Protokoloak eta inklusioa
Ikasturteak aurrera darrai eskoletan, koronabirusaren kutsatzeak uste baino gutxiago izan dira eta ikasturte hasieran marraztu ziren lehen, bigarren eta hirugarren agertokietatik lehenengoa nahikoa izan da, ikasleak ez dira etxera bueltatu iazko martxoan gertatu zen bezala. Badirudi ikastetxeak leku seguru bihurtu direla. Neurri eta protokolo artean geziei jarraituz, distantziak mantenduz eta musukoak jantzita dabiltza irakasleak eta 6 urtetik aurrerako ikasleak, baita gurpildun aulkian doazenak, entzumen-urritasuna dutenak, garun paralisia dutenak edota autistak ere. Berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleei ere protokolo eta neurri berak ezarri zaizkie eta egoera hori nola bizi duten, zein oztoporekin topo egin duten eta nola bideratu duten jakin nahi izan du Hik Hasik eremu horretan dihardutenei galdetuz.
H
ezkuntza sistemaren helburuetako bat inklusioa izan arren, ez da erdietsita dagoen xedea. Berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleek arreta eta laguntza berezia behar dute gainerakoekin elkarbizitzeko, komunikatzeko, ikasteko, jolasteko eta abar. Horretan urratsak ematen ari ziren hezkuntzako profesionalak, ikastetxeak, familiak, ikasleak eta hainbat elkarte, baina konfinamenduak hori eten egin zuen eta pandemiaren eraginez atzerapauso batzuk eman dira. Hala ikusten du Esther Cruz EHUko HEFA Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak eta inklusioan adituak: “Denontzako hezkuntza aldarrikatzen dugu, denok izatea parte hartzeko aukera, eta horretantxe daude oztopoak, are gehiago konfinamenduan. Inklusioaren ardatza parte-hartzea da, parte hartzeko oztopoak kentzea eta aukera berdinak edukitzea denok, ekitatea lortzea. Eta aukera berdinak edukitzeak ez du esan nahi denoi gauza bere eskaintzea, baizik eta bakoitzak behar duena jasotzea. Esate baterako, jardueretan metodologia inklusibo batekin denek parte hartzea lortzea, bakoitzak bere rolarekin. Hori da behar duguna. Lehen horren bila genbiltzan eta pandemiarekin atzera joan gara”.
Iñaki Martinez NHBBZ Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendariaren ustez inklusiorantz egiten ari ziren urratsak mantsotu egin dira. “Egoera honetan osasun baldintzak dira lehentasuna dutenak eta horrek ekarri du hezkuntzan inklusiorako egiten ari ziren urratsak mantsotzea. Nik ez nuke esango urratsak gelditu direnik, baina moteldu bai. Ikastetxe bakoitzak bere kontingentzia-plana egin du eta hor zehaztu dira inklusiorako neurriak, dagoen egoeraren arabera edo dagoen egoerak baldintzatuta”. Seaskako Integrazio Batzordeko idazkarietako bat da Maripi Toledo eta elbarritasun egoeran dauden haurren laguntzaile, eta haren iritziz ere inklusioa zaildu egin du egoera honek. “Komunikazioan asko nabaritzen da. Musukoarekin aurpegiko espresioak asko mugatzen dira, begiradarekin bakarrik nabaritzen duzu umearen egoera eta interakzioa asko mugatzen du. Komunikazioa nahiko zaila da”.
Nafarroako CERMIN Desgaitasuna duten Pertsonen Erakundeen Ordezkarien Batzordeko lehendakari da Mari Luz Escudero eta, haren ustez, protokoloek ez dituzte aintzat hartu premia bereziko pertsonak eta ikasleak. Hala zioen CMM irratiko posdcast-eko elkarrizketa batean urtarrilaren 25ean: “Pandemia garaian hezkuntzan kezka gehien arrakala digitalak sortu du eta premia bereziko ikasleak ahaztu egin dira. Asko aipatzen da digitalizazioa, irakasleen prestakuntza digitala, ikasleak azpiegitura horiek edukitzea, nekazal guneetako ikasleek teknologia horietarako sarbide edukitzea eta abar. Hori da entzuten dudan bakarra. Ez dut ezer entzun premia bereziko ikasleek teknologia berri horietara duten sarbideaz, nola egokituko diren ikasle horien premietara, nola egingo diren beste esku-hartze batzuk... Ez dira aintzat hartzen ikasle horien berezitasunak plataforma eta programa horietan parte har dezaten”.
