Segurtasuna bai; orain, pedagogia

2020-10-09

Ikasleen artean gogoa, eta irakasleen artean ardura gailendu dira ikasturte hasiera zail honetan. Oro har esanda, ikasleak gogoz itzuli dira, jarrera oso onarekin, neurri berriekiko errespetuz eta, oroz gain, ikaskideak eta lagunak ikusteko irrikaz. Irakasle eta, batik bat, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen artean lehen asteetako kezka koronabirusa saihesteko harturiko neurrien ingurukoa izan da, kontingentzia-planak ezartzeak xahutu ditu orduak. Eta kezkarekin batera kexua eta arrangura datoz, ez daukate aski baliabide (batik bat giza baliabide) egoerari behar den bezala aurre egiteko: aurreko urteetako baliabideekin ekin behar izan diote pandemia baten erdian ikasturteari. Familien artean, zabalagoa da abanikoa, baina, oro har, konfiantzarekin hasi dute kurtsoa. 

 
 
Segurtasuna bai; orain, pedagogia

Z

aila izan da ikasturte hasiera hau; gogoratzen dugunetan zailena, ziur aski. Kurtso berri guztiek berekin dakarten urduritasunari sekulako ziurgabetasuna eta kezka handi bat gehitu zaizkio Euskal Herri luze-zabaleko heziketa-guneetan: ikastetxeetan ezarri den plana nahikoa izango ote da zentroa COVID-19a hedatzeko leku bilaka ez dadin? Tokian tokiko protokoloak betetzeko (Frantziako Gobernuaren Hezkuntza Ministerioak ezarri ditu betebeharrak Ipar Euskal Herrirako; Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, lurralderako eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako), lan mardula egin dute ikastetxe guztiek, eta aldaketa nabarmenak ekarri dituzte neurri berriek: sarrera-irteera mailakatuak eta leku desberdinetan; gezi bidez pasabideak bereiztea; espazio komunak birmoldatzea eta murriztea; familien sarrerak mugatzea; higienea zorroztea; tenperatura hartzeak, burbuila edo bizikidetza-taldeak sortzea, haurren artean distantzia mantenaraztea eta berrikuntza deigarrienetako bat irakasleak eta haurrak maskararekin ibiltzera derrigortzea izan da, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherearen kasuan, 11urtetik gorakoek erabili behar dute; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 6 urtetik gorakoek eta Nafarroan 6tik gorakoez gain, 3 urtetik gorakoek derrigorrezkoa dute maskara ikastetxeko sarrera-irteeretan, espazio komunetan eta autobusetan.

 

Iazko ikasturte bukaeran prestatu zituzten eskola gehienek euren neurriko kontingentzia-planak, baina ondoren tokian tokiko administrazioek ezarritako arau berrien arabera, etengabe egokitzen joan dira plana ikastetxeetan, eta abuztuaren azken astera arte ez da zehaztapen argirik izan kontingentzia-planak burutzeko, eta irailean ikasturtea hasirik ere zirkular gehiago jaso dituzte neurriak egokitzeko. Tokian tokiko ikuskaritzek kontingentzia-planak onetsiagatik ere, moldaketak etengabeak dira ikastetxeetan, goizero egiten dira bilerak neurrien egokitasuna zorrozteko, Hernaniko Langile ikastolako zuzendari Gabino Burgoak adierazi duen gisan: “Paperean idatzitakoa praktikan jartzean egunero ari gara moldaketak egiten, dela sarrera-orduak gehiago mailakatzea, edo pilaketak saihesteko neurri gehiago hartzea, esate baterako. Lana ikaragarria da”. Buruhauste handia izan da, oro har, ikastetxe guztientzat agintaritzetatik datozen neurriak aplikagarri bilakatzea. Hala adierazi du Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako zuzendari Alicia Fernandezek: “Protokoloak ematen du malgutasun batekin joka dezakezula, baina ez da hala, zorroztasun handiarekin jokatu behar da ikuskaritzaren onespena izateko”. Neurriak bete bai, baina ikastetxearen hezkuntza-filosofiari eusteko, Oiongo kasuan, irudimena erabiltzea beharrezko izan dute ikasturteari ongi ekiteko: “Lehen asteetan ikuskaritzak ez zigun uzten familiak gure instalakuntzetan sartzen, eta 2 urteko haurren egokitzapena egiteko beharrezkoa da gurasoak ondoan egotea. Bada tutoreak haurrekin herriko parke batera atera dira, jostailuak eta mahaiak hartuta, zuhaitz baten azpira. Nola behartuko ditugu, bada, 2 urteko haurrak gelan bakarrik sartzera gurasoak kanpoan utzita?”.

