Gatazkak bai, sufrimendua ez

2021-04-15

Jazarpenari aurrea hartzeko eta elkarbizitza positiboa sustatzeko plangintza eta dinamika eredugarriak ondu ditu Otxandioko herri-eskolak azken zortzi urteotan, suak amatatzen ibiltzetik prebentzioa lantzera pasatu zirenetik.

 
 
Gatazkak bai, sufrimendua ez

Horixe da Otxandioko herri-eskolan ezarrita daukaten maxima: gatazkak bai, sufrimendua ez. Badakite eskolako elkarbizitzan gatazkak egon egoten direla eta egongo direla, baina horiek kudeatzeko tresnez hornitu nahi dute hango hezkuntza-
komunitatea, haur bakar batek ere ez dezan sufritu eskolan. Ez baitira gauza bera gatazka eta sufrimendua. Eta esan liteke dagoeneko lortzen edo gutxienez ukitzen ari direla helburu hori; zortzi urteko ibilbide eredugarrian elkarbizitza serio hartuta, haurrak hobeto daudela ikusten ari dira. “Gatazkarik gabeko eskola bat utopia bat da, baina haurren sufrimendua saihestu dezakegu, eta hori da gure helburua”. Lur Olabarriren hitzak dira, Otxandioko eskolako aholkulariarenak.
Otxandio ez da, inondik ere, beste herriak baino gatazkatsuagoa, eta ez dira hango eskolan besteetan baino jazarpen-kasu eta elkarbizitzako arazo gehiago gertatzen. Baina gertatu izan dira, eta horiek oso serio hartu, eta aukera gisa baliatu izan dituzte eskolako elkarbizitza hobetzeko, protokoloak, egiturak, dinamikak eta ordutegiak sistematikoki bizikidetza hobetzera bideratuz. “Gehienetan gertatzen den bezala, kasuak eduki genituelako hasi ginen elkarbizitzaren gaia oso serio hartzen, kasu batzuk larriak izan baitziren”, azaldu du Iñigo Ramos zuzendariak. Duela zortzi urte abiatu zuten Otxandioko eskolan elkarbizitzari eta jazarpenaren prebentzioari begirako Jabetu taldea, gerora hainbat eskolatan bizikidetzako gaietan eredu izan den egitasmoa, hain zuzen ere. Jazarpen-
kasu baten ondorioz abiatu zuten elkarbizitza-proiektua: “Une gaitz hartan, aldeko izan genituen Berritzegunetik aholkulari moduan Aitor Albizu edukitzea [gaur egun eskola-
jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako Bizikasi ekimenaren arduradun dena], ikuskaritza aldetik oso pertsona egokiak edukitzea laguntzeko gogoz, eta zentroan bertan zeuden langileak eta etorri berriak zirenak ere kode beretan hitz egiteko prest egotea, proiektua martxan jartzeko; noski, alde txarrik ere izan zuen: biktimak zeuden, gaizki pasatzen ari ziren umeak zeuden tartean; baina larrialdi hari erantzuteko gai izan ginen!”. Elkarbizitzako planari serio heldu zioteneko hastapena zaila izan zela gogoratu du zuzendariak: “Batetik, jakintza faltagatik, ez baikenekien nola heldu halako gai bati; eta, bestetik, profesionalek egoera hauetan bizi izaten duten erruduntasun-sentimenduagatik”. Sentimendu horri buruz behar baino gutxiago hitz egiten dela uste du zuzendariak, baina oso garrantzitsua deritzo: “Elkarbizitzako arazoak daudenean eta batez ere jazarpen-kasuak daudenean, profesionalok errudun sentitzen gara; pisu handia hartzen du horrek, eta geldiarazi egiten gaitu. Horrexegatik, kasu askotan, errazagoa da beste aldera begiratzea, benetan sufrimendua ikusten hasten garenean irakasleok ardura handia daukagula konturatzen baikara; oihanean sartu behar dugula iruditzen zaigu, eta desarmatuta sentitzen gara”.