Berariazko hezkuntza laguntza premiak
dituzten ikasleen aniztasuna
Ikasturte honetan, ikastetxeak geziz bete diren honetan, musukoak komunikazioa zaildu duen honetan, geletan distantziak mantendu behar diren honetan, elkarbizitza denentzat zaildu den honetan, nola daude berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleak? Erantzun bat eta bakarra ez duen galdera da, ikasle horien artean aniztasun handia baitago. Denek ez dituzte behar berdinak, denek ez dute laguntza mota bera behar eta denek ez dute berdin bizi izan ez itxialdia eta ez eskolarako itzulera. Ikasle horien talde zabala hainbat multzotan banatu daiteke, ezaugarrien arabera:
HPB Hezkuntza Premia Bereziak dituzten ikasleak:
adimen-, entzumen- edo ikusmen-desgaitasunak dituztenak
desgaitasun fisikoak dituztenak
espektro autistaren nahasmenduak dituztenak
desgaitasun anitzak dituztenak
jokabide-nahasmendu larriak dituztenak
Eskolako ibilbide edo baldintza pertsonal bereziak dituzten ikasleak:
osasun-arazoak dituztenak
aparteko etxeko arreta behar dutenak
arlo terapeutiko-hezigarriko laguntza behar dutenak
gaixotasun minoritarioak dituztenak
Hezkuntza sisteman ohi baino beranduago sartu diren ikasleak:
hizkuntzen konpetentziarik ez dutenak
desfase curricularra dutenak
Adimen Gaitasun handiko ikasleak
Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak:
heltzeko moteltasuna dutenak
mugako adimena dutenak
irakurtzeko-idazteko zailtasunak dituztenak
kalkulurako zailtasunak dituztenak
hizkuntzaren nahasmendu espezifikoa dutenak
Arreta Gabezia Nahasmendua-Hiperaktibitatea dutenak
Irungo Berritzeguneko Hezkuntza Premia Berezietako aholkulariak dira Amaia Irigoien eta Pedro Torres, eta argi diote aniztasuna dela burura etortzen zaien lehendabiziko hitza: “Ikasleetan, familietan eta profesionaletan, denetan islatzen da aniztasuna. Bakoitzak bere moduan bizi izan ditu konfinamendua eta eskolarako itzulera, eta erantzunak ere desberdina izan behar du ondorioz”. Bat dator horrekin NHBBZko zuzendari Martinez, “hezkuntzan beti, baina hezkuntza berezian ume bakoitza mundu bat da, bakarra. Horregatik, urritasunaren edo gabeziaren arabera, batzuek zailtasun gehiago izan dituzte eta beste batzuek gutxiago. Esate baterako, ikusmen-urritasuna dutenen oztopoak ez dira hain nabarmenak izan pandemia egoera honetan, baina entzumen-urritasuna dutenek edo komunikatzeko zailtasunak dituztenek traba handiekin egin dute topo”. HEFAko irakasle Cruzek gauza bera dio: “Esate baterako, adimen gaitasun handiko ikasleak oso ongi moldatu ziren konfinamenduan, euren erritmora joateko aukera izan zutelako: eskolako lanak bukatu eta euren intereseko gauzei heltzeko denbora zuten. Aldiz, garun-paralisia duten ikasleei txarrera eragin zien. Alde batetik, itxita egon dira haientzako diren zentro bereziak (Aspacekoak) eta etxean ez zeukaten baliabiderik estimulatzeko, motrizitatea lantzeko, mugikortauna lantzeko... Beste aldetik, orain burbuilak egin direnean, ez dira gainerako ikasleekin erlazionatzen, euren gela egonkorretan isolatuta geratu dira”.
