Haria ez da eten: Joxe Mari Auzmendiri omenaldia

2021-03-16

Ausarta, euskaltzalea, zaintzailea, elkartzailea eta jostuna izan zen Joxe Mari Auzmendi. Haren hitzak eta balioak gogora ekarri zituen Hik Hasik otsailaren 27an Hernaniko Biteri kultur-etxean egin zion omen-ekitaldian, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Duela 25 urte Joxe Marirengan eta  euskarazko hezkuntza-formazioan eta dibulgazioan eta Hik Hasin sinestu zuten irakasleak ere omendu zituen. Sare eta lurralde ugaritako Hik Hasikideek Auzmendik egitasmo pedagogiko honen barruan azken urteetan ondo zuen Hezkuntza Proposamena eman zieten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuari eta hezkuntza eragileei. Ekitaldia albiste on batekin amaitu zen: Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka antolatu du Hik Hasik Hernaniko Udalaren laguntzarekin, eta ikasturte hau amaitu aurretik izango da martxan. 

 
 
Haria ez da eten:   Joxe Mari Auzmendiri omenaldia

G

ure hitzak esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal. Elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe… Esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal Joxe Mari Auzmendiren hitzak, balioak.

 

Otsailak 13 zituen Joxe Mari Auzmendik azken arnasa eman zuenean, iaz. Gogorra joan da urtea, orduz geroztik. Galerek markatu dute aroa eta distantzia da arau berria. Elkartzeko mugak, ezin besarkatu… baina azkenean egin ahal izan dio Hik Hasik Joxe Mari Auzmendiri merezi zuen omenaldia. Pasa den hilaren 27an, Hernaniko Biteri kultur-etxean, Udalak eskuzabalik emandako aukerari esker. Ekitaldi xume bezain hunkigarrian gogoratu ahal izan genuen nor eta zer izan den Joxe Mari Auzmendi. Nabarmendu genituen bere balioak. Goraipatu genituen bere aldartea, jarrera, borondatea, kemena. Hunkitu ginen eta negar egin genuen, pozez eta tristuraz aldi berean. Biteri txiki gelditu zen Joxe Marik bere ibilbide luzean hezkuntza-komunitatean egin zituen lagun eta kide guztiak sartu ahal izateko, baina Joxe Mariri gustatuko litzaiokeen bezala, hura gogoan mendira kalejiran elkarrekin joateko aukerak zabaldu bitartean, bijoaz hitz hauek otsailaren 27ko omenaldiaren hedapen gisa.

 

Mikel Laboaren Gure hitzak abestiak eman zion hasiera ekitaldiari. “Zer dio isiltzen denak/ isiltzen denean?”, dio Laboak. Bada entzun genituen Joxe Mariren hitzen oihartzunak zapatu goiz hotzean, bizitza edota hezkuntza-bizitza Joxe Marirekin partekatzea egokitu zitzaien irakasle eta lagun askorengan gelditu baitira Hik Hasiko arima zenak bizi zituen balioak: ausarta zen Joxe Mari Auzmendi, euskaltzalea, zaintzailea, elkartzailea eta jostuna.

 

