Indarguneak ezagutu eta elikatu

2021-02-05

Askotariko adimenen teoria oso lagungarri izan daiteke ikasleak nahiz seme-alabak motibatzeko eta euren gaitasunetatik ikasketa-prozesuan nahiz garapen pertsonal eta sozialean sakontzeko. Tolosako Herrikide ikastetxeak urteak daramatza askotariko adimenak lantzen, eta emaitza baikorrak jasotzen.

 
 
Indarguneak ezagutu eta elikatu

Gutxi-asko ezagun egiten ari da Howard Gardnerrek garatutako adimen askotarikoen teoria (1983). Pertsona guztiok adimen mota bat baino gehiago ditugula zioen; pertsona batzuek inteligentzia mota batzuk garatuago dituztela eta beste pertsona batzuek beste gaitasun batzuk dituztela dio teoria horrek. Gaia ezagutzeak laguntzen duen arren, ez da libururik behar jabetzeko guztiok ez ditugula gaitasun eta adimen berdinak: batzuk abilak dira hizkuntzarekin, joritasuna dute hitzez azalpenak emateko; beste batzuek mugimenduaren bidez adierazten dute, irudien bidez ikasten edo naturan dauden elementuekin konektatzeko gaitasun handia dute… Hasiera batean zortzi adimen identifikatu eta sailkatu zituen Gardenerrek 1983an (gaitasun bat adimena edo inteligentzia dela ziurtatzeko, burmuineko leku jakin batean kokatua egon behar du eta oinarri zientifiko bat eduki behar du); gero, bederatzigarrena gehitu zuen eta hamargarren adimena ikertzen ari da orain. Hainbat ikastetxetan sartzen ari da askotariko adimenen teoria, Tolosako Herrikide ikastetxean, esate baterako, ia hamar urte daramatzate ikasgaiak askotariko adimenen teoriaren ikuspuntutik lantzen. Eta ikastetxetik harago, eskola eta familia bidelagun izateak dakartzan onurez jabetuta, Herrikidek eskolako mugak gainditu eta familiak ere euren seme-alabei adimen askotarikoen prismatik begiratzera gonbidatzen ditu, "seme-alaben indarguneetan azpimarra eginez, horiek sustatuz, askotariko adimenak lantzea garapen pertsonalean, ikasketetan eta sozializazioan lagungarri izango delakoan", Pello Agirrezabal Herrikideko zuzendariaren hitzetan.

 

Batzuetan oso begi-bistakoa izaten da norberaren nahiz seme-alaba edo ikasleen gaitasun eta adimenak zein diren. Oraindik ere eskolek, oro har, gehien sustatzen dituzten adimenen kasuan —adimen linguistikoaren edota adimen logiko-matematikoaren kasuan— esate baterako, samurra izan ohi da gaitasunak identifikatzea, baita  gorputz adimena ere. Baina eskolan ebaluatzen ez diren adimen batzuk identifikatzea eta balioan jartzea ez da hain erraza. Eskolak adimen zehatz batzuk sustatzeak haurren ikasketetan eragin zuzena dauka, Herrikide ikastetxeko Haur eta Lehen Hezkuntzako orientatzaile Txaro Etxeberriaren aburuz, “gure ikasleak jarraitzera behartzen ditugun hezkuntza programak aztertzen ditugunean, adimen linguistikoaren eta matematikoaren nagusitasunera mugatzen direla ikusten dugu. Hortxe dugu arrazoia zergatik ikasle asko ez diren nabarmentzen adimen akademiko tradizionaletan eta ez duten aitortzarik jasotzen. Eta gainera, esparru sozial eta kulturalean egin dezaketen ekarpena diluitu egiten da, bikaina izan zitekeenean. Ikasle horrek porrot egin duela sinistera iristen gara, benetan egiten ari garena garrantzi gutxi eman eta bere gaitasunak murriztea denean”. Haratago,  ikasketa-prozesurako ez ezik, nortasuna garatzeko nahiz autoestimua eta sozializazioa garatzeko garaian ere badu eragina zer adimen eta nola lantzen den. “Ikasleei era guztietako gaitasunak garatzeko aukera ematean ikasleak gusturago aritzeko aukera handitzen da, eta gusturago aritzean, motibazioa igo egiten da, eta era berean, motibatuta egonda, gehiago ikasten da, eta gainera hobeto sentitzen gara. Guztioi gustatzen zaigu zerbaitean onak garela ikustea”.