 

Prebentzio-neurriak ikastetxe bakoitzera egokitzea zail izan da, protokoloak berandu iristeaz gainera, kontingentzia-plana gauzatu ahal izateko materialik eta, batez ere, giza baliabiderik ez dutelako aski izan ikastetxeek. Horra, Hik Hasik elkarrizketatu dituen ikastetxe guztietako zuzendaritzek adierazi duten haserrea. Baliabide materialetatik hasita, ikastetxeek nabarmendu dute ez dutela aski bitarteko izan protokoloa betetzeko. “Gutxi eta berandu jaso dugu materiala”, azaldu du Langile ikastolako zuzendariak. Detaile txikietatik (ikastetxe askok eurek erosi behar izan dituzte fpp2 maskara homologatuak) protokoloa bera betetzea galarazten duten ezintasunetara. “700 ikasleko ikastetxe batera pare bat termometro bakarrik bidali dizkigute”, azaldu du Burgoak. Haiek bezala, ikastetxe publiko askok termometroak, gel hidroalkoholikoak eta maskara homologatuak erosi beharra izan dituzte, Jaurlaritzatik garaiz ez dituztelako nahikoa jaso. “Diru gastua gure bizkar joan da, eta azkenean, protokoloak eskatzen dituen gezi, gel, maskara eta abarrekin dirutza gastatu dugu”, kexatu da Fernandez. “Gabeziak asko dira, eta batzuk oso nabarmenak: distantziak mantentzea, adibidez, ezinezkoa da 24-25eko ratioak ditugunean maila guztietan; ezinezkoa da protokoloa bera betetzea. Ez daukagu lekurik, ezta giza baliabiderik ere ratioak jaitsi eta distantziak mantentzeko”, dio Burgoak. Kanboko Xalbador Kolegioan 28 haurreko ratioak dituzte gela gehienetan, eta badituzte 30-31 haurreko gelak ere, eta are zailagoa zaie, beraz, ikasleen artean protokoloak berak markatzen duen distantzia mantentzea. “Gobernuaren iritzia izan da ikasle guztiak gelara etortzea lehenestea, ratioak 15era jaitsi eta gelak bikoizteko aukerarik ez dugu izan ordea, irakasle kopurua bikoiztea esan nahiko bailuke horrek, eta bide hori ez du ireki nahi izan [Frantziako] Gobernuak”, azaldu du Garikoitz Mujika Xalbador kolegioko zuzendariak. Are gehiago, kontratazio berririk ez, eta gainera, hutsuneak betetzeko zailtasunak izan dituzte ikastetxe ugaritan: Langilen, esate baterako, gero bete badira ere, bi irakasleren faltan hasi zuten ikasturtea, eta Xalbadorren egoera berrira egokitzeko errefortzurik ezarri ez, eta gainera, eritasunagatik eskolara joan ezin duen irakasle baten hutsunea betetzeko lehen 7 egunen buruan irekitzen bazen ordezko irakaslea kontratatzeko bidea, orain 14 egunera atzeratu dute kontratazioa. Giza baliabide falta ikusgarri egin dute Gasteizko Salburuako ikastetxean ere, zuzendaritzako kideek pauso bat aurrera eman zuten eta Eskola Kontseiluaren ezohiko bileran dimisioa eman zuten, ikastetxeak bete gabe zeuzkan bi irakasle hutsune betetzera pasaz zuzendaria eta ikasketa burua, gorputz hezkuntza eta haur hezkuntzako taldeetan, Jaurlaritzari zegozkion eskariak eginda Hezkuntza Sailetik erantzunik jaso gabe baitzeuden irailaren 1etik. Dimisioa publiko egin eta berehala bete zizkieten bi hutsuneak.

