Jolas zakarraren onurak

2021-09-16

Minari beldur, helduei ez zaizkie, oro har, haurren arteko borroka jolasak eta jolas zakarrak gustatzen, baina HUHEZIko irakasle eta jolasean espezialista Itziar Arregiren aburuz, jolas aberatsa da, onura fisiko eta sozial ugari baititu 3-4 urtetik aurrera hasten den jolas mota horrek.  

 
 
Jolas zakarraren onurak

J

olas zakarrari, sarri, ez diogu jolas izaera ere aitortzen, “utzi! Hori ez da jolasa” esan ohi diegu maiz horretan diharduten haurrei. Baina bai, jolasa da, hala dago nazioartean izendatua eta dokumentatua, eta, gainera, onura handiak ditu haurrentzat, Itziar Arregi jolasean espezialista den HUHEZIko irakaslearen arabera — 2-6 adin tarteko haurren jolas libreari buruzko kasu azterketa bat tesia aurkeztu zuen iaz—. “Jolas natural, arkaiko eta animalia da. Animaliak ere honetara jolasten dira, txakurkumeak borroka jolasera jolasten dira; baita beste hainbat ugaztun ere, animaliatan ateratzen den jolas hori zakarra da”, azaldu du. “Txakurkumeek elkarri horzka egiten jolasten dira, astoak ere bai, baina beste animalia batzuen jolasa ihesa edo jauzi egitea da. Eta horrek ere badauka zakarretik”. Hiru ezaugarri dituzten jolasak sartzen dira jolas zakarren izendapenaren azpian, Arregik azaldu duenez: mugimendu handiko jolasak, pertsekuzioarekin zerikusia dutenak eta borroka jolasak. “Umeak ematen dio jolas horri jantzi kognitiboa, orduan, batzuetan super heroien jolasa bihurtzen da, adibidez”. Jolas zakarrak dimentsio sinbolikoa eduki dezake, baina ez du zertan. “Momentu batzuetan jolas mota desberdinak topatu eta bat egiten dute, mugak ez daude oso argi”. 

 

Jolas mota guztiak dira pertsonaren bizitzan garrantzitsu, jolasak pertsona bezala garatzeko, mundua ezagutzeko eta norbere gaitasunak garatzeko aukera ematen diolako pertsonari. Jolas zakarraren kasuan bi onura nabarmentzen ditu adituak, bata fisikoa eta bestea, soziala. “Onura fisikoari dagokionez, norbere gorputzaren mugak ikusten dira jolas zakarrean; haur batek, korrika dabilenean, gorputza topera jartzen du, eta umeei gustatu egiten zaie beren abiadura punta ezagutzea eta gorputza mugan jartzea eta, are gehiago, muga horiek gainditzen saiatzea.Horretarako modu naturala jolasa da. Malgutasuna, arnasketa... gauza asko aktibatzen dira jolasean, eta oso aberasgarriak; 'nondik salto egin dezaket neure burua apurtu gabe?' Horrelakoak ateratzen dira jolasean, eta horrek geure buru eta gorputzak garatzera garamatza". Beraz, jolasa ukatuko bagenie, Arregiren arabera, entrenatu egin beharko genituzke haurrak bizipen horiek bizi ahal izateko: “Biriken gaitasuna garatzeko, adibidez, korrika eginarazi beharko genieke denbora zehatz baten barruan. Baina jolasak umeari gauza horiek guztiak garatzeko aukera ematen die, espezie bezala prestatuta gaudelako gure burua garatzera”. 

 

Jolas zakarrak dakarren onura soziala, ostera, beste haurrekiko harremanetan ikusten da, adituaren arabera: “Jolas oso soziala da jolas zakarra, eta jolas sozialak bezala, jolas zakarrak presentzia txikia dauka 3-4 urtetik behera, adin txikiagoetan umea ez dagoelako, artean, sozializazio-
garaian"
. Jolas zakarrean ibiltzeko haurrek oso harreman estua eduki behar dute euren artean; "buruz buruko bat dakar haurren artean, bataren eta bestearen mugak neurtu behar dituzte, eta horrek elkarren seinaleei adi egotea eskatzen die, elkarren artean zerbait eraiki ahal izateko”. Adituaren arabera, 4 urte baino lehenago haurrak ez daude horretarako prest, eta eten egiten da jolasa “haurrek ez daukatelako elkarren seinaleak neurtzeko gaitasunik”. 

 

Jolasak esperientzia bizitzea esan nahi du eta hitzez azaldu ezin diren emozio eta irakaspenak barneratzen ditu haurrak jolasaren bidez: “Buruz buruko horretan doitze bat gertatzen da, oso naturala eta animalia dena. Lidergoak agertzen dira, harreman mota desberdinak... umeak irakurri egin behar du zein den egoera; zein den indartsuena, non dagoen bakoitza; zer egin behar den taldeko kide izateko; zer arrisku dauden neurtu... Hori guztia jolasean egiten dute haurrek, ezin baita hitzez esplikatu. Jolasa espazio natural bat da non haurrak testatu egiten duen ingurune natural hori, lidergoa, harremanak, taldea..." Jolas hori ukatzen baldin bazaio, garapen fisikoan gertatzen den bezala, sozialean ere antzeman egingo da: "Estrategia gutxiagorekin gelditzen da haurra horrelako gauzei aurre egiteko, eta zer egingo du? Helduarengana jo edo pauso bat atzera eman, berez haurrak eduki badauzkan arren mekanismo guztiak hori dena doitzen joateko eta harremanetara egokitzen joateko”.