 

Euren seme-alaben indarguneak identifikatzen laguntzeko, Gardnerren teoria familiei gerturatu die Herrikide ikastetxeak, eta formazio ugari eskaini ditu urte hauetan guztietan. Hasteko, begirada aldaketan zentratzen dira: “Zergatik ez abiatu pertsona bakoitzaren indarguneetatik? Irakaskuntzan, denbora luzean eta gehienetan hobe beharrez, gabezietan zentratu gara, ikasleen zailtasunetan zentratu gara. Zergatik ez egin alderantzizkoa? Pertsona guztiok gara adimentsuak, bada jar dezagun begirada indargune horietan”. Ikasleei eta euren gurasoei lagundu diete ikusten, beraz, haur guztiak, gauza batzuetan zailtasunak badituzte ere, beste esparru batzuetan azkarrak direla ikusten, egokiak direla eta euren ekarpena garrantzitsua dela nabarmentzen. 

 

Adimen linguistikoa, logiko matematikoa eta gorputz adimena (edo zinestetikoaz) gain, Howard Gardnerrek adimen musikala, adimen bisual-espaziala; adimen intrapertsonala, adimen interpertsonala eta adimen naturalista  identifikatu zituen teoria ezagutzera eman zituenean. Ondoren, adimen espirituala gehitu zuen, eta adimen pedagogikoaren erreferentzia egin zuen azkenik. Pertsona bakoitzak adimen horietatik zeinetan dituen indarguneak jakini ahal izateko, behaketa tresna garrantzitsua da, Etxeberriaren arabera. Pertsona hori heldua denean, norberak egin dezake norbere buruaren behaketa, baina haurra delarik, guraso eta hezitzaileek lagunduko diote bere gaitasunak identifikatzen. “Haur batek logikako mahai-jolasetan nola jokatzen duen behatzeak ariketa matematikoak nola askatzen dituen ikusteak bezainbeste informazio eman diezaioke helduari haur horren inteligentziaz; nola kantatzen edo abesten duten behatzea garrantzitsua izango da haur horren gaitasunak ebaluatzeko garaian; baita besteekin nola erlazionatzen diren ikustea ere, edo nola egoten diren bakarrik”. Haur bakoitzak modu desberdinean erantzuten die proposaturiko ekintzei, eta behaketaren bitartez hezitzaileak gelako ikasle bakoitzaren ezaugarriak jaso ditzake inbentario batean; askotariko ekintzak proposatuz eta ekimen horien behaketak lagun dezake haur bakoitzaren adimena edo adimen-motak identifikatzen. Irakasleei eguneroko bat eramatea, inbentarioak idaztea, beste irakasleekin haur bakoitzaren gaitasunen gainean hitz egitea edota adimen bakoitzari loturiko ekintza bereziak prestatzea proposatzen die Gardnerrek, eta baita familiekin haurren indarguneen inguruko elkarrizketak zabaltzea ere. Puntu hori nabarmentzen du Etxeberriak: “Familiak eskaintzen duen informazioa oso garrantzitsua da, egoera oso anitzen aurrean zer-nolako jarrerak hartzen dituzten ikus baitezakete familiek”. 

 

Baina haur bakoitzaren indarguneak ezagutzea ez da aski, Etxeberriaren aburuz. “Gaitasun horiek garatzen ikasi behar dute haurrek eta horretan laguntzea da helduon eginkizuna, arrakasta lortu nahi badugu. Garrantzitsua da beren gaitasunak praktikatzea abilezia horiek benetako trebezia bihur daitezen”.  Adimena elikatzeko, ahalegina, diziplina eta pertseberantzia beharrezko dira, Etxeberriaren arabera. Behin indarguneak identifikatu eta elikatzeak ikasketa prozesuarekin batera, haurraren garapena eta bereziki autoestimua zaintzen dela dio, eta hori aserik, haur bakoitzak izan ditzakeen hutsuneetan sartzea errazagoa dela.