 

Eta horrela, lurraldez lurralde, hamaika dira kasuak. Eusko Jaurlaritzak 1.000 irakasle gehiago ezarriko zituela agindu zuen abuztuaren 28an, baina ikastetxeak kexu dira, eurenera ez dela mila horietarik batere iritsi. Nafar Gobernuak, ostera, garbiketa-zerbitzua indartzea, 183 zaintzaile gehiago eta 666 irakasle gehiago kontratatuko zituela iragarri zuen abuztuan, baina irailean sindikatuek adierazi dute 173 hezitzaile bakarrik kontratatu direla (Carlos Gimeno hezkuntzak kontseilariak argitu zuen 666 kontratazio horietatik 183 ekainean kontratatu zirela; 173 postu abuztuan atera zirela eta 310 aurrerago zehaztuko zirela ikastetxeen beharren arabera).

 

Gabezia horek guztiak gizarteratu eta administrazioari esku hartzeko exijitzeko, protestak egin dituzte irakasleek herrialde guztietan. Irailaren 15ean ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek deituta greba egin zuten sare publikoan zein itunpekoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, baliabide eta solaskidetza eske, “Gure ikastetxeetan aurrez aurreko itzulera segurua eta adostua” lelopean. Lan taldeak handitzea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea eskatzen dute, hala nola, ikasleen ratioak jaistea (10-15 ikasle eskatzen dituzte gela bakoitzean eta, aldiz, gaur egun LHn gehienez 25 egon daitezke ikasgelako eskola publikoetan; DBHn 25; eta Batxilergoan berriz, 30); jantoki zerbitzua bermatzea distantzia neurriekin berrantolatuz; curriculuma osasun krisiak eragindako errealitateetara egokitzea (adibidez, dolua lantzeko edota irakaskuntza telematikoa jorratzeko) eta osasun arazoak dituzten langileak babestea exijitzen dute eta baita arrakala sozialak desegiteko neurriak hartzea ere (horien artean, euskarari loturiko arrakalak). Irakasleekin batera, garraioetako langileek eta jangeletako langileek ere bat egin zuten greba-deialdiarekin. Izan ere, hainbat ikastetxek ezin izan dituzte jangelak ireki ere egin, protokoloak zehazten dituen distantziak mantentzeko otorduen txandak gehitzean, ez daukatelako aski profesional haurrak hartzeko. 

 

Sindikatuen arabera, hezkuntzako langileen % 70ek greba egin zuten irailaren 15ean, eta Hezkuntza Sailak datua apalagoa eman zuen: % 45eko jarraipena izan zuela adierazi zuen. Grebaren bezperan Hezkuntza eragileekin bildu zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria, Jokin Bildarratz, baliabideen kudeaketaz hitz egiteko, baina esandakoak sindikatuentzat ez ziren aski izan mobilizazioak bertan behera uzteko. Are gehiago, urriaren 2rako mobilizazioak iragarri dituzte.

 

Nafarroan, berriz, hezkuntza komunitateak foro bat sortu du Hezkuntza Departamentuak ezarri zuen protokoloa komunitatearekin adostu gabea dela salatzeko eta ratioak jaistea eta baliabide gehiago kontratatzea aldarrikatu dituzte mobilizazioetan eta haratago, segurtasun-neurriez gain, “ikuspegi zabalagoa izan beharko lukeelako [protokoloak], hala nola, alde emozionala eta pedagogikoa oinarri hartuta”. Iparraldean ere sindikatuak kexu dira: Kati Petrissans SNUIPP irakasle sindikatuko kideak Berria egunkariari azaldu zion Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez duela osasuna hizpide izan: “Lehentasuna da haurrak ukaitea klaseetan, baina ez da prestakuntza seriorik izan; osasuna ez da aski kontuan hartu”. Besteak beste, aipatu du irakasleei banatutako maskarek ez dutela babesten. Are, gehitu du osasun arazoak dituzten irakasleen egoera ere ez dela gogoan hartu, “salbu, minbizia izanez gero”. Seaskak ere ministerioaren “inprobisazioa, arduragabekeria eta inposizioa” salatu, eta segurtasun neurriak eskatu ditu.

