“Zainduz ikasten da zaintzen; umeek izan dezatela izaki bizidun bat zaintzeko ardura"

2021-09-28

Urteak daramatza pedagogia berdean aditua den Heike Freire pedagogoak naturaren onurak aldarrikatzen. Naturarekin lotuta eta bat eginda bizitzea funtsezkotzat jotzen du. Naturaren eta gizakion artean dagoen amildegia ikusita, hori hautsi eta bernaturalizatu beharraz hizketan dabil azkenaldian.

 
 
“Zainduz ikasten da  zaintzen; umeek izan  dezatela izaki bizidun  bat zaintzeko ardura"

Aspaldiko ezaguna du Hazi Hezi-Hik Hasik Heike Freire. Azkena azaroan Zumaian antolatutako Natura: eskola bizia jardunaldietara etorri zen Patios Vivos para renaturalizar la escuela (Jolastoki biziak eskola bernaturalizatzeko) liburu argitaratu berria besapean zuela. Bernaturalizazioaz hitz egiten du eta prozesu bikoitz horren aldarria egiten du: aurki dezagun guregan dagoen natura eta aurki dezagun geure lekua naturan.

 

Gero eta gehiago erabiltzen da hezkuntza arloan biologoek erabili ohi duten "bernaturalizazio" kontzeptua. Horrek zer esan nahi du, naturatik deskonektatuta eta erabat aldenduta gaudela eta berriz gerturatzeko beharra dagoela?

Mendebaldeko gure kulturan izugarrizko amildegia daukagu gizakiaren eta naturaren artean. Badira gutxienez 2.000 urte —feministek 5.000 urte diote, patriarkatua ezarri zenez geroztik— naturarengandik urruntzen hasi ginela. Platonek, adibidez, naturaren eta kulturaren arteko desberdintasunaz hitz egiten zuen; natura mundu sentikorra zen, engainatu zezakeena, eta kultura ideien eta adimenaren mundua. Greziarren kulturaz geroztik ere burua/gorputza banaketa egiten da. Ingurune naturaletik banatzen gaituzten bereizketa asko eta asko daude, gizakiok natura ez bagina bezala.

 

Urruntze hori fisikoaz gain emozionala, mentala, intelektuala eta espirituala ere bada. Zeren banaketa fisikoa denean, mentala eta emozionala ere bada. Hau da, zerbait itxi eta guregandik apartatzen dugun momentutik zerbait horrekin ahaztu egiten gara, eta ahazten garenean ez da existitzen. Eta noski, horrek ez maitatzea, ez zaintzea eta abar dakar. Maitatzeari uzten diogu, nolabait esatearren.

 

Moira Millan emakumezko maputxe liderrak iazko azaroaren 25ean El Publico egunkarian egindako elkarrizketa batean zioen gizaki bizidun guztien gainean kokatu garela eta gure zerbitzura dauden baliabidetzat hartzen ditugula gainerakoak, gure erosotasunerako osagai modura. Eta hori ikuspegi antropozentrikoa da, piramide bat, non gailurrean gizona dagoen eta gainerakoak bere azpian, bai emakumea eta bai gainerako izaki bizidunak. Gizonak bere burua goratu du, bera denen gainean jarriz, eta Moiraren esanetan, berekoikeriaz, indibidualismoz eta materialismoz betetako ikuspegia da, eta horrek bihurtu gaitu antinaturalak. Moirak "terrizidioa" deitzen dio horri eta nahiago du hitz hori erabili aldaketa klimatikoa baino.

Amildegi hori edukita, garrantzitsua da bernaturalizazioa, ikuspegi antropozentrikotik ikuspegi biozentrikoa berreskuratzea ekar dezakeelako.

Zein da biozentrismoaren ikuspegia?

Moira eta beste aditu askoren arabera, herri indigenetako gizarteentzat gizakien mundua ez da piramide bat, zirkulu bat baizik. Bizitza eta biosfera osatzen duten izaki guztiak zirkulu sakratu, betiereko eta ezin bortxatuzko batean daude. Dena elkarrekin lotuta dago. Esaterako, ozeanoan baleak urritzea ibaiko izokinen kopurua aldatzearekin erlazionatuta egon daiteke. Edo eskuetan daukagun papera zeruko lainoarekin erlazionatuta dago, laino horren euriak bustita hazi zelako zuhaitza eta zuhaitz horretatik atera zelako paper hori.

