Andoni Eizagirre: “Eskolarekiko espektatibak gero eta txikiagoak dira”

2022-03-02

Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta Filosofian doktorea da Andoni Eizagirre Eizagirre. Hezkuntzaren soziologia du ikerketa lerro nagusietako bat, goi mailako hezkuntzaren soziologia bereziki, eta hezkuntzak dituen beharrizanen gaineko hainbat ikerketa egin ditu. Hezkuntzak askotariko beharrizanak dituela dio, eta guztien diagnostikoa egin beharko litzatekeela euskal hezkuntza horien arabera antolatzeko. Gurasoek dituzten eskolarekiko espektatibak gero eta txikiagoak direla dio, eskola ziurtagiri akademikoa lortzeko tresna gisa hartzen dela gaur egun eta ez zaiola funtzio hezitzailerik aitortzen. Egungo sistema agortua dagoela uste du Eizagirrek eta Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetan onartu nahi duen Hezkuntza Legera bidean akordioa lortzeko baldintza egokiak badirela pentsatzen du. Bide horretan, hori bai, askotariko beharrizanak aintzat hartzeko beharra eta ausardiaz jokatzeko beharra azpimarratu ditu.

 
 
Andoni Eizagirre: “Eskolarekiko espektatibak gero eta txikiagoak dira”

Hezkuntzak dituen beharrizanen gaineko azterketa egin duzu. Zein dira, zure ustez, euskal hezkuntzak dituen beharrizan nagusiak? 

Abiapuntu garrantzitsua du gaiak: askotariko beharrizanak egon litezke eta, gainera, horiek ulertzeko hainbat modu daude. Eskolaren funtzio garrantzitsuenetako bat da pertsona ‘nor naiz?’, ‘zer nahi dut?’ eta ‘nor gara?’ galderen gainean heztea. Besteak beste, funtzio historikoa, identitarioa eta sinbolikoa du eskolak, baina azken hamarkadetan, funtzio hori bigarren mailan geratzen ari da eta eztabaidetan ez dugu lehenesten. Eta oso garrantzitsua da eskolaren funtzioetako bat delako, baina baita herri gisa pertsonak sustraietara jotzen duten galderen bidez heztea beharrezkoa dugulako ere. 

 

Eskolak, izatez, pisu handia du norbere identitatearen eraikuntzan, ezta?

Bai. Eta besterik ez bada, funtzio hori bete behar du. Gaur egun gero eta gehiago esaten da familiak eta eskolak pisua galdu dutela zeregin horri dagokionez, eta haurren sozializazioan eskolaz kanpoko beste faktore eta eragile batzuk ari direla pisua hartzen: ikus-entzunezkoak, bestelako erreferentzia sinbolikoak…  Baina eskolak funtzio hori bermatu behar du. 

 

Beharrizan historikoek berebiziko garrantzia dute, beraz. Zein dira gainerako beharrizanak?

Eskolari buruz eta hezkuntzari buruz gero eta gehiago ikertzen da, gero eta ezagutza handiagoa dugu, eta ezagutza horrek ere beharrizanak azaltzen dizkigu. Ebidentzia horiei kasu gehixeago egin behar diegu. Eta ezin ditugu ahaztu hezkuntza arloko erakundeen beharrizanak ere. Askotan, badirudi beharrizanak soilik hartzaileek dituztenak direla eta hori arlo pedagogikora eta didaktikora mugatzen dugu, baina hezkuntza arloko eragileek ere euren beharrak dituzte, eta beharrizan eta interes horiek batzuetan eraldaketarako galga izan daitezke, gainera. Horiekin batera badira itzalean geratu diren beharrizanak ere eta honako adibideak aipatuko nituzke: unibertsitatearen eta Lanbide Heziketaren arteko dualtasuna, eta, horrekin lotuta, unibertsitarioen tasa ikaragarri altua dugula. 

 

Europako altuena da.

