Generoaren eraketak dakarrenaz kontzientzia hartzen

2021-06-03

Hezkidetzatik hasi eta pedagogia feministarako jauzia egin dute Irungo Toki Alai institutuan DBHko ikasleekin. Lau mailatan zehar hezkidetzarekin lotutako gaiak eta jarduerak curriculumaren barruan lantzeaz gain, horren guztiaren jatorria eta zergatiak arakatzen dituzte, kontziente izateko eta, horrela, gizarte parekideago bat lortzeko bidean urrats gehiago egiteko. Lanketa horrez gain, aurten DBH 4-ko ikasleekin generoa nola eratzen den eta horrek denen bizitzan zer-nolako eragina eta ondorioak dituen aztertu dute.

 
 
Generoaren eraketak dakarrenaz kontzientzia hartzen

T

oki  Alai BHI ikastetxeko Hezkidetza Batzordeak, 2020-2021 ikasturtean, erabaki zuen generoaren eraketa eta horren ondorioak aztertzea DBHko 4. mailako ikasleekin, Eusko Jaurlaritzaren II. Hezkidetza Planean jasotako hainbat zutabe landuz: pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean, berdintasunezko hezkuntza afektibo-sexuala, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria-kasuetan esku-hartzea.

Hezkidetza Batzordeko arduradunak, Beatriz Rubiok, azaldu du nondik sortu zen gai hori lantzeko beharra: “Hezkidetza Batzordeak garatutako beste hainbat ekintzaren balorazioak ikusita, ondorioztatu genuen gure ikasleek generoaren eta sexuaren arteko desberdintasunak ulertzeko premia zutela. Sistema patriarkalak emakumea menpeko sexua bihurtzen duela-eta, horrek emakumezkoengan dituen ondorioak aztertu izan ohi dira (indarkeria, soldata-arrakala, kristalezko sabaia, emakumeen ekarpen historikoak desagertuta egotea, hainbat lan eta balio egoztea, amatasuna…); baina, ikasleekin, sistema patriarkal eta hegemonikoaren sustraietara jo nahi izan dugu, eta generoa nola eratzen den aztertu; generoaren eraketa sozialaz jabetu, beste hitz batzuekin esanda”.

Horretarako, lehendabizi, ikasleek beren esperientziak, balioak eta itxaropenak azaldu zituzten; ondoren, sexuaren arabera konparatu zituzten, eta, azkenik, generoaren definiziora helduta, horrek norberaren bizitzan zer rol jokatzen duen jabetu ziren.

Guztira DBHko 4. mailako 105 ikaslek hartu dute parte lanketan, 41 neskak eta 64 mutilek. “Jarduera hasteko, bi taldetan banatu genituen, mutilak alde batetik eta neskak bestetik. Horretarako, generoaren araberako taldekatzeak egin ziren, ez sexu biologikoaren araberakoak, zeren batzuk, nahiz eta sexu biologikoa maskulinoa izan, neska sentitzen dira, edo alderantziz. Guretzat, ezinbestekoa da gure ikasleen aniztasunari erantzuna ematea, eta horregatik da garrantzitsua sexua eta generoa bereiztea eta beti puntu berean ez gaudela jakitea”. 

Talde bakoitzari paper zuri handi bat eman zitzaion, eta kide bat etzan zen gainean: haren silueta marraztu zuten gainerakoek. Silueta maskulino eta femenino horien gainean idatzi zituzten irakasleek egindako galderen erantzunak. Hasierako galderak errealitateari lotutakoak ziren, eta ondorengoak, berriz, abstraktuagoak: zer-nolako marrazki bizidunak ikusten zenituzten txikitan?; zer-nolako jostailuak izan zenituzten?; zer jolasetan aritzen zineten?; zer musika mota entzuten duzue?; zer film eta telesail ikusten dituzue?; zer kirol mota praktikatzen dituzue?; zein zaletasun dituzue?; zein dira zuen erreferentziak?; zer gustatuko litzaizueke ikastea, edo zertan lan egin nahi duzue?; zerk ematen dizue beldurra?; zuen generoarekin lotutako esaldiak entzun al dituzue edo esan al dizkizuete?