 

Tentsioa apaltzen, baina "alertan"

 

Ardura, kezka eta kexuen artean, bada, hasi da kurtsoa eta asteak pasa ahala, urduritasuna baretzen hasia da. Nahiz eta zentroek “alertan” jarraitzen duten. Etengabeko kezka da positibo kasuak gertatu, protokoloak aktibatu eta gelak itxi eta konfinatuak dauden ikasle horiekin eskola nola jarraitu. “Esperoan bezala gaude etengabe, noiz gertatuko zain eta horrek tentsioa dakar”, dio Langileko zuzendariak. Lehen egunean izan zituzten positibo kasuak Oiongo Ramiro de Maeztu eskolan, hasi eta arratsalde hartan bertan jakinarazi zieten ikasleen artean bi positibo kasu izan zirela. “Hasiera oso gogorra izan zen —kontatu du Alicia Fernandez ikastetxe publikoko zuzendariak—. Hasi eta bigarren egunerako protokolo guztiak martxan jarri beharra izan genituen, eta gela bat konfinatu genuen”. Behin ikas-komunitatean PCR proban positibo kasuak daudenean, ikastetxeak ez eta osasun ikuskaritzek dute eskumena. “Gure kasuan, positibo baten ondorioz gela oso bat konfinatu da, baina beste positiboaren ondorioz, konfinamendua ezarri beharrik ez zegoela adierazi ziguten”. Esperientzia gogorra izan dela dio Fernandezek, baina orain, behin konfinatuak zeuden haurrak itzulirik, “lasaiago baina alertan” jarraitzen dutela dio. “Beste haurrak gustura etorri dira, oso gogotsu, eta horri begiratu behar diogu. Ongi daramate maskararena eta arauak oso ongi ari dira errespetatzen, nahiko ongi eta azkar egokitu dira normaltasun honetara”. 

 

Oionen bezala, koronabirus-kasuak egunik egun iritsi dira ikastetxeetara. Amezketako eskolak beranduago ireki behar izan zituen ateak, eta ireki eta astebetera itxi behar izan zuten, berriz, Soraluzeko institutua (Gipuzkoa), bederatzi irakasle bakartu eta ikasleak etxera bidalita. Baigorriko ikastola ere itxi zuten, eta eskualde guztietan daude gelak konfinaturik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuen arabera, irailaren azken astean 280 ikasgela zeuden itxita, 188 ikastetxetan, hau da, ikasgela guztien % 1,59. Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak emandako datuen arabera, guztira 4.000 ikasle izan dira konfinatuak eskolak hasi zirenetik hiru asteren buruan, 198 bizikidetza-taldetakoak, nahiz eta horietatik gutxi batzuek soilik eman duten positibo PCR probetan. Gimenok Nafarroako Osasun Publikoaren institutuak egin duen txostena ardatz harturik, adierazi zuen, gainera, eritasuna pairatu duten 14 urte bitarteko haur gehienak familia-testuinguruetan izan direla kutsatuak (% 90, batez beste), eta ez eskola-testuinguruetan.

 

Neurri zorrotzekin, baina haurrak, ondoen

 

Haurren jarrera eta gogoa Hik Hasik deitu dituen ikastetxe guztietan nabarmendu dute. “Bizi izan duten egoera eta konfinamendua ikusita, harrituta gaude haurrak zeinen ongi ari diren egokitzen, neurriak betetzeko prest eta kolaboratzeko gogoaz etorri dira”, azpimarratu du Tuterako Argia ikastolako zuzendari Saioa Crespok. “Ikasleak txapela kentzeko moduan erreakzionatzen ari dira, baina neurrien gogortasuna aitortzen dute”, azaldu du Xalbador Kolegioko zuzendari Garikoitz Mujikak. Ipar Euskal Herrian maiatzean bueltatu ziren haurrak eskoletara, baina maiatzean taldekatuak zeuden hamabosnaka, batzuk etxean eta besteak gelan ari ziren, eta ekaineko azken astea egin zuten denek elkarrekin: “baldintza gogorretan, baina denok elkarrekin gaude, eta ikasleak gustura daude horrekin”.