Bai. Lehenak gara, alde ikaragarriarekin gainera, unibertsitate ikasketak amaitu osteko adin tartean. Eta gure berezitasun erantsia da oso epe laburrean pasa garela unibertsitario tasa baxua izatetik Europako altuena izatera. Eta galdera da: zerk bultzatzen gaitu herri gisa, familia gisa ia automatizatua izatera gure seme-alabek unibertsitatera joan behar dutela? Zerk bultzatzen gaitu hezkuntzan ibilbide arrakastatsua izatea unibertsitatera joatea dela pentsatzera? 

 

Arrakastarekin lotu da unibertsitatea, ezta?

Bai. Hori gutxi ez, eta arazo objektibo bat dugu. Itxuraz balio ez duena edo motibaziorik ez duena ibilbidetik kanpo geratzen da eta gaur gaurkoz, oraindik, ibilbidetik kanpo geratzea Lanbide Heziketarekin lotzen da. Gurean Lanbide Heziketa arrakastatsua da, pedagokikoki, metodologikoki, bailaretako enpresak eta errealitatea aintzat hartzen ditu eta lan merkaturako sarbidea errazten du, baina, hala ere, ikasle gehienek unibertsitaterako bidea hartzen dute, eta eskaintza eta ibilbide zehatzetara jotzen dute, bereziki. Europan hori ez da oso ohikoa. Gurearekin antzekotasuna izan dezaketen Austriako edota Alemaniako eskualdeak aztertuz gero, ikasle gehienek Lanbide Heziketara jotzen dutela ikusten dugu eta hori ez dute arrakasta faltarekin lotzen. Unibertsitatera joateak gero eta berme gutxiago ematen ditu, gainera. Egiten ditugun ikerketak agerian uzten ari dira Batxilergoko irakasleek, tutoreek, barneratua dutela euren ardura dela ahalik eta ikasle gehien unibertsitatera bidaltzea. Etxean seme-alabei garrantzi hori transmititzen zaie, ikastetxeak norabide berean doaz eta unibertsitatera joatea gazteen helburua bihurtzen da. 

 

Hezkuntza sistema arrakastatsua dugula esan ohi da. 

Bai. Azken berrogei urtetan Hezkuntza sailburuek hezkuntza sistema legealdiz legealdi nola ebaluatu izan duten aztertu dut eta beti esan izan dute gure hezkuntza sistema arrakastatsua dela. Eta hori egia da eurek baliatzen dituzten adierazleetan oinarrituz gero. Eskola-uzte goiztiarreko tasa oso baxua dugu, errepikapen tasa baxua dugu eta denbora gutxian lortu dugu ikasle gehienek hezkuntza formaleko mailetan gora egitea. Nik hori ez dut zalantzan jarriko, balioan ipintzeko emaitzak dira zalantzarik gabe, baina beste adierazle batzuk erabiliz gero, datuak agian ez dira hain onak izango. Eta bada beste alderdi bat ere: nazioartean bateko eta besteko ikasleek azterketa berak egiten dituztenean, hemen emaitzak kaskarragoak izaten dira. Batzuek azterketa horiek zalantzan jarriko dituzte baina onak edo txarrak izan, denentzat berdinak dira. Eta hemen bazterrean geratzen direnak oso gutxi izanagatik ere, eskola goizago uzten duten beste hainbat lekutan emaitza hobeak lortzen dituzte. Hori ere adierazle bat da.

Ikasketa mailan gora egitearen arrazoi nagusia ingurune sozio-laborala dela ikusi dugu. Askotan pentsatzen dugu ikasketak ez uzteko arrazoi nagusiak pertsonaren motibazioa, irakaslearen prestakuntza edota hezkuntza sistema bera direla eta ziur baietz, hala dela, baina era berean zera ikusten dugu: lan merkatuan gaztetxoentzat aukerak dauden lekuetan, ikasketa maila baxuagoa izaten dela. 14-20 urteko nerabeentzat lan merkatuan pizgarririk ez bada, eskolan jarraituko dute. Kataluniatik Andaluziarako kostalde guztia aztertu genuen hiru epe bereiztuta: 2008 arte, 2008-2013 tartea eta 2013tik aurrera. Denbora tarte horretan hezkuntza sistema eta eredu pedagogikoa ez ziren aldatu baina 2008 arte, lan merkatuak pizgarriak zituen gure artean bezain aspertuak zeuden gaztetxoentzat. 2008an, krisiaren ondorioz, eskola uzte goiztiarra asko jaitsi zen eta 2013an berriro gora egin zuen. 