Beraz, bi zailtasun horiei aurre egiteko, ezinbestekoa izan zen laguntza eta prestakuntza jasotzea, batetik; eta, bestetik, funtsezkoa izan zen taldea sendotzea eta egituratzea, profesionalen beldur-sentsazioari aurre egiteko. “Denbora eta koordinazio aldetik oso konplexua den gaia da esku artean daukaguna, eta gainera, emozionalki oso-oso gogorra da; beraz, hori guztia sostengatzeko, ehundura profesional sendoa behar duzu: funtsezkoa da taldea”. Orduan iritsi ziren eskolara Lur Olabarri aholkularia eta Aloña Erauskin irakaslea, “hain justu, suak amatatzetik prebentzioa lantzen hasteko pausoa ematen ari ginenean”. Hortxe dago Otxandioko eskolako egitasmoaren gako garrantzitsuenetako bat: jazarpenari soilik ez, elkarbizitzari ere arreta jartzea eta elkarbizitza hori elikatzeko apustua egitea hasieratik. “Ikusi genuen ordura arte kasuei ahal bezala erantzuten ari ginela; baina suak amatatzen genbiltzala sentitzen genuen, eta oso gaitza zen denbora guztian horrela ibiltzea; su bat amatatzen zenuen hemen, eta beste leku batean pizten zen beste su bat” Argi ikusi zuten modu koordinatu eta doitu batean egin behar zutela lan, “eta prebentziorako urratsa egitea erabaki genuen; lehenik eta behin, biziraupenagatik egin genuen”.
Gaur egun, eskola-jazarpenaren aurkako eta elkarbizitza positiborako Bizikasi proiektuaren barruan, BAT Bullyingaren Aurkako Taldeen bidez egiten diote aurre jazarpenari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoek; baina, lehenago, Jabetu batzordea eratu zuten zuzendaritzak eta aholkularitzak Otxandion, elkarbizitzako plangintza koordinatzeko. Kasuak agertu ahala ikertu egiten zituzten aldi berean, eta, konponbidea bilatzearekin batera, eskola-komunitatea prestatzea izan zen Jabeturen lehen egitekoa; bai irakasleak eta bai ikasleak, familiak eta eskola-komunitate osoa elkarbizitzan oinarrituta prestatzea erabaki zuten, eta lanean hasi ziren ardatz horren inguruan. “Ez dut esango elkarbizitza-gaietan bereziki aurreratuak ginenik, baina oso inplikatuta gaude”. Horixe da Otxandioko herri-eskolak elkarbizitza-gaietan egin duen lan sakonaren beste giltzarrietako bat: taldearen inplikazioa. Eta, inplikazio horren atzean, funtsezkoa da irakasleek sentitzen duten babesa, LH5eko Aloña Erauskin tutoreak dioenez: “Hau ez da irakasleok geure gela barruan eta bakarka jorratu behar dugun zerbait; ni tutorea naizelako eta nire gelan kasu bat egon delako, ez dut nik bakarrik aurrera eraman behar gai hau. Jabetu taldea dago atzean, babes erabatekoa daukagu tutore eta irakasleok, eta sustraituta dagoen egitura, dinamika eta planifikazio oso bat daukagu atzean. Eta hemen badakigu guztiok inplikatu behar dugula, Otxandioko eskolan elkarbizitza lantzea ez dela hautazkoa; bai ala bai, klaustro guztiaren eginbeharra da”.

Familiak, bidelagun
Irakasleen, tutoreen, aholkulariaren nahiz zuzendaritzaren egitekoak oso finkatuta dituzte jazarpen- eta bazterketa-kasuen jarraipenetan, zuzendariak adierazi duenez, kasuan-kasuan, garrantzia handia ematen baitiote bakoitzaren rolak eta ardurak ongi banatzeari: “Tutoreak tutoretza-rola dauka; tutoretza-orduak, bakarkako tutoretzak eta hainbat dinamika dauzkagu finkatuta, ikasleekin elkarbizitzako gaiak lantzeko eta jazarpenaren prebentziorako”. Arazoaren dimentsioaren arabera, kasuaren kudeaketa Jabetu/BAT taldera bideratuko du tutoreak. “Kasuen jarraipena Jabetu/BAT taldetik bideratzen dugu, eta gurasoen bilerak ere bai, karga afektibo handikoak eta nahiko gogorrak izaten baitira normalean”. Talde-lanaren koordinazioa ere Jabetu/BAT taldeari dagokio: “Ikasleekin, familiekin, irakasleekin, tutorearekin nahiz inplikaturiko beste eragileekin, informazioa kontrastatzen dugu, eta txostenak eta estrategiak prestatzen ditugu”.