Agurra dantzatu zioten Xabi Zabalaren akordeoiaren doinura Arantxa Urbe, Ainhoa Azpirotz, Eider Palmou, Olatz Lasagabaster eta Xabier Sarasua Hik Hasitarrek. Eta ondoren, Habanatik zetozen hitzek hartu zuten aretoa, han ezagutu baitzuten elkar Joxe Marik eta Joseba Sarrionandiak: “Jakin dut Joxe Mari gogoratzeko elkartuko zaretela, eta nik ere aportatu nahi nuen oroitzapen apur bat. Euskararen eta Euskal Herriaren aldekoa izan da, munduko beste hizkuntza eta herrien aldeko pertsona zen Joxe Mari. Umoretsua eta, batez ere, baikorra zen. Behin esan nion, halakoetan esaten den bezala, baikorra gaizki informatuta dagoen ezkorra dela. Baina bera ez. Bera benetan baikorra zen, emankorra zelako. Altruista zen berez, proiektu pertsonal eta politiko bat zuelako. Euskaldungoaren alde eta mundu hobe baten alde. Joxe Mari ez zen etiketaz izatearekin konformatzen diren horietakoa. Joxe Mariren izateko forma egitea zen, beti zegoen zerbait egiten. Niri, esate baterako, liburu bat eginarazi zidan: Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako deitzen den liburu hori, Hik Hasik argitaratu zuena. Eta hori prestatzen ari ginela, behin idazlea deitu zidan, eta niri ez zaizkit gustatzen poeta, idazle, eta deitura horiek. Eta berari esan nion: ‘Idazlea zeu zara liburua eginarazi didazulako’. Nik eskerrak ematen dizkiot halakoa izateagatik, eta, batez ere, hainbeste gauza eder egiteagatik, eta halakoak izatera eta egitera bultzatu gaituelako asko”.

 

Esker eta oroitzapen onek bete zuten goiza. Eta hitzek. Baita Joxe Marik berak idatzitako hitzek ere. Izan ere, Joxe Marik berak poema batean idatzitako hitzak entzun ahal izan genituen haren ibilbidea errepasatzeko bideo eta argazki muntaian, Bizipoza proiekturako Xabi Zabalak abesti bihurtu eta Maite Larburuk eta Morauk interpretaturiko Amets bat eskuetan abestiarekin. Eta segidan, Maialen Lujanbio atera zen oholtzara. Erdian, mikro aurrean kokatu eta haur baten ahotsak jarri zion kanturako gaia. Pantaila handian agertzen zen Joxe Mariren balioa beste haur batek idatzia: 

 

Ausarta.

Ta amets hoiek egi egiteko

lagun asko behar dia

zabaltasuna apaltasuna

ta taldearen argia

ikuspegia eta ekintza 

lana eta izardia

hala egin da askoren asmo

batena zen ausardia

 

Euskaltzalea. Ausartaren ondoren, hori izan zen omenaldian nabarmendu zen bigarren balioa. Aurkezle lanak egin zituen Kontxi Aizarnak gogora ekarri zuen moduan, Joxe Mari Auzmendi nor eta zer izan zen gogora ekartzeko euskara erdigunean jarri behar da: “Egin zuen guztia euskaratik egin baitzuen Joxe Marik. Hasi Legazpin Hots aldizkaria sortzen lagundu zuenean eta jarraitu irakaskuntzan, Legazpiko Haztegi ikastolan. Eta zer esanik ez, Hik Hasi bultzatzeko unean euskara izan zuen erdigunean. Irakasleak euskaraz formatu zitezen; irakasleen bilgunea euskaratik pasa zedin; euskaraz informa zitezen…”.

 

25 urte bete dira aurten Joxe Marik Hik Hasi sortzeko ametsa gauzatu ahal izan zuenetik, eta ospakizun eder hori behar den bezala gauzatzerik izaten ari ez den urte arraro honetan, Joxe Mariren beraren omenaldia baliatu zuen Hik Hasik duela 25 urte euskarazko hezkuntza-formazioan eta dibulgazioan, Hik Hasin eta Joxe Marirengan sinistu zuten hainbat irakasleri bere esker ona agertzeko. “Haiek ere sortu zuten Hik Hasi, Joxe Mariren ondoan, sareen gaindi, Euskal Herri osoko irakasleek bilgune eta topagune bat izan zezaten, eta bidelagun izan ditugu haietako asko eta asko 25 urte hauetan”, esan zuen Aizarnak. Esker onez, lore eder bana jaso zuten Hik Hasiko kideen eskutik sorreran lagundu zuten Itsaso Alkortak, Maria Jesus Carrillok, Lore Erriondok, Mari Karmen Irastorzak, Argia-ko Bego Zuzak, LABeko Iñaki G. Muruak eta Gurutze Ezkurdiak, eta oholtzan gaur arte Hik Haside izan ziren irakasle lagunak omendu zituzten: Arantxa Urbe, Josu Txapartegi Txapas, Josi Oiarbide, Kristina Mardaras, Izaskun Madariaga, Marixol Agirre, Fito Rodriguez, Ankelo Usobiaga eta Maite Saenzek. Eta bereziki gogoratu genuen Arantza Goiburu Hik Hasidea, duela 8 urte hil zitzaiguna. “Esker oneko hitzak besterik ez ditugu berarentzat. Langile itzela, umila eta lagunkoia izan da Arantza”.