Beraz, ikasketa mailan gora egiteak lotura al du kalitatearekin? Ez beti. Ez dezagun pentsa gure hezkuntza kalitatezkoa dela soilik adierazle batzuei erreparatuta. Gainera, eskola uzten dutenen edo zailtasunak dituztenen artean denetik dago, baina jatorri etnikoa eta klasea azalpen garrantzitsuak dira. Ezaugarri familiarren arabera ikasleak bi talde nagusitan banatzen dira: erraztasunak dituztenak eta zailtasunak dituztenak. Beraz, gure hezkuntza sistema kalitatezkoa denik ez dugu zalantzan jarriko, baina erronka handiak ere baditugu esku artean. 

 

Egungo hezkuntza sistemak ez ditu denen beharrak kontuan hartzen, beraz?

Ez. Eskola-uzte goiztiarrari dagokionez, Europako tasarik baxuena dugu baina talde hori oso homogeneoa da, denek antzeko perfila dute eta hori zergatik gertatzen den galdetu behar dugu. Horrekin lotuta, herri berezia gara: alde batetik, aberastasun handia dugu eta aberastasun handia sortzen dugu, baina desberdintasun sozial handiak daude gurean, eta enkistatzen ari dira. Zailtasunak zituenak, gero eta zailtasun handiagoak ditu, eta eskolentzat oso nekeza da aukera berdintasuna efektibo bihurtzea. Eta batzuek zein besteek eskola ulertzeko dituzten aukerak eta dituzten espektatibak desberdinak dira. Bestalde, ongi daudenen artean, gero eta gehiago dira eskolarengandik gero eta gutxiago espero duten familiak. 

 

Azalduko al diguzu hori?

Jendeak seme-alaben gaineko aspirazio batzuk izan ditzake, baina ibilbide akademikoari dagokionez, gero eta gutxiago espero du eskolarengandik.

 

Horrek zer esan nahi du, eskola seme-alabak aparkatzeko toki gisa soilik ulertzen dugula?

Aparkatzeko toki gisa eta ziurtagiri akademikoa lortzeko tresna gisa. Ez gaitu kezkatzen hainbeste zer eta nola ikasiko duten, baizik eta ziurtagiria lortzeak. Erdiko klaseko familietan ikusi dugu seme-alaben eskolaz kanpoko formaziorako baliabideetan inbertsioa egiteko joera handitzen dela. 

 

Eskolari funtzio hezitzailea ukatzen zaio orduan?

Ez zaio aitortzen edo, behintzat, ez da halakorik espero. Jendeak uste du euren seme-alaben prestakuntza eta heziketa ez direla eskolatik etorriko. Gero eta nabarmenagoa da, eta lotura du “eskolako errefortzurako gastua” deitzen denarekin, hau da, betiko eskola partikularrekin. Gaur egun, eskolan zailtasunik ez duten ikasle gero eta gehiago doaz eskola partikularretara, gurasoek uste dutelako eskolak emango ez dizkien baliabideak jasoko dituztela bertan, eta horrek markatuko duela besteekiko aldea. Joera horrek beste errealitate bat ere azaleratzen du: benetan zailtasunak dituztenek ez dute eskolaz kanpoko baliabiderik. Gainera, oraindik kosta egiten zaigu zailtasunak dituztenei eskolan bertan errefortzua eskaintzea. Europako herrialde askotan talde bereziak sortzen dituzte zailtasunak dituzten ikasleekin eta irakasle bereziak jartzen dizkiete. Eta eskolaz kanpoko orduetan baina ikastetxean bertan, irakasleekin eta adituekin tutoretzak izaten dituzte. 