Otxandioko elkarbizitza-ereduak funtzionatu duen bezain ongi funtzionatzeko, ezinbestekoa izan da ekuazio horretan familiekin egin den lana. “Gurasoen parte-hartzea oso ondo zaindu beharreko gauza bat da —azaldu du Olabarrik—. Erresoluziorako erabakigarria da familia gurekin egotea; elkarlanik ez badago, ez goaz inora”. Enpatia da familiek behar dutena. “Jazarpen-kasu izan litekeen arazo bat aztertzen ari garenean, familiek, lehenik eta behin, ulertzen dituztela sentitu behar dute. Normalean, familiek erruduntasunetik begiratzen diote arazoari: zergatik nire semeari edo alabari?, zergatik gure etxean?, zer egin du hark? Eta, beste aldetik ere, antzeko sentimenduak izaten dituzte: zergatik da erasotzailea?”. Jabetu/BAT taldeak familiei ikusarazten die jazarpen-kasuetan ez dagoela berariazko ezaugarririk, ez dagoela jazarpen kasu berdinik, bi ikasle berdin ez daudelako: “Gurasoek hori ulertzea, egoera konpon daitekeela jabetzea eta soluzioak ematen direla ikustea oso garrantzitsua da, arazoa konponbidean jartzeko”. Enpatiarekin batera, aholkulariak objektibotasuna nabarmendu du, familiekin egiten dituzten batzarren ezaugarritzat: “Batzar batean, gaia emozionalki landu behar dugu familiarekin, baina enpatiaz eta interpretazioak alde batera utzita, oso arriskutsuak baitira; datu objektiboak eman behar dizkiegu, eta, ondoren, soluzioak. Familiak ezin dira irten lehen batzar honetatik zer egingo dugun jakin gabe”. Jazarria den ikasleari eta haren familiari sostengua ematea eta prozesua argi azaltzea da, beraz, familia horiekin egiten diren bileren jomuga; aldiz, are esanguratsuagotzat jotzen du Ramosek jazartzeko jokabideak dauzkaten ikasleen gurasoekin egiten den bilera: “Familiek ulertu behar dute euren seme-alaben jarrerengatik gaudela kezkatuta; ez euren umea horrelakoa edo bestelakoa delako, ez; jarrerekin gaude arduratuta. Jarrera horrekin, onura sozial bat eskuratu du jazarleak, eta ongi geratu da kuadrillaren aurrean. Beraz, berriro egingo du”. Jarrera hori mozteko bidea jorratzea izango da familiekin egiten diren bileren helburua. “Hori da testuingurua. Familiek ulertu behar dute ikuspegi profesionala daukagula eskolan, eta, lehenengo eta behin, gertatzen dena demostratu egin behar dugu, ahalik eta objektiboen eta esparru askotatik. Ez bi bider ikusi dugulako jolastokian, baizik eta informazioa batu dugulako hilabetean zehar. Kasua argi utzi ondoren, zergatik pasatzen den ikusi behar dugu, eta, sarritan, besteen aurrean ondo geratzeko izaten dela konturatuko gara”. Ondoren, soluzioen bidean prozesua zer-nolakoa izango den azaltzen diete familiei: “Familiek euren betebeharra zein izango den jakin behar dute, baina jakin behar dute, baita ere, ez direla egoeraren errudunak. Bileraren oinarria bidea ezagutaraztea izango da: epe laburrean, hau egingo dugu; ertainean, hori, eta luzera, hura”. Familiekiko komunikazioa funtsezkotzat jotzen dute hiru irakasleek: “Familiei ondo komunikatu behar diegu jokaeraren atzean zer arrazoi dagoen, gure ustez, eta baita epe laburrean horrelako jarrerak baztertzeko zer egin behar dugun ere; familiek seme-alabekin zer-nola esku hartu beharko luketen ere zehazten dugu; zer den mesedegarria, zer ez, eta erabakiek zer ondorio eduki ditzaketen”.
