Artea tresna, emozioak langai
Lan hau ikasgelaren hezkuntza-testuinguruan hezkuntza emozionala barneratzeko beharra ikusita sortu da, eta, batez ere, hura hobetzen lagunduko duten forma eta baliabide metodologiko berriak biltzearen ondorioz. Proposamenaren zati garrantzitsuak dira emozioen azterketa eta hezkuntza emozionala, eta arte-sorkuntzen ardatz nagusiaren inguruan daude biak. Haurren nortasunaren garapena eta heldutasuna bultzatzeko, eremu emozionalak garrantzi handiagoa izatea proposatzen du egileak. Adierazpen sortzaileak hezkuntza-ekintza bultzatzen duen prozesu gisa dituen aukerak esperimentatzea izan da egilearen erronketako bat, artean emozioak hezteko heztea. Egilea: Eukene Goikoetxea. Gizarte Hezkuntzan graduatua
A
riketa bat proposatzen diogu irakurleari: hitzekin ez ezik jarrerekin ere bakea kutsatzen eta konfiantza sortzen duten pertsonengan pentsatzea; inolako indarkeria motarik justifikatzen ez duten pertsonengan, lasaitasuna gordetzen dakitenengan eta erraz aldatzen ez direnengan, ideologien esklaboak ez direnengan, besteak epaitzen jarduten ez dutenengan, berotasuna eta harrera-
gaitasuna ateratzen dituztenengan, huts egiten dutela dakitenengan.
Batzuek pentsa dezakete ez dagoela halakorik; beste batzuek denbora pasatuko dute bilatzen; beste batzuek, agian, zerbait aurkituko duzue... Horrelako talentua duten pertsonak dira, inolako zalantzarik gabe, gure kulturak aspaldidanik sortzen dituen gauzen zerrenda luze batetik urruntzen jakin dutenak”. (Bach eta Darder, 2004, 21.-22. or.)
Haur Hezkuntzako etapan emozioek duten protagonismoak, horiek heziak izan daitezkeen eta izan behar duten uste sendoak eta horretan parte hartzeko arteari ematen diogun gaitasunak bultzatu ninduten “Artearen bidetik hezkuntza emozionalera” proposamena sortzera.
Gorputzak, gogoak eta emozioek osatzen dute gure pertsona, eta funtsezkoa iruditzen zait hiru elementuek hezkuntzan esku hartzea, erabat garatzen laguntzeko. Eskolak orain dela gutxi arte ez du planteatu pertsonen hezkuntza integralaren lanketa, bere izateko arrazoia heztea izan baita. Hala ere, azken urteotan ikusi da edukiak ikastea ez dela nahikoa pertsonak prestatzeko, eta arrazoiak ez duela, berak bakarrik, zoriontsu izatea bermatzen, ez eta maila pertsonalean, profesionalean edo sozialean arrakasta handiagoa izatea ere. Dimentsio emozionalari erreparatzeak aukera ematen digu pertsonen hezkuntza integralean lagunduko duten tresna eta baliabide gehiago izateko. Hori dela eta, uste dut funtsezkoa dela emozioak hezkuntzan modu formal zein informalean sartzea eta haurrei emozioez jabetzen, horiek erregulatzen, besteekin harremanak izaten eta autoestimu ona izaten erakustea. Hezkuntza emozionalak garapen integrala lortu nahi du, bai alderdi kognitiboaren aldetik, bai alderdi emozionalaren aldetik, eta uste dut artea oso baliagarria izan daitekeela pertsonaren prestakuntza global horretarako, zeren eta, adierazpen artistikoetan, emozioek funtsezko zeregina baitute. Curriculum vitaean hain gutxietsita dauden eta emozioak ikasi eta ulertzeko horren baliotsuak diren gai artistikoak sustatu nahi ditut, emozioak ezagutzea errazten dutelako eta, aldi berean, modu kontrolatuan pertsona askatzen laguntzen dutelako.
Daniel Golemanek (1995) honela definitu zuen adimen emozionala: gure sentimenduak eta besteenak ezagutzeko, nork bere burua motibatzeko eta gure emozioak, batez ere giza harremanekin zerikusia dutenak, modu positiboan kudeatzeko gaitasuna. Haren aburuz, adimen emozionala munduarekin elkarreraginean aritzeko modu bat da, sentimenduak oso kontuan hartu eta zenbait trebetasun biltzen dituena, hala nola bulkaden kontrola, autokontzientzia, motibazioa, pertseberantzia, enpatia, buru-bizkortasuna, etab. Trebetasun horiek nahitaezkoak dira gizarte-
egokitzapen on eta sortzailerako, autodiziplinarako, gupidarako edo altruismorako, esaterako.