 

Josi Oiarbidek hartu zuen hitza. 80ko hamarkadan ezagutu zuen Joxe Mari, LAB sortu aurretik. Eta behin Hik Hasi sortuta, lan eskerga egin du Josik Joxe Mariren ondoan hutsuneak identifikatzen eta ideiak mahai-gaineratzen. “‘Euskal hezkuntzan zerbait bateratzailea eta berritzailea izango dena sortu behar dugu’, esan zidan Joxe Marik eta berak sartu gintuen enbajada horretan eta beragatik jarraitzen dut Hik Hasin. Hark jarritako bidea jarraitu dut proiektuan, gure txikitasunetik, baliabide gutxirekin, eta gutxi eskatuta eta asko emanda —horiek izaten ziren Joxe Mariren hitzak—. Ahal duguna egin dugu, eta bide emankora izan da, aldizkaria, udako topaketak, bidaia pedagogikoak, umea erdigunean duen herri hezitzailea, familiak-Hazi Hezi, Oinherri, Bizipoza, Hezkuntza Proposamena... Joxe Mari izan da tiraka ibili dena, eta orain joan zaigun honetan, guk segi egingo dugu, bere ametsak gure ametsak baitira eta saiatuko gara betetzen. Berak esango lukeen bezala, ‘lasai, lortuko dugu!’”. 

 

Kristina Mardaras irakasle eta bertsolaria izan zen Hik Hasi sortzen lagundu zuenetako bat, eta gutxik zekiten zerbait kontatu zuen oholtzatik: “Ni enpresaria bihurtu ninduen Joxe Marik. Ez nuen ezagutzen inondik ere, eta egun batean klasea amaituta nire eskolan nengoela, han agertu zitzaidan. Akuilu bat zekarren, zer eta, ‘Xabier Amurizaren partetik nator zugana’. Ilusioz beteta ikusi nuen gizona eta hezkuntza sistema osoa harrapatu gura zuen, euskal eskolarentzako aldizkari bat sortu nahi zuen. Baina horretarako, gu beti, esku hutsik. Eta proposamena egin zidan enpresaria sartzeko. ‘Topatzen baditugu sei edo zortzi pertsona diru apur bat emateko prest daudenak, enpresa bat muntatu eta gero hortik aldizkari bat egin eta langile gutxigaz egin daitekeen gauza bat da’. Euskal eskola bat helburu zeukan halako aldizkari potolo batek kristoren ilusioz bete ninduen, eta hori dela eta enpresaria da Kristina. Interesei buruz ez genuen berbarik egin, baina oso pozik nago eman dizkidan interesekin. Benetan diotsuet suerte itzela eduki dudala bera ezagutzeaz. Nire bizitzako zati handi bat bete du bere proiektuak. Orain 25 urte atzera begiratu eta ez genekien nora joango ginen eta gaur egun Hik Hasi eta haren ingurua ikusita, nire diruek ez dute sekula errentagarritasun handiagorik emango, benetan diotsuet. Paratu pentsatzen eta izugarri zoriontsu sentitzen naiz”. Goizaldeko 5etan irten zen moduan abestu zuen bertsoa ondoren:

Estimatzeko ezin dut 

aurkitu hitzik

ai zer gizon gozoa, 

eta faltan ez gatzik

irriparra ahoan 

agertzen zen pozik

bizkarrezur zintugun 

guk eta Hik Hasik

gaur zuretzat ez dugu 

esker ona baizik

 