 

Jakitun dira irakasleak haurrei ezarri zaizkien neurriak –bereziki maskara eta distantziamenduak– gogorrak direla haur eta nerabeentzat, horri erantsi behar zaio, gainera, sei hilabetez ez direla ikastetxean egon, askok ez dituztela lagunak apenas ikusi eta sozializazioa arras mugaturik izan dutela. Euskararekin ere atzenduak datoz haur asko, eskolako ateak ixtean euskararenak ere itxi egin baitzaizkie askori sei hilabeteotan. Haurren etorrera zaintzeko, ikastetxe askotan haurren egoera emozionala behatzen ari dira. Hernaniko Langile ikastolan iazko ekainetik erabakia zuten ikasleen alderdi emozioanala berariaz landuko zutela ikasturte hasiera honetan, eta hala ari direla adierazi du karguan berria den Burgoa zuzendariak. “Ustez ondo daude ikasleak, baina sei hilabeteren ondoren emozionalki zainketa berezia egin beharko da, eta horretan dihardute tutoreek, behaketa lana egiten, ondoren aztertu eta zertan esku hartu ikusi ahal izateko”. Tuteran ere lanketa berezia egiten ari dira, eta LHko 4. mailatik aurrera, Nafarroako Gobernuak inkesta bat pasako du haurrak euren bizipenez mintza daitezen, eta emaitzen arabera, esku-hartzeak egingo dira: “Ikasturte hasierako lehen egunetan urduritasuna handiagoa izan da beldurra baino, haurren artean. Eta harritua nago urduritasun hori ere nola gainditu duten. Gerora, ordea, atera daiteke zerbait, haur bakoitzak bere erritmoa dauka, eta adi egon behar dugu”. Egoera emozionalarekin batera, euskararen arrakala artatzen ari dira zentro askotan, eta talde kohesioa lantzeko tailerrak ere egiten ari dira ikastetxe ugaritan, “haur bakoitzak bere lekua aurkitu dezan dinamikak egiten ari gara, taldearen kohesioa eta harremanak zaintzeko premia handia baitaukagu orain”, azaldu du Crespok. 

 

Neurrien artean, haurren artean mantendu beharreko distantzia eta, batez ere, maskararen erabilera luzea da ikasleen artean ezinegona sortzen duen ezaugarria eta irakasle eta familien artean kezka handiena eragiten duena. Kanboko kolegioan herrikoen bertakoez gain, eskualdeko ikasleak hartzen dituzte, eta kolegiora 8:30erako iristeko ordubete lehenago hartzen dute ikasle askok autobusa, eta behin eskolak 16:30ean bukatuta, 17:30ean iristen dira haurrak euren etxeetara, beraz, bazkal-ordua eta gorputz heziketako ordua kenduta, hamar orduz gutxienez maskararekin egoten dira ikasleak: “Denok argi dugu osasun-segurtasuna lehenetsi behar dugula, baina maskara oso gogorra egiten zaie, bai ikasleei eta baita irakasleei ere, zaila baita maskararekin eskola behar den gisan ematea, komunikazio-mailan ikaragarrizko zailtasuna eransten baitu, bereziki hizkuntzak irakastean”. Haur txikienek ez dute maskararik erabili behar haur-eskoletan, baina, hala ere, hezitzaileen eta haurren arteko komunikazioan nabarmen eragiten duela ikusten du Arbizuko Kattuka haur-eskolako zuzendari Eider Gardek: “[Nafarroako] Gobernuak ez du neurtu pedagogia eta emozio mailan maskararen erabilerak zer suposatzen duen. Aurpegiarekin esaten den horrek guztiak berebiziko garrantzia dauka, batez ere haur txikienekin ari garenean. Begien bitartez bakarrik gauza guztiak adieraztea oso-oso zaila da eta, gainera, hizkuntzaren garapenean haur txikienen kasuan eragina dauka”. Arbizun aztertzen ari dira fpp2-maskaren ordez, gardenak diren eta funtzio bera egin dezaketen maskara homologatuen erabilera. 

