Zorionak, Hik Hasi! Geroa elkarrekin idatziko dugu!

2020-11-23

Ospatzeko unea iritsi da. 2020-2021 ikasturtea ospakizun-urtea izango da Hik Hasirentzat, duela 25 urte ikusi baitzuen argia hik hasi aldizkariaren lehen zenbakiak, eta, beraz, bada zer ospatua haren inguruko hezkuntza-komunitate osoarentzat. Euskal hezkuntza-komunitateari eskaini diona eta komunitate horretatik bertatik jaso duena altxorrak dira. Borondatez, bihotzez, elkarlanez eta eskuzabaltasunez osatutako altxorrak da. Hik Hasira eta haren sortzaile Joxe Mari Auzmendirengana hurbildutakoek hori bizi eta sentitu dute urte hauetan, eta balio horietan oinarrituta jaio, hazi eta heldu da Hik Hasi.

 
 
Zorionak, Hik Hasi! Geroa elkarrekin idatziko dugu!

I

kasturte berezia izango da arrazoi horregatik, bai eta bizi dugun pandemia-egoeragatik ere. Testuinguru zaila egokitu da ospakizunetarako, egungo egoerak espazioak, harremanak, topaguneak eta eguneroko bizitza bera baldintzatzen dituelako. Edonola ere, egoera eta erronka berriei irudimena eta aukera berriak baliatuz erantzungo die Hik Hasik, eta hainbat egitasmo garatuz ospatuko du 25. urteurrena.

 

Sorreraren testuingurua

Egitasmo berri baten hasieran nahasten diren sentimenduak pilatzen ziren duela 25 urte Hik Hasiren abiatzean: urduritasuna eta ziurgabetasuna, alde batetik, eta gogoa eta borondatea, bestetik. Euskal hezkuntza-komunitateak topagune bat behar zuen. Euskal hezkuntzari buruzko aldizkari baten beharra zegoen, ilusioa eta nahia ere bai, eta zailtasunari eta sinesgaiztasunari aurre egin eta abian jartzeko balio izan zuen horrek. Eta, behin abiatuta, ez da geratu. Heziketa euskaldunerako Hik Hasi egitasmoak 25 urte bete ditu. 

Egitasmoaren sorrera beharrak bultzatu zuen. Hala azaldu zuen Joxe Mari Auzmendik berak Argia astekarian 1995eko urriaren 8ko zenbakian: “Beti kanpoko erreferenteekin ibili izan gara pedagogia munduan, Cuadernos de Pedagogia, Escuela española eta gisakoekin. Baina gure artean oso esperientzia interesgarriak gauzatzen dira, eta ez dugu elkarren berri jakiteko modurik”. 20. urteurrenean, Ainhoa Azpirotzek gauza bera azpimarratu zuen Hik Hasi aldizkariaren 191. zenbakian: “Euskal Herri osoko eremuan elkarren berri izateko tresna bat da Hik Hasi. Eremu guztietan eta sare guztietan, izan ikastola, eskola publiko edo bestelako, guztien berri eman izan dugu lekuan lekuko esperientziak jasoz”. Joxe Mari Auzmendik oso garbi ikusi zuen hasieratik elkar hartu beharra zegoela, bakoitza zegoen posiziotik, bakoitzak zeukan ikuspegitik, baina elkar hartuta. Zimendu horien gainean ezarri zen, bada, aldizkaria, eta ezarri dira, baita ere, geroago etorri diren prestakuntza eta proiektu guztiak ere.

 

Beharrak eta hutsuneak betez

Elkarrekin osatutako foro hori abian jartzeko lehendabiziko euskarria Hik Hasi aldizkaria izan zen. Irakasleen artean informazioa partekatzeko, esperientziak trukatzeko eta elkarren berri izateko aukera ematen zuela ikusi zen. Eta, horrela, 1995eko maiatzean, 0. zenbakia argitaratu zen, aldizkari “euskalduna, nazionala, irakasleena, irekia eta plurala, baterakoia eta independentea”. Irakasle eta ikastetxe guztiak bultzatu nahi ziren aldizkarian parte hartzera eta haien esperientziak kontatzera. Nahi zuen guztiarentzat irekia izatea nahi zen, ideologia jakin bati lotua ez egotea, denontzat izan zedin. Hasieratik hautsi ziren sareen eta administrazioen arteko banaketak; Hik Hasi denentzat zen. Sarasuak dioen bezala, hasieran irakasleei zuzendu zitzaien batez ere, “erronka nagusia irakasle guztientzat izatea zelako: sare guztietan zeudenentzat, edozein egoeratan zeudenentzat, pentsamolde desberdina zeukatenentzat… denentzat. Irakasleak protagonista bihurtu nahi ziren aldizkariarekin, eta erakarri. ‘Aldizkari hau gurea da, irakasle guztiona’ ideia zabaldu nahi zen”.

