Ikasteko laguntza baino gehiago
Gipuzkoako harrera-egoitzetan dauden haurrei errefortzu akademikoa eskaintzea da 'IkasLagun' egitasmoren helburua. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako boluntariotza programa da eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak dira laguntza hori eskaintzen dutenak. Joana Migelena eta Joxe Garmendia EHUko irakasleek eta Iker Callado 'IkasLaguneko' partaideak azaldu dizkigute egitasmoaren nondik norakoak.
H
arrera-egoitzetan dauden haur eta gaztetxoei ikasketekin laguntzea du helburu IkasLagun programak baina beste bat da azken helburua: babes sistemaren barnean dauden haur eta nerabe gehiago unibertsitatera iristea, edo, behintzat, prestakuntza ibilbide luzeagoa egitea. Bertan parte hartzen duten EHUko ikasleak unibertsitate erreferente bihurtzea lortu nahi dute, haur txikienek euren burua unibertsitatean edo derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo ibilbidea egiten irudika dezaten. Joana Migelena EHUko irakasleak azaldu digu zertan datzan programak: “IkasLagun boluntariotza programa bat da. EHUko ikasleak Gipuzkoako harrera-pisuetara joaten dira eta errefortzu akademikoa eskaintzen diete bertan dauden haurrei. Astean behin joaten dira, bi orduz, eta formatua bera da beti: ikaslagun bat haur bakoitzeko”.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera egindako bileran erein zuten IkasLagunen hazia: “Galdera nagusia zen ea zer egin genezakeen harrera egoitzetatik unibertsitatera ikasle gehiago heltzeko, edo behintzat helmuga akademiko handiagoa izateko. Eta pentsatu genuen boluntariotza programa baten barnean errefortzu akademikoa eskaintzea aukera ona izan zitekeela”. Bilera haietan erabaki zuten Lehen Hezkuntzako ikasleekin hasiko zirela lanean. Programa 2018-2019 ikasturtean jarri zen martxan Gipuzkoan. Bost pisurekin hasi ziren, 28 ikaslerekin, eta EHUko ikasleen artean deialdia eginda, 40k eman zuten izena. Ebaluazioa ezin hobea izan zenez, aurrera egitea erabaki zuten eta hurrengo ikasturtean, 12 harrera-egoitza eta 64 haur izan zituzten. Hiru ikasturteotan, haurrek errendimendu akademikoa hobetzen dutela erakutsi du programak, baina ez hori soilik: babes sarea handitu dezaketela ere bai. Izan ere, esperientziak eta ezagutzak trukatzen dituzte egitasmoan parte hartzen dutenek. Euskara ere lantzen dute. Haur eta gaztetxo horietatik asko testuinguru euskaldunetan bizi dira, eta euskara lantzeko aukera izaten dute programari esker.
Laguntza behar dutenentzat soilik
IkasLagun programan errefortzu akademikoa behar duten haurrek soilik parte hartzen dute. Harrera-egoitza bakoitzak egiten du diagnostikoa eta haiek erabakitzen dute laguntza nork behar duen. Prozesuaren nondik norakoa azaldu digu Joxe Garmendiak: “Harrera-egoitza horietako arduradunekin harremanetan jartzen gara eta haiek zenbat ikaslagun behar dituzten eta nolako profila izan behar duten esaten digute. Orduan guk deialdia egiten dugu, eta izena ematen dutenekin bilera egiten dugu programaren nondik norakoak azaltzeko. Esaten diegun lehen gauza da ez doazela bertara terapia egitera, erreferente bihurtzeko baizik. Ez da erraza, izan ere, zaurgarritasun egoeran dauden ikasleengana joaten dira. Haien euskarri izatera doaz, azken batean”.
“Haurren sare soziala handitzen da eta haien erreferentea unibertsitateko ikasle bat da. Unibertsitatea existitzen dela ikusten dute. Eta bada garrantzi handia duen beste alderdi bat ere: gure ikasleak musutruk joaten dira, ez dira langileak. Haurrentzat hori oso garrantzitsua da. Egoitzetako langileek ezin diete denbora gehiegi eskaini. Behar handiak dituzte, baita emozionalak ere, eta haientzat gauza handia da laguntzen dien pertsona hori eurentzat esklusiboki izatea”, azpimarratu du Migelenak.
