Errealitatea adina ahots
Esamesak eta zurrumurruak baztertu eta familia eredu ugarien errealitateak diren bezala bistaratzeko, nork bere esperientzia kontatzeko aukera izan zuten Lazkaon hiru herritarrek, Eider Goenagak ama bat baino gehiago dituen haurraren gurasoak; Argider Mujikak, ama bakarra izateko erabakia hartu zuelako eta haurdunaldi subrogatu bidez bere senarrarekin, Xabier Maritorenarekin, aita izan delako, Aitzol Garmendiak.
E
zberdintasunen bat aski izaten da, askotan, esamesen jomuga izateko. Aski, zurrumurruak pizteko. Ezezagutzatik errazagoa da kritika; ezjakintasunetik gertuago dago marmarra. Bada, funts gutxiko juizio horiei bidea mozteko asmotan antolatu zuen Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak, herriko familien aniztasunaren isla bat erakusten duen Familia eredu ezberdinak: koloretako mundua amets hizketaldia. Mimo handiz antolatu ere, “honelako gaiei buruz koadriletan hitz egiten dugu askotan, baina galdera zehatz batzuk ez dizkiegu egin behar zaizkienari egiten”, aurkeztu zuen saioa Inaxio Usarralde Gerrikoko kideak, eta asmoa aurreratu zuen: “Inguruan ditugun errealitate anitzak bistaratzea, badirela jakitun izan, gure ondoko herrikideek nola bizi duten jakin, eta, igual, ikasgaia atera, eta aurreiritzi eta topiko batzuk norberaren burmuinera ekarri eta buelta batzuk eman, eta norberaren jokabidea berrikusita hobetzekorik antzematen bada, eragin bat lortzen bada, zer hobe! Ea balio duten gaurkoa bezalako saio hauek gizatasun gehiago zabaltzeko inguruan”.
Hiru familia eredu, guraso izateko hiru modu ekarri zituzten jendaurrera. Hiru herritarren ahotsak: Eider Goenagak beste emakume batekin bikotean zela erabaki zuen ama izatea, eta harengandik separaturik, egun hiru ama dituen Sustrai semearen ama da (bikote ohiaren egungo bikotea da hirugarren ama). Argider Mujikak, adoptatzeko aukerak bilatu eta ama bakarra izateagatik zituen zailtasunengatik bide hori utzi ostean, bera bakarrik ama izatea erabaki zuen. “Ondo-ondo- ondo” pentsatutako erabaki horren ostean Araitz izan zuen, eta hura “hazita” zuela uste zuenean, “bat atera baldin badut, bigarrena ere aterako dut” pentsatu eta “sustoa” etorri zen: bikiak, Izei eta Eñaut. Bikiak ditu Aitzol Garmendiak ere, Xabier Maritorena bikotearekin, adopzioa ez ezik harrera arakatu ostean, kasu honetan subrograzio bidez guraso izatea erabaki zuten: “Ez zen batere erraza izan subrogazioan sakontzen hastea, geuk ere aurreiritzi pila bat genituen, ez genuelako gaia ezagutzen”. Funtsezkoa izan zen prozesuan ongi informatzea eta haurduna izango zen emakumearekiko errespetu osoz jokatzen zuen herrialde bat aukeratzea subrograzio-prozesua aurrera eraman ahal izateko. AEBetako ereduak konbentzitu zituen, 80ko hamarkadatik legezkoa baita han prozesua eta aski definituak ditu baldintzak, Aitzolek azaldu zuenez: “Baldintza horietan zehazten da obulu emaile bat egongo dela; haurdun gelditzea erabakitzen duen emakumeak aurretik familia eduki behar duela, jakin behar baitu haurdun egotea zer den eta erditzea zer den; egoera ekonomiko egonkor batean dagoen familia bateko emakumea izan behar da, ezin baitu behar ekonomiko batengatik prozesu hau egin; emakumea izan behar da sabelean norentzat haziko duen aukeratzen duena, hau da, emakume ahaldundu bat izan behar dela jakiteak animatu gintuen”. Xabier Madariaga kazetaria eta haren familia ezagutzea —subrogazio bidez jaiotako bi haur ditu senarrarekin— eta emakumeak eurak euren ahotsean esperientzia kontatzen entzutea funtsezkoak izan ziren bikotea AEBtara bidean jartzeko. “Emakumearen figura guretzat oso inportantea zen, eta hori argi geneukala abiatu ginen”, azaldu zuen Aitzolek. Eta Intza eta Aiurirekin itzuli ziren.