Ikuspegi osoa da, sistemikoa, dena elkarrekin lotuta dago. Mundua ez da makina bat, izaki bizidun bat baizik. Lurra animalia handi bat da, zeinaren gainean ibiltzen garen, zaintzen gaituen eta elikatzen gaituen. Birnaturalizazioaz hitz egitean biozentrismora itzultzeaz ari gara, gizakia dagokion leku naturalean birkokatzea esan nahi du.

Eta beraz, une erabakigarrian gaude. Norantz jo nahi dugu? Gizaki antinatural baterantz? Zibor baterantz? Bizitzaren sarean kokatutako gizakirantz ala teknologiak garatutako post-gizakirantz? Gizateria elkarrengandik urruntzen ari da eta uste dut hezitzaileok jarrera bat hartu beharko genukeela haztea eta loratzea nahi dugun gizaki horren aurrean. Zeren, azken batean, hori da hezkuntza, gizakiei laguntzea, eta zentzu batean edo bestean egin daiteke.

Zuk bernaturalizazioaren aldeko jarrera argia hartua duzu eta bernaturalizazioa prozesu bat dela diozu, hau da, bere denbora behar duen prozesua.

Bai, hala da, ez da egun batetik bestera lortzen den gauza bat. Kontua ez da "bernaturalizatu egingo dut" esatea eta landaretxo batzuk jartzea, edo kanpo espazio batean eserleku bat jartzea, edo ikasleekin lorategira ateratzea edo seme-alabekin basora joatea. Hori lehen urratsa izan daiteke, dudarik gabe. Urratsak dira denak, baina bernaturalizazioa oso prozesu luzea da eta gero eta gehiago sakondu daitekeena.

Zeren bernaturalizazioa bi gauza dira: geuregan dagoen natura aurkitzea eta naturan geure lekua aurkitzea da; prozesu bikoitza da. Alde batetik, geuregan dagoen natura aurkitzeak lotura handia du nor garen gogoratzearekin, hau da, norberaren bat-batekotasuna, benetakotasuna, askatasuna eta erantzukizuna errekuperatzearekin. Memoria ariketa bat da. Eta bestetik, naturan gure lekua aurkitzeak esan nahi du talde batean, eskolan, familian, auzoan, herrian... gure lekua aurkitzea, beste izakiekiko orekan eta harmonian.

Nola egiten da prozesu hori familian, eskolan, auzoan, herrian...? Zein urrats jarraitu beharko lirateke?

Hasteko, bizitzarekiko maitasunak eta zaintzak gidatutako prozesu bat izan behar du. Zaintza funtsezkoa da gizakiarentzat.

Bigarrenik, ez dugu ahaztu behar prozesu bakoitza berezia izaten dela, hau da, talde, eskola, familia bakoitzak bere izatea berreskuratu behar du eta eskola bakoitza, familia bakoitza, talde bakoitza desberdina denez, prozesuak ere hala izan behar du. Ez dago bernaturalizatzeko metodologia jakinik.

Beste ezaugarri bat akatsik eza da. Prozesu berezi hauetan ez dago akatsik. Loturatik egiten baldin bada benetan garen horren bilaketa —izan banako, talde, auzo, familia edo herri—ez gara inoiz okertuko, ez dugu inoiz huts egingo. Dena da perfektua, naturan ez dagoelako akatsik. Errorea ikasketa prozesuko urrats bat besterik ez da.

Prozesu hauek komunitatea eskatzen dute eta hori da laugarren ezaugarria. Ia prozesu guztietan komunitatea gehiago lotzen da, kideak gerturatu egiten dira eta harremanak estutu egiten dira. Beste ezaugarri bat zera da: ikasketa eta aurkikuntza prozesu bat dela.

Eta azkenik, ametsek gidatutakoa dela. Zergatik? Irudimena dagoelako oinarrian. Elkartu eta amestu egiten da nolako pertsona motak izan nahi dugun, nolako harremana izan nahi dugun haurrekin —izan ikasle, izan seme-alaba—, nolakoak izatea nahi dugun gure umeak gaur eta bihar, nola garatu daitezen nahi dugun, nolako harremana izan nahi dugun familia barruan eta beste familiekin, nolako eskola nahi dugun, nolako auzoa nahi dugun... Ametsekin eta irudimenarekin zerikusia duten prozesuak dira eta, horretarako, elkartu beharra daukagu.

Lehen ezaugarri moduan zaintzaren garrantzia azpimarratu duzu eta gizartean ere gero eta gehiago ari gara entzuten zaintza erdigunean jartzearen beharra dagoela. Zer lotura egiten duzu zaintzaren eta naturaren artean?