Bai garun-paralisia dutenek eta bai autistek errutina batzuk behar dituzte beraien egoera kontrolatzeko —aire librea, paseoak...—. “Konfinatuta egon ginenean oso seinalatuak izan ziren etxetik ateratzen zirelako behar horiek asetzera”, gogoratzen du Cruzek. “Momentu batean besoan zapi urdin bat jarrita irtetea pentsatu zuten, jendeak jakin zezan zergatik irteten ziren kalera. Baina, zergatik seinalatu behar dugu? Gizarteak ez duelako ulertzen? Nork dauka arazoa, umeak ala gizarteak?”.
Orokorrean edozein desgaitasun duten eta autonomia handia ez duten ikasle guztiei eragin die ezohiko egoera honek. “Gainera, teleikaskuntzak eta telekomunikazioak garrantzia hartu duten heinean, hurbileko eta maiztasun handiko feedbacka ez daude hain eskura, eta oztopo horrek zaildu egiten du ikasle modura aurrera egitea”, dio Martinezek.
Irigoienek gehitzen du itxialdiak, pandemiak eta egoera honek guztiak areagotu egin duela lehendik norberak bizi zuen edozein egoera: “Pertsona eta profesional gisa, nabarmendu egin zaizkigu gure ezaugarriak eta berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleen kasuan ere gauza bera gertatu da: isolatuta zeuden ikasleak askoz gehiago isolatu dira, etxean laguntzarik ez zuen edo testuinguru konplikatu batean bizi zen ikasleari areagotu egin zaio konplikazioa, beti inplikatuta egon den familia gehiago inplikatu da egoera honetan, inplikatzen zen profesionala gehiago inplikatu da eta abar. Hori da nabaritu duguna. Egoerak honek bistarazi egin du hori”.
Eskolak, gelak eta metodologiak egokitzen
Ikastetxe bakoitzak bere kontingentzia-plana egin behar izan zuen irailean, ikuskaritzaren onarpena jaso eta horrekin ekin ikasturteari. Bakoitzak erabaki zuen burbuilak nola egin, sartu-irteerak nola antolatu, korridoreetako geziak nola jarri, eskuak non garbitu eta mahaiak nola antolatu. “Baldintza bakarra geneukan”, dio Martinezek, “guk ezin genuen osasun erabakirik hartu, hori departamentuen arteko goi mailako beste batzorde batean erabakitzen da. Guri, zentro bakoitzari, bertako kontingentzia-plana egitea zegokigun”.
“Hainbeste protokolo eta agertokirekin, irailean zeharo izututa geunden”, gogoratzen du Irigoienek: “Osasun neurriak, babes neurriak eta segurtasun neurriak oso zorrotz betez, familiak antsietate handiz, puntu batean exijentziaz beldurragatik, profesionalak kezkatuta neurriek funtzionatuko ote zuten, ardura pila batekin, ikasleak kutsatzeko beldurrez ikasle asko osasun egoera larrian daudelako eta zaurgarriagoak direlako... Oso estu geunden. Hilabete pare batean konturatu gara oso ondo ari garela, oso jende gutxi ari dela kutsatzen eskoletan, beste esparru batzuetan gehiago kutsatu direla eta gai garela egoera berrira egokitzeko. Ibilbide bat egin dugu, tamalez ez dakigu noiz arte izango den, baina behintzat ez dugu hasierako antsietate sentsaziorik”. Martinezek ere profesionalak iazko ikasturte amaieran baino lasaiago ikusten ditu. “Orduko bat-batekotasunik ez dago, ikasten ari gara, egokitzen, eta ez dago kezka berezirik”. Seaskako Integrazio Batzordeko Toledo idazkari eta laguntzailea ez da hain baikor mintzo: “Egoera hau bukatu zain gaude, elkar besarkatzeko zain. Askotan esaten dugu haurrak ohitu direla, baina nire ustez pertsona bat ezin da honetara ohitu. Haur bati aurrerantz egiten lagundu behar diogu guk, berak bakarrik lan egiten irakatsi behar diogu, eta egoera honetan badirudi asistentzia moduko bat dagoela, denok erdi loturik gaudela, edo behintzat askatasun falta izugarriarekin”.