Oreka bila

 

Hobeto ala okerrago, baina behin neurri berrietara ohituta, eta ikastetxeetako osasun-segurtasuna bermatuta, lehen asteak pasatu direnean, beste gogoeta batera iritsi dira ikastetxeak: “Oreka behar dugu osasun-neurrien eta hezkuntza beharrean artean”, azaldu du Gasteizko Zabalgana ikastetxeko ikasketaburu Miren Fernandez de Betoñok. “Osasun-neurriak zaindu behar ditugu, baina mania pertsekutorioa kendu behar dugu, ezin du beldurrak gain hartu eskoletan”. “Orain pedagogia”, dio, Saioa Crespok: “Lehen asteetan dena jan du COVID-19ak, protokoloak hartu digu denbora guztia. Hiru aste pasata, iritsi da momentua gelditu eta ildo pedagogikoari heltzekoa”. Hitz berdintsuak erabili ditu Oiongo eskolako zuzendariak: “Ikasturte hasiera honetan kontingentzia-planak jan ditu erabat gure indarrak. Bestetan, lehenengo astean pedagogiaz hitz egiteko erabiltzen ditugu aurreneko egunak, ikasturtea antolatzeko eta irakasleen arteko kohesioa lantzeko. Orain COVID-19ak dena eklipsatu du, burokrazia pila bat eta exijentzia asko izan dugu betetzeko. Honaino; orain haurren beharretan gehiago zentratu behar dugu”. Gauza bera gertatu da Langilen: “Irailean ez gara edukietan eta metodologietan zentratu, kontingentzia-plana eta haurrak nola etorri diren behatzera zentratu gara; orain bestelako egitekoetara jarri behar dugu”.

 

Protokoloek exijitzen dituzten neurri batzuek, bizikidetza-taldeak bereizteak eta distantziamenduek, batez ere, ikas-irakas metodologian zuzenean eragin die ikastetxe gehienei. “Kurtsoen dinamika pedagogikoa nabarmen kaltetua izaten ari da”, dio Mujikak. Lan kooperatiboan, esate baterako, ikastetxe askok ikusi dituzte ezintasunak, eta batzuek bertan behera utzi dituzte. “Distantziek zaildu egiten dute, baina talde lanak eta binakako lanak egiten ditugu, baina ahalik eta motzenak eta ez iraunkorki”, azaldu du Kanboko kolegioko zuzendariak. Oionen erdibidetik jotzea erabaki dute hasieratik: distantziak mantendu bai, baina, hala ere, ikasleak taldeka jarri dituzte proiektu kooperatiboekin jarraitzeko, baina oztopoak beste alor batzuetan aurkitu dituzte: “Haur Hezkuntzan zirkulazio librea dugu eta adinak nahasten ditugu, espazioka ekosistemak sortzen ditugu eta haurrak euren interesaren arabera pasatzen dira ekosistema batetik bestera, baina orain, burbuila-taldeak mantentze aldera, ezin ditugu 3, 4 eta 5 urteko haurrak nahastu eta zirkulazio librean aritu”. Argia ikastolan ere, antzeko arazoarekin topo egin dute, LH1eta 2koak zirkulazio librean aritzen baitziren elkarrekin arratsaldeko saioetan, “baina oraingoz bertan behera utzi beharko dugu”. 

 

Arbizuko Kattuka haur-eskolak lehendik daukan lan-ildoari sendo eustea lortu du, “gure helburua hasieratik izan da beti bezala hastea, gauza gehiegi aldatu gabe”, adierazi du haur-eskolako zuzendari Eider Gardek. “Neurriak hartu ditugu: sarrera-irteerak berrantolatu ditugu, garbiketa errefortzatu dugu (horretarako udalak langile bat gehiago jarri digu)… baina lan egiteko modua eta filosofia ez dugu aldatu nahi izan; jatorduetan, esate baterako, piklerianoak gara, eta hala jarraitzen dugu, txikienei magalean banaka jaten ematen, eta handiagoek gelan bazkaltzen dute”. Hala ere, lan guztia ezin dute lehen bezala egin, behin harrera-garaia pasata gurasoak haur-eskolako ateraino bakarrik sar litezke eta ez geletara, “eta horrek bai ukitzen gaitu, gure leloa familiak nahi eta behar dutenean sartzea baita”. Lan ildoari eutsi dioten arren, haurren artean nabaritu dute konfinamenduaren ondoriorik: “Irailero haur berriak jasotzen ditugu, eta badakigu harrera-garaia epe latza izan daitekeela beraientzako emozio eta atxikimendu-mailan; baina ezagutzen ez genuen erreakzio bat ere ikusten ari gara, eskola ezagutu bai, eta 6 hilabetez etorri gabe egon diren ume batzuk gustura ari dira etortzen, baina beste batzuei asko ari zai kostatzen itzulera, eta konfinamenduaren ondorio bezala ikusten dugu”. Nafar Gobernuak protokoloak ezarri dituenean 0-3 etapa ez duela aintzat hartu uste du Gardek: “0-3a ez dute sekula serio hartu, eta oraingoan ere ez; Nafarroan ziklo bakarra izan da errefortzurik ezarri ez dutena. Ateak irekitzen lehen zikloa izan ginen [ekainean zabaldu zituzten ateak haur-eskolek] eta protokoloak jasotzen azkenak izan gara.” 