 

Noiz bukatzen da jolasa?

Jolas zakarraren eta benetako borrokaren arteko diferentzia, irakaslearen arabera “jolastetik ez jolastera” pasatzen direnean gertatzen da. “Eta umeek badakite, inork baino hobeto, jolasten ari diren edo ez diren ari. Beraiek argi daukate jolasean ari diren edo borrokan ari diren; helduok ez daukagu hain argi. Agresiorako beldurrak antizipatzen gaitu helduok jolasa etetera. Baina haurrek badakite zertan ari diren”. Ostera, Arregik aztertutako ikerketen arabera, helduok uste baino gutxiagotan igarotzen dira haurrak jolas zakarretik borrokara. “‘Beti gaizki bukatzen da’, esaten dugu helduok, baina ikerketek erakusten dute gehienetan ez dela gaizki bukatzen jolasa”. Hor gakoa da haurra nola sartzen den jolasera: “Eguneko momentu guztiak ez dira berdinak. Umeak jolasten du —eta ez umeak bakarrik, txakurkumeak eta katakumeak ere bai— gainerako behar guztiak aseta dauzkanean. Seguru sentitzen denean, logurerik ez duenean, goserik ez duenean, eta gaixorik ez dagoenean. Horietako zerbait erortzen baldin bada, jolasa desagertu egiten da, espezie guztietan”. Adibidea jarri du: "Bazkal aurrean jolas libreari ekiten badiogu, gaizki bukatzeko aukerak izango ditugu, haurrak gose izango direlako”.

 

Helduak jolas zakarra eteteko tentazioa izan ohi du haurren artean desoreka ikusten duenean, haur bat bestea baino nabarmen indartsuagoa denean, adibidez. “Baina helduetan ere horrela da. Helduok ditugun taldeetan ere botere harremanak daude eta badakigu batzuengana kontu handiarekin sartu behar dugula, eta gerora, mundua ere horrelakoa da. Goazen jolasaren bidez mundua nolakoa den ezagutzen hastera”. Arregiren arabera, jolasean eraikitzen ari diren harremanetan umeak irakurri behar ditu egoerak, desberdintasunak eta posizioak. “Jolasa den bitartean, plazeretik kokatuko dira haurrak eta mundua eta harremanak plazeretik integratzen eta ulertzen joango da. Ez badiogu aukera hori ematen, helduak egindako justizia batera atxikitu beharko dute haurrek, baina orduan ez dute garatuko egoeretara egokitzeko gaitasun hori”. Adituak argi du alferrekoa dela haurrari hitzez azaltzea pertsonen artean botere harremanak daudela, denok ez garela berdin kokatzen eta antzeko arau sozialak: "Haurra gai da hori deskubritzeko, eta gainera, plazeretik egiten du, jolasaren bidez. Plazerak laguntzen dio bere buruaren irudi erreal bat eraikitzen, besteak ezagutzen eta harremanetan kokatzen".

 

Agresio bat dagoen momentuan eteten da jolasa. “Minak erakusten du muga pasatu dela". Jolasaren mugak, ordea, minera iritsi aurretik ere agerikoak dira, tonuan, aurpegian, seinaleetan ikusten zaizkie. "Ondo baldin badaude, eta uneren batean haurrek muga pasa baldin badute eta minera iritsi baldin badira, erregulatzeko aukera daukate; ‘ondo zaude?’, ‘barkatu’. Jolasa euren artean neurtzen dakite, jolas zakarra haurrek harremanetarako gutxieneko gaitasuna badutenean sortzen baita". Hori bai, adituak dio haurrak agresiora edo haserrera iristen badira, helduak adi ibili behar duela eta esku hartu, minera igaro ez daitezen. “Jolasa izateari uzten dion momentuan, haurrak babestu egin behar ditugu”. 

 

Arregiren arabera, ume guztiei gustatzen zaizkie jolas zakarrak, "batzuei gehiago, besteei gehiago. Borroka jolasa ez bada, kili-kilika egitea gustatuko zaio eta pertsekuzio jolasa". Baina jolasean murgiltzeko baldintza izango da seguru sentitzea, "mehatxatuta edo beldurturik sentitzen bada, ez da jolasa aktibatzen". Ikerketetan ikusten da mutilen eta nesken artean badagolea diferentziarik jolas zakarrarekiko, baina Arregik zehaztu du ezin dela esan diferentzia hori biologikoa edo soziala den. Halaber, helduetan ere antzematen da antzeko diferentziarik: ikerketetan ikusi izan da aitek, oro har, joera handiagoa dutela haurrekin borroka jolasetan ibiltzeko, eta hartzen duten rola nabarmendu du adituak: “Haurren beharretara egokitzeko joera dute aitek, eta umeak toleratzen duen punturaino jolasten dira, instintiboki. Adibidez aita lurrean eta haurra bere gainean kokatzen denean, haurrak irabaztearen plazera sentitzen du. Helduak seme-alabari irabazten uzten dionean, haurra gai sentitzen da beste nonbaiten —baita jolasetik kanpo ere— antzeko zerbaitera sartzeko, gai sentitu delako, jolasari eta plazerari esker”.