Teknologia berriei buruzko kontsultak EMOKIri

2021-04-15

Jangelako arduraduna naiz eskolan, eta harrituta nago 3-4-5 urteko umeek zer jarrera dituzten jatorduetan. Etxean sakelakoarekin edo telebistarekin jatera ohituta daude. Gurasoei gaiaz hausnartzeko eskatu nahiko nieke, baina neuk ere ez dakit hitzez ongi azaltzen pantailak erabiltzeak zer kalte dituen. Lagunduko al didazue?

(Ainhoa Arruabarrena eta Jone Zalduegi) Haurrak jaio baino arinago, neurri batzuk kontuan hartzea izango litzateke komenigarriena. Baina arazoa gertu ikusi arte ez da ohikoa izaten honi buruz hausnatzea. Haur Hezkuntzako gurasoekin komentatzeko, ondoko neurriak aintzat hartzea ondo legoke:

 
 

- 0-2 urte bitartean ez da gomendatzen haurrek pantailekin inolako kontakturik edukitzea.

- 3-5 urte bitartean ez da gomendarria haurrak egunean ordu bat baino gehiago pantailen aurrean egotea.

- Pantailarekin otorduak egiten ohitzean, ez dauzkatenean ez dira kapazak izango era lasai eta egokian jateko, frustrazioa kudeatzeko gaitasunak oraindik garatu gabe izango dituztelako. Gainera, jaten dugunean beste gauzak egiten ditugunean bezala, arreta egiten ari diren horretan jartzen ikastea ezinbestekoa izango da, etorkizunean emozioen kudeaketa osasungarria egiten ikasteko.

- Haurrek imitazioz ikasten dute eta, lehenengo urteetan bereziki, ikasketa mota hori oso nabarmena izaten da. Horregatik, pantailen erabileran eredu nagusia hurbil dituzten pertsona helduak direla kontuan hartzea garrantzitsua da.

- Kasketa bat daukatenean edo nekagarri jartzen direnean, lasaitzeko eta gatazka hori gainetik kentzeko pantaila bat ematen badiegu, momentuko lasaitasuna izango dugu, baina etorkizunean haserrea eta frustrazioa kudeatzeko arazo itzelak izan ditzakete.

 

Ondo dakigun arren guraso izatea eta haur bat heztea izugarrizko lana dela, eta ez lan erraza gainera, izan gaitezen arduratsu bai haien etorkizuna eta ongizatea bermatzeko, eta baita jendarte osoarena ere.

Konturatzen gara 14 urteko semeari eguneko umorea aldatzen zaiola Instagramen dituen “like” kopuruaren arabera. Nik ere badakit “like”-ek zer-nolako bixipoxa ematen duten, baina semeari ikaragarri eragiten dio. Nola lagundu? Zer ondorio izan ditzake horrek?

LEHENIK ETA BEHIN, “like” kopuruaren eraginari buruz solasaldia izaten saiatzea komenigarria izango litzateke. Alde batetik, besteek uste dutenari buruz eta haien iritziak gure bizitzan duen garrantziari buruzko hausnarketa egitea interesgarria izan daiteke. Bestetik, “like”-ak automatikoki ematen direla eta sare sozialen benetako helburua zein den aztertu genezake.

Horretarako, gaia jorratzeko eta baliabide eta aitzikia moduan, guztiok batera Netflix-en dagoen El dilema de las Redes dokumentala ikustea aproposa izan daiteke. Dokumental hori era kritikoan ikusi behar dugun arren, azken finean Netflix bezalako plataforma batean baitago.

"Like"-ak sare sozialek mendekotasuna sortzeko daukaten estrategia boteretsuenetako bat dira. Ondo dakite zenbat dopamina askatzen dugun “like“-ak jasotzen ditugunean zoriontasun sentsazio hori eraginez. Gainera, pertsonon autoestimuan eta autokontzeptuan, eta baita gure kudeaketa emozionalean ere, izugarrizko eragina izan dezakete.

Hausnartzeko galdera interesgarri moduan ere, hurrengo hau planteatzen dizuegu: zertarako edo zergatik igotzen dugu argazki edo bideo bat sare sozial batera.

Guraso gisa, eta autokritika eginez, uste dugu guk geronek sartzen ditugula umeak txikitatik mugikorraren munduan: bideoak eta audioak grabatuz beste batzuei bidaltzeko, lagunen taldeak sortuz gure mugikorretan, bideoak ikusteko utziz gure sakelakoa... Alegia, ez dute mugikor propiorik, baina geureak erabiltzen uzten diegu. Interesgarria iruditzen zaigu guraso bezala hausnarketa hori egitea. Ezagutzen al duzue horren inguruko hausnarketarik, dokumenturik, bibliografiarik edo webgunerik

PANTAILAREN ERABILERARI dagokionez eta OME-k gomendatzen duenaren arabera, guraso bezala hausnarketa hori egitea inportantea iruditzen zaigu eta guk ematen ditugun saio eta tailerretan komentatzen ditugun gomendio batzuk hauek izaten dira:

 

- 0-2 urterekin ez da gomendagarria inolako pantailarik erabiltzea, ahalik eta gehien saihestea izango litzateke egokiena.

- Eguneroko ekintzak egiteko guk telefonoa gainean ez edukitzea komenigarria da.

- Nahiz eta oso zaila iruditu, argazkiak eta bideoak egitea ahalik eta gehien murriztu.

- Familia eta lagunekin partekatzen dugun materialari arreta handia jarri eta ez badugu haiek galerian edukitzea nahi, ikusi eta gero ezabatzeko eskatu diezaiokegu.

Artikulu hauetan gehiegizko erabilerari buruzko hausnarketa egiten dute eta zeozer zehatzagoa antolatzeko gure webgunetik edo korreo elektronikotik, gurekin harremanetan ipini zaitezke.

www.emoki.eus/info@emoki.eus

- faros.hsjdbcn.org/es/articulo/ninos

- infobae.com/salud/2019

- vcm.emol.com/4533/investigacion.

Kezkatuta gaude sare sozialetan agertzen edo baimenik gabe sartzen diren
iragarkiekin. Hori legezkoa da? Badago horiek saihesteko modurik?

INTERNETEKO WEBGUNEETAN eta sare sozialetan publizitatea denetarikoa dela argi dago. Alde batetik, guk sare sozialen batean kontu bat egitean, haiek ipinitako arauak eta cookies politikak onartzen ditugu eta egiten ditugun “klik” guztiek ikusiko dugun edukiarengan, eta noski, publizitatean, eragina izango dute. Bestetik, hau saihesteko modurik egokiena adblocker bat instalatzea izango da.

Eta, zertarako adblocker bat eduki? Adblocker-ak iragarkiak blokeatuko ditu eta edozein motatako iragarkiak ezabatuko ditu erabiltzen ditugun web orrialdeetan. Horrela, erabiltzaile moduan esperientziak babes eta segurtasun handiagoa izango du.