 

Oreka bilatzeko lanetan ari dira orain ikastetxeak, beldurra ez dadin pedagogiaren gainetik egon: “Hori da gehien kezkatzen nauena –adierazi du Mujikak–. Argi dugu osasuna dela lehenetsi behar duguna, baina irakaskuntzari ematen zaizkion helburuak zaindu behar ditugu. Klaseen dinamika ezartzen badugu ikasleak banaka lerroan, elkarrekin eztabaidarik eta trukerik gabe, nork egingo du aurrera erritmo horretan? Autonomia-gaitasun handiak dituzten ikasleen gutxiengo batek, eta haiei ere kalte egingo lieke. Irakaskuntza eta ikaste-prozesua nonbaitetik pasatzen baldin bada, iritzi truketik, ikuspuntu desberdinak partekatzetik, elkarren artean lan egitetik, egoerak bizitzetik eta elkar entzutetik da, eta momentu honetan, osasun berme horiek lortu nahian jarrita ditugu neurriekin hori dena pikutara doa. Eta hori arazo potolo bat izango da egoera hau luzaro atxikitzen bada”. Pedagogiari lehentasuna ematearekin batera, eta  inboluzio metodologikoetan erortzeko arriskua mahai gainean jartzearekin batera, haurtzaroarekiko begirada fintzeko unea da, Garderen aburuz: “Oso irudi gogorrak ikusten ari gara eskoletan eta politikariek hausnartu egin beharko lukete zer egiten ari diren haurtzaroarekin, haurtzaroari ezin baitzaio bere sena kendu”. Vicenç Arnaiz pedagogo katalanaren hitzak ekarri ditu gogora Gardek: “Egoera honetan gauzak beste modu batean egin behar ditugu, baina ondo egin behar ditugu”. “Kontua da –erantsi du Mujikak–, osasuna lehenetsiz irakaskuntzak zer baliabide beharko lituzke bere helburuak lortzeko? Gobernu frantsesak ez du errefortzurik eman, atzerapausoak egin ditu”.

 

Ikastetxeek argi dute, irakasleen eta batik bat zuzendaritza-taldeen bizkar gelditu dela egoeraren zailtasuna eta konplexutasuna kudeatzea, eta “irakasleen inplikazioagatik eta familiek erakutsitako konfiantzagatik” hasi dutela ikasturtea hasi duten bezain ongi, ez administrazioetatik jasotako babesagatik. “Irakasleak oso-oso-oso ondo etorri dira –nabarmendu du Oiongo eskolako zuzendariak–. Konpromiso handiko jendea daukagu, eta ikasturte honetan inoiz baino garrantzitsuagoa izango da konpromiso hori. Daukagun irakasle-taldearekin tetrisa egin dugu, eta ikastetxean ditugun baliabide guztiak erabiliz bikoizketak egiten ari gara taldeak txikitzeko”. Pozik baina era berean kezkatuta eta gainezka ikusten ditu Zabalganako ikasketaburuak bere ikastetxeko irakasleak. “Pozik daude ez zutelako etxean gelditu nahi, gogorra izan da konfinamendu-garaian bizi izan duguna, eta etxetik lan egitea ez da batere erraza izan; beraz, orain eskertzen dute ikasleekiko zuzeneko harremana”. Baina era berean, kezkatuta ikusten ditu ,“baldintzak ez dira errazak, eta guztion osasuna dago lehen lerroan, eta alde horretatik gogorra ari da izaten”. Euren osasunaz eta lan baldintzez harago doa irakasleen kezka eta haserrea, “haurtzaroaren kontzeptua dago jokoan”, dio Eider Gardek: “COVID-19aren izenean gauza asko moztu eta mugatu dira”. Kezka baino gehiago ere, haserrea eta inpotentzia ere nabariak dira irakasleen artean, “ez daukagu aski baliabide eta gainera murrizketak ditugu, salbuespen egoera honetan nahiko genukeen baldintzetan lan egin ahal izateko”, azaldu du Mujikak. Irakasle gehiagorekin egoera zail hau eramangarriagoa izango zela ziur da Burgoa ere, “faltan gaude, pertsonal gehiago behar dugu, oso-oso justu gabiltza; lana bikoiztu egin zaigu eta lehengo plantilla berdina daukagu. Estu eta larri gabiltza”. 

