. Lehengo gauza bera egiten jarraitzen baldin badugu, orain daukagun gauza berbera edukiko dugu. Beste gauza bat nahi badugu, beste zerbait egin behar dugu, nabarmen. Beraz, zer egin behar dugu hezkuntzatik gizarte desberdin horretara joateko? Zeren hezkuntzak oinarri-oinarrizko funtzioa dauka horretan, hezkuntzaren bitartez egingo da hori.
Eta hori hezkuntzan argi eduki behar da. Ezin dugu jada pasa den mundurako hezi. Ezin ditugu erabakiak hartu atzerako ispilutik begiratuz. Hori jada pasa da. Aurrera begiratu behar dugu.
Krisi hau nora joan nahi dugun argitzeko baliatu behar dugu, hezkuntzaren zentzua aurkitu behar dugu, benetako zentzua, horixe falta zaigula uste baitut; hezkuntzaren benetako zentzua. Zertarako gaude hemen? Zentzurik ez badiogu aurkitzen, alferrik gabiltza. Zer-nolako mundua nahi dugu? Nora doaz gure haurrak? Nolakoa izango da mundua? Nolakoa izatea nahi dugu? Goazen eraldaketarako prestatzera. Paulo Freirek zioen bezala: guk ez dugu mundua aldatzen, guk mundua aldatu behar duten pertsonak aldatzen ditugu.
Ezin dugu aldatu gelditu eta hausnartzen hasten ez baldin bagara. Hori funtsezkoa da mundua ulertzeko. Eskolak aldatzen den mundua ulertzen erakutsi behar du. Bizi garen mundua ulertzea edo ulertzen saiatzea funtsezkoa da. Eta horretarako pentsatzen jakin behar da. Non dago jendearen pentsatzeko gaitasuna? Zein da daukagun helburua? Zentzua eduki behar du. Jendea ibili egiten da, baina nora doan jakin gabe. Eta oinarrizkoa da bizitzaren zentzua ikustea.
Nondik hasiko zinateke hezkuntzaren zentzua bilatzen?
Nik uste dut hezkuntzan bihotza-zaintza, burua-pentsatzea eta eskuak-
egitea jarri behar direla balioen eta helburuen zerbitzura.
Lehendabizi zaintza aipatu duzu, konfinamendu garaian asko azpimarratu den alderdia.
Bai, bihotza, zaintza, emozioak. Konfinamendu egoeran ikasleen arteko arrakala hazi egin da eta horrek asko kezkatzen nau. Zer gertatuko da irailean? Edukiez, espazioez, distantziaz, maskaraz... asko berba egiten da, baina zer egingo dugu zaurituta etorriko diren ikasleekin, sei hilabetetan euskararik entzun ez dutenekin... Nola itzuliko dira? Izugarrizko zainketa emozionala beharko dute irailean.
Zainketa emozionalaz hitz egiten dugunean ez dakit jendeak zer pentsatzen duen, negar egitea dela-edo. Ez, zainketa emozionala hor nagoela, inporta zatzaizkidala eta elkartzeak pozten gaituela sentitzea da. Harremanak dira, begiratzea, besoetan hartzea, bihotzean sentitzen dena. Gauza horiek funtsezkoak dira eta horrek sentiarazten gaitu garrantzitsu eta baliotsu. Ikasketak etorriko dira gero, baina emozio positiborik gabe ez dago ikasketarik.
Nik, maistra gisa, nire ikasle guztiak eta bakoitza ongi egoteko erantzukizuna daukat, ongi ez badaude ezingo baitute ezer ikasi. Beraz, zainketa eta mimo horretatik abiatuta planteatu ditzakegu gainerako gauzak. Gainera, bada beste gauza bat ere: maistra gisa nire helburuak ez du izan behar irakastea, baizik eta aukerak sortzea ikasleak ikas dezan. Niretzat maistra bestea haziarazten duena da, bestearen onena ateratzen duena.