Muga eta oztopoen artean, berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleak kokatzeko, antolatzeko eta haiekin lanean jarraitzeko hainbat modu birpentsatu behar izan dira. Gakoa burbuilak nola antolatu izan da. Esate baterako, ikastetxe arruntetan gela alternatiboak edo gela egonkorrak egon ohi dira. Ikastetxe arruntetan dauden aparteko gelak dira eta curriculum egokitua dute. Afektazio maila altua duten ikasleek —garapen orokorreko nahasmendua, autismoa, desgaitasun kognitibo moderatua edo sakona— osatzen duten gela da. Lantzen duten curriculuma beraientzat espezifikoki programatutakoa da, gainerako ikasleekin duten distantzia curriculurra handia delako eta premiak ere handiak direlako. Batez ere autonomia, komunikazioa, sozializazioa eta oinarrizko beharrak lantzen dira ikasle hauekin. Talde hauek burbuilatzat hartu dituzte ikastetxeetan.
Horrez gain, badira Curriculum Bereziko Unitateak eta Egokitzapen unitateak/AEN. Ikastetxe arruntetan dauden taldekatze bereziak dira, beste curriculum bat dutenak, baina ordu batzuetan gainerako ikaskideekin batera aritzen direnak. Ikastetxe askotan unitate horiek burbuilatzat hartu dituzte, eta ondorioz, gainerako ikaskideekin zuten hartu-emana murriztu egin zaie; hau da, eskola arruntetan daude, baina gainerako ikasleekin nahastu gabe. Beste zenbait ikastetxetan unitate horietako ikasle guztiak erreferentziazko talde batean sartu dituzte, denak talde bakar batean, lehen bakoitza egokien zitzaion taldean sartzen zen bitartean. Ondorioz, kasu gehienetan, lehen beste ikasleekin zituzten harremanak murriztu egin dira.
Momentuz moldaketa eta taldekatze horiekin darraite ikastetxeetan, ez baita bigarren eta hirugarren agertokira igarotzeko beharrik izan. “Hori bai, ikasleek etxera joan beharko balute edota erdi eskolan erdi etxean aritu, garbi dago berariazko hezkuntza laguntza premiak dituzten ikasleek izango luketela eskolatzeko lehentasuna”, dio Irigoienek. “Premia larriena beraiek dutelako, beti bezala”.
Berrasmatzen eta eraikitzen
Taldekatzeaz gain, beste hainbat egokitzapen egin behar izan dituzte hezkuntzako profesionalek ikasle hauei begira. Martinezek dioenez, “Nafarroan konfinatu eta astebetera gure webgunean talde bakoitzak bere orientabideak jarrita zeuzkan: ikusmen-urritasuna dutenentzako orientabideak, entzumen-urritasuna dutenentzako orientabideak, mugikortasun-urritasuna dutenentzat, autismo arazoak dituztenentzat... Talde guztiek orientabideak jarrita zituzten ikasle horiei arreta emateko”. “Bai, material pila bat sortu da”, gehitzen du Irigoienek, “eta profesionalon artean zabaltzen eta lantzen saiatu gara. Norberak eraiki behar du, baina pistak edo laguntzak izatea baliagarria da nondik hasi jakiteko”. Pedro Torres Irungo Berritzeguneko aholkulariak gehitzen du asko gustatu zaiela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egin duen Proposamen inklusiboak. Hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleekin esku-hartzea materiala. “Ikasle horiei erantzuteko pistak ematen dituen materiala da: ikasle horiekin zer egin, familiarekin nola jarri harremanetan, gure arteko koordinazioa nola egin, zein estrategia eskaini... ”. Material horrez gain, gehiago ere sortu dira: emozioen kudeaketarako, estrategia metodologikoak erabiltzeko, alarma egoerari lotutako ikasleen zehar konpetentzien garapena lantzeko, proposamen inklusiboak, gurasoentzako gidak eta abar.