Gerora, begirada irekitzen joan da Hik Hasi, eta hezkuntza-komunitate osora zabaldu da bere ikuspegia eta jarduna: irakasleak, haurrak, familiak, aisialdiko hezitzaileak, herria… Beharra non, hura betetzen saiatu da, aurretik aseta edo beteta zeuden eremuetan sartu gabe. Aldizkariarekin informazioaren eta elkarren ezagutzaren beharra aseta, beste hutsune batzuk atzeman ziren jarraian. Lehendabiziko ikasturtean bertan euskal irakaskuntzan lanean zebi,ltzan irakasle eta hezitzaileek prestakuntza euskaraz jasotzeko zuten beharra detektatu zen, orain dela 25 urte prestakuntza gehiena gaztelaniaz edo frantsesez eskaintzen baitzen. Behar horri erantzuteko antolatu ziren aurreneko jardunaldiak Donostiako Miramar jauregian 1996ko maiatzean, Irakurketa-idazketa konstruktibismoaren ikuspegitik izenekoak. 400 lagunetik gora elkartu ziren, eta horrek begien bistan utzi zuen euskarazko prestakuntzaren beharra bazegoela eta jendea horren egarri zela.

25 urteotan, euskarazko prestakuntzaren adarra sendotuz eta eskaintza zabalduz joan da Hik Hasi. Ikasturtean zehar, hainbat gairen inguruko jardunaldiak eskaintzen dira, besteaka beste: berariaz 0-6 etapari zuzendutakoa udazkenero, Udako Topaketak uztailean, ikasturte osoko psikomotrizitate erlazionalaren inguruko prestakuntza eta bi ikasturteko 0-6 aditu tituluaren formazioa.

Ezaugarri jakin batzuk daude jardunaldi, prestakuntza eta topaketa horien oinarrian. Euskara eta haurra erdigunean jartzen dituen pedagogia berria lantzen da. Eta, horrekin batera, hezitzaileak elkartzeko aukera ematen duten topaguneak dira: elkar ezagutzeko, aurrez aurre egoteko, elkarren esperientziak azaleratzeko eta bizipenak partekatzeko.

Hemengo nahiz kanpoko adituak eta erreferenteak ekarri izan dira topaguneetara, eta, horrez gain, beste urrats bat egin zuen Hik Hasik 2000. urtean: esperientziak zuzenean eta in situ ezagutzeko bidaia pedagogiko bat antolatu zuen Italiako Reggio Emiliako haur-eskoletara. Prestakuntza-bide berri bat ireki zuen horrek, eta hainbat bidaia pedagogiko egin dira geroztik: Finlandiara, Kubara, Estoniara, Kataluniara…

Prestakuntzaren beste esparru bat monografikoak izan dira. Hainbat gairen inguruko 34 monografiko argitaratu ditu Hik Hasik urte hauetan zehar, eta horrek ere hezitzaileen eta irakasleen beharrak asetzeko balio izan du. Eguneroko lanari eta jardunari lotutako gaiak landu dira, eta tresna baliagarriak izan dira irakaskuntza- zein heziketa-lanerako. Argitaraturiko azkenak etorkizuneko hezkuntza-errealitateei begiratzen die, “Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi” izenburupean. 

Monografikoez gain, liburuak ere argitaratu ditu Hik Hasik, unean-unean zegoen beharrari erantzuteko material egokia zela ikusi den heinean. Hor ditugu Euskara eta gazteak, Ilunetik argira-Elbira Zipitria, Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako, Gaxuxa, Euskal Herrian erreferente diren pedagogoak…

Musika-liburuen bilduma bat ere egina du Hik Hasik, eta hainbat instrumenturekin jotzeko abesti ezagunak biltzen dira horietan, musika-tresna horiek jotzeko metodoarekin batera: Txirulaz I, Txirulaz II, Gitarraz, Pianoaz, Eskusoinuaz eta Ostadarraren hotsaz.

Haurrak erdigunean 

eta familiak gogoan

Irakasleen euskarazko jardunari eta prestakuntzari garrantzia eman zaien gisa berean eman zaio haurren euskararen erabilerari ere. 90eko hamarkadaren amaieran, hutsune bat ikusi zen: haurrak ez ziren euskaraz jolasten. Soka-saltoan, korroan, ezkutaketan, harrapaketan, hatz-jolasetan eta abarretan ibiltzeko garaian, gaztelaniazko edo frantsesezko abestiak abesten zituzten. Hori ikusita, euskarazko abestien bilduma bat egin genuen: Haur-jolasen abestiak. Parte-hartze zabaleko esperientzia aberatsa izan zen (Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazoak eta Euskal Herriko hainbat ikastetxetako haurrak), eta izugarrizko arrakasta izan zuen bildumak. 

2000. urtean, proiektu honen beste urrats bat etorri zen: jolasak nolakoak ziren ikusteko bi bideo egin ziren: Zatoz jolastera! eta Jolasen altxorra. Pirritx eta Porrotx pailazoek, haurrek eta Euskal Herriko kulturaren eta kirolaren munduko hainbat aurpegi ezagunek hartu zuten parte; denak jolasten eta abesten, istorio baten bueltan. Arrakasta itzela izan zuten, eta bultzada handia eman zioten euskarazko haur-jolasen abestien hedapenari eta ezagutzari. 