Hezkuntza emozionala
Hezkuntza emozionalak esan nahi du hezkuntza afektibotik afektuaren hezkuntzara pasatzea. Orain arte uste izan da hezkuntzaren dimentsio afektiboa edo "hezkuntza afektiboa" zela hezkuntza-prozesuan afektua jarriz heztea. Orain, afektua heztea da kontua, hau da, emozioei buruzko ezagutza teoriko eta praktikoa ematea. (Rafael Bisquerra, 2001, 8. or.)
Hezkuntza emozionalaren helburua da pertsonen hazkunde pertsonala eta soziala, heldutasuna eta ongizatea; hau da, nortasunaren garapen integrala, barnean hartuta adimen emozionala garatzea eta bizitzako hainbat egoeratan aplikatzea. Nabaria da emozioen eta ongizatearen arteko lotura; ongizatea hautematen dugu gertaera positiboak izaten ditugun heinean. Alde horretatik, Jose Antonio Marinak (2010) hau dio: “Zoriontasuna da bi giza motibazio handi harmoniatsuak egitea: ongizatea eta aukerak handitzea”. Gaitasun emozionalaren garapenak heziketa emozionala ekarriko du.
Emozio-hezkuntzaren helburua gaitasun emozionalak garatzea da. Gaitasun emozionalak fenomeno emozionalak behar bezala ulertu, adierazi eta erregulatzeko beharrezkoak diren ezagutza, gaitasun, trebetasun eta jarreren multzo gisa ulertzen ditugu. Gaitasun emozionalen artean daude kontzientzia eta erregulazio emozionala, autonomia emozionala, gaitasun sozialak eta bizitzarako zein ongizaterako trebetasunak. (Bisquerra, 2011, 11. or.)
Emozioak
Ez da lan erraza emozioak definitzea. Emozioa gorputz-egoeraren aldaketa bat da, behatu eta neur daitezkeen aldagai fisiologikoek ezaugarritzat dutena; kanpoko edo barruko estimuluei ematen zaien erantzun fisiologikoa da, eta berez eta nahi gabe gertatzen da. Sentimenduak, aldiz, emozioetatik datozen buru-lana dira; ez dira berezkoak, ikasi egiten dira, eta emoziotik abiatuta sortzen dira. Ezkutuan egon daitezke besteen aurrean, eta emozioak baino iraunkorragoak eta luzeagoak izaten dira.
Bisquerrak (2000) honela definitzen ditu emozioak: “Organismoaren egoera konplexua, kitzikapen edo asaldura batek ezaugarritzen duena eta erantzun antolatua izateko joera duena. Emozioak kanpoko edo barruko gertaera bati erantzuteko sortu ohi dira”. (61. or.)
Artea
Nire proposamenean egin nahi izan nituen ekarpena eta berrikuntza, artetik eta haren hizkuntzetatik abiatuta egin nahi izan nituen, edozein adierazpenen bidez emozioen eremura irits gaitezkeelako. Hori guztia, artea hezkuntza emozionalerako estrategia erabilgarritzat jota.
Artea hezitzailea, eraikitzailea eta didaktikoa da; adierazpena, kritika, erreibindikazioa, edertasuna, sormena, hezkuntza, balioak eta emozioak dira. Beraz, artearen hezkuntzak emozioen hezkuntzari heltzeko aukera eman behar digu. Sortzen duenarengan eta jasotzen duenarengan ernarazten dituen emozioak balora ditzakegu.
Bisquerrak (2011) hau dio: “Esan daiteke adimen emozionalari, ongizateari, emozio positiboei, psikologia positiboari eta neurozientziari buruzko ikerketak direla hezkuntza emozionalaren oinarri den nukleo teorikoa. Emozio estetikoak ere garrantzitsuak dira”. (18. or.)
Adierazpen plastikoak eta sormen-
prozesua adierazpen eta garapen emozional eta pertsonalerako bide bihurtu daitezke.
Zertarako balia ditzakegu hezkuntza emozionala eta artea?
Azterketa hau eragin zuen tesiak bi aldagai lotzen zituen, eta horiek artikulatzen zuten ikerketa osoa: hezkuntza emozionala eta artea, hezkuntza integralaren testuinguruan. Hasiera-hasieratik, artea eta arte-
adierazpenak esparru pribilegiatutzat hartu ziren Haur Hezkuntzako ikasleen hezkuntza emozionalerako.
Sortutako unitate didaktikoetan, haurren heldutasuna, ongizatea eta nortasunaren garapena sustatuko dituen hezkuntza emozional bat proposatzen da, emozioak garapen horren funtsa direla ulertuz; esparru teorikoan egiaztatu den bezala, hainbat diziplinatako autoreek diote emozioak besteekin elkarreraginean aritzeko eta norberarekiko harremanetarako oinarriak direla.