Esandako guztiagatik, uste dut ikasturte honen itxiera ongi egitea garrantzitsua zela. Umeak parkeetara, kalera... joan dira, eskolara ez. Nik behin eta berriz esan dut ezin genuela oporretara joan egoera honi irtenbiderik eman gabe. Nik gutxienez egun batean eskolan bilduko nituen umeak talde txikitan, jolas-lekuan, distantziak gordez, eta bakoitzak konta zezala nola bizitu duen konfinamendua, elkarri entzun, irakasle guztiak ikusi, irakasleek ere kontatu nola bizitu duten eta denok lehenengo aldiz bizitu dugun garaia izan dela azaldu. Bakoitzari gutun-azal batean hitz esanguratsu batzuk emango nizkion idatzita, aholkutxo batzuk eman, deskantsatzeko eta uda ondo pasatzeko esan, eta irailera arte agurtu.
Irakasleekin ere egingo nuen zaintza hori. Denak bildu eta koronabirusarekin zer ikasi dugun aztertuko nukeen, orain, berotan, irailera arte itxaron gabe. Nola bizitu dugun kontatuko genioke elkarri, lanean zertan asmatu dugun eta zertan ez, eta hortik ikasi. Berdinen arteko ikasketaz baliatuko nintzateke teknologia digitaletan trebatzeko denak. Irakasleak elkartu eta ikasleei buruz hitz egitea ere garrantzitsua iruditzen zait, banaka-banaka, nola ikusi ditugun, zer behar duten eta irailean zer egingo dugun hitz egin: aurrena bihotza, alderdi emozionala, eta gero akademikoa.
Zaintza eta bihotzaz gain, hezkuntzari zentzua ematen dioten beste bi zutabe ere aipatu dituzu: burua-pentsatzea eta eskua-egitea.
Bai. Zalantzazko mundu honetan pentsatzen jakin behar da. Berriro diot: ikasleei ez zaie zer pentsatu behar duten irakatsi behar, pentsatzen irakatsi behar zaie. Eta horretarako galdetu egin behar zaie: zer gertatzen da, nola egingo dugu, zergatik, non, zer ondorio ditu horrek jendearengan, zer irtenbide, irtenbide horrek norbaiti kalte egingo lioke, zergatik, zertan oinarritzen zara, beste modu batera izan liteke, eta horrela ez balitz zer gertatuko litzateke... Hori da ikasleekin landu behar dena. Eskolak pentsatzen irakatsi behar du eta horregatik da oso garrantzitsua burua.
Horrez gain, oinarrizko ezagutza batzuk ere eduki behar dira zerbait egin nahi baldin bada. Biderketak edo batuketak egiten ez baldin badakit edo % 20ko deskontua zenbat den kalkulatzen, ez dit balio. Bizitzako edozein egoeraren aurrean, izan pertsonala, lanekoa edo soziala, marko bat eduki behar dut, garrantzitsua da burua ongi jarrita edukitzea, pentsatzen jakitea eta informazioa nola bilatu jakitea. Pentsatzeko ohiturak finkatuta eduki behar ditugu. Autoa gidatzen goazenean pentsatu gabe sartzen dugu lehen martxan, bigarrenean eta hirugarrenean. Pentsatzen ikasteko ere, gidatzeko bezala, automatizatu egin behar da. Hori da pentsatzeko ohiturak barneratuta edukitzea.
Beraz, informazioa eduki behar dugu eta gauza batzuk jakin. Baina, erne! Ez inoiz erabiliko ez dugun datu mordo bat. Jakin behar duguna da non aurkitu datuak, nola bilatu informazioa, nola aukeratu, fake newsak bereizi, nola hautatu fidagarria den informazioa, nola bihurtu hori ezagutzan behar dugunari erantzuteko eta abar. Horrek guztiak bizitzarako, lanerako eta denerako balio du, pentsamendu konpetentziak direlako.
Eta gero eskuak, egitea; jakiteaz gain, egitea. Konfinamenduko gauzarik politenetako bat izan da familiek ikustea semea edo alaba hitzaldi bat ematen egindako proiektuaren inguruan. Sorpresa bat izan da askorentzat, eta familiak konturatu dira hezkuntzak zertarako balio duen eta zertarako ez. Proiektuekin lan eginez ikaragarri ikasten da. Pentsa etxeko garbigailua apurtzen dela. Zer egiten duzu? Bizitzako arazo errealak jarri eta bila dezatela informazioa. Bizitzako milaka egoerek balio dute, horiek dute zentzua, ez dago fikziora jo beharrik. Zentzurik ez duena da azterketa baterako ikasi eta berehala ahanzteak.