25 urteotan Joxe Mariren ondoan egon den beste irakasle maite batek hartu zuen jarraian hitza, Josu Txapartegi Txapas-ek: “Gure belaunaldia, gurasoek gerra galdu ondoren, frankismo luze baten erdian sortutakoa da. Diktadura haren ondorioak era guztietakoak izan ziren, ia denak penagarriak. Baina Joxe Mari eta beste asko, hondamendi zehatz batean fijatu ziren: hezkuntzaren egoera negargarrian. Garai hartan euskararen aldeko ekimena berriro indartsu hasi zen. Oteitzak, ordea, hasieratik abisatu zigun: ez da nahikoa euskara bere horretan biluzik hartzea, euskararekin batera, harekin kultur ingurune guztia da jaso beharrekoa. Hortaz, gure belaunaldiaren lan garrantzitsua izan da euskal curriculumaren defentsa. Euskara errekuperatzen joan garen heinean hobeto sentitu gara. Eta giro horretan dator Joxe Mariren ekarpena: irakasleak antolatu, gurasoak elkartu, Hik Hasi, pailazoak, beste nazioetako ekarpenak, pedagogia egokiak, aldizkari bat, bi aldizkari, konpromisoak eta laguntza eskatu eta eskaini, helburu bateragileak, lorgarriak. Bere lanari esker, orain, duela 50 urte baino askoz egoera hobeagoan gaude. Oraindik, baina, gure lagunaren helburu finkoena lortu gabe jarraitzen dugu: euskal hezkuntza sistema osoa, edukiak azterketak, tituluak, antolamenduak, pedagogiak, guztia askatasunez eta Euskal Herritik antolatzeko boterea. Gure duintasunaren aldeko elementu beharrezkoa. Orain, bere ahaleginari ere esker ikusten hasiak gara posible dela gure ametsak oso-osorik betetzea. Guztiagatik eskerrik asko, Joxe Mari”.

 

Fito Rodriguez idazle eta irakaslea izan zen sorreran Joxe Mari laguntzen buru-belarri ibili zen beste bat: “Hik Hasi aldizkaria sortu genuenean, joko horretan dena galduko genuelakoa zen uste zabalduena baina, Joxe Mari hor zegoen... giza faktorea! Azkar ibili ginen eta Xangorin izeneko Elkartea sortu genuen, denboraren poderioz kooperatiba bilakatu zena, euskal heziketaren oinarrietan sakontzeko, helburu horrekin bat zetozen praktika onak zabaltzeko eta, ahalegin horretan, garai hartan existitzen ez zen hedabide pedagogiko erreferentziala sustatzeko: Hik Hasi aldizkaria. Xangorin hitza Agosti Xaho atharratzearrari, igarle, sozialista, mitogile edo abertzaleen aitzindariari hartu genion. Independentismoaren aurrendaria ere izan zen. Xangorin, orduan, hezkuntza arloan etorri zen egoera berrian gure aurreko eredu nazional euskaldun eta publiko berri baten alde aritu ahal izateko abiapuntua izan zen, baina jardun horretan, zango arinez, benetan, Joxe Mari Auzmendi ibili zen. Askotan esan ohi da euskaldun guztiok, berez, politikoki eta historikoki, nafarrak garela, baina Joxe Mari nafarra zen, Azkaratekoa hain zuzen ere, eta gaztetan, Legazpira bizitzera aldatu zenean, bertako futbol taldea kategoriaz igotzeko behar zuen gola hark sartu zuen. Zango arina, inondik inora! Eta golegilea! Izan ere, Hik Hasi aldizkaria sortu genuenean, joko horretan dena galduko genuelakoa zen uste zabalduena baina, Joxe Mari hor zegoen... giza faktorea!, eta gure egitasmoak irabazi zuen, eta hemen dago orain, bizirik bezain kementsu, orduko helburuari begira lanean. Joxe Mari, harro gaudek oso”. 