Ikasleak eurak dira prozesu honetako beste protagonistak. Otxandiokoa eskola txikia da, eta horrek, gutxi-asko, ume guztiak nahiko ongi ezagutzeko parada eskaintzen die irakasleei. Haiengan dago fokua. Haiek daude erdigunean. Haiengatik egiten dute hau guztia. Eta, hala ere, arazoak izaten dira, elkarbizitzan gertatu ohi denez. Jazarpen- edota bazterketa-kasuak aztertzen hastearekin batera, bilerak egiten ditu umeekin Jabetu/BAT taldeak. Ustezko erasotzailearen kasuan, elkarrizketa bat egiten da, eta konpromiso batzuk hartzen dira umearekin; familiari ematen zaio horren berri, konpromisoak bete ditzaten eta horren inguruan etxean hitz egin dezaten. “Kontuan izan behar dugu askotan erasotzaileek ez dutela ondo pasatzen, eta aukera bat izaten dela familientzat askotan, modu positiboan begiratuta, umea zer egoeratan dagoen konturatzeko; hortik bideratzen dugu esku-hartzea”, azaldu du aholkulariak. Zuzendariak azaldu duenez, behin erasotzailearekin gertaerak kontrastatu eta horiek onartzen dituenean, erori egiten da. “Saiatzen gara egiten duten hori eta haiek zelan sentitzen diren lotzen, eta behea jotzen dute; pisua askatu egiten dute, eta guk korapilo hori askatzen laguntzen diegu”. Olabarriren esanetan, ez badago beste dimentsio bateko arazoren bat, kasuak nahiko ondo bideratzen dira normalean. “Baina elkarlana eta komunikazioa ezinbestekoak dira, beti enpatiatik eta sekula ez epaiketatik”.
Eta emaitzak ikusten dituzte haurren artean, zortzi urteko ibilbide gorabeheratsu eta neketsu honen ondoren: “Haurrak hobeto daude”, dio aholkulariak. “Lan handia dago atzean, baina funtzionatu egiten duela ikusten duzu, plan bat dagoela, egituratuta dagoena, gorputza daukana eta seriotasuna daukana; eta, horren guztiaren ondorioz, umeak hobeto daudela ikusten dugu, eta hori da familiek eskatzen dutena, dagoeneko dinamika honi heltzeko ohitura baitaukate eta elkarbizitzaren kultura zabalduta baitago”, azaldu du Erauskinek.
Jazarpena, gizarte-bazterketa, genero- edo sexu-aukeragatiko salbuespena, arrazakeria… gertatu izan dira, bai; baina Otxandiokoa ez da bizikidetza-arazo gehiago gertatzen diren eskola bat berez, ezta hurrik eman ere. “Gaia kuantifikatzen gaitza da —dio zuzendariak—, ez baitakigu eskola bakoitzak non daukan bere tolerantzia-atalasea”. Otxandioko eskolan, sistema guztia martxan jartzen dute, bazterketaren lehen susmoa hartzearekin batera: “Haur bat urtebetetze-festa batera gonbidatu ez dutelako haren gurasoak kezkaturik agertzen badira, edo ume bat jolas-orduan negarrez ikusten badugu, alarmak pizten ditugu”. Ramos zuzendari denez geroztik, zortzi urtean, 27 kasu ikertu dituzte eskolan, eta horietatik % 5-10 inguru jazarpen moduan ebatzi eta jorratu dituzte. “Kasu gehienak, zorionez, ikerketa-prozesu horretan geldiarazteko aukera izan dugu, eta ez dira jazarpenera iritsi; baina, ikerketa bat martxan jartzen dugunean, ez da zorakeria bat izaten; normalean, badago zerbait hor atzean, badago sufrimendua eta badaude negarrak, eta horiek ere moztu egin behar dira. Horren ondorioz, bullyinga izan zitezkeen kasu batzuk moztu egiten dira ikerketa-prozesua hasten dugunean, eskalada horretan ez diogulako uzten sufrimenduari gora heltzen”.

