Mindfulness-a: zaintzaren etikarantz

2021-05-18

'Mindfulness e identidad docente' (Mindfulness-a eta hezitzaile nortasuna) goiburua du Naiara Gorroño Viterik argitaratutako tesiak. Ikus-entzuneko zientziatan lizentziaduna eta Psikodidaktikan doktore den irakasle eta ikerlari honi, ikerketa lan hau galdera batetik sortu zitzaion: mindfulness ikastaro hauek zerbaitetarako balio ote die? Irakasleekin elkarrizketak egiten eta haien errelatoak
entzuten, meditatzen zutenean zer gertatzen zen ikertu du doktorego tesian. Aurkitu duen ondorio nagusia zaintza erdigunean jarri behar dela izan da; zaintzarik ez badago, bizitzarik ez dago. Zaintza diskurtso hutsetik praktika bat izatera igaro beharra aldarrikatzen du eta praktika hori meditazioaren bidez izan daitekeela. Mindfulnessarekin hasi eta zaintzaren etikarako bidaia izan da tesia. 

 
 
Mindfulness-a: zaintzaren etikarantz

M

odan dagoen hitz bat baino askoz gehiago da mindfulness-a. Naiara Gorroñok urteak daramatza irakasleak meditazio bide honetan formatzen eta jakin-minetik irakasle haietako batzuei elkarrizketak egiten hasi zen. Hiru zutabe batzen ditu bertan: meditazioa, norbanakoa eta zaintzaren etika. Doktorego tesian defendatzera iritsi den ondorio nagusia oso garbi azaltzen du: zaintza erdigunean jarri behar da. Baina, zer da zaintza erdian jartzea? “Lehenengo ulertu egin behar dugu zaintza zer den eta gero ikasi egin behar dugu zaintzen, ez dakigulako —aurkeztu dio Hik Hasiri bere tesiko ildoetako bat—. Gizarte honetan zaintzari bizkarra emanda bizi izan gara eta ez dugu ulertzen zaintza bizitzaren oinarrizko ezaugarrietako bat dela”. Baina zergatik eman diogu bizkarra? “Zaintza emakumeek egin duten zerbait delako, etxe barruan gertatu dena eta gizarte kapitalista honek dirua sortzen ez duen ezer ez duenez baloratzen, zaintza desterratuta egon da”. Gorroñorentzat feminismoarekin elkartze eta ulertze bat ekarri du aurkikuntza honek eta zaintzaren etikak feminismoaren ikuspegitik eta meditazioak budismoaren begiradatik komunean dituzten sustraiez jabetzeko ere balio izan dio.

Arestian esan bezala, oraintxe dago modan hitz hori, baina nondik dator mindfulnessa? 70eko hamarkadan AEBetan sortu zen budismoan oinarritutako korronte bat da. Hango unibertsitate batzuetako ikerlariak Indiara eta Asiako Hego Ekialdera egindako bidaian yoga eta meditazioa ezagutu zituzten eta zientzia mental haiek haien herrialdetara ekarri zituzten. Hala ere, AEBetan mindfulnessak arrakasta izateko jatorriko espiritualtasun zantzuak kendu behar zituztela erabaki zuten, hangoek bestela ez zutelakoan ontzat hartuko. Esan eta egin, testuinguru psikologiko bat eman zioten, osasun testuinguru bat eta zortzi asteko programa bat osatu zuten. Gaixo zeudenekin egin zuten esperimentua eta arrakasta zuela ikusi zutenean zabaldu zuten gizarteko esparru guztietara. “Bere argi-ilunekin. Argia, onura asko ekar diezazkiekelako pertsonari eta gizarteari, norberaren buruarekin erlazionatzeak, bizitzen ikasteak. Eta iluna, kontsumorako beste erreminta bat bilakatu daitekeelako. Arrisku hori hor dago.”