 

Zaintzailea. Joxe Mariren zigilua zen bere irribarrea. Goxotasun emailea zen Joxe Mari, bihotz handikoa, energia emailea zen. Zaintzailea. Horren guztiaren irudi oholtzan Juan Gorritiren cromlecha jarri genuen, Aralarko Mailoen azpian Gorritik eta Auzmendik jarri zuten berbera. Hala maite zuen cromlechean besarkatzea, elkar ikusiz munduari begira. Aizarnak esan zuen bezala, Joxe Marik bazuen dohain berezi bat: “Bere argitasun eta baikortasunarekin ondoan zeuzkan lagunen onena ateratzea lortzen zuen, gu guztion onena ateratzeko gauza zen. Eta hori zaintzatik egiten zuen”. Detaile hori gogoratzen dute hainbeste urtean ikastaroetan, formazioetan etabarretan ibili eta Joxe Mari ezagutzeko aukera izan duten irakasle eta formatzaileek, eta sei lekuko igo ziren oholtzara: Kristina Goñi, Ane Ablanedo, Nerea Mendizabal, Juanjo Quintela, Alfredo Hoyuelos, Xabier Tapia. Bideotik hitz egin zuen Alvaro Beñaranek, eta publiko artean zeuden Marina Pintos, Miren Camison edota Joxe Ramon Mauduit… “Esker mile aunitz, Joxe Mari”, esan zuen guztien izenean Goñik: “Oroitzen zara zenbat elkarrizketa, hausnarketa, dei, kezka, momentu zoragarri… konpartitu genituen? Hainbat eta hainbat formakuntzatan, haur eskolako bisitetan, bidaia pedagogikoetan, hitzaldietan… Baina zerbait aipatzekotan, zure bertzeekiko zainketak azpimarratuko nituzke. Formakuntza guzietan eta bizitzan, denon zaindaria izan zinen. Beti prest gauza guztiak eskaintzeko, laguntzeko, entzuteko, behatzeko. Zu berexia izan zinen, benetako hezitzailea, zaintzailea eta bide laguna. Haurtzaroa maitatu eta errespetatzen zenuen, eta hori islatzen zenuen zure pasioan. A zer altxorra, Joxe Mari! Zuk hasi zenuen, eta guk segituko dugu!”.

 

Lagun mina izatera iritsi zen Alvaro Beñaran psikomotrizista ere, hainbeste formazio eta formazio-ostekoren ondoren: “Joxe Mari, zenbatetan gogoratzen ditudan zurekin partekatutako momentu preziatu horiek, formazioak bukatzen zirenean biok gure kriantza famatu hori hartzen eta bizitzaz hitz egiten, erdi serio, erdi broman. Baina beti-beti zure irribarrearekin eta zure indar gozoarekin eta zure besarkada horiekin. Joxe Mari, zurekin benetan ikusi nuen soberan daudela hemen teoriak, masterrak, adituak; zu zara bizitzaren unibertsitatea, pedagogiaren unibertsitatea. A zer zortea izan dugun denok Joxe Mari ezagutu dugulako!”.

 

Ane Ablanedo ere Joxe Mariri berari zuzendu zitzaion: “Ezagutu zintudan lehen aldiaz akordatzen naiz, eskola libreei buruzko erreportaia baten kari nirekin elkartu nahi zenutela-eta, solasaldi baterako. Akordatzen naiz solasaldi aipatu zenuela, eta ez elkarrizketa, eta atentzioa eman zidala horrek. Bi hitz kasik sinonimoen arteko diferentzia ttipia baino ez da, ados. Baina ez nolanahikoa: bizitza arruntean ez baita jendea elkarrizketatzen, jendearekin solas egiten baita. Eta, akordatzen naiz, ñabardura hori izan zela, bere xumean, gerora zure marca de la casa zela jakinen nuen bizitza-politika eta estilo horren berri eman zidana, zeharka: lanak, zentzua edukitzekotan, bizitzaren baitakoa behar zuela. Zer esanik ez, heziketaz ari izatekotan. Oso profesionala zinen, baina Joxe Mari pertsona zen beti gurekin harremanean jartzen zena. Beti hurbil eta lagunkoi. Zure hurbiltasunaz akordatzen naiz. Jendearekin distantzia eta hierarkia oro desegiten zuena”. 