 

Siluetetan islatutakoa

Sortutako bi siluetak konparatzen hasi aurretik, ikasleei argi azaldu zitzaien ez zegoela epairik, ez zegoela erantzun zuzenik eta erantzun okerrik; helburua berdintasunak eta desberdintasunak zorizkoak diren ala ikasketa sozial baten ondoriozkoak diren aztertzea zela.

Galderen erantzunak siluetetan idatzi ondoren, horiei begiratu eta aztertzeko unea iritsi zen. Asier Pino ikasleak argi dio berehala konturatu zirela silueta biak desberdinak zirela. Rubiok aitortu du deigarria izan zela ikustea mutilen taldeek eta nesken taldeek nola erabili zituzten siluetak. “Irakasleek egindako galderek baldintza zitzaketen ikasleen erantzunak, baina ikasleen ekoizpena guztiz librea izan zen, eta, horretan ere, alde handiak sumatu dira. Neskek letra xehea eta tamaina txikia erabiltzen zuten, eta mutilek, berriz, letra larria eta tamaina handia; hainbat mutilek beren mezuak oso letra handiz idatzi zituzten, eta batzuek karratuetan sartzen zituzten, edo azpimarratu egiten zituzten. Nesken produkzioek orekari eusten zioten, eta mutilenak kaotikoagoak ziren. Alde handi hori genero-perspektibatik aztertuta, esan daiteke genero maskulinoari eta genero femeninoari egotzitako ohiko balioekin lot daitezkeela mutilen eta nesken ekoizpen-lanak, eta behaketaren ondorioekin bat datozela: mutilen segurtasuna, indarra eta protagonismoa eta nesken oreka, nabarmendu nahi eza eta ikusezintasuna”.

Ikasleek ikusitako marrazki bizidunak gehiago dira komertzialak didaktikoak baino, bai nesken eta bai mutilen artean. Mutilek ikusten dituzten marrazki bizidunetan, protagonistak mutilak dira ia beti (%96); nesken marrazki bizidunetan, protagonista femeninoa herenak du. Protagonista mutilak ausartak, trebeak, abenturazaleak, agintariak, gidariak, indartsuak, kirolariak (futbolariak) eta jakitunak dira, makina-tresnak erabiltzen ondo dakitenak eta asmatzaileak; neskak, ostera, mutil protagonisten lagunak edo laguntzaileak dira. “Nahiz eta neskak protagonista bihurtu, nesken irudia oraindik oso markatuta dago, eta feminitate tradizionalari oso lotuta—dio Rubiok—. Esaterako, Las Supernenas marrazkietan”. 

Generoari dagokionez, neskek nahiago dituzte abenturazkoak
(% 46,6), eta mutilek, berriz, fantasiazkoak (% 36,1), abenturazkoak (% 33,3) eta akziozkoak (% 27,7). Nesken artean, fantasiazkoak (% 9,9) eta akziozkoak (% 6,6) dira gutxien ikusten direnak; hots, mutilek gehien ikusten dituztenak dira neskek gutxien ikusten dituztenak.

Bai nesken artean eta bai mutilen artean errepikatuta agertzen diren jolasak bideo-jokoak eta Playmobilak dira, baina, adi, bideo-jokoak oso desberdinak dira sexuaren arabera: neskek Maincraft, Mario Bros eta Zelda aipatzen dituzte, zeinetan abentura, eraikuntza, irudimena, sormena eta logika garatzen diren. Mutilek, aitzitik, Fornite, Kratos, Dying Light eta horrelakoak aipatzen dituzte. Horietan, abentura, akzioa, indarkeria, heriotza eta enkanteak dira nagusi.