Ikasleentzat onuragarri
Migelenak eta Garmendiak azpimarratu dute IkasLagun programan parte hartzen duten EHUko ikasleek lan handia egiten dutela. Musutruk joaten dira harrera-egoitzetara: hiru kreditu lortzen dituzte trukean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaintzen dizkie harrera-egoitzetarako joan-etorriak. Ikasleen artean harrera oso ona du egitasmoak eta zozketa egin behar izan dute postuak baino boluntario gehiago izaten dituztelako. Boluntarioen poltsan 250 ikasle izatera iritsi dira, hainbat gradutako ikasleak: Gizarte Hezkuntza, Psikologia, Magisteritza, Kriminologia…
Egitasmoak unibertsitatearen eta harrera-egoitzen arteko etengabeko koordinazioa eskatzen du, ikasturtean zehar jarraipena egitea eskatzen du, eta talde eragilea zabaltzea garrantzitsua dela ikusi dute, hori dela eta, ikasleak sartuko dituzte orain; Iker Callado bera, eta agian besteren bat.
Joxe Garmendiak garbi du: IkasLagunek profesionalizaziorako bidean laguntzen die ikasleei. EHUko ikasleek gaitasun pertsonalak, akademikoak eta sozialak eskuratzen dituzte, eta etorkizunean, lan munduan egoki aritzeko baliagarriak izango zaizkien errealitateak ezagutzen dituzte. Lan mundurako ateak ere zabaltzen zaizkie. Izan ere, ikaslagun izandako hainbat ikasle gaur egun harrera- etxeetan lanean ari dira.
Ikasleak egoitzetara joan aurretik, harrera-etxeei buruzko uste okerrak deseraikitzen saiatzen dira, izan ere, Migelenak dioenez, harrera-egoitzei buruzko uste okerrak izaten ditu jendeak: “Han tutoretzapean daudenek, txikiak direnean pena ematen dute, eta koskortzen direnean, ia beldurra. Biktimak dira, gurasoek ezin izan dituzte euren behar guztiak asebete eta haiek ez dute aukeratu egoitzan egotea, deserrotuta egoten dira eta, gainera, etiketatu egiten ditugu”.
IkasLagunek unibertsitatearen eta errealitatearen arteko lotura egiten duela azpimarratu du, bestalde, Garmendiak: “Unibertsitatean ikerketa asko egiten dira baina horietako askok ez dute eguneroko bizitzarekin, gizartearen beharrekin ia loturarik, maila akademikoan besterik ez dira geratzen. Hemen, ordea, lotura erabatekoa da eta egitasmo honen balio erantsia gizartean egiten duen lana da. Oso aberasgarria da horrelako proiektuak garatzea”.
‘Arrakasta’, ‘IkasLagun’ programaren aitzindari
IkasLagun programak, Arrakasta programa du aitzindari. Arrakastaren helburua, haurtzaroa eta nerabezaroa babestea da, eta harrera-egoitzetan dauden gazteak unibertsitatera sartzeko aukera izan dezaten eta goi mailako ikasketak arrakastaz egiteko aukera izan dezaten baldintzak sortzea. Gipuzkoan jarri zen martxan, EHUko Hezkuntzako Azterketa Historiko eta Konparatuen Garaian Taldeko kide Joana Migelenak egindako tesitik abiatuta. Migelenak berak azaldu digu nola hasi zen guztia: “Harrera-egoitzetan zeuden haurren eskubideak aztertu nituen, horien artean guretzat bereziki garrantzitsua dena: hezkuntza eskubidea. Profesionalak eta tutoretzapean egondako gazteak elkarrizketatu nituen eta konturatu nintzen gazte horietatik oso gutxi heltzen zirela unibertsitatera: bi soilik ari ziren unibertsitate ikasketak egiten eta beste bik hasi nahi zituzten”. Beraz, unibertsitatera heltzeko jende gehiagok aukera izan zezan, proiektu berria abiatzea erabaki zuten. Gazte horien egoera zaila dela azpimarratu du Migelenak: “18 urte betetzean, harrera egoitzatik atera behar dute. Joera nagusia, Lanbide Heziketara jotzea zen lanerako sarbide azkarra lortzeko, eta oso gutxi heltzen ziren unibertsitatera. Heltzen zirenek, berriz, arazoak zituzten: nola ordaindu matrikula, materiala, ordenagailua… egoera horretan? Datu horiek aintzat hartuta, lanean jarri ginen eta Arrakasta izeneko programa sortu genuen”.