 

Segregazioaren gaiak ere kezkatzen zaitu…

Bai. Segregazioaren diskurtsoak tranpa dauka. Ez dut ukatzen segregazioa dagoenik; objektiboa da, oso nabarmena da, ia hogeita bost urteotan ebidentziak bildu ditugu, eskola sareen artean eta bereziki ikaste-ereduen artean polarizazioa ere badago, eta kezkatzen gaitu. Baina hiriburuetan kontzentratua dago nagusiki, eta jatorriari oso lotua. Estatus sozioekonomikoaren eta klasearen araberako diskriminazioa ere badago, baina ez da hain nabarmena, nahiz eta horri ere erreparatu behar diogun. Errealitatearen erradiografia egokia eta osoa egin behar dugu. Biztanleriaren eboluzio demografikoa ikusita, gaia garrantzitsua da. Hezkuntzari buruzko eztabaidetan zatiketa afektiboa handia da gurean, eta sarri askotan gai batzuk eta gai horien gaineko irakurketa partzialak arma gisa erabiltzen dira, zoritxarrez. Gaia eta bere inplikazioak euskararen trinkotzean eta hedapenean, eskolako esperientzian, hezkuntza ibilbidean edota elkarrekin bizitzeari loturiko kontuetan oso garrantzitsuak dira.

 

Behin beharrizanak identifikatuta, hezkuntza premia horien arabera antolatu behar dela diozu. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, Hezkuntza Legearen osaera prozesuan ari dira. Aukera egon liteke orain horri guztiari lekua egiteko? 

Bai. Badira herri gisa oinarri-oinarrizkoak ditugun beharrizanak eta horiek lehen lerroan ipini behar dira gatazka sortu arren. Dena den, kontuan hartu behar dugu baita ere guretzat nuklearrak diren beharrizan batzuk gehiengoak ez dituela aintzat hartuko.

 

Baldintzarik ikusten al duzu legeari begira akordio zabala lortzeko?

Nik uste dut akordio zabala egon daitekeela, kontua da zeren ordainetan izango den. Gehiengoa akordiora iristeko prest ikusten dut, sakonean ikusten dugulako hezkuntza sistema hau agortua dagoela. Agortua egoteak ez du esan nahi, edo agian bai, orain artekoa txarra denik, baina eman beharrekoak eman ditu. Ditugun erronkei eta etorkizunean edukiko ditugunei erantzuteko ez du balio. Herri oso txikia gara, bailara batetik bestera alde handia dago eta, jakina, zatiketa administratiboak pisu handia du. Etorkizunera begira, oso garrantzitsua da, adibidez, eskolek autonomia izatea. Baina autonomiaren eztabaida oso arriskutsua dela uste dut. 

 

Zergatik diozu arriskutsua dela?

Autonomia ulertzeko hainbat modu egon daitezkeelako. Malgutasuna oso garrantzitsua da. Euskararen kasuan, adibidez, helburuetan adostasuna izan beharko genuke, eta ez dakit ba ote dagoen, baina helburu horrek errealitate bakoitzaren arabera, malgutasuna izan behar du. Horrek ez du esan nahi batzuk euskaldunduko direla eta beste batzuk ez, baizik eta eskolako proiektua bestelakoa izango dela. Autonomia behar da adostasun handiko helburu horietara malgutasunez heltzeko, ez bakoitzak bere helburu propioak markatzeko. Hor dago eztabaida. Autonomia ez da norberak nahi duena egiteko, baizik eta herri gisa ditugun helburuetara gure konplexutasuna ahalik eta ongien kudeatuz iristeko. 

Eskolaren antolaketak berebiziko garrantzia du: zuzendaritzak lidergoa izan behar du eta gurasoekin, irakasleekin, udalarekin eta herriko gainerako ikastetxeekin lankidetzan aritu behar du etengabe. Horrekin lotuta dago “balio publikoa”. Kontua ez da titularitatea baizik eta eskaintzen duzunaren balioa. Eta ikastetxe baten balio publikoa gero eta handiagoa izango da bere errealitate konplexua kudeatzeko autonomia handiagoa duen heinean. Autonomia, elkarrekikoaren zentzua, erantzukizuna eta balio publikoa lotuta daude, ez ditzagun bereizi. 