Koordinazioa eta jasangarritasuna
Jazarpenaren inguruko lana oso gogorra da emozionalki, bat datoz horretan zuzendaria, aholkularia eta tutorea; gainera, jarraipenak, behaketak, dokumentazioak, txostenek, batzarrek eta bestek ordu asko hartzen dituzte, ohiko lanez gain. Hori guztia era jasangarrian egitea ezinbestekoa izan zen hasieratik, zuzendaritzako taldearentzat. “Hau ezin da izan irakasleek, tutoreek eta aholkulariak beren orduetatik kanpo egingo duten lan bat; bost, hamar edo berrogei urtetan jasangarria izan behar du honek, eta neurtu eta indarrak optimizatu egin behar dira; horretarako, ezinbestekoa da dinamikak eta plangintza ongi antolatzea”. Abaroa eskaini dio Bizikasi proiektuak lehendik egiten ari ziren lanari, plangintza guztia sistematizatzen eta ordenatzen lagundu baitie. “Sare bat eginda daukagu, baita egitura bat eta programazio oso bat ere”, azaldu du Olabarrik. Honako hau da Otxandioko eskolak jazarpenari aurre egiteko eta elkarbizitza positiboa sustatzeko daukan egitura:  
- Jabetu/BAT taldea: eskolako zuzendaria, idazkaria, zeina aldi berean HHko irakaslea eta jantokiko arduraduna den, ikasketaburua eta aholkularia batzen dira Jabetu/BAT taldean. Interesa duten irakasleek ere taldean parte hartu dezakete. Jazarpen- edo bazterketa-kasuak izan daitezkeen susmoa dutenean, kasu horien jarraipena, behaketa eta koordinazioa egiteaz arduratzen dira, bai eta haurrekiko, familiekiko nahiz kanpoko eragileekiko komunikazioaz ere. Astean bi bider elkartzen da.
- Elkarbizitzako batzarra: LHko gela bakoitzak bina ordezkari aukeratzen ditu, eta, horiekin batera, aholkularia, idazkaria eta zuzendaria batzen dira elkarbizitzako batzarrean. 5. eta 6. mailetako ikasleek gidatzen dute batzarra, eta eurek jasotzen dute akta eta egiten dute hurrengo deialdia. Bileran, eurek proposaturiko gaia jorratzen dute, eta, ondoren, bakoitzak bere gelan azaldu beharko du han gertatutakoa, eta erabaki, bozkatu nahiz proposamenak jaso beharko dituzte hurrengo batzarretarako. Hilean behin egiten dute batzarra, eta hurrengo tutoretza-saioarekin koordinaturik jorratzen da gaia (batzarretik hamabost egunera).
- Postontziak: LHko 3. mailatik aurrera balia dezakete ikasleek postontzia, kexa edo arduraren bat azaltzeko, anonimotasuna mantenduz. Irakasleek astean behin postontzia zabaldu eta mezuak irakurtzeko konpromisoa hartzen dute, eta, gaiaren arabera, ikaslearekin zuzenean edo gelan landuko da gaia. Irakasleek diotenez, gaur egun hasieran baino gutxiago erabiltzen dute ikasleek postontzia, eta, agian behar bezala sustatu ez delako izan badaiteke ere, uste dute umeek orain errazago jotzen dutela aurrez aurrekora.