Txikitako jostailuak aztertzean, generoari egokitutako ohiko estereotipoei eusten zaiela konturatu ziren Toki Alaiko ikasleak. “Neskak kutxa erregistratzailearekin, sukaldearekin, ile-apaindegiarekin, puzzleekin eta panpinekin jolasten ginen; mutilak, aldiz, hegazkinekin, autoekin, Skalextric-arekin, Playmobilarekin eta Legorekin. Txikitatik jada, ideia hori sartzen digute”, dio Ariana Delgado ikasleak. Neskak harrapaketan, sokasaltoan eta gomarekin jolasten ziren, eta mutilak, baloiarekin, kanikekin, kartekin... Mutilen jolasek eta jostailuek kirolarekin eta akzioarekin loturik jarraitzen dute, eta neskenek, berriz, emakume helduen munduaren imitazioarekin, taldeko jolasekin eta gizarte-arauekin.

Horrekin batera, beste gauza batez ere jabetu ziren: neskak mutilen jolas eta jostailuetara hurbiltzen dira, baina ez da gauza bera gertatzen beste noranzkoan. “Neskek baloiarekin jolasten zirela aipatzen dute, baina mutilek ez dute esaten gomarekin jolasten zirenik, esaterako”.

Entzuten duten musikaren inguruan galdetuta, musika-generoari dagokionez, popa nagusitzen da nesketan (aukeratutako abeslari eta musika-taldeen % 48,8): abesti melodikoagoak, maitasuna gai nagusia duten abestiak… Mutilen erdiek nahiago dute rapa: mezu kritikoak eta antisistemak, hitz gogorrak, mezu indartsuak… Poparen ezaugarriak bat datoz neskek ikusten dituzten marrazki bizidun eta film motekin: soap opera generoa eta genero erromantikoa. Raparen ezaugarriak, aldiz, bat datoz akziozko pelikula, jolas eta jostailuekin.

Jarraitzen dieten artisten generoa aintzat hartuta, neskek aipatutako abeslari eta musika-taldeen artean bederatzi emakumezkoak dira, hau da, herena gutxi gorabehera; ez da gauza bera gertatzen mutilek esandako musikariekin: abeslari eta musika-talde guztiak maskulinoak dira, ez da emakumezkorik agertzen. Zaila da, beraz, mutilen artean emakumezko erreferentziarik topatzea, ikusten dituzten film eta telesailetan agertzen diren emakume ereduetatik at. 

“Ikusten dituzten filmei eta jarraitzen dituzten telesailei buruz galdetu genien —dio Rubiok—. Eta protagonistaren sexuaren arabera sailkatu genituen haien erantzunak: protagonista femeninoa, maskulinoa, pertsonaia talde bat protagonista, edo bikote bat protagonista”. Mutilek ikusten dituzten film eta telesailen % 72,72tan, protagonista gizona da. Nesken artean, parekotasuna topatuko dugu: neskak, mutilak, bikoteak edo taldeak ageri dira. Mutiletan, txikitako marrazki bizidunen eta musika-
abeslari eta taldeen eredua errepikatzen da: mutilak protagonista.

Neskek ikusten dituzten lanetan, genero erromantikoa nagusitzen da (% 38,8); mutilenetan, ostera, akziozkoak (% 35) eta beldurrezkoak
(% 20) dira nagusi.

Nesken artean, harreman sozialak, maitasuna eta gizarte-gaiak dira nagusi berriro ere, eta mutilen artean, akzioa, indarkeria eta borroka, bai marrazki bizidunetan, bai jolas eta jostailuetan, eta baita filmetan, telesailetan eta musikan ere.

Erreferentziak aztertu aurretik, kirol munduari begirada bat bota zioten Toki Alain, kirolak izugarri baldintzatzen baitie ikasleei pertsonak erreferentziatzat hartzerakoan, batez ere mutilen artean. Ia kirol guztiak errepikatzen dira, baina ez maiztasun berarekin. Adibidez, futbola bai neskek eta bai mutilek aipatzen dute, baina, mutilen kasuan, gehiengo batek aipatzen du, eta nesketan, berriz, gutxik.