Zaintzaz hitz egin duzunean, ikasturtea nola bukatuko zenukeen esan duzu. 2020-2021ekoa nola hasiko zenuke irailean?
Hasteko, egoerak buru oso malgua edukitzea eskatzen digu, egiten dakigunetik eta segurtasuna ematen digunetik ateratzea. Orain ziurgabetasunean bizi behar dugu. Hori funtsezko ikasketa da.
Hiru eszenatoki aipatzen dira, eta hiruretako edozeinetan egonda ere, iraileko lehen asteak maitatzeko eta teknologia berrietan trebatzeko erabiliko nintuzke. Alde batetik zainketa emozionala beharko dute ongi egoteko, eta bestetik teknologiak ongi erabiltzen ikasi behar dute, ez baita gelan egiten den gauza bera egitea, baizik eta informazioa bilatzen ikastea eta plataformak erabiltzen ikastea. Horretan entrenatuko nituzke —aurretik irakasleak ere entrenatuta, noski— gerora erabili beharko baituzte. Teknologia bitarteko bat da, ez helburu bat, baina maneiatzen jakin behar da funtsezko ezagutza delako; bizitzan ikasten jarraituko dute eta hori teknologiaren bitartez egingo dute. Beraz, erakuts diezaiegun ongi erabiltzen.
Horrekin batera autonomia landuko nuke, irakasle guztiak bat baitatoz horrekin: konpentziak landu eta ikasten ikasi behar dute. Hori da oinarrizkoa, utzi ezagutzak alde batera.
Lehenengo eszenatokian, eskolara ohiko moduan itzuliz gero, eskolari buelta emango nioke, beste era batera antolatuko nuke dena: denborak aldatu, taldeak aldatu, espazioak aldatu, pasilloak gehiago erabili, gela batean bi irakasle jarri eta beste gelakoak lasai bakarrik utzi, eta kalera atera, ahal nukeen guztia kalean egingo nuke. Adinak nahastuko nituzke taldekatze bertikalagoak eginez, ikasleak beste ikasle batzuen tutore bihurtu, ikasle laguntzaileak sortu, talde-lanaren bidez elkartasuna bultzatu. Adin desberdinetako ikasleen artean egiteko proiektuak eta erronkak proposatuko nituzke. Lan-saioak luzeago egingo nituzke: hiru ordu laurdenekoen partez bi ordukoak, lasaiago egoteko, irakurtzeko, berba egiteko, lasaitasunez pentsatzen ikasteko. Eskola kalera aterako nuke eta kalea eskolara sartu. Boluntarioak inplikatuko nituzke.
Bigarren eszenatokian ikasle gutxiago hartu behar baldin badira, talde desberdinak eta lan desberdinak egingo nituzke. Eskolan eta beste espazio batzuetan bakarrik lan egiteko antolatu behar dira, edo handiagoak baldin badira etxean gelditzeko. Orduan, antolatzen ikasteko proiektuak eman behar zaizkie, hori baita garrantzitsuena, antolatzen ikastea. Talde heterogeneoak egingo nituzte ikasleak nahastuz. Nahastuz diot, ez segregatuz.
Hirugarren eszenatokian eskolara joan ezinik berriro konfinatuta baldin bagaude, jada teknologietan entrenatuta egotea da gakoa. Online irakaskuntzan nola ikasten den jakin behar dugu. Orain arte ez dugu hori egin, nola hala moldatu gara, baina online irakaskuntzak beste metodologia bat eskatzen du eta hori ikasi behar da. Ikastetxe bakoitzeko irakasleentzat ikastaro indartsu bat egingo nuke, denak plataforma berberarekin.
Eta behin etxean daudelarik, bizitzen ari diren egoerak pentsatzen ikasteko baliatu behar dira: egunerokoak idatziz, deskribapenak eginez, familiaren historia idatziz, aitona-amonei galdetuz... Inguruan daukagunetik ikastea izugarria da. Matematikak eta beste hainbat gauza eguneroko bizitzako grafikoekin, datuekin eta abar ikas daitezke. Nik bizitzako gauzak baliatuko nituzke. Utzi curriculumak eta gainerakoak; bizitza.
