Umeen ahotsak konfinamendu garaian

2020-09-28

Haurrak COVID-19a dela eta bizitzen ari diren egoeraz kezkatuta, Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Hezkuntza Fakultateko eta KideON ikerketa-taldeko kide batzuek ikerketa bat egin du konfinamendu-egoeran txikienen ahotsak jasotzea izan duena helburu (Berasategi, Idoiaga, Dosil, Eiguren, Pikaza & Ozamiz, 2020). Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako 2-14 urteko 1.200 haurrek osatu dute lagina. Haurrek konfinamendu-egoeran bizi izan dituzten errealitateak jasotzea izan du helburu ikerketak, haien alderdi emozionaletan, fisikoetan, sozialetan eta akademikoetan jarriz arreta.

 
 
Umeen ahotsak konfinamendu garaian

Ikerketa egiteko galdetegi bat diseinatu da ad hoc, eta gurasoei edo tutore legalei eskatu zaie elkarrizketa bat edukitzea euren seme-alabekin. Horrela, lehenengo atalean eskatu zaie euren seme-alabei eskatzeko marrazki bat egin dezatela konfinamendu-egoeran zer egiten duten eta zeren falta sumatzen duten irudikatzen duena. Hortik abiatuta, gurasoei eskatu zaie euren seme-alabekin elkarrizketa bat izateko eta egoera nola bizi duten galdetzeko. Azkenik, gurasoek hainbat galderari erantzun behar diete euren seme-alaben ongizatearen inguruan. 

Ikerketa honetan jasotako datuen arabera, umeek frogatu dute ondo ulertu dutela etxean egon beharra eta COVID-19aren ondorioz ezarritako arauak errespetatu dituztela. 

“Birus bat da, eta etxean geratu behar dugu, aurre egin behar diogulako eta txarra delako. Kalean, medikuak heroiak dira, aurre egingo diote eta hilko dute, horregatik ateratzen gara egunero txalo egitera arratsaldeetan” (mutila, 4 urte)

COVID-19a garaitu beharreko etsai modura irudikatzen dute garbi, eta osasunaren alde egiten dute. Medikuak idolatratzen dituzte, lagundu beharreko heroitzat hartzeraino. Badakite ere gaixotasuna bereziki arriskutsua dela adineko pertsonentzat, eta benetan izututa daude aitona-amonengatik, zeinak ezin baitituzte aurrez aurre ikusi.

“Ez die umeei minik egiten, baina kutsatu ditzakegu gure aitona-amonak eta horrek beldurtzen nau eta horregatik ezin ditugu ikusi” (neska, 6 urte).

Kontuan hartu behar dugu haurrak gaixotasunaren transmisoreak izan daitezkeela dioen diskurtsoa sakon errotu dela haurrengan, baita gehiegi ere. Izan ere, adierazi dute errudun sentituko liratekeela hurbileko senideren bat kutsatuko balitz. 

Konfinamendu-egoerak emozio anbibalenteak sortu dizkie haurrei: pozik egon dira, neurri batean, familian denbora gehiago pasa dutelako eta planteatu dituzten proposamen guztiak egin direlako. Era berean, haurrak bakarrik sentitu dira zenbait kasutan, lagunen falta sumatu dutelako, besteak beste. Alderdi sozialari ere bereziki erreparatu behar diogu. 

“Bakarrik sentitzen naiz, ezin naizelako nire lagunekin egon. Bideo-deiak egiten ditut baina ez da berdina, zeren ez ditut denak ikusten, eta ez dakit, aspertzen naiz, bakarrik sentitzen naiz” (mutila, 9 urte).

Hau da, haurrak lagunekin eta irakasleekin gizarteratzeko eremu nagusia dira eskolak, eta harreman horiek guztiak errotik eten dira. Orain arte, lan handia egin da eskolaren bidez konpentsatzeko eta arlo akademikoan haurrei laguntzeko, baina harremanen gaia borondatezko gai gisa landu da, eta, beharbada, gutxiago. Ostera, harremanen esparru horrek ere foku bat izan behar du hezkuntza-erakundeentzat, batetik, haur guztiek harremanak mantentzen dituztela bermatzeko, bai ikaskideekin bai irakasleekin, eta, bestetik, haur bakar bat ere isolatuta geratzeko arriskuan egon ez dadin. 

Datuek diote gehienek (% 93,49) sormenezko jarduerak egin dituztela konfinamendu-egoeran, hainbat gauzatara jolastu direla (% 99,23), edo familian jarduerak egin dituztela
(% 99,52). Halere, egoera honek haserre eta triste jarri dituela nabarmentzen dute. Datu kuantitatiboek erakusten dute haurrek lehen baino negar gehiago egin dutela (% 55,54), urduriago egon direla (% 70,17), maizago haserretu direla (% 74,66) eta tristeago egon direla (% 55,83). 

Maila fisikoan, ehunekoak tarteko posizioetan kokatzen direla ikusten dugu; hala, gehienek ariketa fisiko pixka bat (% 55,66) edo dezente
(% 35,28) egin dutela esaten dute, eta gutxi batzuk daude muturretan: % 6,98k dio jarduera fisiko asko egin duela, eta % 5,07k, berriz, ez duela batere egin.

Elikadura-ohiturei dagokienez, gehiengoaren iritziz, seme-alabek gehiago jan dute (% 64,72), eta bereziki, litxarreria edo opil industrial gehiago jan dituzte (% 68,1). 

Azkenik, teknologia berriei dagokienez, guraso eta legezko tutore gehienek uste dute (% 89,78) gehiegi erabili dituztela. Datu hori ere kezkagarria da, teknologia berrien gehiegizko erabilerak izan ditzakeen ondorio negatiboak aintzat hartzen baditugu.

Haur askok, familiako kideekin egoteko denbora gehiago izateagatik pozik egon diren arren, beste senide batzuekin edo lagunekin egotearen falta sumatu dute. Bai eta kalera ateratzearen, korrika egitearen, naturarekin harremanetan egotearen, parkera joatearen eta lagunekin elkartzearen falta ere, eta hala adierazi da jaso ditugun marrazkietan.

 

Ondorioak

Hortaz, emaitzak ikusita, ondorioztatu daiteke konfinamendu-egoera honek eragin negatiboa izan duela haurrengan hainbat mailatan: akademikoa, emozionala, fisikoa eta soziala. Hori dela eta, haurrak bizitzen ari diren errealitate berriei aurre egiteko neurriak ezarri behar dira, haien ongizatea zaintzeko. Era berean, zaurgarriagoak diren haurrengan ere jarri beharko da arreta, eta beharrezkoak diren baliabideak jarri beharko dira martxan, krisi honek kalte nabarmenagoa egin baitie baliabide gutxiago dituzten horiei. Horretarako, funtsezkoa izango da ongizateari modu holistiko batean erreparatzea eta ez zentratzea soilik alderdi akademikoetan; hala, ekintzak bultzatu beharko dira arlo publikoetatik, haurren premia sozialei, fisikoei eta psikikoei erantzuteko. Agerikoa da orain familiek dutela kontaktu zuzena haurrekin, baina horregatik ez dugu pentsatu behar gizarte edo erakunde publiko gisa zaintzaren foku guztia haiengan jarri behar dugunik, eta haurren ongizatea bermatu beharko da, haien ahotsak ere erdigunean jarriz eta ez isilaraziz.

Naiara BERASATEGI, Nahia IDOIAGA, Maria DOSIL, Amaia EIGUREN, Maitane PIKAZA eta Naiara OZAMIZ

KideON ikerketa taldeko kideak