Generoarekiko malgutasun handiagoa nabari da nesketan mutiletan baino: mutilen ohiko kirolak agertzen dira nesken artean ere; ez, ostera, femeninoagotzat jotzen diren kirolak mutilen artean, gimnastika erritmikoa, esaterako. Fenomeno bera gertatzen zen marrazki bizidunekin nahiz jolas eta jostailuekin.

Zer lotura dago kirolaren eta erreferentziazko pertsonen artean? “Mutilek gehien praktikatzen duten kirola futbola denez, futbolariak dira haien erreferentzia nagusiak: Cristiano Ronaldok txapeldunaren kopa irabaziko luke, eta atzetik, gainerako futbol-izarrak letozke. Mutilen erreferentziazko pertsonak oso argi daude: gizon kirolariak eta estereotipo zehatz bateko emakume aktoreak —dio Rubiok—. Baina erreferentziazko pertsona horiek sinbolizatzen dutena oso desberdina da. Gizon kirolariek indarra, boterea, nagusitasuna eta aberastasuna irudikatzen dituzte; neskak, ostera, beren gorputzaren arabera baloratzen dira, haien gorputza eta irudia dira lorpen nagusiak kasu gehienetan”.

Nesken erreferentziazko ereduak askotarikoagoak dira, nahiz eta aktoreak eta musikariak nagusitu. Badaude kirolariak ere, baina ez dira denak futbolariak; Klara Olazabal eta Ander Elosegi piraguistak ere aipatzen dituzte, esate baterako. “Gure ikasleen erreferentziak haien mundu sinbolikoaren isla dira, hots, txikitatik ikusitako marrazki bizidunetatik hasita gaur egunera arte jarraitzen dieten musikariak, telesailak eta filmak”, dio Rubiok.

Aipagarria da bai neskek bai mutilek beraien ama aipatzea erreferentzia gisa, gehiagotan nesken artean mutilen artean baino. Mutilek aita ere aipatzen dute; neskek ez.

Ikasleen aisialdiko zaletasunak ere aztertu zituzten. Errepikatzen diren zaletasunak marrazketa eta musika entzutea dira, baina marrazketa, nesken kasuan, zaletasun nagusia da, gehien errepikatzen dena; mutiletan, aldiz, bideo-jokoak. Nesken zaletasunek artearekin lotura daukate: marrazketa, idazketa, irakurketa, dantza, musika, eskulangintza, argazkilaritza… Mutilen zaletasunek kirolarekin eta makinekin dute erlazioa: bideo-jokoak, motorrak…  Neskek eta mutilek aukeratzen dituzten ikasketen eta lanbideen parekoak dira zaletasunak.

Neskek aurrera begira aukeratutako ikasketetan eta lanbideetan, esparru humanistikoa (% 44,4) eta zaintzarekin loturikoak (% 25,92) nagusitzen dira: alde batetik, psikologia, psikiatria, politika, historia, turismoa eta enpresa-ikasketak; eta bestetik, erizaintza, pertsona nagusien zainketa, hezkuntza-premia bereziak dituzten pertsonen hezkuntza, albaitaritza, irakaskuntza etab. Aldiz, ez dute presentziarik ikasketa teknologikoek eta kirolaren munduarekin loturikoek. “Neskon artean, oso gutxik daukate teknologia ikasteko gogoa, eta hori da txikitatik sartu digutelako lanbide batzuk gizonentzat direla eta beste batzuk, berriz, emakumeentzat”, dio Patricia Aranburu ikasleak.