 

Gizarteari kritika

Mindfulness hitzaren esanahia “arreta osoa” da eta Gorroñoren ustetan garrantzitsua da ulertzea praktika honen boom-a arreta falta ikaragarria dagoen gizarte batean eman dela; hainbeste estimuluk, teknologia berrien erabilerak, eta, besteak beste, munduaren ugaritasunak erraztu duela hori: “Gure arreta hamaika gauzatan jarrita dugu eta ez gaude inon”. Mindfulnessak mundua ulertzeko beste modu bat eskaintzen du, meditazioa egiten hasten garenean konturatzen baikara gure gorputz barnean mundu bat dagoela eta mundu hori ere garrantzitsua dela. Momentu horretan gure barnekotasunarekin, pentsamenduekin eta emozioekin erlazionatzen hasten gara, norberaren nortasuna ezagutzen, eta honek indibidualista eta egoista irudi lezakeen arren, aurkakoa gertatzen dela sinisten du Gorroñok: “Benetan bide hori egiten dugunean eta geure burua ezagutzen dugunean, ulertzen dugu ni ez naizela zu gabe. Ni interdependiente bat naizela. Guztiok gaudela guztiokin barku honetan eta azkenean nik zuri egiten dizudanak eragin bat duela nigan. Gu gurekin ongi gaudenean hobeto gaude besteekin”. Budismoak eta feminismoak interdependentziaren ideia eskaintzen dute, hau da, gizakiak ez garela autonomoak, harremanetan gauden pertsonak garela. 

 

Zaintza erdigunean

Zaintzaren beharraz konturatzea eta, batez ere, irakasleek nolako premia duten ohartzea izan da tesiaren ikaspen handiena. Eta zergatik irakasleena bereziki? Gorroñoren aburuz, euren lana oso gogorra delako eta gizarteak ez duelako onartzen eta ulertzen. Irakasleak haien burua zaintzen ikasi behar dutela dio: “Zuk zeure burua zaintzen ez baduzu, ezin zara eskura egon beste batentzako, ezingo duzu beste bat zaindu”. Zaintza zer den ulertzeko praktika bilakatu behar dela dio, ezin duela diskurtso soil bat izan. Alegia, gorputza zeharkatu behar duela dio, bestela eslogan batean gera daitekeelako, diskurtso kontsumista batean. 

 

Meditazioa praktika bilakatzea onuragarria litzateke, tesiaren arabera, oinarrizkoena arreta lantzea delako eta meditazioak hori bera eskaintzen duelako: “Zaintzen dugunean zer da egiten dugun gauzarik garrantzitsuena? Arreta eskaintzea. Ni ume bat zaintzen ari naizenean, zer egiten dut? Arreta beregan jartzen dut”. 

 

Meditazioa autozaintza keinu bat da, Gorroñoren tesiaren arabera, geratzea baita lortzen duen lehen gauza, eta tesian parte hartu zuten irakasleek behin eta berriro errepikatzen ziotena, hain zuzen ere, hori zen, “hezkuntza oso azkar doa”, zioten. Autoezagutzarako aukera ere ematen du bide horrek, dena azkar doan mundu honetan barruan zer dugun ikustea ahalbidetzen baitu. Autoezagutzak emozioak ulertzera eta ezagutzera garamatza ekintza eta kontsumoa bultzatzen duen gizarte eredu honetan. “Bizi garen gizartea produktibitateri begira bizi da eta hezkuntza ez da salbuespen bat; hezkuntzan gauzak lortu behar dira, akademikoki begiratzen delako bertan egiten dena. Beraz, zaintza erdigunean jartzeak esan nahi du ez baditugu afektibitatea, barne mundua eta elkarren arteko harremanak begiratzen, ez garela oso urruti iritsiko. Ez dugu ulertzen oraindik ekonomia feministak esaten duena: piramidearen goiko aldean daudenek (esaterako, arkitektoek, enpresarioek, finantzarioek), ez balute izango piramidearen azpian den gehiengoa (zaintza lanak egiten dituztenak), ez lirateke existituko”. 

 

Irakasleengan fokoa jarrita, aldiz, irtenbidea irakasleentzako zaintza-eskolak sortzea dela dio. Zainduak sentituko diren espazio bat izatea, alegia. Zainduak nola? Hiru gako aipatzen ditu Gorroñok: meditazioa, natura eta dantza. “Eta honekin esperientzia zaintzaileak bizitzea ahalbidetuko genuke, zainduta sentitu, gero hori zuk eraman ahal izateko. Kontuan hartu behar dugu, gainera, irakasle gehienak emakumeak direla eta emakume moduan gero etxeko lanak eta etxeko zamak izan ohi dituztela haien irakasle lanaz gain”. 

 

Nola landu eskoletan

Gorroñoren ustez, hiru modutara eraman daiteke mindffulnessa ikasgeletara:

Kanpoko norbait etorri daiteke astean behin ikasleekin eskola bat ematera.

Irakasleak berak bere egoteko modua landua izan dezake, eta zehazki mindfulness egin ez arren “mindfulness jarreran” egon daiteke.