Familien jarrera da nabarmendu duten beste puntuetako bat. Zuritik beltzerako aniztasuna badago ere, sendiek eskolei konfiantza eskaini dietela azaldu dute ikastetxeek, eta gertutasuna eta egoeraren azalpenak ematea eskertu diete. Izan dira kexak familien aldetik, maskararen erabileragatik, batik bat, baina izan da beste aldean, beldurragatik haurrak ikastetxera ez eramatea erabaki duen familiarik ere. Koiuntura honek perfil berri bat ekarri du, beraz, COVID-19agatik eskolatuko ez diren haurrena. Eta berez hezitzaileena ez litzatekeen lan bat erantsi zaie profesionalei: “Agindua daukagu COVID-19agatik haurra eskolara ez eramatea erabaki duten kasuetan absentismo gisa jakinarazi behar dugula, eta familiak badaki justifikazioa behar duela bestela, eta guk ikastetxean izan dugun kasuan, familia asumitzeko prest agertu da gizarte zerbitzukoak eurekin harremanetan jarriko direla”, azaldu du Fernandez de Betoñok.

 

Eta zuzendaritza-taldeen lana ere funtsezkoa ari da izaten, eszenatoki zail honetan aurrera egiteko. Lan ordu amaigabeak ez zaizkie aski egoerari tamaina hartzeko eta bizitzen ari diren tentsioa nabarmena da zuzendari guztien hitzetan. Izan ere, martxotik irailera, sei hilabeteetan erabaki diren neurri ia guztiak ikasleen eta irakasleen bizkar ezarri dira (distantziak, maskarak, ilarak, tenperatura-hartzeak, bizikidetza-taldeak bereiztea, sarrera-irteerak eta korridoreak antolatzea), eta horren guztiaren ardura zuzendaritza-taldeek izan dute, Nafarroan hainbat ziklotan egin diren ratio-doikuntzak eta agindutako irakasle errefortzu batzuk salbu, administrazioek hartutako neurriak ez baitira irakasleen kopuruak egokitzearen aldekoak izan, ikasle talde txikiagoekin lana era kontrolatuagoan egiteko. Lan-ordutegi luzeez aparte, estresa gailentzen ari da zuzendaritza-taldeetan. Gainezka daudela erantzun dute guztiek. “Orduak eta orduak eta orduak sartzen ari gara, eta sentsazioa da ez garela iristen”, dio Zabalganako ikasketaburuak. Koronabirus-kasuak hedatzeko kezkaz gainera, eta egunero kontingentzia-plana errebisatu eta fintzeaz landa nahiz tokian tokian suertatzen ari diren irakasleen hutsuneak betetzeko zailtasunez aparte, burokrazia-lan itzela daukatela dio Fernandez de Betoñok. “Estres puntua oso handia da”, dio Gardek. Eta bat dator Argia ikastolako zuzendaria: “Antolaketa lana ikaragarria ari da izaten, eta betebeharrak erregulatzen saiatzen ari gara, estresa saihesteko”. Berria da zuzendaritza-karguan Crespo, baita Langileko Burgoa eta Mujika Xalbadorrekoa ere. “Ez dakit beste ikasturte hasierako lana nolakoa izaten den –dio Burgoak–, baina aurtengoa oso-oso zaila ari da izaten, delegaritzatik eta berritzeguneetatik eskakizunak beste urteetako berdinak dira, eta horrez gain, pandemiaren kudeaketa ari zaigu egokitzen; oso zaila. Baina pasako da, horrela ezin dugu kurtso osoa egin”.