Ahozko adierazpena ere landuko nuke: aurkezpenak eta konferentziak prestatu, grabatu, bidali, beste ikaskideekin partekatu...
Ez nintzateke jarriko teorema bat esplikatzen bideokonferentzia bidez. Deskubritu eta bilatu dezatela beraiek, edo bestela, ongi egindako plataforma bateko bideo bat erakutsi.
Aldaketa horiek egin daitezke? Zeren ikuskariak hor daude eta azken hilabetetan askok aipatu dute ikuskaritzaren presiopean egon direla eta ebaluazioa, ebidentziak eta beste hainbat kontu eskatu zaizkiela.
Bai, egin daiteke, eta inolako arazorik gabe. Nork egiten du curriculumean dagoen guztia? Testuliburua erosten duenak eta bukatu nahi duenak. Baina horrela ez dute ezer ikasten ikasleek. Teoria pedagogikoak dio ikasketa sakonak pentsamendu ohituretan bihurtzen direnak direla, horiek direla soinean daramatzagunak, naufragio batean galtzen ez ditugunak. Horregatik, ezagutza eta eduki asko kendu eta oinarrizko gauzetara joko nuke, bizitzara.
Ni 24 urtez egon nintzen gelan haurrekin eta askotariko ikuskariak izan nituen, eta ni neu ere ikuskari izana naiz. 14 urtez zuzendaritza taldeak prestatzen aritu nintzenean zuzendariei esaten nien ez zela egia ikuskariak oztopoak jartzen zizkiela, baizik eta eurek erabakiak ez hartzeko jartzen zuten aitzakia zela.
Ikuskaritza zerbitzu bat da eta ikastetxeen zerbitzura dago. Egia da ikuskaritza zerbitzuari ere buelta bat eman behar zaiola, ea goitik datorrena behera iristeko den edo behetik datorrena igotzeko.
Nik beti esan izan dut espresuki debekatuta ez dagoena onartuta dagoela. Inork ez du gelditzen ongi oinarrituta dagoen eta atzean talde bat duen berrikuntzarik. Hori bai, ongi oinarrituta eduki behar da. Gainera, batzuetan araudiari ez zaio jaramonik egin behar, legeak beti jendearen beharren atzetik baitoaz. Eta beraz, zentzua galdu duen araudi bat eduki dezakegu.
Zeregin horretan kokatzen da irakaslea. Nolakoa izan behar du, zure ustez, irakasleak, hezitzaileak?
Lehen esan dut maistraren egitekoa norberaren alderdirik onenak ateratzea dela, besteak haziaraztea. Athleticek jokalaririk onena hartzen baldin badu eta miloika euro ordaintzen baldin badizkio entrena dezan eta onena izan dadin, nik zera diot: bizitzarako entrenatzea Atheticerako entrenatzea baino askoz garrantzitsuagoa da. Orduan, bizitzarako entrenatzeko entrenatzailerik onena behar da. Eta bizitzarako entrenatzeko entrenatzailerik onenak pertsonarik onena izan behar du. Eta pertsonarik onena izateak esan nahi du bihotzetik, burutik eta eskutik asko edukitzea. Bermudetako hirukoa.
Irakasle ona izateko bihotzarekin lotutako konpentzia bigunak deitzen direnak behar dira —nahiz eta, nire ustez, gogorrenak izan irakasle gorputza ematen digutenak direlako—: geure burua ezagutzeko gaitasuna, erregulatzeko gaitasuna, enpatia gaitasuna, erabakiak hartzeko gaitasuna, erresilientea izateko gaitasuna, adimen interpertsonala, entzuteko gaitasuna, gatazkak kudeatzeko abilezia denak irabazten atera daitezen, dakiena ongi adierazteko gai izatea... Horiek denak bihotzari lotutako konpetentziak dira.
Gero, buruarekin lotutako ezaugarriak daude: Haur Hezkuntzako nahiz Bigarren Hezkuntzako ikasleen garapen ebolutiboari buruz jakin behar du: zein diren jarrerak, aldaketak, motibazioak... Eta Soziologiaz ere jakin behar du, zein mundutan bizi garen, alegia. Zerbitzu espiritua edukitzea ere garrantzitsua da: hemen nago ikasle hauek denak izugarriak izan daitezen.