Lehen ere aipatu den bezala, pertsonaren garapenak ez ditu bere oinarriak arrazoian, baizik eta emozioan, besteekiko eta norberarekiko harremanetan, adierazpenean eta afektibitatean.
Haur Hezkuntzako haurrentzat oso garrantzitsuak diren hiru eduki multzotan jartzen da arreta: kontzientzia emozionala, autoestimua eta trebetasun sozioemozionalak. Nire planteamendu metodologikoa egiteko garaian, ezinbestekotzat jo nuen printzipio psikopedagogiko konstruktibistetan eta ikuspegi sistematikoan oinarritzea, baldin eta pertsonen garapen integrala bilatzen bada eta izateko eta elkarrekin bizitzeko gai izan daitezen hezten badira haurrak, eta ez soilik eduki kontzeptualak lortzeko. Proposamenaren bitartez, sortzeko eta gozatzeko aukera eman nahi diet haurrei ikuspuntu holistikotik, era globalean hautematen, sentsazioen bidez esperimentatzen eta modu sortzailean bizitzen diren hizkuntza artistikoen bitartez.
Jardueren hedapenean, kontuan hartzen dira 5-6 urteko haurren ezaugarri psikoebolutiboak eta horien beharrak.
Askotariko eta iraupen laburreko irudikapen- eta ikaskuntza-estrategiak erabiltzen dira, saio bakoitzaren barruan espazio batetik bestera pasatuz. Haurrari esperimentatzeko eta prestatzeko prozesuan lagundu nahi zaio, adierazpen libre eta irekitik pertzepziora, komunikaziora eta integraziora irits dadin, hainbat hizkuntzaren laguntzarekin.
Proposamena bost unitate didaktikotan banatzen da, eta unitate bakoitza lau saiok osatzen dute. Saio bakoitzari entzumenarekin ematen zaio sarrera, landuko den emozioa kokatzeko, eta, gainerako ekintzak egin ondoren, erlaxazioa eta itxiera egiten dira. Saio bakoitzerako egokienak iruditu zaizkidan ekintzak proposatzen dira; gorputz-adierazpena, pintura-lanen aurkezpena, adierazpen plastikoa, ipuinen narrazioa, idatzizko adierazpena eta abar aurkitu ditzakegu, saioetan landuko denari egokituta.
Eduki komun batzuk definitu nituen jarduera guztietarako:
Aktiboki parte hartzea musika piezen entzumenean.
Mintzamen-, gorputz- eta plastika-adierazpenetan inplikatzea.
Pintura-lanei behatzea.
Sentitu den emozioa pixkanaka integratzea.
Taldeari lotuta egoteko eta taldeko kide izateko sentimendua.
Besteekin egoteaz eta egoera partekatzeaz gozatzea.
Ahozko eta hitzez besteko komunikazio-trebetasunak: entzutea, begirada, irribarreak, probokazioa eta konplizitatea.
Ipuinekiko jakin-mina, interesa, arreta eta entzute aktiboa.
Ipuinetako pertsonaien ezaugarri pertsonalak identifikatzea.
Emozioen hiztegia erabiltzea emozioak identifikatzeko eta sentitzen ari denari izena ematen jakiteko.
Erlaxazioa.
Lanaren emaitzak positiboak izan ziren, uste baitut ezarritako helburua lortu zela: emozioak adierazteko espazio bat eskaintzea, hezkuntza emozionalean proposatu ohi direnak bezalakoa. Hainbat adierazpen artistikoren bidez emozioak adierazteko esperientzia izan zen, eta, artearen bidez, beste eduki batzuk landu ziren, hala nola enpatia, tolerantzia, talde-
kohesioa, autoestimua, lankidetza, komunikazioa edo aniztasunarekiko errespetua.
Nahiz eta uste dudan eskola eta gela leku aproposak direla eduki emozionalak lantzeko eta artea tresna pribilegiatua dela eduki horiei heltzeko, erantsi behar dut, amaitzeko, ezinbestekoa dela eduki horiek bizitzako beste eremu batzuetara ere zabaltzea.
Marinaren hitzetan (2010): “Gure haurrak ondo hezi nahi baditugu, hau da, zorionerako eta duintasunerako hezi nahi baldin baditugu, ezinbestekoa da gizarte zibilaren mobilizazio hezigarria, Afrikako atsotitz zaharraren espiritua berreskuratuko duena: Haur bat hezteko tribu osoa behar da”. (8. or.)