Askotariko beharrizanak daude: pertsonari dagozkionak, pedagogiarekin eta didaktikarekin lotura dutenak, antolamenduari lotutakoak… Indarrean dagoen eredua agortuta dagoela ikusten du gehiengoak, ez dela gai ditugun helburuei erantzuteko, eta horrek akordioa lortzea erraztuko duela uste dut. Hala ere, beharrizan instituzionalak ere aintzat hartu behar dira. Eztabaidan azken horiek ere agertuko dira, pisu handia dute, eta akordio posible hori zer oinarriren gainean eraikiko den baldintzatuko dute. 

 

Beharrizanen araberako antolaketa behar dela diozu. Nondik hasi beharko litzateke eraldaketa hori guztia eraikitzen?

Zintzotasunetik eta eskuzabaltasunetik. Esan dudan moduan “balio publikoa” gero eta gehiago aipatzen den kontzeptua da, baina ez da soilik titularitatea edo finantzaketa. Ekar ditzagun eztabaidara beste kontzeptu edo gai batzuk: balio publikoa, autonomia, gobernantza deszentralizatua, erantzukizun herrigilea, kontuak emateko kultura… 

 

Lehenago aipatu duzu eskolaz kanpo bilatzen dutela familiek euren ustez eskolak maila akademikoan lortzen ez duena. Gizartean dagoen lehiakortasunak bultzatzen al du joera hori?

Jakina. Ez da soilik eskolak hainbat helburu lortzeko gero eta zailtasun handiagoak dituela, baizik eta horretaz gero eta kontzienteago garela. Eta eskolako eztabaidetan parte hartu beharrean eta egoera eraldatzen ahalegindu beharrean, bestelako bitartekoak erabiltzen dira: eskola partikularrak. Hori lehen ere bazegoen, baina kontua da orain zer helbururekin egiten den. Arazorik eta zailtasunik ez duten ikasle askok eskola partikularrak jasotzen dituzte eta zailtasunak dituztenek maiz, ez dute horiei aurre egiteko modurik izaten. Horrek arrakala handitzen du. Paradoxikoa ere bada: hezkuntza komunitateko eragile nagusien artean adostasun handi samarrak egon litezke, baina era berean, familiek gero eta garrantzi gutxiago ematen diote eskolari. Eta, alde batetik, eskolarekiko espektatibak ahultzen dira baina, era berean, lehiakortasunari eta indibidualismoari lotutako helburuak dituzte. 

Interesgarria da eskola aparkaleku gisa erabiltzearen ideia. Familia askok kanpoan lan egiten dute eta gero eta lehenago eramaten dituzte haurrak eskolara. Horren ondorioz, familiek gero eta pisu gutxiago dute haurren lehen sozializazioan. Ez ditugu haurtzaindegira eramaten sozializaziorako eta heziketarako gunea dela pentsatuz, halabeharrez eramaten ditugu, eta oharkabean, eskola modu horretara ulertzen goaz. Eta zer da eskolarengandik espero duguna? Bada, askotan ez gara pentsatzen jarri ere egiten. Egunerokoak gauzak modu automatikoan egitera eramaten gaitu. Eta askotan gu ez garenez gure seme-alaben formazioaz jabetzen, iruditzen zaigu eskolak ez duela funtzio hori betetzen, edo ezin dezakeela bete. Agian hortik ateratzen dute eskolak balio ez duenaren ideia eta pentsatzen dute aukerak sortuko direla eskolatik kanpo egiten duten horretan. Kontuz ibili behar dugu horrekin. Guk egin ditugun ikerketetan gero eta nabarmenagoa da: eskolarekiko espektatibak gero eta txikiagoak dira eta gero eta gehiago hartzen da ziurtagiria lortzeko tresna gisa. Zer ikasi, zer lagun egin, zer balioetan hezi… Hori guztia bigarren mailan geratzen da. Geurekoiak gara eta seme-alabak besteen aurretik joan daitezen nahi dugu, besteekiko ardura eta elkarrekin ongi bizitzea bigarren mailan utzita.

Ez dakit zein neurritan iritsiko garen sakoneko kontu horiek eztabaidatzera. Eskolari, hezkuntza sistemari, balioei edota ibilbideei buruz gutxi hitz egiten da orokorrean. Ausardiaz jokatu behar dugu.