- Konfiantzazko pertsona: ikasle bakoitzak bere konfiantzazko heldua dauka, zeinari bere kezkak edo ondoezak adieraz diezazkiokeen. Umeak eurak dira norekin hitz egin nahi duten aukeratzen dutenak. Aholkularia izan ohi da askotan, baina norberaren tutorea edo beste irakasleren bat ere izan daiteke. “Ume bat zerbait kontatzera etortzen bazaio, irakasle guztiek badakite entzun egin behar diotela, eta tresnak ematen zaizkio elkarrizketa bat bideratzeko”, azaldu du zuzendariak.
- Bakarkako tutoretzak: LH1etik aurrerako ikasle guztiek gutxienez bakarkako bilera bat egiten dute tutorearekin hiruhileko bakoitzean. Ikasle bakoitzarekin lasai hari buruz berba egiteko tartea izan ohi da, akademikoki nahiz beste alorretan zelan sentitzen den azaltzeko.
- Test soziometrikoak: informazioa jasotzeko baliagarri diren test zuzen eta errazak dira, normalki Jabetu/BAT taldeak interpretatuko dituenak. Test horiek askotarikoak dira; batzuek ikasleek beren burua eskolan zelan ikusten duten azaltzeko balio dute (akademikoki, sozializazioan...); beste batzuk detekziorako testak dira. Test soziometriko batzuk eskolan bertan sortuak dira. Test horiek bakarkako tutoretzekin lotuta daude.
- Hiru Begi: irakasle guztiek haur baten gaineko informazioa emateko sorturiko tresna da. Ikasle guztien jarraipena egiteko baliabidea da, eta, inolako susmo edo zalantzarik izanez gero, erreminta bat edo beste, edo esku-hartze bat edo beste egiteko aukera zabalduko litzateke.
- Ikasturte osoko dinamikak: ikasturte osoan zehar, hainbat dinamika egiten dira elkarbizitzarekin lotuta. Hasteko, talde-kohesiorako dinamikak egiten dituzte ikasturte hasieran. Ondoren, bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, gatazkaren kudeaketari begirako dinamikak egiten dira, gatazkak daudenean nola bideratu jakiteko, trebetasun sozialak lantzeko, generoa, sexu-aniztasuna eta bestelako aniztasunak jorratzeko…
- Egun berezietako dinamikak: ikasturtean zehar, San Valentin eguna, inauteriak, martxoaren 8a, azaroaren 25a… eta antzeko egunak baliatzen dituzte hainbat gai jorratzeko, hala nola maitasun erromantikoa zalantzan jartzeko edota sexu-aniztasuna, gorputz-ereduak, heteroaraua eta horrelako gaiak lantzeko.
- Prestakuntza: 5. eta 6. mailetako ikasleek cyberbullyingari buruzko prestakuntza jasotzen dute.
- Behatokia: elkarbizitzako gaiak komunitatearekin lantzeko bilgunea da. Jabetu/BAT taldeko kideez, eskolako irakasleez nahiz jantokiko begiraleez gain, guraso-elkarteko partaideak, udalekoak, kanpoko eragileak nahiz ikasleak elkartzen dira gune honetan.