Nik asko azpimarratzen dut zaintza eta egia da gizartean eta komunikabideetan gero eta gehiago entzuten dela zaintza erdigunean jartzeko premia, zaintzaren ekonomia, zaintza, zaintza... baina oso gutxi praktikatzen da. Eta oso gutxi hitz egiten da zaintza zein garrantzitsua den pertsonaren garapenean. Nik uste dut gauza gutxik laguntzen dutela hazten eta heltzen beste izaki baten zaintzaren ardura edukitzeak bezainbeste.

Margaret Mead antropologoak esaten zuen gizakiak zaintza duela ezaugarri. Hau da, leku batetik bestera zebiltzanean norbaitek hezurren bat hausten baldin bazuen, pertsona horrek ez zuen pentsatzen han geratu eta hil egingo zenik, gizatalde horren barruan hura zaintzeko egitura bat baitzegoen. Erlezaina zen ikasle bat izan nuen eta adineko pertsonak zaintzen hasi zen. Hark kontatzen zidan bazituela Alzheimerra aurreratua zuten gaixo batzuk eta landareak zaintzen zituztela. Nahiz eta gauzekin ez gogoratu, euren seme-alabak ez ezagutu, zaintzaileak ez ezagutu eta euren izenaz ere ez akordatu, ez ziren ahanzten zaintzen zituzten landareez eta nola zeuden galdetzen zuten.

Horregatik, zaintzea oso garrantzitsua da eta umeek beste izaki batzuk zaintzeko aukera izatea oso garrantzitsutzat jotzen dut. Eskolan zaintzen ikasteko derrigorrezko ikasgai bat egon beharko luke.

Eta nola ikasten da zaintzen, zure ustez?

Zainduz ikasten da zaintzen. Zaintzearen gaineko diskurtso asko daude: lurra zaindu behar da, lurra salbatu behar da... Ideia abstraktuetatik jaitsi eta umeak aktiboki inplikatu behar dira zaintzan. Ez dadila soilik izan energia gutxi kontsumitzea, argia eta urarekin kontuz ibiltzea edo zaborra birziklatzea. Horiek ere garrantzitsuak dira, baina zuzenean izaki bizidun bat zaindu dezakete: katu bat, txakur bat, oiloak, urmaleko arrainak, intsektuak, landareak, haziak... Naturak horretan laguntzen du eta animaliekin eta beste gizakiekin harremanetan egoteak zaintzen ikasteko balio dezake. Haurrei zainketa batzuen ardura eman dakieke, betiere aintzat hartuta euren interesak, garapenaren zein etapatan dauden, ingurunearen ezaugarriak eta zer den posible. Baina izan dezatela izaki bizidun baten zainketaren ardura izateko aukera edozein adinetako umeek.

Eskolan haurrak adinka banatzearekin asko galdu da zainketaren praktika. Adinak nahastuta taldekatzen direnean, zaharragoek gazteagoak zaintzen dituzte eta biziki interesgarria da. Anai-arreba bat baino gehiagoko familietan posible da hori praktikan jartzea. Eskoletan, antolaketa malguagoak egin daitezke eta, horrela, momentu batzuetan adinak nahastu eta zaharragoek txikiagoak zaintzeko ardura hartu. Kultura tradizionaletan oinarritutako herrialde batzuetan ume bat zaintzeko pertsonarik egokiena zein den galdetuz gero, ez dute erantzuten aitona-amonak edo gurasoak, baizik eta anai-arreba zaharragoak.

Nik uste dut norbait zaintzea oso modu aproposa dela neska-mutilak hazteko, garatzeko, heltzeko eta gainerako izaki bizidunekin errespetuz erlazionatzen ikasteko.

Pandemia garaian konfinatuta egon ondoren naturara ateratzeko gogoa handitu da eta jende gehiagok jo du mendira eta natur guneetara. Zer iruditzen zaizu, horrek lagunduko duela naturara gerturatzea eta loturak berreskuratzea? Alegia, bernaturalizazio prozesua abiatzea?

Ateratzen garen moduaren arabera. Zeren kasu honetan jende asko barrenak hustutzera atera da, denbora askoan itxita egon eta ateratakoan dena apurtzen duen ume baten antzera. Hasieran aipatu dugun amildegiarekin egin dugu topo: itxita egon gara eta ondoren askatu egin gaituzte. Eta zer gertatzen da askatzen gaituztenean? Oso zakar jokatzen dugula. Nik ez dut naturarekiko zaintzarik eta begirunerik ikusi, barruak hustutzea baizik, eta normala da bizi izan dugun itxialdiaren ondoren.