Laguntza horietan oinarrituta gauzak egiten saiatzen ari dira eskoletan. “Adibidez, bazirudien ezingo zela ikaskuntza kooperatiboan oinarrituta lan egin, baina posible izan da, asko pentsatu eta berrantolatuta”, dio Irigoienek. “Metodologia berritzaileak erabili daitezke, eskatzen duena da buelta pare bat gehiago ematea eta egoerara egokitzea”. Irigoienen ustez horixe da, hain zuzen ere, profesionalen erronka: ondo funtzionatu duten aldaketa metodologikoak mantentzea eta horiekin jarraitzea, horietatik tiratzea eta egin diren praktika onak integratzea. “Ikasleei esaten diegun bezala, profesionalontzat hau benetako arazo-egoera bat da, eta beraz, ea nola egiten dugun aurrera ekiteko. Praktika onen eta esperientziaren bitartez ikasi dugu, zabaltzen saiatu gara eta eraiki egin dugu. Gure aldetik, saiatu gara irakasleak eta profesionalak ahalduntzen. Zeren orokorrean geure burua oso estimu onean ez dugun kolektibo bat gara, edo ez duguna oso ondo kokatzen. Beti uste dugu beste profesional batzuk —eta kanpokoak eta atzerritarrak baldin badira are gehiago— guk baino hobeto egiten dutela lan. Horregatik, ikusita zer praktika on egin ditugun, ‘zer profesional onak garen!’ esateko unea da. Eraikitzen eta gauzak sortzen ari gara”. Horrekin batera profesionalen arteko harremanak eta sareak ondo antolatzea garrantzitsutzat jotzen dute. “Koordinazioa eta sarea funtsezkoak dira. Horrek ez badu ondo funtzionatzen, ez zara ondo iristen ikasleengana”, dio Torresek. “Eta baita gurasoekiko harremana ere. Familiarik gabe ez genuke ezer lortuko. Konfinamenduan familiekin harremanak estutzea lortu genuen eta hori mantentzea da orain erronka”.
Aurreko oztopoei musukoa gehitzean
Ikasturte hasieran kezka nagusitu zen neurrien eta ikasle hauen beharren artean, talka egiten baitute ikaslearen eta profesionalaren osasun neurriek eta baldintzek. Asko pentsatu behar izan dute zer eta nola egin. Kezka berezia sortu du musukoaren erabilerak. Izan ere, hezitzaileek eta 6 urtetik gorako ikasleek musukoarekin egon behar dute eskolan eta, elbarritasunaren arabera, maskara horrek traba egiten du, noski. Toledori “toxikoa” iruditzen zaio gaizki sentiarazten duelako: “Ni ikasle batekin baldin banago gela arrunt batean, gainerako ikasleekin batera baina ni haren alboan, eta konsigna batzuk hobeto azaldu behar baldin badizkiot, buila gehiago egiten dut edo ahotsa gehiago altxatzen dut eta ez naiz hain okarkabean pasatzen. Gainera, haurrak maskararen atzean irribarrea ikus dezake, baina hori baino gehiago adierazi behar baldin badiot nik, lasaitasuna eman behar baldin badiot edo egiten ari dena ongi egiten ari dela adierazi behar baldin badiot, hitza espresioa baino gehiago erabili behar dut eta haurrak begiarekin bakarrik interpretatu behar du esaten ari naizena. Komunikazioa nahiko zaila da”. Hainbat eta hainbat elkarte, hezkuntza arduradun eta abar ari dira maskara garden homologatuak eskatzen, baina oraindik ez dago horrelakorik merkatuan.