Eta hori dena eskuetara pasatzen jakin behar du. Irakaslearen konpromisoa edo egiten jakitea esan nahi du horrek. Zeren gauza bat da jakitea, beste bat nahi izatea eta bestea egiten jakitea. Hau da, gai izatea. Egiten jakite horrek esan nahi du ikasleekin batera jardun behar dela, haiekin jarri behar dela praktikan.
Hezitzaile izateak gauzak hobeto egiten jarraitzeko nahia esan nahi du. Ingurua eta behar sozialak aldatuz doaz eta hezitzaileak argi eduki behar du bere ikasleak mundu horretarako prestatu behar dituela eta haientzat hoberena bilatu behar duela. Irakaslearen konpromisoak hiru hanka ditu: ikaslearekin, “hemen nago ahal duzun gehiena izan zaitezen”; zentroarekin, lan kolektiboa delako eta ez bakarkakoa; eta lanbidearekin, munduko lanbiderik zoragarriena delako. Inor ez da irakaslea bezain garrantzitsua; konpromiso hori, etengabeko birziklatzea, zer gertatzen ari den ulertzea, gainerako irakasleekin elkartzea, sareak egitea...
Nola prestatu behar dira bizitzarako entrenatzaile horiek?
Hasierako prestakuntzarako curriculumak praktikoa izan behar du. Zeren ohiko moduan eskolak ematen jarraitzen baldin badugu, gero ikastetxeetan horixe errepikatuko dute. Beraz, formazioan proiektuka, ikerketa taldetan eta erronkekin lan egin behar dute. Ekitatea, hezkidetza, inklusioa, justizia, jasangarritasuna... gaiak landu behar dituzte. Horiek osatzen dute irakasle batek eduki behar duen muina, Garapen Jasangarriaren Helburuak. Metodologiak eta ebaluazioak erabat desberdina izan behar du. Alderdi emozionalaren garrantziaz jabetuta atera behar du eta pentsamendu ohiturak ongi hartuta ikastetxe batera joaten denean han gauza desberdinak egiteko, asmatuz, errepikatu gabe.
Eta gero praktikak eta praktika horien jarraipena. Finlandian, Herbeheretan eta Europako beste herrialde batzuetan egiten duten moduan: praktikei gertuko jarraipena ematen diete eta praktikaldiak ongi egiten ez badituzte ez dute irakaskuntzan jarraitzen. Eta ez da ezer gertatzen, ez baitago hemen dagoen funtzionariotza espiriturik, “ni eta neure eskubideak”. Hemen asko hitz egiten da eskubideez, eta non daude gure betebeharrak? Hori da gizarte honetan daukagun arazoetako bat: eskubideez hitz egiten da eta betebeharrez ez.
Prestakuntzaren ondoren aukeraketa dator. Nola aukeratu behar dira ikastetxeetan lan egiteko irakasleak?
Aukeratzekotan nik onenak nahi ditut, dudarik gabe. Eta horretarako, garrantzitsua da aurrez aurreko elkarrizketa bat egitea. Zuk hartuko zenuke etxe-garbitzaile bat aurretik aurpegirik ikusi gabe? Izugarria da gertatzen dena, sakoneko elkarrizketarik egin gabe hartzen ditugu irakasleak eskoletan. Eta gure neska-mutilen bizitzako entrenatzaileak izango dira. Arinkeriaz eta arduragabekeriaz jokatzen dugu.
Paperek 49,9 balio dute eta elkarrizketak 50,1. Oposizioak zentzugabeak dira. Aipatu dugun irakasle eredua behar dugu eta buruz ikasteko hiru mila gai zaharkitu jartzen dizkiegu.
Funtzionariotza sistema oztopo ikusten duzu aukeraketa on baterako?
Bai, eta espero dut, luze gabe, sistema hori desagertzea. Egokiena irakasleak komunitateak aukeratzea izango litzateke, Europako zenbait lekutan bezala. Baina hemen funtzionariotza sistema daukagu eta hori kendu bitartean posibilistak izan gaitezke, Katalunian bezala: komunitateak irakasleen % 30 aukeratu dezake eta gainerakoak egokitzen zaizkionak. Nik uste dut, funtzionariotza sistema edukita ere, posible litzatekeela ikastetxe batera etorri behar dutenei elkarrizketa egitea, zentro horretan lana nola egiten den ikus dezaten eta haiek ere nora doazen jakin dezaten.