Irudien munduan sartuta, hurrengo ekarpenak Ilargiaren sekretua filma (2004an) eta, haren ondoren, Begiradaren heziketa izan ziren (2005ean). Berriro ere film bat egin zen Pirritx eta Porrotxen eta umeen parte-hartzearekin, eta harekin batera telebistaren eta zineman erabiltzen diren baliabideak ezagutzeko material didaktikoa sortu zen.

Kukurruku, zer diozu? CDan, berriz, ahozkotasuna eta literatura hartu ziren ardatz. Bernardo Atxaga, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide eta Mitxel Muruaren ipuinak, Joxan Ormazabalen olerkiak, Jexux Mari Lopetegiren musika, Antonio Bolasen pasadizoak eta Pirritx eta Porrotx pailazoen eta umeen elkarrizketak. Material bizia, ahozkotasuna lantzeko eta ipuinak entzuteko.

Umeak beti presente egon dira Hik Hasin 25 urteotan; hezkuntzarekin eta eskolarekin lotuta, eta irakasleekin batera, ikasleak daudelako. Baina ikasle horiek seme-alabak ere badira; eskolan hezteaz gain, etxean ere bizi eta hezten dira. Horrexegatik, eskola eta familia uztartu zituen Hik Hasik, eta familiei zuzendutako Hazi Hezi aldizkaria argitaratzeari ekin zion 2012an. Gurasoei eta familiei haziera eta heziketari buruzko gaien inguruko informazioa ematen dien aldizkaria da. Nahiz eta une hartan kazetaritzaren eta paperezko argitalpenen krisi betean egon eta euskarazko prentsa beheraka joan, argi ikusi zen tresna bat behar zela gurasoei aipatutako gai horien inguruko informazioa emateko, eta aurrera eraman zen proiektua. Euskal Herriko profesionalekin, hala nola irakasle, pedagogo, psikologo, pediatra edota psikomotrizistekin osatzen da hiru hilean behin Hazi Hezi.

Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkariekin, zabaldu egiten da hezkuntzaren eta heziketaren gaineko ikuspegia, hezkuntza eta heziketa guztion zeregina baita, ez eskolarena soilik, ez familiena soilik. Eskolan eta etxean hezten dira haurrak, eta baita kalean ere, aisialdiko esparruetan, heldu eta zaharrekin, beste adinetako haur eta gazteekin… herrian. Ikuspuntu horri jarraituz, 2012an, beste eragile batzuekin batera, haurra hezten duten herrien inguruan hausnartzen hasi zen Hik Hasi. Herrigintzatik, benetako parte-hartzea bultzatuz eta balio hezitzaileak hedatzeko helburua hartuta, proiektu berri bat sortu zen: Oinherri, herri hezitzailea. Gaur egun, Euskal Herriko hainbat herri dira proiektu honetan murgilduta daudenak, euren herria denentzako herri bilakatu nahi dutenak, denen parte-hartzearekin, herriko aniztasuna aintzat harturik eta denei lekua eginez.

Herri hezitzailearen ikuspegia edukitzeaz gain, filosofia hori gauzatzeko bitartekoak eskaintzea garrantzitsua zela ikusten zuen Hik Hasik. Hortik etorri zen beste proiektu bat: tokian tokiko ondarea jasotzeko eta ezagutarazteko baliabide pedagogikoak sortzea. Hik Hasik Oreretako materiala ondu zuen, eta, ondoren, Arrasaten eta Azpeitian ere egin zituzten, Hik Hasiren aholkularitzarekin.

 

Hik Hasiren eragile sena

Duela 25 urteko erronkak aipatutakoan, “denon elkargune izango den foro bat” sortu nahi zela azpimarratu da, eta Hik Hasin serio hartu izan da ezaugarri hori, denengana irekitze hori, denen arteko izaera bateratzaile hori. Garaiak eta egoerak ez dira beti aldekoak izan, baina, Joxe Mari Auzmendik zioen bezala, “batzen gaituenean” jarri du indarra Hik Hasik: “Elkartuko gara, lasai, elkarrekin goaz eta elkartuko gara”, zioen. Euskal hezkuntza-sistema propio baten bidea jorratzeko lanean jardun da Hik Hasi, eta hainbat emaitza izan dira 25 urteotan: 1999an, Hezkuntzaren Gizarte GUNEA dinamizatu zuen, hezkuntzaren gaien inguruko eztabaida eta hausnarketarako bilgunea, eta irakaskuntzan euskarak zuen egoeraren gainean Adostasun txostena egitea lortu zen; 2003an, Nazio Eztabaida Gunearen barruan Hezkuntza Batzordea eratu zen, euskal hezkuntza-sistema nazionalaren inguruko hausnarketa egiteko, eta Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa izan zen emaitza; 2018an, Hezkuntza Proposamena aurkeztu zuen (www.hikhasi.eus-en dago dokumentu osoa), euskal hezkuntza hobetzeko hamar gakorekin. Orain, 25. urteurrenean, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten aldeko proposamena dakar Hik Hasik.