Desgaitasun oso larriak dituzten ikasle batzuk ezin dute musukorik erabili, ez dira gai musukoarekin egoteko. Era berean, profesionalek babestu egin behar dute. “Horregatik, gela egonkorretako ikasleek ez dute musukorik jartzen eta profesionalek derrigorrez FFP2 maskara erabiltzen dute eta gehiagotan garbitu behar dute”, dio Irigoienek. “Hasieran NBE Norbera Babesteko Ekipamendua erabiltzea aztertu genuen, baina inork ez zuen nahi astronautak bezala sartu gelan. Orduan, gela horretan arropa jakin bat erabiltzea adostu genuen”.
“Badaude lerde jario handia duten ikasle batzuk”, gehitzen du Torresek. “Horiei etxetik arropa gehiago ekartzeko esaten zaie eta maiz aldatzen dira”. Beste ikasle batzuek ezin dituzte euren kabuz segurtasun neurriak bete, eta kasu horietan profesionalek ahalik eta hobekien betetzen dituzte: eskularruak erabili behar baldin badituzte erabiliz, maiz aldatuz, maiz garbituz, tenperatura hartuz, FFP2 maskara erabiliz eta ez kirurgikoa...
Logopeden lana ere erabat baldintzatu du musukoak. “Ahoarekin egiten da praxi guztia eta ahoa ikusten ez baldin badute, ezin da egin. Logopedak esan diezaioke haurrari nola jarri behar duen mingaina, baina ikusten ez baldin badu zaila da. Eta musukoak ez du ahoa ikusten uzten”, kontatzen du Torresek. Soluzioa metakrilatozko pantailarekin topatu dute. “Logopedaren eta haurraren artean metakrilatozko pantaila jartzen da eta logopedak musukoa kentzen du. Horrela bermatzen da ikasleari logopedaren aerosolak ez iristea eta haren ahoa ikustea”. Fisioterapeutek ere umeak ukitu egiten dituzte eta hor ere asko pentsatu behar izan dute zein neurri hartu eta nola bideratu lana.
Aitor Bedialauneta, Euskal Gorrak-eko lehendakaria: “Lehendik zeuden komunikazio oztopoak bikoiztu edo hirukoiztu egin zaizkigu gorroi”
Zer aldaketa ekarri dizkizue pandemiak eguneroko
bizitzan?
Pertsona gorrok edo entzumen-urritasuna dugunok betidanik esfortzu bat egin dugu gizartean parte hartzeko, informazioa jasotzeko, ezpainen irakurketan laguntzeko eta abar, eta orain, musukoarekin, oztopo hori bikoiztu edo hirukoiztu egin zaigu. Zeinu hizkuntza jakinda, egia da musukoarekin espresioa gutxiago ikusten dela, baina komunikatu gaitezke, ez dago inongo arazorik. Baina entzumen-urritasuna duten pertsona guztiek ez dakite zeinu hizkuntza, ezpainen irakurketan oinarritzen dira eta maskararekin guztiz inkomunikatuta geratu dira.
Ondorioz, ikasle gor batek gainerako ikaskideekin solasteko eta komunikatzeko lehendik zituen arazoak bikoiztu egin dira. Gor izateagatik jasaten dugun isolamendua edo bakardadea areagotu egin dira. Ikasle gor asko daude eskolara joateko inolako motibaziorik gabe eta hori orain gertatu da, ez lehenago. Horrekin batera, eskola batzuetan ume gorrak taldekatu egiten dituzte, baina beste batzuetan ez, eta ikastetxe batean ume gor bakarra egon daiteke. Kasu horretan, isolamendu eta bakardade sentsazioa nahiko handia eta larria da. Orduan, egokia da gorrak diren ikasleak taldekatzea, bakarrak senti ez daitezen, erreferentziak eduki ditzaten... eta ondoren gainerako ikasleekin ere nahastea.
Musuko gardenak eta homologatuak falta dira.