Sindikatuekin partekatu duzu inoiz iritzi hori?
Begira, ni sindikatu batekoa izan naiz bizitza osoan eta huelgak eta denetarik egin dut. Baina sindikatuen esparrua laborala eta lan-baldintzei lotutakoa zen, ez pedagogikoa. Nik ez diot inoiz galdetu sindikatu bati nola taldekatuko ditudan umeak. Sindikatuak lan arloan; pedagogikoan gu. Uste duzu sindikatuek Renaulti esaten diotela zer automobil-modelo egin? Uste duzu BBKri esaten diotela zein kreditu mota eman? Ez, sindikatuak lan-baldintzekin lotutako gaietan aritzen dira. Hezkuntzan ere berdin: lan arloan nahi duten guztia, baina pedagogikoan ez.
Familia eta eskolaren arteko elkarlana garrantzitsua da. Nola ikusten duzu familien parte-hartzea?
Ez da hezkuntzako kontua soilik, orokorra da, gizarte osoan pasatzen da: ez da parte hartzen. Zergatik? Jendeak uste duelako ez duela ezertarako balio. Esfortzu bat eskatzen dio eta gero ez du horren emaitzarik ikusten. Parte-hartzea ez denean erabiltzen erabakiak hartzeko, beste helburu faltsuetarako erabiltzen denean, jendeak ez du parte hartu nahi. Jendeak gauzak proposatzen dituenean eta ez direnean praktikara eramaten, jendeak ez du parte hartu nahi.
Hezkuntzan familiek informazioa eta gardentasuna eskatzen dituzte, eta haiei ere galdetzea. Eta galdetu ondoren erantzutea, itzultzea. Oso garrantzitsua da beti itzultzea. Nik behin eta berriz diot irailerako prestatu behar dena familiekin adostu behar dela. Zergatik? Familiek beharrak dituztelako eta eskolak kontuan izan behar dituelako. Ez gara haurtzaindegiak, baina zerbitzu publikoa ematen dugu.
Parte-hartzea komunitate gisa ahotsa edukitzea da. Ahalduntzea eta hiritar gisa benetako zentzua ematea da. Horrek indartsu egiten gaitu.
Nola ahaldundu daiteke komunitatea?
Komunitatea sortzeko garrantzitsua da nortasun sentimendua izatea eta nonbaiteko kide sentitzea: ikastetxeko kide, herriko kide... AEBetan hori asko lantzen dute, familia eta ikasle guztiek —curriculumean sartuta dute— egin behar dute zerbait urtean zehar eskolarentzat. Zergatik ez dugu guk ere komunitatearen ideia hori zaintzen? Eta hori lortzen da gauzak eginez eta erabakietan parte hartuz.
Ahalduntzeak esan nahi du ongi justifikatutako hezkuntza-proiektu bat edukitzea, txorakeriarik gabekoa, zer egin den argi edukita eta hezkuntzakomunitate osoak onartutakoa. Teorikoki eta praktikoki ongi oinarritua eta komunitate osoaren konpromisoa duena.
Komunitateak ahalduntzeko jakin behar du zer den herritar izatea, alegia, ez garela menekoak, ez gaudela besteek zer egin behar dugun esan zain. Ez gara menekoak, herritarrak baizik.
Udalek beste botere, eskuduntza eta funtzio bat eduki beharko luketela uste duzu?
Hasteko, udalei boterea eman behar zaie, ez dute-eta. Zeren gertukoak, ezagutzen duenak eta bizi duenak errazago konpontzen ditu gauzak. Horretarako araudi bat beharko litzateke. Baina hala eta guztiz ere, udalak ahalduntzen baldin badira eta dauden markoetatik ateratzen baldin badira, gauza zoragarriak egin daitezke, betiere kohesio soziala, partaide sentimendua, justizia, ekitatea... sortuz eta bultzatuz. Berriro ere Europako hainbat herrialdetako ereduak dauzkagu, ikastetxetako zuzendariak herriko hezkuntza komunitateak aukeratzen dituen ereduak.