 

Hala bizitzako egoerei nola eskolako irakasgaiei, adar desberdinetatik heltzeko aukera ematea da adimen askotariko teorien ekarpena, hau da, pertsona bakoitzari bere adimenen arabera lantzeko aukera ematea; mahaian eseri, liburua ireki eta lezioa ikasteaz harago, naturara irten edo laborategian landu; gaiak dantzaren, kirolaren edo mugimenduaren bidez gorputzetik pasa; komunitatearekin elkarrizketak sortu, ulermen-proiektuak gauzatu, tailerrak eta workshopak egin, bideoak eta irudiak landu... Erpin ugaritatik lantzeak haur gehiagorengan iristea ahalbidetzen du askotariko adimenen teoriak. Metodologia aldaketa soil bat baino gehiago da, Etxeberriaren aburuz, begirada aldatzea. 

Zein adimen ditut garatuak?

Adimen intrapertsonala

- Sarri, bizitzako gauza garrantzitsuetan pentsatzen dut.

- Nik bakarrik egiten dudan zaletasun bat dut.

- Nire bizitzarako helburu garrantzitsu batzuk ditut eta asko pentsatzen dut horien inguruan.

- Nahiago dut asteburu bat leku lasai batean pasatu, jendez gainezka dagoen leku batean baino.

- Eguneroko bat idazten dut.

- Nik badakit zertan (zein arlotan) naizen ona eta zertan (zein arlotan) daukadan zailtasun handiagoa.

- Erantzun aurretik hausnartu egiten dut normalki.

- Nire sentimendu edo emozioak erraz adierazten ditut.

 

Adimen espaziala

- Ikusten dudana jasotzeko argazki eta bideo kamera erabiltzea gustuko dut.

- Marrazkiak egitea gustatzen zait.

- Buru-hausgarriak, labirintoak eta ikusmeneko jolasak gustatzen zaizkit.

- Toki ezezagunetan nahiko ondo orientatzen naiz.

- Etxeek goitik begiratuta izan dezaketen itxura, inongo esfortzurik gabe imajinatzen dut.

- Hirietako planoak, errepideetako mapak, mendikoak...  interpretatzea erraza da niretzat.

- Pertsona edo lekuren bat gutxitan ikusi izanagatik, erraz gogoratzen dut.

- Gai bat ikasteko laguntzen dit eskema, grafiko edo argazkiak ikusteak.

 

Adimen naturalista

- Landareak ureztatu eta zaintzen ditut.

- Animaliak dauden tokietara joaten naizenean, beraiei begira geratzen naiz eta beraiengan interesa izaten dut.

- Ingurumenarekin loturiko gaiak ikastea gustuko dut.

- Gure planetaren zaintza eta animalien eskubideak defendatzen ditut.

- Ura, energia… alferrik ez gastatzen ahalegintzen naiz.

- Laborategian mikroskopioarekin lan egitea atsegin dut.

- Landare edo mineralen bildumak egitea gustatzen zait.

 

Adimen logiko-matematikoa

- Tresnen funtzionamenduaz galdera asko egiten ditut.

- Zenbakiekin lanean edo jolasean gozatzen dut.

- Kalkuluak azkartasunez egiten ditut.

- Xakea, damak eta estrategiako jolasak atsegin ditut.

- Esperimentuak egitea gustuko dut.

- Bideo-jokoetan estrategiazko jokoak ditut gustukoen.

- Buruketa bat jartzen denean erronka bat da niretzat eta soluzioa aurkitzen saiatzen naiz.

- Sailkapenak egitea eta logika-jokoak gustuko ditut

 

Adimen linguistikoa

- Nire lagun gehienak baino hobeto idazten dut.

- Ipuin harrigarriak, istorioak eta txisteak kontatzen ditut.

- Irakurtzea gustatzen zait.

- Beste hizkuntza batzuk erraz ikasten ditut.

- Hitz-jokoak, poemak eta bertsoak asmatzen zalea naiz.

- Erraz bururatzen zaizkit istorioak, ipuinak…

- Istorioak antzeztea gustokoa dut eta erraz ikasten ditut testu eta elkarrizketa luzeak.

 

Adimen musikala

- Musika desafinaturik dagoenean konturatzen naiz.

- Instrumenturen bat jotzen dut.

- Konturatu gabe, iragarkien abestiak abesten ditut.