Bai, hala da. Badaude musuko gardenak, baina ez daude homologatuta, ez dituzte segurtasun neurri guztiak bermatzen, ez dago segurtasun neurri guztiak bermatzen dituen maskara gardenik. Orduan, zer lehenesten dugu, osasuna ala komunikazioa? Koronabirusa ez da jolas bat, gauza serioa da eta gure elkartetik osasuna eta segurtasuna lehenesten ditugu. Kontua da orain arte hezkuntza arloan ahozko hizkuntzaren lanketa bultzatu dela eta zeinu hizkuntza dakiten profesional gutxi daudela. Orduan, aurretik landu eta sustraitu ez diren laguntzen beharra areagotu egin da orain. Zeuden gabeziak areagotu egin dira eta hori da arazo larriena. Zentzu horretan, oinarri pedagogiko baten gabezia edo hutsunea da agerian geratu dena.
Maria Eugenia Gomez, Gregorio Ybarra Gorren Aldeko Elkarteko kudeatzailea: “Ez ditugu eskatzen maskara garden homologatuak entzumen arazoa duten ikasleentzat soilik, baizik eta haien inguruko guztientzat"
Nola daude ikasle gorrak protokoloekin eta maskarekin?
Ikasturte honetan aurrez aurreko irakaskuntza eta arreta sozialeko zerbitzuak berriz martxan jartzeak —osasuna lehenetsiz— argi utzi du oinarrizko eta beharrezko diren ekintza hauek ezin direla bertan behera geratu osasun larrialdi batean. Normaltasuna ematen dute, egunerokotasunari zentzua, eta bereziki zaurgarriak diren kasuetan euren garapenerako eta babeserako funtsezkoak diren ezagutzak eta trebeziak dira. Era berean, arrakala sozialak, ekonomikoak eta hezkuntzakoak ixteko zubi bezala balio dute.
Musukoak biztanleria guztiaren komunikazioa oztopatzen du, eta ezbairik gabe, askoz gehiago eragiten die pertsona gorrei, komunikazio prozesua eragozten duen elementu bat gehiago baita. Musukoa erabiltzeak ikasle gorrentzat muga linguistiko berri bat dakar, zeinek pandemiaren aurretik eta musukorik gabe ere ahalegin handia egin behar zuten komunikatzeko. Maskararen erabilerak arazoa areagotu du. Alde batetik, maskarek aurpegiaren zati handi bat estaltzen dutenez, ezin dituzte ezpainak irakurri, eta hori beharrezkoa dute ongi ulertzeko. Gainera, aurpegiaren espresioa ere funtsezkoa da uneoro esaten diotena ulertzeko. Beste aldetik, maskararekin soinua ez da berdin ateratzen eta komunikazioa konplikatu egiten da. Laburtuz, maskararen erabilerak izugarri zailtzen du gorren egunerokotasuna, eta baita haien familiena eta profesionalena ere.
Gela barruko jardueran, inklusioan, maila akademikoan… zer ondorio ditu horrek guztiak?
Inklusioan erabateko eragina du eta horrek haur hauen maila akademikoan, sozialean eta ongizate emozional eta afektiboan eragiten du, eta ondorioz, pertsonaren garapen integralean. Hezkuntzaren ikuspegitik, zailtasunak daude hainbat metodologia aktibo martxan jartzeko; esate baterako, talde txiki kooperatiboetan proiektuka lan egiteko, zeinak ikaskideekin parte-hartzea eta komunikazioa bultzatzen duen eta gorren inklusioan erabateko eragina duen. Zorionez, plataforma digitalen eta bestelako erraminta teknologikoen erabilerak ate interesgarria ireki dute gorren ezagutza, komunikazioa eta inklusioa bultzatzeko, eta horretan ikertzen saiatzea garrantzitsua da.
Zer diote familiek eta hezkuntzako profesionalek?
Familiek euren seme-alaben arretaren kalitatea hobetuko duten musuko garden eta seguruak nahi dituzte. Eta ume hauekin egunero dauden profesionalek ere gauza bera. Gai honekin, gainera, zera azpimarratu behar da: ez ditugula eskatzen maskara garden homologatuak entzumen arazoa duten ikasleentzat soilik, baizik eta haien inguruko guztientzat; alegia, ikaskideentzat eta profesionalentzat ere bai, betiere inklusioan eta inguruneko irisgarritasunean pentsatuz.