Naturan egoteko gogo gehiago sortu digu itxialdiak eta egoera honek, baina era berean, biofobia asko sortzen ari da. Hau da, jendeak, umeek, ikasleek, irakasleek “ukitu dezaket?“, "eta hau?” galdetzen dute beldurtuta. Kutsatzeko beldurra dute eta ez dakite egokia ote den adar bat edo sustraiak ukitzea, lokatzetan zikintzea, hostoak ukitzea, lurrean esertzea... Horrek guztiak biofobia handia eragin du. Beraz, alde batetik uste dut positiboa izaten ari dela naturarekiko kontaktua areagotzea eta natur guneetara lehen baino gehiago jotzea, baina bestetik ez.

Ez dakit zer irtenbide eman diezaiokegun, baina argi ikusten dut eremu batetik besterako joan-etorriak arindu eta erraztu egin behar direla; amildegia apurtu, beste hitz batzuetan esanda. Oso bereiztuta dauzkagu naturako eremuak gainerakoengandik. Kanpo eta barne espazioen arteko joan-etorriak sortu behar dira. Tailer batean hesi bat saltatu behar izan genuen baratzera joateko. Hesia erabat itxita zegoen, inork ezin zuen beste aldeko natur gunera pasa. Hain zegoen itxia, non inork ez zekiela nork zituen giltzak. Hori aldatu beharra dago, hesi horiek apurtu.

Eta horrekin batera naturarekiko harremana eta lotura landu behar da. Ezin dugu sugeak lepotik zintzilik jartzera joan naturara edo kirola egitera joan gimnasio bat izango balitz bezala. Jarrera horrekin natura benetan ikusi gabe jarraitzen dugu, bere leuntasuna eta gozotasuna nabaritu gabe segitzen dugu. Haurrek bai, egiten dute. 2-3 urteko umeek badute gaitasun hori; harriekin hitz egiten dute, landareei hitz egiten diete... gai dira gauza guztietan dagoen bizitza hori sentitzeko. Naturarekiko lotura horrek berezkotasuna eta bizkortasuna ematen ditu eta horiek funtsezkoak dira osoki garatzeko. Garai horretan sortzen den lotura bizitza guztirako eduki dezake pertsona batek. Ikerketa askok eta askok esaten dute lotura hori dela pertsona batentzako txertorik eta bizitza-asegururik onena. Haurraren garapenean leihoak ireki eta itxi egiten dira eta naturarekiko lotura barneratzeko leihoa 12 urtera arte —eta batez ere 0-6 urte bitartean— egoten da zabalik. Orduan landu behar dugu.

Gu, ordea, helduok, hildako mundu batean bizi gara eta arnasa hartzeko eta ariketa pixka bat egiteko soilik balio digu naturak. Hori da aldatu behar duguna.

Nola ixten da naturarekiko lotura errazten duen leihoa?

Antropozentrismoagatik. Umeen kasuan, buruari eta adimenari gorputzari baino garrantzi eta leku gehiago ematen joaten zaio. Hasieran gorputza dira, baina Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntza pasatzen direnean “jada handia zara” esaten zaie eta gorputzetik urrunduz mundu abstraktura bideratzen dira. Hizkiekin hasten direnean zentzumenak alboratu eta adimenari ematen zaio garrantzia. Hasieran umea bere osotasunean hartzen da, gorputza, zentzumenak, emozioak... baina pixkanaka zatika moztuz joaten gara: lehendabizi lepotik mozten dugu, garrantzitsuena hortik gorakoa dela esateko, pentsatzen duena; gainerakoa, gorputza, aulki batean eseri eta geldirik edukitzeko esaten zaie. Horrekin jada berezko naturatik bereizten dira.

Eta helduek nola berreskura dezakete lotura hori? Zeren, umeei transmititu nahi baldin bazaie, garrantzitsua da norberak ere bizitzea.

Bai, hala da, prozesu bat da. Nik, helduekin lan egiten dudanean, haurtzaroko oroitzapenetara itzularazten diet. Zeren heldu askok haurtzaroko oroitzapenak oso presente dituztela konturatu bainaiz, baina beste batzuek erabat desaktibatuta dituztela. Orduan, haurtzaroko oroitzapenak gogorarazteko dinamikak eta ariketak egiten ditugu, hori baita helduak berkonektatzeko modu bat.

Dena dela, modu gehiago ere badaude. Esate baterako, erditzeak naturarekin modu basatian lotzen gaitu, bat-batean sartzen da natura gogortasunez emakumearen bizitzan eta aukera zoragarria da berriz elkar aurkitzeko.