Irakasleak berak praktikak egin ditzake ikasleekin.

 

Tesian irakasleengan jartzen du Gorroñok fokoa eta indarra: “Azkenean mindfulnessa egiten hasten direnean edo barnekotasunarekiko jarrera bat daukatenean, emozionalitatea, afektibitatea, harremanak, irribarre batek izan dezakeen boterea… ikusten hasten dira.”

 

Irakasle bakoitza unibertso bat da, 250 irakasleri eman dizkie formazioak Gorroñok eta bakoitzak bere modua omen du ikasitakoa geletara eramateko. Ikastaroetara joaten diren irakasleak sentsibilitate berezi bat dutela dio, irekiak daude eta bertan arreta, arnasketa, gorputza, pentsamenduak, emozioak eta harremanak lantzen dituzte. HH, LH eta DBHko irakasleekin landu du mindfulnessa formazioetan. Bestalde, badira mindfulnessaren sistematizazioaren beharraz hitz egiten duten ahotsak ere. Horretarako, baina, Gorroñoren ustez irakasle asko formatu behar dira eta ohartarazi haiek egin behar dutela lana eta hori gorpuztean topatuko dutela euren ikasgeletara eramateko modua. Garrantzi handiegia ematen zaio “nola txertatu” galderari, tesiaren egilearen arabera: “Irakasleei beti esaten diet, lehenengo asteetan behintzat, ikasitakoa gelara eramateko ideia ahazteko, haurrei eskaintzeko dagoen onena, nire ustez, irakaslearen presentzia da, irakaslearen egoteko modua. Nik uste dut hori dela mindfulnessak eta zaintzaren etikak eskaintzen duten gauzarik garrantzitsuena: entzuten dakien irakaslea.” 

 

Aurrera begirako egitasmoak ez dira falta. Batetik irakasleentzako zaintza eskolak sortu beharra azpimarratzen du Gorroñok eta badu ikasleei begirako proiektu bat ere: pandemiaren ondorioz oso gaizki pasatzen ari diren Batxilergoko ikasleentzat arnasketa erakusteko online ikastaro bat egiteko asmoa du. 

 

Esperantza da, finean, tesi honek ekarri diona, “bertan ikusi ditut lehen lerroan, egunero-egunero borrokan ari diren emakume zoragarri pila bat. Esperantza eta geroa geu gara, helduak, eta elkar zaindu behar dugu”. 

Esperientziak: 

1-  Zer ekarri dizu mindfulnessak? 

2- Formazioetan ikasitakoa txertatzen al duzu ikasgelan ikasleekin? Nola?

3- Zein garrantzi edo onura ikusten dizkiozu mindfulnessari?

Kariñe Errazkin Manso Leizaran BHI, Andoain: “Motxilak emozionalki arintzen lagundu beharrak eraman ninduen bide berriak ezagutzera”

1- Mindfulnessaren berri, lehenengo aldiz, irratiz izan nuen Naiara Gorroñori egiten ari zitzaizkion elkarrizketa baten bidez. Handik aurrera, berak ematen zuen irakasleentzako formakuntza batean aritu nintzen. 

 

Hogei urte badira irakaskuntzan nerabeekin lanean hasi nintzela. Bagoaz, batzuk behintzat, adinean gora eta gure ikasleak beti dira nerabeak. Haiek beti dute adin bera.Oskola hautsi, habiatik atera, munduan beren burua kokatu eta beren bizitza proiektua zirriborratzen hasi dira. Orain arte erreferente izan diren helduen, guraso eta irakasleen esan eta aholkuak zalantzan jarri, goitik behera eraitsi, edota erronka-jarrerak hartzen dituzte nerabezaroan. Bestetik, kanpoko estimulu gaindosia bizi dugun gizartean hazten ari dira gazteak, eta hala bizi gara helduok ere. Estimulu gaindosi horretan, gauzak egin eta lortzeko berehalakotasun horrek, dena berehalako klik batera eduki eta gauzak berehala lortze horrek patxada galera ekarri digu. Horrez gain, eskola publikoaren egungo testuinguru soziologikoak erronka berriei egin behar die aurre. Bazterketa sozialaren mugan edota bizimodua aurrera ateratzeko zailtasun handiagoak dituzten familietako ikasleekin ere aritzen gara.