Elkarbizitzaren aldeko apustua
Bullyingera irits zitezkeen jazarpen-
egoerak saihesteaz gainera, elkarbizitza osasuntsuagoa ereitea zelai zabal batean ereitea da, elkarbizitzak gai asko ukitzen baititu, hala nola arraza edo etniagatiko bazterketa, gizarte-bazterketa, genero eta aukera sexualagatikoa, estereotipoengatiko salbuespena… “Era batekoa edo bestekoa izan, desberdintasuna oso zigortuta dago gure gizartean, eta baita eskolan ere. Beraz, prebentzioan ari garenean, aniztasuna zentzu askotan landu behar da”, azaldu du eskolako aholkulariak. Bere burua transtzat zuen ikasleari esker, eskolak hausnarketa sakona egiteko eta genero aniztasunean pausoak emateko baliatu zuen erronka aukera bihurtuz: “Genero-ikuspegia asko landu dugu, eta, orain, gure eskolako eredua ez da bitarra”, azaldu du Olabarrik. Horrek curriculum osoa, agerikoa zein ezkutukoa, aztertzera eraman ditu, eta alor guztietarako (hizkuntzetan, matematikan zein beste edozeinetan) hezkidetzan oinarritutako materiala sortzera. Orain, proiektuka lan egiten hasi direlarik ere, proiektu bakoitzak hezkidetza nahiz beste alorretako aniztasuna landu behar du berariaz. “Garbantzua sartuta daukagu oinetakoan; ikasleei proposatzen diegun hori guztia zalantzan jartzen dugu beti, elkarbizitzaren, bazterketaren eta generoaren ikuspuntutik”, azaldu du zuzendariak. “Behin elkarbizitzaren betaurrekoak janzten dituzunean, ez duzu bazterketarik onartzen; ikasle guztiak onartuak eta errespetatuak direla ikusi behar dugu; guztiak”, gehitu du Olabarrik. Eta hori, curriculumean eta materialetan ez ezik, asko zaintzen dute irakasleen jarreretan ere: “Gelan jarduera bat egiten dugunean, orientazio sexual desberdinetako adibideak jartzen baditugu, edo askotariko familiak, edo gorputz desberdinen irudiak, edo arraza desberdinetako gorputzen irudiak… ume guztiek beren burua islatuta ikusten dute aukera horien aurrean, eta keinu horiei garrantzia handia emate diete ikasleek: ume batek bere irakasleak jarri duen adibide horretan bere aukera, bere familia edo bere eredua ere sartu duela ikusten duenean, aintzat hartua sentitzen da, eta asko irabazten du irakasleak”.
Gaur egungo gizarte-eredu honetan elkarbizitza positiboa ereitea gaitza dela jabetzen dira Otxandioko irakasleak. “Badakigu esku artean daukagun erronka oso potoloa dela —dio zuzendariak—. Baina ez dago beste erremediorik. Badakigu faktore bat baino dela hezkuntza, baina bene-benetan heldu behar diogu gaiari, jakinda gu noraino heldu gaitezkeen.  Erronka handizalea da, baina erreala da. Badakigu zer muga ditugun. Oso identifikatua daukagu bidea, badakigu zer-nolakoak gertatzen diren; badakigu zelan heldu; baina, gero, hainbat faktore daude, kanpoko eragileak direnak, eta ezingo gara denera heldu. Komunitatea, ordea, gurekin dago oro har”. Eskolaz kanpoko eremuetan eta orduetan gertatzen diren arazoei ere erreparatzen die eskolak; urtebetetzeko jaietan, herriko jaietan eta ekitaldietan… “Ez dago beste erremediorik. Izan ere, eskolaz kanpo gerta litezkeen jazarpen- nahiz bazterketa-kasuak gero eskolara itzultzen direnez eta haurrak eskolan zein herrian berberak direnez, herriko eragileekin harreman zuzena du eskolak, izan eskolaz kanpoko jardueretako irakasleekin, kiroletako begiraleekin, udalekoekin… Baina argi daukagu noraino irits gaitezkeen”.
Eta argi daukate, halaber, tentsio horri eusteko eta jasangarri egiteko ongi egindako lana ere aitortu egin behar dela. “Txokolate-faktorea” deitzen dio zuzendariak. “Ondo egindako gauzak kontuan hartu eta nabarmendu egin behar dira. Oso gai latza da; handiak ez diren arazoak nahiko arin konpontzen dira; baina, beste batzuetan egoera hobetzea lortu arren, ez da jazarpena guztiz suntsitzen, eta oso kontziente gara gu horretaz. Beraz, oso inportantea da itzulketa positiboa jasotzea; bestela, oso mingotsa izango da bidea. Ume bat jagoten eta behatzen gabiltzanean, objektiboki ume hori hobeto dagoela ikusten badugu, egunean 5-6 istilu zituen ume batek astean bakarra baldin badauka, egoera asko aldatu da; bada, goazen esku-hartze horren onurak nabarmentzera. Zerbait aurreratu dela ikusteak dakartzan pozak barneratu egin behar ditugu, tarteka ontza bat txokolate jan behar dugu”.