- Melodia bat, behin edo bi aldiz entzunda nahikoa dut nahiko modu egokian ekoizteko.

- Abesteko ahots ona dut.

- Pentagrama bat irakurtzea erraza da niretzat.

- Musikak emozio desberdinak sorrarazten dizkit.

- Eguneroko bizitzan maiz entzuten dut musika.

 

Adimen interpertsonala

- Nire lagunekin hitz egiten gozatzen dut.

- Lagunek arazoak dituztenean, aholkuak edo nire iritziak eskatzen dizkidate.

- Talderen bateko partaide naiz (kirol, musika, dantza...).

- Nik dakidana besteei erakusten gozatzen dut.

- Taldeko kirolak bakarkakoak baino nahiago ditut.

- Erraza egiten zait besteek sentitzen dutena ulertzea.

- Gatazkaren bat dagoenean elkarrizketaren bidez edo era baketsuan konpontzen saiatzen naiz.

- Ondoan dauden pertsonak gustura egotea nahi dut.

 

Adimen espirituala

- Sarri pentsatzen dut zergatik jaio garen eta heriotzaz.

- Erlijio kontuak interesgarriak iruditzen zaizkit.

- Natura miresten dut eta gogoko dut behatzen egotea.

- Besteei laguntzea gustatzen zait.

- Gelan begiak itxi eta isilik egotea gustatzen zait.

- Mindfulness, meditazioa… gustoko ditut.

- Artelanek emozioak sortarrazten dizkidate.

- Jesus, Gandhi, Mandela eta horrelako pertsonak miresten ditut eta euren bizitzaren berri izatea gogoko dut. 

 

Adimenak nola ezagutu eta indartu

 

Adimen espaziala eta ikusmenekoa

• Puzzleak, mapak eta piezak enkajatu behar diren jokoetan (Lego, Tetris, Meccano,…) abilak izaten dira, memoria fotografikoa izaten dute eta nabarmendu daitezke baita musika eta adierazpen artistikoan ere.

• Adimen mota honek ikaskuntza errazten du irudia denean oinarri, eta horrek asko laguntzen die ikaskuntza hori barneratzen eta gogoratzen. Garrantzitsua da marrazkiak, grafikoak, bideoak eta argazkiak erabiltzea informazioarekin batera.

 

Adimen interpertsonala

• Besteekin erlazionatu edo komunikatzeko eta besteak ulertzeko gaitasuna duten haurrak dira. Elkarrizketetarako, euren ideiak adierazteko edo entzuteko erraztasuna izaten dute. Lagun asko izaten dituzte, lidergorako gaitasuna izaten dute.

• Beste haurrekin batera egingo dituzten ekintzak sustatzea komeni da eta, batez ere, familia-giroan oso komunikatiboak izatea.  Garrantzitsua da talde-lanetan, talde- kiroletan eta ikastetxean ardurak har ditzaten motibatzea. Enpatia handia eta elkarrizketarako abilidade handia izaten dutenez, oso egokiak izan daitezke kideen arteko gatazketan bitartekari lana egiteko. 

• Ikasketa kontutan, protagonismoa komunikazioari eman behar zaio. Ikasteko era polita da gurasoen aurrean  gai bat azaltzea. Taldeko lanak ere lagundu egingo die ikasi beharrekoa bereganatzen eta sakontzen. 

 

Adimen musikala

• Abestea, musika entzutea, musika tresnaren bat jotzea eta abesti baten erritmoa jarraitzea gustatzen zaie. Sentsibilitate apartekoa dute soinuaren ezaugarriez jabetzeko, hau da, tonua, intentsitatea, iraupena eta tinbrea. Oso sentsibleak dira baita musikak sorraratzen dituen emozioekiko ere. 

• Oro har, haur hauentzat musika lagun ona izaten da ikasteko garaian. Abestien letrak edukiak ikasteko erabil daitezke. Musika erlaxazio- teknika egokia izan daiteke kontzentrazioa eskatzen duen ekintza baten aurretik egiteko. Ekintza fisikoen kasuan, musika oso euskarri egokia da esfortzua, erritmoa eta motibazioa sustatzeko. Adierazpen plastikoari dagokionean, musika inspirazio elementua izan daiteke adierazi behar den edukia zehazteko. Are gehiago, arlo curricularrean interesgarria izaten da olerkiak, abesten diren irakurgaiak eta rap-ak sartzea.  