 

Eta hitzei musika jarri zien Morauk, zaindu maite duzun hori elastikoa soinean. Elkar zaindu baitzuten musikariak eta irakasleak. 

Elkartzailea. “Aupa ekipo!” esan ohi zuen Joxe Marik. Ekipoa-taldea egiten zekien. Jendea elkartzen zekien; batzen. Eta ez soilik kideak; desberdinen arteko elkarkidetza bilatzen zuen etengabe, Aizarnak gogora ekarri zuen eran: “Joxe Mariren nahi, desio eta helburu garrantzitsua zen euskal hezkuntza-komunitatean kideak eta kide sentitzen ez zirenak elkartzea. Batzen gaituenari begiratzen zion, eta ez bereizten gaituenari. Hala, sare eta herrialde ugaritako irakasleak biltzen gara Hik Hasin, guztiok batzen gaituen helburu bera baitaukagu: euskal hezkuntza hobetzea”. Eta premisa horrekin, helburu bezala euskal hezkuntza hobetzea ezarririk, hezkuntza proposamena landu, bultzatu eta osatu zuen Joxe Marik Hik Hasiren barruan azken urteetan, zoru pedagogiko eta etiko berri bat ereinez. Eta haren omenaldian ariketa hori bera egiteko ahalegina eskatu genien bertan batu ziren hainbat hezkuntza eragileri. “Euskal Herriko hezkuntzak unea du aurrera begira jarri eta eraldaketa sakona egiteko. Nor bere lubakian gotortu beharrean, guztiontzako hezkuntza-eredu hobe baten alde elkartzeko unea da —esan zuen Xabier Sarasua Hik Hasikideak—. Eta hori eragile guztien parte-hartzearekin egin behar da. Erronka handiak ditugu aurrean: hezkuntza-eredu publiko propio eta elkartzailea eraiki behar dugu; gizarte kohesioa erdietsiko duen kultura-eredu berri bat behar dugu, eta aldi berean, aniztasunari lekua egingo diona; haur eta gazteak euskaldun eleaniztun bilakatu behar ditugu; haiek balio egokietan heztea eta konpetentziak garatzen laguntzea funtsezkoa da, ikuskera propioa izan dezaten eta egungo gizartea hobetzeko gai izan daitezen”. Aurrerapauso hori egiteko, gaur egun hezkuntzan diharduten eragile guztien lana aitortzeko premia azaldu zuen Sarasuak; “dela egungo eskola publikoak, dela ikastolak, dela gizarte ekimeneko eskolak, dela eskola libreak, direla aisialdian diharduten eragileak, direla sindikatuak, udalak, direla Hezkuntza Sailak. Guztien ekarpenak hartu behar dira aintzat, sare eta lurralde guztietako irakasleena, baita ikasle eta gurasoena ere, bakoitzaren esparrua eta aniztasuna errespetatuz, hezkuntza-jarduera guztien oinarriak berritu eta bateratu behar ditugu, elkarrekin aurrean ditugun erronkei behar bezala erantzuteko”. Joxe Mari Auzmendik bultzatuta, Kalitatezko hezkuntza bermatzeko zoru pedagogiko eta etikoa: hezkuntza hobetzeko gakoak izeneko hezkuntza proposamena ondu zuen Hik Hasik, eta proposamen hori bera eman zieten Hik Hasikideek hezkuntza eragileei: Amaiurko eskolako Nora Salbotxek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Jokin Bildarratzi eman zion dokumentua; Lapurdiko Ikas pedagogia zerbitzuko Aines Dufauk Kristau Eskolen zuzendari nagusi Mikel Ormazabali; Arrasateko herri eskolako Xabier Sarasuak Sortzeneko Elisabet Zubiagari, Erandioko Altzaga eskolako Leire Saezek Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituri, Lazkaoko San Benito Ikastolako Izarne Garmendiak EHIGEko Lurdes Imazi eta Gipuzkoko Eskola txikietako guraso Ane Aranburuk HEIZEko Iñigo Salaberriari. 