Bada beste modu bat ere: gida gaitzaten uztea. Adibidez, ume txiki batek begiak begiak lotailuz estalita dituen heldu bat gida dezake. Zoragarria da 3 urteko ume batek ama gidatzea. Ariketa honek argi erakusten du umeek naturarengana doan bide hori erakutsi diezaieketela helduei. Bernaturalizazio prozesu horretan lagungarri izan daiteke ume batek lore bati petaloak nola kentzen dizkion ikustea, eguzki izpi batekin sentitzen duen plazeraz jabetzea, tximeleta edo zizare bati begira zenbat denbora egon daitekeen ikustea, ura ukituz zenbat denbora pasa dezakeen behatzea... Horrek guztiak helduari bere sentikortasunarekin eta emozioekin berriz topo egitea dakarkio; bizi-indarrarekin, sormenarekin, arbasoekin, kulturarekin eta inguruko izaki bizidun guztiekin.

Helduen eta haurren artean nerabeak eta gazteak daude. Hauek ere ez dira ikusten lokatzetan, zomorroak hartzen, urarekin jolasten eta abar. Zer- nolako harremana dute nerabeek naturarekin?

Nerabeentzat natura ez dela hain inportantea iruditzen zaigu, eta ez da hala. Gertatzen dena da 10-11 urtera arte haurrak eraikitzen eta esperimentatzen aritzen direla, eta bat-batean, nerabezaroan, hormona aldaketekin, pasiboagoak bihurtzen dira eta lagunekin egoteak hartzen du erabateko lehentasuna. Eta orduan, badirudi ez daukatela naturekiko inongo interesik.

Hala eta guztiz ere, natura funtsezkoa da neraberazoan. Zeren lagunekin egoteko beharra duten moduan, bakarrik egoteko beharra ere badute eta naturako lekuek horretan laguntzen diete: bakarrik egoten irakurtzen, idazten, margotzen, imajinatzen... gustatzen zaiena egiten, eta hori ere behar dute nerabeek. Izan ere, nerabezaroan euren eta besteen arteko dialektikan ari dira eraikitzen identitatea, une batzuetan besteekin bat-
eginda daude eta beste batzuetan euren nortasunari lotuta. Zeren garrantzitsua baita nortasun indartsua edukitzea taldeak eraman ez ditzan.

Zer eskaintzen die naturak nerabeei? Zer ekarpen egiten diete?

Hasteko, irudikatzeko aukera anitz eskaintzen dizkie eta irudimea oso garrantsitsua da nerabezaroan. Baina ez norberaren irudimena, baizik eta taldean sortzen dena. Nerabeak ikuspegi bat behar du, proiektu bat eta erronka hori lagun talde batekin aurrera eramatea. Horrela hazten eta garatzen da. Eta naturak erronka horiek aurrera eramateko aukerak ematen ditu. Esate baterako, nerabe talde bat eseri, hitz egiten hasi eta bizikletako bidaia bat edo kanpaldi bat antolatzea erabakitzen dute. Euren buruari jartzen dizkioten erronkak dira eta nerabezaroan oso garrantzitsuak dira; alegia, zerbait ikuskatzea eta lagunekin aurrera eramatea.

Bigarrenik, naturak kultura tradizionaletan adin edo etapa aldaketetarako errituak egiteko espazio asko eskaintzen ditu. Nerabezaroa haurtzarotik helduarorako igarobidea da, ez batean eta ez bestean ez dauden garaia. Baina nahitaezko unea da, hainbat gauza zalantzan jartzen diren momentua; nor naiz ni, zer egiten dut hemen, zer egiten dut mundu honetan, nor dira nire bizitzako lagunak eta abar. Eta hor, naturak espazio oso interesgarriak eskaintzen ditu igarobide horretarako, nerabea pertsona heldu moduan bere nortasuna eraikitzen ari den une horretarako.

Eta azkenik, nerabeei animalien konpainiak asko lagun diezaieke. Zeren animaliek —landareek baita ere, baina animaliek gehiago gertuagokoak egiten zaizkigulako gu geu ere animaliak garelako— hainbat irakaspen eskaintzen dizkiete: izateko beste modu batzuk, beste portaera batzuk, sentitzeko, maitatzeko eta zaintzeko beste era batzuk, beste kokaleku batzuk... Irakaspen horiek guztiak oso garrantzitsuak dira nor den eta nolakoa izan nahi duen galdezka dabilen nerabe batentzat. Beste izakiekiko harremanak segurtasun handia ematen dio nerabeari; hasteko, milioika bide daudela ikusteko eta berea aurki dezakeela jakiteko; eta ondoren, nerabea bere nortasunarekin esperimentatzen ari denez hau eta bestea probatuz, animalien munduak pista asko ematen ditu nolakoa izan daitekeen horretan.