Whitney izan zen Xabi eta Aitzolen haurrez haurdun gelditzea erabaki zuen emakumea. Miresmenez eta esker onez mintzo zen Aitzol solasaldian uneoro Whitneyri erreferentzia egitean. “Whitneyk argi zeukan bi mutilez osatutako bikote bati lagundu nahi ziela familia izaten. Euren etxean senarraren anaia bizi zen, homosexuala dena, eta beren familiatik baztertua izan zena, eta horregatik eurek argi zeukaten bi mutili lagundu nahi zietela”. Gaur arte harremanari usten diote bi familiek.
Gorabeherak, etxe guztietan bezala
Familia bat hazteak duena, gazitik bezala gozotik izan du hiru lazkaotarren esperientziak, ereduak eredu, antzekoak dira haurra jaio ostean inkubadoran utzi eta egunean bi orduz soilik ikusi ahal izatearen tristura, Eiderren familiari gertatu zitzaion bezala. Edo 22. astean bikietako batek anemia larria zuelako ebakuntza egin beharraren larritasuna, Aitzolek eta Xabik bizi izan zuten bezala... Baina oraindik ere arautzat hartzen den eredua gainditzen duten familiei gazi gehiago, min gehiago, egokitzen zaie, eta hala ekarri zuten saiora: Sustrairen aitagatik galdetu izan diote sarri Eiderri, eta ez da atsegina gertatzen: “Jo Eider, haurrak bere aitagatik galdetzen duenean, zer esan behar diozue?”. “Ze, aita?”. “Eider, ba aita”, tematzen da laguna. “Sustraik ez dauka aitarik. Norbaitek semena eman zuen, baina aitarik ez dago”, erantzuten du horrelakoetan Eiderrek, eta gehiago esatera ere ausartu izan da inoiz: “‘Galdeiozu zure umeari bigarren amagatik’’; ‘ze bigarren ama?’, erantzun izan didate horrelakoetan; ‘ba berdina, Sustrairentzako aita eta zure bigarren ama figura berdina dira, ez dira existitzen’”. Gerora, Sustrai bera izan da hiru ama dituela esplikatu duena. “Hasieran niri mina eman zidan Sustraik Hodeiri —Eiderren bikotekide ohiaren egungo bikoteari— amatxo deitzen ziola ikusteak. Baina Sustraik oso argi zeukan: ‘Zuk egiten duzun berdina egiten du Hodeik; zu amatxo baldin bazara, Hodei ere bai’, esan zidan. Beraz, neure buruari esan beharra izan nion: ‘Eider, zu ez zara modernoa? Bada onartu ezazu’. Hasieran kosta egin zitzaidan, mina ematen zuen. Baina gero esaten duzu, ‘zergatik mina?’”.
Konbentzionalagoak eta tradizionalagoak diren beste familia-ereduen aurrean, azalpen gehiago ematera behartuak daude guraso lesbianak, guraso bakarrak edo bi aitak. Haur jaioberriarekin kalera atera eta “zeinen antza izango ote du?" galdetuz gerturatzen zitzaizkion, kuxkuxean, Argiderri kalean. “Orain hiru umeekin ikusten nautenean, ezezagunen batek esan izan dit, ‘aita lanean?’, edo adierazi izan dute, ‘bananduta egongo da, eta gaur berari tokatuko zaizkio’. Oraindik ere oso karratuak gara gai hauetan”, ondorioztatu du ama bakarrak. Oraindik ere, kasu askotan, hezkuntzan familiak nola lantzen diren jarri zuen karratutasun horren adibide Argiderrek: “Informazio falta ikaragarria daukagu jendearengan; Ikastolan orain dela 30 urte hemendik pasa gineneko eredu berdinarekin etorri zaizkit nire seme-alabak urte hauetan. Familiaren gaia lantzen hasten direnean, pixka bat ukitzen da adopzioaren gaia; baina umearen amaren txikitako argazkia nolakoa zen eta orain nolakoa den eskatzen diete umeari; eta gero, aitarena. Oso karratua dago dena aitaren eta amaren inguruan. Zergatik ez dira gaur egun aukera desberdinak jartzen edo aukera askeak uzten? Oraindik ere ikasmaterialak aita eta amari begira prestatuak etorri zaizkigu. Guk, gure kasuan, aitaren lekua hutsik utzi dugu, baina zer gertatzen da bi ama edo bi aita edo dena delakoak dituztenean? Non jarri behar du bigarren aita?”.