Jostuna. Ausarta, euskaltzalea, zaintzailea, elkartzailea eta jostuna izan zen, beste gauza askoreon artean Joxe Mari Auzmendi. Ongi ezagutzen ditu Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek Auzmendik joskintzan egindako lanak. Badira 20 urtetik gora Hik Hasikidea pailazoengana hurbildu zela, haurrentzako euskarazko jolasen hutsunea sentitzen zuela esanez. Eta Xabi Zabalari deitu eta pailazoen laguntzarekin Zatoz jolastera eta Jolasen altxorra eta ondoren Ilargiaren sekretua pelikula egin zituzten elkarrekin pailazoek eta Hik Hasik—Lujanbiok egin zuen filmaren gidoia—. “Jostun galanta zen Joxe Mari... Josten zituen sareak; josten zituen Euskal Herriko herrialde guztiak; josten gintuen haurrak, gurasoak, familiak, irakasleak, langileak, herri eragileak, udalak; komunitatea sortzen zuen Joxe Marik. Eta Euskal Herria josi gintuen munduarekin. Ze Euskal Herria eraldatzea polita da, baina Joxe Marik mundua ere aldatu nahi zuen. Eta Euskal Herritik mundua aldatu eta munduko gauza politak hona ekarri nahi zituen. Horregatik antolatu zituen bidaiak Kataluniara, joan ginen Galiziara; Kubara; joan ginen Estoniara, Finlandiara, Hungariara, Italiara… Mundua josi ondoren, Italian, Erroman [Francesco] Tonucci josi zuen. Elkarrizketa bat josi zuen aldizkarirako eta gero Donostiara ekartzeko josi zuen, ederki josita. Kursaalen elkartu ginen ehunka hezitzaile, zinegotzi, teknikari, herrigile… 500 bat pertsona izango ginen han. Joxe Marik josi gintuen eta han sortu zen Oinherri, herri hezitzaileen sarea. Eta gero hasi zen herriak josten. Joxe Mari, gaur egunean 30etik gora gara! Pozik jarriko litzateke ikustean. Eta gero Bizipoza josi zuen 35 elkarterekin. Gaixotasunak, sindromeak, kultur aniztasuna, askotariko familia ereduak, maitasuna josi zituen, elkarrekin mundu berri bat egin nahi dugulako denontzat. Joxe Marik jostorratzak eta artilea utzi dizkigu, josten jarraitzeko. Eta bere bihotz osoa gurekin gelditu da, baina gure bihotzen puska handi bat harekin joan da. Faltan botatzen zaitugu, Joxe Mari!” 

 

Eta hitzez hitz, ekitaldia bere bukaerara iritsi zen, baina argiak itzali aurretik, Ainhoa Azpirotz eta Mikel Agirrezabala Hik Hasideek berri on bat iragarri zuten. Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka sortu du Hik Hasik Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Euskara, inklusioa, hobekuntza pedagogikoa eta Joxe Marik landuriko beste hainbat hezkuntza baliotan oinarrituriko proiektuak laguntzeko eta bideratzeko, eta ikasturte hau amaitu aurretik ezagutaraziko dira bertan parte hartzeko oinarriak.

 

Eta azkenik bai, Maialen Lujanbioren hitzek eman zioten bukaera Joxe Mari Auzmendi zer eta nor izan zen gogora ekartzeko ekitaldiari: 

Nola hazi ta hezi

nola ahaldundu

nola munduko izanik 

lur hau euskaldundu?

Nola jende anitzei izaten lagundu

zailen dutenentzako bidea leundu

Joxe Mari zureak segida egun du

zuk utzitako hariz bada zer ehundu.