Gurutze Agirre, ADAHAGIko pedagogoa: “Sentsazioa da ume hauek ez direla aintzat hartu, ez konfinamenduan ez bueltan”
Arreta Gabeziaren Nahastea eta Hiperaktibitatea dituzten haurrekin aritzen zarete. Zein dira ikasleon ezaugarriak?
Ikasle hauek printzipioz ez daukate bestelako beharrik eta gela arruntetan egoten dira. Arreta gabezia daukate, batzuk hiperaktibitatearekin eta beste batzuk gabe. Orduan, batzuk gai dira autonomoak izateko eta laguntza pixka batekin lortzen dute ikasketetan aurrera egitea. Beste batzuek, ordea, laguntza gehiago behar izaten dute, ez gaitasunagatik, nahasmenduagatik baizik. Asko ez dira gai ordubete etxerako lanak egiten jarduteko, adibidez. Batzuek laguntzaile bat izaten dute gelan, eta beste batzuek ez. Kasu horietan gu elkartetik saiatzen gara tutorearekin lan egiten eta tutorearen eta familiaren arteko bitartekari lana egiten.
Zein dira AGN-H duten ikasleek bizitu dituzten zailtasun handienak eskolara itzultzean?
Kontuan izanda ume hauek, gehienek behintzat, behar bereziak dituztela, ahaztuta ez, oso-oso ahaztuta geratu ziren itxialdian, behar berezi horiek inork ez zituelako kudeatu. Gurasoen esku geratu ziren. Ikasturte hasieran batzuei kosta egin zaie eskolako errutinara bueltatzea, kontuan izanda, gainera, errutinak aldatu egin direla protokoloekin. Arau berriak ikasi gabe dituztelarik, iazko curriculuma errekuperatzeari eman zaio lehentasuna zentro askotan, eta aurretik kostatzen zitzaiena eskatu zaie: lanak garaiz egitea, mugimendua kontrolatzea, agenda egunean eramatea... Presio handia sentitzen dute.
Ume oldartsuak direnez, “ez ukitu ezer”, “ez ukitu botoiak”, “ez ukitu baranda” esaldiak ikaragarriak izan dira. Ume hauek ez dute aldez aurretik pentsatzen; lehenengo ukitu egiten dute eta gero konturatzen dira. Mugimendua mugatu zaie eta ondorioz, jarrera oldarkorrak, haserreak, ihes egin nahia eta abar gehitu egin dira. Denbora guztian maskara edukitzeak urduritasun handia sortzen die. Jolastokietan lekuak murriztea nahiko gaitza da haur hauentzat. Mugimendua behar dute eta ezin baldin badute korrikarik egin… Lehen jolastokiko garaia deskonektatzeko eta barruak hustutzeko garaia izaten zen, eta orain kontrakoa; ume batzuk esaten dute lehen patioko ordua zela onena eta orain aspergarria dela. Gelako erritmoa moteldu egin da, baina irakasleak asko aldatzen baldin badira, ez die onurarik egiten, hauentzat irakasle erreferentea oso garrantzitsua baita. Kirola ez egiteak ere eragiten diete. Oldarkortasun hori bideratzeko oso lagungarria izaten baita kirola egitea, eta hori ez edukitzea nabaritu egin dute. Sentsazioa da ume hauek ez direla aintzat hartu, ez konfinamenduan eta ez bueltan. Gurasoek uste dute beraiengan utzi dela dena.
Zer behar da ikastetxeetan ume hauei laguntzeko?
Baliabideak, eta batez ere, formazioa. Guk familiaren eta eskolaren ibilbidea batera joan daitezen egiten dugu lan. Ume bakoitza desberdina denez, ume bakoitza bakarka hartzea eta dituen beharrei erantzutea eskatzen dugu. Horretarako, irakasleek ere laguntza behar dute, eta formazioa.