Guztiak ez dira, ordea, esamesak, zurrumurruak edo kritikak. Gazitik bezala, gozotik izan du gurasotasun-esperientziak. Aitzoli gogoan gelditu zitzaion lagun batek euren subrogazio-prozesuari buruz esandakoa: “Desinformazioagatik arrotza egiten zait baina zuek ezagututa sinesten dut ondo aztertutako prozesu bat egingo zenutela”. Argiderri lagun batek monumentu bat egingo ziola esan zion, “Argider, monumentua egingo nizuke. Ez dakit nola egiten duzun, baina nire idoloa zara, umeak nola manejatzen dituzun ikusita!”. Ez da gutxiagorako. Bere burua asmatu eta berrasmatu beharra izan du Argiderrek hiru umerekin aurrera ateratzeko, umorez kontatzen ditu hala ere, bizi izandakoak: “Arropak zabaldu izan ditut ume bat bizkarrean eta bestea aurrealdeko poltsan nituela. Erosketak bi karrorekin egin izan ditut, batean, hiru ume eta, bestean, erosketak. Asmatu eta berrasmatzen zara. Eta aurrera ateratzen zara”. Hamar urteren ondoren orain hasi omen da “tunelaren beste aldeko argi izpiak” ikusten. “Hasierako urteak konplikatuak dira pazientzia ikaragarria ez baldin badaukazu, eta, gero, sakrifizio ikaragarria eskatzen du pertsonalki. Zeure burua erabat ezeztatzeraino iristen zara. Etxe batek daukan zama guztia eta hiru umek daukatena, ba pixkanaka-pixkanaka zeure burua uzten joaten zara, zuretzat denborarik ez hartzen. Beti besteei egiten ari zara, ‘orain honi tokatzen zaio’, ‘orain besteari’... Alde horretatik bizi izandako esperientzia basatia da. Baina beste alde batetik asko betetzen zaitu”. Alderdi positiboak ere badauzka, guraso bakarraren eta seme-alaben artean garatzen den atxikimendu berezia adibidez. Barrez kontatzen ditu egiten dizkioten bihurrikeriak: “Orain ere gure etxeko komuna ataskatua dago, eta inork ez daki zergatik”. Liburu bat idazteko moduko pasadizoak dauzka, baina denborarik ez, horiek biltzeko. “Normalean momentu txarrak ahazteko ohitura daukagu luzarora, hori da gizakiak daukagun balore handi bat eta onarekin gelditzen gara, txarrarekin geldituko bagina hil egingo ginateke-eta. Bizitzeko grina daukagu, eta positiboarekin gelditzen gara”. Jarrera horrekin egin du aurrera. “Jende asko ikusten dut ume bakarrarekin ni baino bastante okerrago”, esan zuen umore ukitua jarriz.
Gizartean eragiteko asmoarekin antolatu zuten saioa, lasai eta eroso hitz egiteko aukera izan zuten, eta hiru hizlariek euren ekarpena egin nahi izan zuten barrenak hustuz eta euren etxeko ateak zabalduz, beharrezko ikusten dutelako dagoeneko egon badauden errealitate anitzekiko ikuspegia zabaltzea jendartean. Familia batean gizartearen ustez amari egozten zaion ardura eta zama zalantzan jartzeko ahalegina egin zuten, esate baterako: “Eider, ez dakizu zer zorte duen Sustraik bi ama izanda!”, esan izan diote Goenagari: “Harro gelditzen zara medaila jarrita. Entzundako horri buelta ematen diozun arte. Kontestua lagun arteko afari bat da, gehienak ume txikien amak. Sustraik 2-3 urte zituen eta lehenengo parrandatako bat zen lagunekin. Afaltzen hasi 9etan, eta lagun guztiak etxera deika, ‘deitu behar diot’, ‘deitu behar diot’... ‘bakarrik utzi al dituzue umeak ala?’ Galdetu nien arduratuta; ‘ez, aitarekin', erantzun zidaten denek. Eider, ez dakizu zer suertea daukan Sustraik bi ama edukita’. Badirudi aitak inutilak direla eta amak arduratu behar dutela guztiaz! Ez zen beraz, medaila jartzeko esaldia izan.”