 

Nerabezaroaren ezaugarriez gain, ikusten nituen erronka berri erantsi horiek eraman ninduten beste begirada bat, lanerako beste baliabide batzuk bilatzera. Motxilak emozionalki arintzen lagundu behar horrek, eskolan, bide akademikoaz gain, edota bide akademikoarekin batera, beste bide bat ere ibili eta landu behar zela konturatzeak eraman ninduen bide berriak ezagutzera. Ikasleekin harremana eraiki eta landu behar da eduki akademikoetara ailegatu baino lehen. Hala ere, ez dugu gure ibilbide akademiko guztian adimen emozionaleko formakuntzarik jaso.  

 

Arrazoi horiek denek eraman ninduten mindfulnessera. Mindfulnessak gelditzeko gonbitea egiten du. Gelditu, arnasa hartu, begirada zorroztu, patxadaz begiratu, begirada aldatu, ispilua barrura eta kanpora jartzeko baliabideak ematen ditu. Mindfulnessak bide horretan zapatak urratzen hasteko aukera ematen du. Hori bai, behin hasiz gero, landu eta elikatu beharreko alor bat da. Behin hasiz gero, ikasleek eskatu egiten dute. Erabat kontziente izan gabe, agian, baina baliagarria zaiela ikusten dute eta eskatu egiten dute mindfulness tartetxoa.

 

2- Aurten, klaserik ematen ez badut ere, eskolan bizitzen ari garen urte bitxi eta neurritsu honetan, mindfulness premia ikaragarria dagoela iruditzen zait. Ikasleen arlo emozionalaz komeni baino gutxiago hitz egiten dugula iruditzen zait; komeni baino arreta gutxiago eskaintzen zaiola uste dut. Ez dugu zoritxarrez, eta, oro har, ohiturarik. Ez gaude horretan trebatuta. Eskolan, nik ezagutzen dudan inguruan behintzat, bide luzea dugu egiteko.  

 

3- Mindfulnessa oso baliagarri gerta dakigukeela iruditzen zait. Gu ez gara psikologian adituak, ez dugu adimen emozionalean formakuntza akademikorik oro har, baina hezkuntzan geure alea jar dezakegu irakasleok. Ez ditugu gure ikasleen eta familien arazoak konponduko, baina badugu beraien bizitza, emozio edota arazoei beste begirada bat eskaini eta beste begirada bat eskura jartzeko betebeharra. 

Garrantzitsua iruditzen zait tresna hauek ezagutaraztea, gazteak trebatzea eta meditazioan barneratzea, eta txikitatik bada, hobeto. 

Agurtzane Olazagoitia, LH4-ko tutorea Axular Lizeoan: “Praktikari esker, euren buruaz gehiago jabetzen dira ikasleak: gorputzaz, emozioez, pentsamenduez eta jokabideez”

1- Mindfulness praktikak gauza asko ekarri dizkit arlo pertsonalean eta baita irakasle bezala ere, adibidez, arnasketaren garrantziaz jabetzea, eta horrek gela batean zenbat aldaketa ekar ditzakeen konturatzea. Gelditzea, ingurura begiratzea eta hausnartzea eman dizkit mindfulnessak, askotan gizarte honetan abiadura bizian goaz eta ez dugu orainaz gozatzen. 

 

2- Bai, gure ikastolan mindfulnessa txertatua dago, sistematikoki lantzen dugu maila guztietan. Finkatuta dugu mailaka zer egin: arnasketak, Marina Pintosen erlaxazioak, hainbat mantra, arreta lantzeko ariketak eta maila batzuetan saio bereziak egiten dituzte.

 

3- Mindfulness praktikak ikasleengan onura ugari ditu. Gure ikasleek neke, estres, urduritasun, antsietate eta bestelakoei aurre egin diezaieten baliatzen duten teknika da. Eguneroko mindfulness jardunaren bidez, ikasleak zentratzeko eta kontzentratzeko gaitasuna garatzen dute. Praktikari esker, beren buruaz gehiago jabetzen dira: beren gorputzaz, emozioez, pentsamenduez eta jokabideaz; horrek guztiak autokontrola eta autoerregulazioa areagotzen du, aldi berean euren buruekin zein ingurunearekin dituzten harremanak hobetzen laguntzen die eta beraien arteko harremanak osasuntsuagoak izan daitezen ahalbidetzen du.

 

Gelan entzute aktiboa eta orainean egotea areagotzen du mindfulnessaren praktikak. Haurra bere buruarekin konektatuago baldin badago, besteekin eta gaiarekin konektatuagoa egotea errazagoa da. Emaitzak eguneroko entrenamenduarekin etortzen dira eta ikasle guztiek ez diote etekin berdina ateratzen. Denbora behar da eta eguneroko bizitzan praktikatu.

