Nafarroako haur eskolek greba mugagabea hasi dute

2022-05-02

Maiatzaren 2.arekin greba hasi dute Nafarroako haur eskoletako hezitzaileek. Nafarroako haur eskoletako hezitzaileek protesta eta mobilizazioetara jo dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduak haur eskoletako baldintzak duindu ditzan. Bi aldarrikapen nagusi dituzte: ratioak jaistea eta hezitzaileen lan baldintzak duintzea. 

 
 
Nafarroako haur eskolek greba mugagabea hasi dute

Nafarroako Hezkuntza Departamenduak Haur Hezkuntzako 0 eta 6 urte bitarteko zikloaren irakaskuntzetarako foru dekretua osatu duen une beretan, protestan ari dira 0-3 etapan. Alde batetik, plataformak ontzat ematen du Gobernuaren adierazpena, “ez direlako inoiz arautu etapa osoaren edukiak, helburuak, xedeak eta printzipio orokor eta pedagogikoak”. Hala ere, Haur Hezkuntzako lehen etapako benetako beharrei ez diela erantzuten uste du Nafarroako 0-3 Plataformak. 

Haur eskolak SOS deialdia egin dute Nafarroako haur eskoletako hezitzaileek, “ezin dugu gehiago” adierazi dute. 0-3, Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-kalitatea bermatu nahi dute, baina une honetan, alde batetik zentroetan dituzten ratioak aintzat hartuta, eta, bestetik, heziketa guneetako hezitzaileen lan baldintzak kontuan izanda, egoera “arras txarra” dela nabarmendu du Plataformak: “Betidanik Nafarroan 0-3 zikloko egoera arras txarra izan da, alde batetik izugarrizko ratioak ditugulakotz, hau da, haur kopurua hezitzaile bakoitzarendako Europako bikoitzak baitira (sei ditiko haur ditugu Nafarroan hezitzaile batendako, hamabi haur ertain (1-2 urtekoak) hezitzaile batendako eta hamasei haur nagusi (2-3 urtekoak) bidelagun batendako). Haur kopuru horiekin ezin da benetako kalitatezko zainketarik eta hezkuntza proiekturik bermatu —adierazi diote plataformako hezitzaileek Hik Hasiri—; bertzetik, gure lan baldintzak ez dira batere duinak, egoera arras kaxkarrean eta arriskutsuan gaude eta ezin dugu gehiago”.

Dagoeneko bide administratiboa akiturik ikusten dute hezitzaileek, “urteak eta urteak borrokan ibili ondoren, baztertuta sentitzen gara”, adierazi dute, eta, une honetan, mobilizazio eta protestei ekin diete euren aldarrikapenak burura eraman eta kalitatezko zainketa eta heziketa eskaintzeko bitartekoak exijitzeko. Ostegunak erreibindikazio egun bilakatu dira dagoeneko Nafarroako haur eskola asko eta askotan, eta horrez gain, elkarretaratzeak egiten dituzte, “haur eskolen duintasunaren alde” lelopean. Lelo hori bera daramaten elastiko eta zapi horiak ere esanguratsu bilakatu dira protestetan. Haur eskolak SOS, edota 0-3 duina eta zatitu gabearen aldeko pankartak ere ikus daitezke haur eskola atarietan. Azken lelo horrek, hain zuzen ere, Nafarroako Hezkuntza kontseilariaren azken proposamenari egiten dio erreferentzia. 0-3 zikloa bitan zatitzeak hezitzaileen haserrea areagotu baitu: “Gaizki gaude baina, [Carlos] Gimeno jaunaren azken proposamenak puskatu egin gaitu mila zatitan. Bere ideia 0-3 zikloa zatitzea da, hau da, 2 urtekoendako eskola publikoetan 2 urteko gelak sortzea, Europatik ailegatu behar den dirutzarekin. Hautu hori benetan eraso bat iruditzen zaigu, zikloa ez delakoz zatitu behar. Bertze eskolak ez daude haur ttikiak hezteko prest, hasteko, langileak ez direlakoz 0-3 ziklokoak eta espazioak ere ez daudelako egokituak adin horretarako”.

 

Hiru eskari zehatz, Nafarroako Hezkuntza Departamenduari

Hiru dira Nafarroako 0-3 Plataformak lurraldeko Gobernuari eta honen Hezkuntza Departamenduari egiten dizkion eskari zehatzak: 

Haur eskoletako langileak bikoiztea eskatzen dute, ratioak jaisteko aukera gisa, plazen eskaintzari eutsiz, “horrela Europako Batzordearen Haurren Arretako Sareak gomendatutako ratioetara hurbilduko litzateke Nafarroako egoera”.

Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen finantzaketa-moduluen igoera (langileen aintzinatasuna, ordezkapenak, KPIaren igoerak eta udalen gastu erreala kontuan hartzea).

2 urteko gelak ezartzeko proposamena bertan behera uztea, “neurri antipedagogikoa eta antinaturala delako” hezitzaileen aburuz, “zikloa zatitzen duena eta adin horretako haurren beharretara egokitzen ez delako”.

Urtebete daramate kexa plazaratzen. Lehenik familiekin partekatu dute egoeraren berri eta, ondoren, kaleetan. Dagoeneko otsailaren 12an elkarretaratze zabala egin zuten Iruñean eta otsailaren 26an auto karabana egin zuten hiriburuan. Martxoaren 12 eta 13an itxialdiak egingo dituzte eskoletan eta martxoaren 26rako beste elkarretaratze bat dute deitua Iruñean. Plataformaren helburua mahai negoziatzaile bat sortzea da, baina Hezkuntza Departamenduak eta Nafarroako Gobernuak urratsik aurrera egin ezean, plataformak grebara deituko du, “azken baliabide gisa”. Apirilaren 7an erabakiko dute hezigune bakoitzean grebara joan ala ez, eta baiezkoa erabakiz gero, maiatzaren 2tik aitzin hasiko lukete geldialdia. “Aste bat? Mugagabea?” oraindik ez dute erabaki.