Mutilen kasuan, ikasketa teknologikoak (% 34,28) eta kirolen munduarekin loturikoak (% 25,71) nagusitzen dira etorkizuneko aukeraketan: informatika eta ingeniaritza, alde batetik, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua eta futbolaria edo entrenatzaile pertsonala izatea, bestetik. Ez du lekurik letren esparruak, eta humanitateena ere oso txikia da. Nonbait, kontrajarriak dira interesak: batean nagusitzen diren lanbideak gutxienak dira bestean, eta alderantziz. “Egindako lanketak beldurra kentzeko balio digu; hau da, jabetzeko neskak izateagatik ez ditugula gaizki egingo Matematikako edo Zientzietako gaiak. Neskak garelako gaizki egingo dugun ideia hori kentzea da helburua”, dio Aranburuk. Ikastetxeko Hezkidetza Batzordeak eta STEAM arduradunek lan estua eta berezia egin dute neskak zientzia eta teknologia mundura hurbiltzeko.

 

Beldurrak ere desberdinak dira

Gizaki guztiok beldurrak ditugu, beldur unibertsalak apika. Baita ikasleek ere. Heriotzari, iluntasunari eta bakardadeari bai neskek bai mutilek diete beldur. Maite dituztenak galtzeak ere kezkatzen ditu. Eta adinarekin lotuta, lehen harremanei eta sexualitateari ere beldur diete: lehenengo musuak, hormonek eta maitasunak beldurra ematen diete.

Baina badago nesken eta mutilen beldurretan arrakala bat: genero-
indarkeria, hain zuzen ere. Nesken beldurren % 62,5 genero-indarkeriarekin lotuta dago. Batez ere aisialdiarekin eta gauarekin lotzen dute: “norbait nire atzetik joatea”, “etxera bakarrik bueltatzea”, “gauez bakarrik ibiltzea”, “gauean ezezagunak gerturatzea”, bortxatzaileak, bahitua izatea, kaleko jazarpena, komunera bakarrik joatea, taberna baten aurretik bakarrik pasatzea… aipatzen dituzte neskek beldur-iturri gisa.

Mutilen kasuan, ez dira genero-
indarkeriarekin loturiko beldurrak agertzen; bai, ostera, mina, istripuak eta heriotza. Baliteke, irakaslearen arabera, “bizi izan duten akzioaren, abenturaren eta protagonismoaren mundu sinbolikoaren ondorio izatea”.

Beraien generoarekin loturiko esaldiak entzun edo jaso al dituzten galdetzean, neskek aipatzen dituztenak generoarekin eta indarkeriarekin loturik daude batez ere (% 39,02), eta baita ohiko rol femeninoarekin (% 31,7) edo beren irudiarekin ere (% 29,6). Genero-indarkeriarekin loturikoak gurasoen aldetik jasotzen dituzte, eta “gure onerako” edo “gu zaintzeko” esaten dietela diote neskek: “ez etorri bakarrik”, “heltzen zarenean deitu”, “kontuz kalean”, adibidez.

Mutilak maskulinitate hegemonikotik aldentzen diren heinean, kontrako mezuak jasotzen dituzte gizarte-harremanetan, marikoia deitzea, adibidez; ildo beretik, neskak ere ohiko feminitate-estereotipoetatik urruntzean, askotariko izendapenak jasotzen dituzte: sarri mari-matxo, mari-mutila edo camionera deitu zaie, eta “eser zaitez neska bat bezala” eta horrelakoak ere esan izan zaizkie.

Nesken irudiaren eredua txiki-txikitatik jaso dutela erakutsi du egin duten lanak, bai marrazki bizidunetan eta baita ikusi dituzten film eta telesailetan ere. Mutilen emakumezko erreferentziak zein diren ere badakite neskek. Hori dela eta, jabetzen dira beraien irudiak gizartean duen garrantziaz. Ahozko mezuak ere jasotzen dituzte, “dena erakusten zoaz” edo “potoloa zaude” esaterako.