 

Adimen linguistikoa

• Hitz egitea, idaztea eta irakurtzea, istorioak azaltzea eta entzutea gustuko dute eta erraztasuna  izaten dute hizkuntzak ikasteko.

• Gai bat azaldu edo gaiari buruz eztabaidatzea proposa liteke, hitz jokoak egin, egunerokoa idatzi, etabar; baina, batez ere, era guztietako testuak irakurri. 

 

Adimen intrapertsonala

• Nork bere burua ezagutzeko gaitasuna da, indarguneak eta ahulguneak; mugak eta abilidadeak. Norbere sentimenduak ezagutzeko, eta adierazteko gaitasuna.

• Haur hauek independenteagoak izaten dira. Bakarrik lan egiteko edo jolasteko gai dira. Helburuak euren interes eta ahalmenen arabera ezartzen dituzte; ondoren helburu horiek bete egiten dituzte. 

• Adimen honek zerikusia du beste guztietan zeharka bada ere. Horregatik da hain garrantzitsua adimen hau behar bezala garatzea. Hausnarketa ariketa egokia da, euren buruaren kontzientzia sendotzen laguntzen baitie. Hausnarketa hau egoera emotiboekin batera planteatu behar da (zer sentitu duzu?), porrota ekarri duen egoerekin batera (zergatik uste duzu ez zaizula ondo atera?), arrakasta lortu duen egoerekin batera (zergatik uste duzu ondo atera zaizula?).

• Ikaskuntza  egoeretan kontuan izan behar da hauen independentzia. Komenigarria da helburuak finkatzen laguntzea, eskolako lanen kontrola euren esku uztea. 

 

Adimen naturalista

• Animaliekiko, landareekiko edo naturako beste elementuekiko  interes nabarmena adierazten dute. Hazten doazen heinean, esperimentuekiko eta  landa edo nekazal lanekiko interesa ere azaltzen dute. 

• Adimen hau sustatzeko garrantzitsua da naturako elementu desberdinekin erlazionatzeko esperientzia aberatsak eskaintzea; mendian eskurtsioak egitea; etxeko abere eta landareak zaintzea; jardineko  edo baratzeko lanetan laguntzea; esperimentu eta ikerketa desberdinak egitea; behatzeko eta lan egiteko tresnak erabiltzen erakustea...

  

Gorputz adimena
edo adimen kinestesikoa

• Orokorrean, kirola, dantza,  antzeztea eta objektu eta pieza mekanikoekin lan egitea gustatzen zaie. Gorputzaren kontzientzia ona daukate eta gozatzen dute horrekin. 

• Komeni da euren gorputz espresioa bultzatzea askotariko kirolak, dantza, antzerkia edota mugimenduarekin eta gorputzarekin zerikusia duten jolasak proposatuz. Ikaskuntza egoeretan hobeto ikasiko dute prozesuan era aktiboan parte hartuz behatuz eta entzunez baino. Garrantzitsua da baita ikaskuntza ariketa fisikoetan integratzea ere (probak, antzezpenak, rol-playing direlakoak). 

 

Adimen logiko-matematikoa

• Soluzioak aurkitzea, problemak ebaztea, gauzak nola funtzionatzen duten jakitea, aholkuak ematea, ordenatu eta sailkatzea, estrategia jolasetan ibiltzea… gustuko dute.

• Haur hauen ikaskuntza erraztu daiteke  ondo egituratutako ekintzak eskaintzen badizkiegu, ordena logikoa jarraitzen dutenak eta ondo bete daitezkeenak landu dugun sekuentzia jarraituz gero. Ikasteko garaian, eskemak eta sintesiak estrategia egokiak izaten dira horrelako haurrentzat. 

 

Adimen espirituala

• Infinituarekin erlazioan, gizakien ezaugarri existentzialekin erlazioan kokatzeko gaitasuna, hau da, bizitzaren eta heriotzaren inguruko galderak egin, mundu fisikoaren eta psikologikoaren azken helburua zein ote den planteatu, erabateko maitasuna sentitu edo artelan baten aurrean txundituta geratzeko gaitasuna da.