Arrakasta programak unibertsitatera heltzeko eta ikasketak arrakastaz amaitzeko laguntza eskaintzen die ikasleei: selektibitateko tasak ordaintzen hasi eta titulua ordaindu arte. EHUk ematen du horretarako laguntza ekonomikoa, logistikoa eta akademikoa. Ikasleari bere graduko irakasle bat esleitzen zaio tutore gisa eta ikasketak amaitu bitarteko jarraipena egiten du. Bestalde, liburuak, fotokopiak… doan izaten dituzte. Horretan laguntzen du baita ere SM fundazioak egiten duen ekarpen ekonomikoak.
Gaur egun Bizkaian eta Araban ere martxan da Arrakasta. 2017-2018 ikasturtean hasi ziren Gipuzkoan zazpi ikaslerekin eta ikasturte honetan, 35 ikasle dituzte: zazpi Araban, hamasei Bizkaian eta hamabi Gipuzkoan. Orain arte zortzi ikaslek amaitu dituzte ikasketak arrakastaz.
Migelenak eta Garmendiak azpimarratu dute bai Arrakasta eta baita IkasLagun egitasmoetan ere Idoia Fernandez, Berrikuntzaren, gizarte konpromisoaren eta kulturgintzaren arloko errektoreordetzako kidearen laguntza berebizikoa izan dela. Era berean, Pauli Dávila eta Luisma Naya EHUko irakasleek ere bi programetan parte hartu dutela aipatu dute.
Ikasleak ikasleentzat eredu
Iker Callado Psikologiako ikaslea da eta hirugarren ikasturtea du hau IkasLagun egitasmoan parte hartzen. Hasi aurretik zuen ideia eta behin egitasmoan murgilduta topatu duena, bat datozela dio: “Arlo teorikoa beharbada ikasketetarako errefortzua izateko planifikatua dago, baina praktikan ikusten duzu hori baino askoz ere gehiago dela eta denbora asko pasatzen duzula aparteko gauzak egiten: haurrekin hizketan, jolasten… Hori ere garrantzitsua da”, dio Calladok. Langileekin harreman ona izaten dutela dio eta haurrekin, ezin hobea: “Bi ordurako joaten gara baina batzuetan denbora gehiagoz ere geratzen gara, jolasa luzatu delako, adibidez”.
Ikasle bakoitza ikasturte osoan zehar haur berarekin egon dadin saiatzen dira, eta ahal izatera, hurrengo ikasturteetan ere bai: “Niri iaz ikaslea aldatu zidaten COVID 19-a dela-eta izan ziren aldaketengatik. Pisu berean zegoen eta ezagutzen nuen, baina ez nuen inoiz berarekin lanik egin. Aurten berriro itzuli naiz lehen ikasturteko umearekin eta oso gustura gaude biok. Egia esan, hiru ikasturteetan oso gustura aritu naiz”, esan digu Calladok. Eta gauza ugari ikasten ari dela azpimarratuz jarraitu du: “Haurrekin nola egon, haiekin denbora pasatzen, erreferente izaten… ikasten ari naiz. Batzuetan kosta egiten zaie etxeko lanekin jartzea, ordurako eskolan izan direla esaten dizute. Baina egiten ditugu eta zailtasun gehien duten ikasgaietan errefortzua eskaintzen diegu. Egunero apur bat egitea garrantzitsua dela erakusten diegu. Niretzat oso aberasgarria izaten ari da”. Ikaslearen arabera egokitzen direla dio: “Lehen ikasturtean LHko haur batekin aritu nintzen eta denbora gehien jolasten ematen genuen ia ez zuelako etxeko lanik izaten. Bigarrenean, berriz, DBHko ikasle bat egokitu zitzaidan eta jolasteko denbora gutxiago zuen. Egokitzen joaten gara eta materiala lortzen eta sortzen ere bai: iaz, adibidez, Fisikako ariketak egiteko sarean aritu nintzen informazio bila apenas gogoratzen nuelako ezer”.
Ahal izanez gero, egitasmoan parte hartzen jarraitzeko asmoa du Calladok eta orain, gainera, baita talde eragileko kide gisa ere: “Programaren beste aldean zer nolako lana egiten den ikusten duzu, aukera ona da eta oso aberasgarria”.