 

Indarkeria matxistaren zama 

mutilengan

Indarkeriaren gaiari aipamen berezia egiten dio Rubiok, asko kezkatzen duen puntua delako. “Ezin dugu esan indarkeria matxista ez denik gizonen kontua; sentitzen dut, baina hori ezin dugu esan. Indarkeria matxista gizonek eragiten dute, hori horrela da. Baina, aldi berean, badakigu gizon guztiak ez direla berdinak, eta hori nolabait jakinarazi egin behar zaie. Zeren, bestela, genero maskulinoari dagokion motxila hori denen bizkar gainean geratzen da. Beraz, bide berri bat eraiki behar dugu denon artean, horrelakoak ez diren mutilei zama hori kentzeko. Nire kezka hauxe da: nola egin hori hezkidetzatik, feminismotik, mutilak errudun senti ez daitezen, eraso egiten zaiela senti ez dezaten. Egia da haien generoak sortzen duela indarkeria hori, baina nola egin horri buelta emateko eta denon artean eraikitzeko? Horretan asmatu behar dugu”. Bideetako bat maskulinitate-eredu gehiago sortzea izan daiteke. “Gure ikasle asko ez ditut indarkeria erabiltzen ikusten. Haiek ere balio hegemonikoen zama daukate, eta horietatik aldentzen diren mutilek ere oso gaizki pasatzen dute: burlak, jazarpena, bazterketa, autoestimu-arazoak... Horrexegatik behar ditugu maskulitate-eredu gehiago”.

“Nik, mutila naizen aldetik, badakit indarkeria hori jasaten dutela neskek —dio Pino ikasleak—. Eta laguntzeko moduak badaude; esate baterako, lau mutil banku batean eserita baldin badaude, oso desberdina da neska bat pasatzen denean hizketan jarraitzea edo denak neskari begira jartzea. Garrantzitsua da neskak beldurra senti dezakeela konturatzea, eta hori saihestu behar dugu”.

 

Ikasleen hitzetatik  

ondorioztatutakoak

Ikasleen iritziak jakinda, Toki Alaiko hezitzaileak dio beraien hipotesiak baieztatu egin zirela:

“Genero maskulinoa genero femeninoa baino markatuago dago gure ikasleen artean, zurrunagoak dira estereotipoak: neskek praktikatzen dituzte mutilen kirolak eta jolasak, ikusten dituzte mutilen filmak eta entzuten dute haien musika; baina, aitzitik, mutilek ez dituzte tradizionalki neskenak izandako musika, filmak, jolasak eta jostailuak erabiltzen. Mutilen genero-eskema mentalak hertsiagoak dira neskenak baino”.

“Txikitako marrazki bizidunek, jolasek, jostailuek, zaletasunek eta kirolek baldintzatu egiten dituzte gaztetako musika, filmak eta interesak, eta horrek eragin zuzena du ikasleek aukeratzen dituzten ikasketa eta lanbideetan. Horrela, generoen mendekotasun-harremanak iraun egiten du,  eta sustraitu egiten da: soldata-arrakala, kristalezko sabaia, etab”.

“Landu diren aldagai guztiak luzera begira aztertuta, antzeman daiteke generoen arabera, txiki-txikitatik helduak izan arte, bi bide banandu egin dituztela neskek eta mutilek. Bi bide horiek dira, hain zuzen ere, generoaren markak, eta bi bide horiei zehatz-mehatz jarraitzeak dakar generoaren indar sinbolikoa (eta baita fisikoa ere) pairatzea”.

“Genero-indarkeria oraindik emakumeen kontua da, mutilek ez dute indarkeria beren larruan pairatzen”.