 

Fernando Zuazo Onagoitia, ETH-Gipuzkoako hezkuntzako etxez etxeko zerbitzuko DBHko arduraduna: “Gaixorik dauden zenbait ikaslerekin landu dut mindfulnessa”

1- Mindfulnessa neure buruaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko tresna ona iruditzen zait. Tresna sinple eta sakona da, aldi berean. Batez ere une konplexuetan erlaxatzen laguntzen dit eta une lasaietan nola erlazionatzen naizen ikusteko eta nire barne zein inguruneko aldagaiekiko erantzun egokiagoak emateko lagungarria egiten zait.

 

2- Une honetan ez naiz eskolak ematen ari, baina azken urteetan gaixorik dauden ikasleak izan ditudanez, zenbait ikaslerekin landu dut mindfulnessa. Bi orduko saioen hasieran, bai ospitalean zein etxeetan, egin izan dugu praktika, une lasaiak eta kontzentrazio handiagokoak lortuz. Orain helduekin lan egiten dut eta beraiekiko harreman sakonagoak eta lasaiagoak izaten laguntzen didala uste dut.

 

3- Esan dudanarekin, uste dut, garbi dagoela niretzat onurak besterik ez dituela mindfulnessak, bai norberaren ezagutzan, bizitza era lasaiagoan aurrera eraman ahal izateko eta baita inguruarekiko eta pertsonekiko harremanetan ezagutza handituz ere.

 

Ibane Lopez Honardo, Haur Hezkuntzako irakaslea Mundaiz ikastetxean: “Hainbat egoeraren aurrean erreaktiboa izan ordez, erreflexiboa izaten saiatzea dakar”

1- Bizitza beste modu batean hartzen dut. Saiatzen naiz “orain eta hemen” egoten; familiarekin, lagunekin eta noski, lanean ere bai. Batzuetan zaila bada ere orainean pentsatzen dut, nire esku dauden arazoak eta eginkizunak aurrera ateratzen ditut eta nire esku ez dauden gauzekin gehiegi larritzen edo antsietaterik ez edukitzen saiatzen naiz.

 

2- Haur Hezkuntzako andereñoa naiz, hortaz, mindfulnesseko saioak ez ditut egiten haurrekin, baina mindfulnesseko hainbat erreminta erabiltzen eta txertatzen ditut. 

 

Arnasketa: eguneroko errutina bilakatu da, egunari hasiera emateko borobilean eseri eta hiru arnasketa sakon egiten ditugu, denok elkarrekin, eta nik neuk ere bai. Esku bat bularrean jarrita eta bestea sabelean, gure arnasketaren kontzientzia hartzen dugu. Horri esker, ikasleek buruan dituzten gauza gehienak alde batera uzten dituzte eta beraien kontzentrazioa arnasketara bideratzen dute. Horrekin haurren arreta gelara ekartzea lortzen dugu “orain eta hemen” gaude, eguna hasteko prest. Hainbat arnasketa egiten ditugu egunaren beste hainbat momentutan: urduri samar daudenean, istilu bat egon denean...

Entzutea aktiboa ere egiten dugu, eta baita Meditazioa ere: arnasari garrantzia emanez, begiak itxita bidaia batera gonbidatzen ditut. Nire ahotsean kontzentratuz hondartzan, mendian edo beste toki batean gaudela irudikatzen dute, toki horretatik gidatzen ditut eta beraiek arretarekin jarraitu behar dute bidaia. Helburua erlaxazioa dirudien arren, arreta eta kontzentrazioa lantzea da benetako nahia.

 

Masajea: musika lasaiarekin gure eskuak edota objektuak erabiltzen ditugu laguntxoari masajea emateko.

 

Krotaloak: bi txindata txiki hauek lanean hasteko erabiltzen ditut. Hiru aldiz jotzen ditut; aurreneko ding-a ondo esertzeko deia da; bigarrengoa lasai egoteko eta bukatzeko, hirugarrengoa, lanean hasteko.

 

3- Eguneroko gertakizunen kontzientzia edukitzen laguntzen du; benetako arreta jartzen. Hainbat egoeren aurrean erreaktiboa izan ordez, erreflexiboa izaten saiatzea dakar. Gure esku ez dauden gertakariak onartzen, aldatzen ez saiatzen ikasten da eta hori abiapuntutzat hartuta aurrera egiten.