Aitari buruz gizartean oraindik ere zabaldua dagoen ikuspegiaren adibide da Eiderrena. Emakume zein gizon, ezartzen diren rolen inguruan hausnartu beharra ikusten du Argiderrek ere. Artean “sustoa” erabat pasa gabe zegoela, bikiez haurdun, auto berria erosi beharra izan zuen, guztiak autoan kabituko baziren. Auto sailtzaileak honela esan omen zion telefonoaren bestaldetik: “‘Jar daiteke, mesedez, zure senarra?’ Horrelakoetan konturatzen gara ze gizarte karratuan bizi garen —eutsi zion Argiderrek—. Emakume batek ezin ote du kotxe bat erosi? Gizarte bezala oso atzera gaude gai askotan, eta honetan bereziki”.
Aitzoli ere esan izan diote bikotean bera dela “ama papera” egiten duena, bera delako senarra lanera ateratzen denean haurrez arduratzen dena. Baina iritsi izan zaizkio mingarriagoak ere, “ume gaixo horiek amaren beharra sentituko dute ba!”, eta antzekoak. “Amarekin umeak mimoz eta eskuz ondo aseta daudela pentsatzen du jendeak, baina bi aitaren kasuan falta ikusten du jende batek. Nolabait, guk ume horiei behar dutena emango ez bagenie bezala, eta horrek min ematen du”.
“Ikuspegi karratua” aldatzeko informazioa behar dela nabarmendu zuten hizlariek: “Informazio falta ikaragarria daukagu jendearengan”, esan zuen Argiderrek. “Gure bidea sinpleagoa da, orain. Gure erabakia gauzatzea (gizonik gabe eta intseminazio bidez haurdun gelditzea), ordea, duela 60-70 urte ez zen posible. Ikusi egin behar dugu zein ibilbidetatik gatozen, 40 urteko diktadura bat, elizak zer nolako pisua izan duen...Horretan guztian bide berriak irekitzea ikaragarri kostatzen da. Guk pertsona bakoitzaren zoriontasuna aldarrikatzen dugu. Zeinek eragotzi behar digu zoriontasun hori? Zeinek markatu behar du moralitatea eta ongia eta gaizkiaren arteko marra? Nik legez egiteko aukera izan dudan hau duela 30 urte emakume gazte haiek ez zuten aukerarik izan. Edo Eiderrek egin duena ere ez zen posible. Aitzolek egin duena ere momentu honetan ezin daiteke egin hemen askatasun guztiarekin eta legez, zer pentsatua eman beharko liguke. Oso atzera goaz, oso”.
Aurrera egin eta familia eredu guztiak onartzeko eta begi onez ikusteko, subrograzioa arautzea lagungarri izango litzateke, Aitzolen ustez. Argi dauka herrialde batzuetan egiten diren subrogazio-prozesuetan emakumeak ez direla errespetatzen, eta gauzak tokian toki ongi arautu ezean, zenbait jendek bide hori aukeratzen duela, merkeena delako. Gizarte mailako eztabaida sakon bat planteatu, arautu eta errespetuzko prozesuak legeztatzeak mesede egingo lukeela ikusten du Aitzolek. “Uste dut txarra den hori on bihurtzeko egoera arautu egin behar dela, hala [baldintza] txarrak desagerrarazi egingo lirateke. Hemen bertako jendea kanpora joan behar den momentutik, gauzak oker egiteko aukera handia dago, leku askotan gauzak ez direlako egin behar diren bezala egiten. Gaizki egiten diren leku horietan, gainera, askoz merkeagoa da prozesu hau guztia, eta merketik joan nahi baduzu, azkenean gauzak gaizki egiten dituzu. Ondo egin nahi badituzu, inbertsio handi bat egin behar duzu. Gaian sakonduko balitz, eta ondo dauden gauzak hartu eta arautuko balitz egoera, nik uste dut gauzak askoz hobeto aterako liratekeela”.
Badaude karratutik atertzen direnak ere. Eta askotan, gutxien uste dugunak dauka aurreiritzi gutxien eta pentsamendu irekiena. Hala gertatu zitzaion Eiderri: “Enteratzen azkena nire amama izan zen. Bazekien beste neska batekin bizi nintzela, baina amamarentzako laguna zen. Ezkondu ginen, baina berak ez zekien ezer. Haurdunaldian pentsatzen hasi ginenean, amamari esan behar geniola pentsatu nuen eta nola hartuko zuen asko beldurtzen ninduen. Esan nion eta oso ondo hartu zuen. Disgusturik handiena hau izan zen: ‘Oraingo honetan ere ni izango nintzen enteratzen azkena!’”.