 

Ereduen aniztasunak ekarriko du aldaketa

Ikasleek datu horien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izan dute. Askok ez dituzte gaizki hartu nesken eta mutilen artean ageri diren desberdintasunak, “desberdinak garelako”. Rubio hezitzailearen ustez, “gehienek gizarteratzean ikasitako genero-rolak identifikatu dituzte, eta batzuk gai izan dira generoaren eraketa gizonen eta emakumeen artean dauden mendekotasun-harremanen iturri dela ikusteko. Generoak gure bizitzetan duen eragina aztertzea, baloratzea eta onartzea pauso zaila da oraindik ere gehienentzat, baina urrats bat egin dugu”. Patriarkatu koaktibotik adostasunaren patriarkatura igaro garela dio Hezkidetza Batzordeko arduradunak: “Gure identitateak kanpotik eraikiak dira maila handi batean. Gure hautatzeko gaitasuna baldintzatuta dago, nahiz eta gizarte aske, demokratiko eta berdinzale baten parte sentitzen garen. Garrantzitsua da ikasleek errealitate hori ezagutzea”.

Maria Lete ikaslearen iritziz, “oharkabean pasatzen diren gauza txiki askotaz jabetu gara; esate baterako, jostailuek zer-nolako eragina izan duten gugan. Horrelako ñabardura askotaz konturatzeko balio izan digu dinamika honek”. Patricia Aranburuk erantsi du ari direla gauzak aldatzen. “Guraso izaten garenean, agian ez ditugu orain arteko ideia horiek hain barneratuta edukiko, konturatzen ari garelako eta hori guztia aldatu nahi dugulako”. Pinok gaineratu du kontua ez dela aldatzea soilik, “baizik kontziente izatea eta zer egin dezakegun ikustea. Aldatzea baino gehiago, kontzientzia hartzea eta aukera bat baino gehiago daudela onartzea eta errespetatzea da”. Rubio irakasleak dio, behin desberdintasunez kontziente izanda, hurrengo pausoa ereduen zurruntasunetik libratzea dela: “Gero eta eredu femenino eta maskulino askotarikoagoak ikusten dituzte, eta horiek errespetatu, baloratu eta onartzea da helburua”.

 


“Gai hau lantzeko, errora joan behar da, eta erroa curriculuma da”

Hezkidetzarekin lotutako jarduera guztiak curriculumean sartzen dituzte Toki Alai institutuan, eta Beatriz Rubio Hezkidetza Batzordeko arduradunak garbi dauka horrek izan behar duela bidea: "Gai hau lantzeko, errora joan behar da, eta erroa curriculuma da. Argi eta garbi”. Hezkidetza curriculumean txertatzea eta hezkidetzatik pedagogia feministara salto egitea zen Rubioren helburua, eta horretan dihardute berak eta gainerako irakasleek zuzendaritzaren laguntzarekin. “Une jakin batzuetan gauza ikusgarriak egiteak erresistentzia handiagoa sortzen du mutilengan, eta hobe da poliki-poliki diziplinarteko moduan egitea, baina beti curriculumetik. Puntuala dena berezia da; orduan, egokiagoa da normaltasunez barneratzen joatea”.

Lan egiteko modu horren bitartez pedagogia feminista lantzen dela dio Rubiok, hezkidetzatik harago joanez. “Gauza bat da, hezkidetzaren ikuspegitik, emakumeak eta gizonak eskubide berdinak ditugula jakitea, boto eskubidea, esaterako, baina inportantea da industrializazio garaian egon zen mugimendu feminista garrantzitsua ezagutzea eta jakitea emakumeek botoa emateko eskubidea lortu zutela. Halere ez diegu inoiz azaldu noiztik eta nola lortu zuten. Zergatik ez diegu azaldu? Ez da nahikoa gizonak eta emakumeak berdinak garela jakitea; hori hezkidetza da; horrez gain, garrantzitsua da hori nondik datorren jakitea, edo jabetzea zergatik ezagutzen dugun Machado eta ez Las Sinsombrero. Las Sinsombrero ezagutaraztea da pedagogia feminista niretzat”.