Udalek zer-nolako gizartea nahi dugun planteatu behar dute eta herritarrek parte hartzeko ekimenak sortu. Eragile orekatzaileak izan behar dute eta herriko aniztasuna eta aberastasuna kudeatu. Elkarbizitza bideratu. Herriko ikastetxe guztiak elkarrekin bizi daitezela. Eskola heterogeneoa dagoen aberastasunik handiena da.
Ikastetxe publikoek autonomia gehiago eskatu izan dute sarritan, eta administrazioak erabakiak ikastetxeen esku utzi dituenean COVID-19a dela-eta, ez zaie ongi iruditu. Zer gertatzen da?
Autonomiak gauza bat dauka: erabakitzen duenak, erabakien ardura hartzen du. Horregatik ez du inork erabaki nahi orain.
Autonomiak esan nahi du erabakiak hartzen ditugula, beraz, ongi neurtu behar dugu zein erabaki hartzen ditugun: teorikoki oinarritu eta erabakiaren zergatia ere oso ongi funtsatu. Eta erabaki horrek erantzukizuna dakar. Guk erabaki dugu, beraz, gu gara erantzule.
Hortaz, ikastetxeen autonomiak esan nahi du oso argi eduki behar dugula zergatik hartzen ditugun erabakiak. Oso ongi prestatuta egon behar da eta ongi trinkotuta. Eta erabakiak komunitate osoak hartu behar ditu, komunitateak hartu behar du erantzukizuna eta gero gizarteari kontuak eman behar dizkio.
Euskal Eskolaren Legea jorratzen ari da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Zer espero duzu?
Oso oinarrizkoa, oso samurra, laburra eta funtsezko gaiak dituena izatea espero dut. Orain eta hemendik hamar urte barru balioko duena, egungo garaiekin bat datorrena, etorkizunari begiratzen diona, gauzak ixten ez dituena eta gobernatzen duen edonorentzat balioko duena. Legea egiten dutenek dena zehaztuta uzteko ohitura dute hemen, eta horregatik, hurrena etortzen denak ez duenez ezer egiteko aukerarik ikusten, beste lege bat egiten du. Ez, egitura egin behar da, etxea, eta gero bakoitzak apainduko du nahi duen bezala. Baina armazoia sendoa izan dadila, zer ongi zehazten duena. Eta zer hori hezkuntzaren zentzua da, eta hori bultzatu nahi dugun pertsona ereduari lotuta dago, horrek dakartzan oinarriekin eta konpetentziekin. Baina samurra izan dadila. Finlandian 16 orrialde ditu legeak eta hemen 400!
Eskola zerbitzu publiko gisa antolatu behar da, komunitatearen zerbitzura. Nik sare bakar bat planteatuko nuke eta ikusi nola bideratzen ditugun sare kontzertatukoak publikora. Osakidetza bat behar dugu, Hezkunkidetza. Zuzenean politikoen baitan ez dagoen organo autonomo bat behar dugu, exekutiboagoa izango dena. Horrek kudeatuko lituzke ikastetxe guztiak eta ebaluatu ere bai. Diru publikoa denentzat, baldintza berberetan, eta horrek dakar erabakitzea zer hezkuntza nahi dugun eta nola antolatzen garen.
Funtzionariotza kenduko nuke eta kontratu bidez funtzionatu: publikokoak ez lirateke funtzionarioak izango eta irakasle guztiak elkarrizketak eginda sartuko lirateke ikastetxeetan. Kriteriodun enpresak jarriko nituzke irakasleei elkarrizketak egiten, ez ikuskariak edo zozketa bidez aukeratutako epaimahaiak. Horrek jarrerak eta beste hainbat ezaugarri baloratzeko aukera emango luke. Beraz, funtzionariorik gabe, sare bakar bat eta denak baldintza berdinetan sartuko lirateke.
Ebaluazio garrantzitsua egingo nieke ikastetxeei. Ikastetxeetako proiektuak eta erabakiak hartzeko aukera ematen dien autonomia indartuko nituzke, baina gero kontuak emanez, bai ekonomikoak eta baita gainerakoak ere, hala komunitateari nola Hezkunkidetzari, horrek emango baitie dirua eta jakin behar baitu zertan erabili duten.