 

Curriculumean txertatuta, DBHko lau mailetan egiten dituzte jarduerak:

- 1. mailan, sentsibilizazio eta bisualizazio prozesua hasten dute: zer da genero-indarkeria, zer da sexismoa, zer da indarkeria matxista... Orratzak egiten hasten dira, leloak asmatzen, pegatinak eta collageak egiten...

- 2. mailan, genero-indarkeriaren eskailera ezagutu, genero-indarkeriaren pausoak identifikatu eta maitasun erromantikoaren desmitifikazioa lantzen dute. “Gizon batek edo bikoteak zaplazteko bat jotzea, bortxatzea, zerbait egitera behartzea... hori denok dakigu indarkeria dela; onartu ala ez, jakin badakigu indarkeria dela. Baina gutxiago ikusten den indarkeria ere badago: mugikorraren kontrola, lagunen kontrola, janzkeraren edo itxuraren kontrola... eta Bigarren Hezkuntzan indarkeria hori identifikatzen ikastea oso garrantzitsua da. Lehenengo zaplaztekoa jaso baino lehen, normalean, aurretik beste guztia sufritzen delako. Horregatik, aurreko hori dena, kontrola deitzen dioten hori ere indarkeria dela jakitea garrantzitsua da”.

- 3. mailan, hausnarketa eta esku-hartze prozesua egiten da. “Indarkeriaren aurrean, biktima edo erasotzailea izateaz gain, ondokoak ere izan gaitezke, eta zer egin daitekeen ikusten saiatzen gara”. Horrekin batera, batzuk lehen harremanak izaten hasten dira, eta, kasu horietan, bakoitzak zer nahi duen jakitean eta besteei jakinaraztean jartzen dute fokua.

- 4. mailan, jatorria eta arrazoiak ikusten dituzte. Nondik dator hau guztia? Indarkeria hau dena nondik dator? Zein da jatorria? Tertulia dialogikoetan, androzentrismoa, patriarkatua eta horrelako kontzeptuak lantzen hasten dira.

 

Urtetik urtera, gehiago sakontzen joaten dira, beti curriculumaren barruan lantzen saiatuz. Horretarako, funtsezkoak dira Hezkidetzako arduradunaren eta gainerako mintegietako irakasleen koordinazioa eta lankidetza. Hona hemen egiten dituzten lanketen hainbat adibide:

- Historian, 4. mailan: feminismoaren olatuak lantzen dituzte Frantziako Iraultza eta Industria Iraultza ikusten dituztenean. Frantziako Iraultzarekin lotuta, sufragioa, eta Industria Iraultzarekin lotuta, emakumeen sufragioa eta feminismoaren bigarren olatua.

- Gaztelanian: irakurgai diren liburuen zerrendan ez dagoen Las Sinsombrero liburuaren irakurketa txertatu dute.

- Fisika eta Kimikan: emakume zientzialariak txertatu dituzte.

- Informatikan: ikasleen artean banatzeko galdetegi bat egin dute gai hauen inguruan: emakumearen egoera lan-
merkatuan eta lan-banaketa familian. Galdetegia egin bitartean, formulario bat egiteko zer baldintza bete behar diren, Google formulario bat nola sortu behar den eta abar ikasi dute.

- Matematikan: datu horiek denak estatistika lantzeko erabili dituzte 3. mailan, eta, bide batez, zer den maiztasun absolutua ikasi dute, zer den maiztasun erlatiboa, batezbestekoa, motak, grafikoak... Datu horiek Gazte Behatokiko datuekin konparatu dituzte, eta, horrela, beraien eta Euskal Herriko gazteen iritziak eta pertzepzioa konparatu dituzte.

- Euskaran: publizitatearen gaian, publizitate sexista landu dute: indarkeria sinbolikoa, gorputzak, emakumearen objektualizazioa... Irakurketa liburuen artean honako hauek sartu dituzte: Alaine Agirreren Maren eta Libe eta Kattalin Minerren Moio.

- Ingelesean: homosexualen inguruko Tom Boy eta Love, Simon pelikulak ikusi dituzte.