Kalean da HAZI HEZI berritua

2022-05-11

Hamarkada bat bete du HAZI HEZI aldizkariak eta itxuraldatuta eta indarberrituta heldu da irakurleen eskuetara. 2012an ekin zion ibilbideari eta ordutik gurasoei eta hezitzaileei hazierari eta hezierari buruzko informazio landua eskaintzea izan du egiteko nagusia. Ibilian-ibilian 10 kandelari putz egiteko moduan da orain, beste hainbeste izango diren ilusioz. Zorionak!!! 

 
 
Kalean da HAZI HEZI berritua

“Indarberriturik ospatuko dugu Hazi Heziren 10. urteurrena” 

HAZI HEZIk 10 urte. Zorionak! Ospatzeko modukoa da, ezta?

Bai, atzera begiratu eta orduan “paperaren krisia” deitzen genion kazetaritzaren beheraldian hasi ginen haziera eta heziketa gaiei buruz familientzako eta hezitzaileentzako aldizkari bat euskaraz egiten, oso testuinguru zailean, beraz, eta hamar urte irautea bera ospatzeko modukoa da, eta are gehiago indarberriturik gatozen honetan.

 

Krisi betean diozue, nolatan animatu zen Hik Hasi egitasmo pedagogikoa familiaren esparrura jauzi egitera?

Ordurako Hik Hasi aldizkari pedagogikoak 15 urte zeramatzan eskoletan eta irakasleek esaten ziguten familia asko galduta ikusten zituztela, hara eta hona jotzen zutela informazio bila, batez ere Internetera, baina kalitatezko erreferentziak behar zituztela eta eskari horri erantzuteko sortu genuen HAZI HEZI. Joxe Mari Auzmendiren proiektu kutuna izan zen. Bisio handiko irakaslea zen Joxe Mari, Hik Hasiren sortzailea eta hazieraren esparruan zegoen hutsunea bete nahian bultzatu zuen HAZI HEZI

 

Familiarena eta eskolarena ez ezik, hezkuntza herri osoaren egitekoa zela ikusten hasi ginen garai bera zen, eta HAZI HEZIrekin batera, herri hezitzaileen sarea abiatu genuen garai beretsuan, gerora Oinherrin bildu dena. Beraz, hezkuntzaren irekitzearekin bat datorren alea izan da HAZI HEZI.

Zer behar zituzten orduan familiek? Horiek aldatu al dira 10 urte hauetan?

Informazio asko, gehiegiko garaiak bizi ditugu, bai duela 10 urte eta  zer esanik ez gaur egun, informazio hori guztia infoxikazioa edo desinformazioa bihurtzeraino. Exijentzia handiko garaiak bizi ditugu eta familiaren egitekoa ez da erraza, gurasotasuna ez da erraza gaur egun, eta tresna edo baliabide fidagarriak, kalitatezko erreferentziak, galbahe on batetik pasatako informazioa behar dute, euren seme-alaben hazieran eta heziketan lagunduko diena.

 

Familiei tresna bat eskaintzea izan da, hortaz, HAZI HEZIren egitekoa?

Hori da. Hamar urteotan hazieran eta heziketan laguntzeko kalitatezko tresna on bat eskaini nahi izan diegu familiei eta baita hezitzaileei ere. Informazio kontrastatua, kalitatezko profesionalekin landua eta euskaraz. Horregatik, zenbaki oro heziera-etapa guztiei buruzko informazioa eskaintzen dugu, lehen urteak, urte gozoak eta nerabezaroa; are gehiago, haurdunaldiari eta gurasotasunari buruzko informazioa ere ale guztietan batzen dugu, bai garapenaren ezaugarriez edo psikopedagogiaz, baina baita sexualitateaz, elikaduraz, hizkuntzaz eta abar ere. Euskal Herriko profesional kontsagratuen sare zabala dugu horretarako, bai profesional adituak eta baita kontsultetan esperientzia handia duten arituak ere.

Belaunaldien arteko transmisioa galdu egin da, haziera eta heziketako oinarrizko balioak eta baliabideak ez ditugu ezagutzen, ia-ia gure seme-
alabak lehendabizikoz besotan hartu arte. Garai batean, egitura zabalagoetan bizi ginen baina gaur egun zaintza gurasoen lana bihurtu da, familia nuklearrarena, eta askotan ez da zaintzarako sarerik izaten. Horrez gain, lan-merkatuaren malgutasun gabezia bizi dugu, eta gainera, exijentzia asko ditugu… Guztiaren erdian gurasoek eta hezitzaileek heldulekuak behar dituzte, ereduak, aukera egingarriak… Horregatik guztiagatik, HAZI HEZIsortu genuenetik eta gaur arte, oso presente daukagu gure bokazioa laguntzea dela eta ez presio eta exijentzia gehiago ezartzea, sarritan haziera aldizkariek presio eta juizio iturri izateko arriskua izaten baitute.

 

Nork osatzen duzue lantaldea?

Hik Hasi egitasmo pedagogikoko kideok. Hik Hasi irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, duela 26 urte, hezkuntzarekin oso konprometituta zeuden eta dauden irakasle talde batek sortua. Hezkuntza formazioa eta dibulgazioa ditu lan ildo, eta horretarako izan bereko aldizkaria egiten du, bereziki irakaslegoari bideratuta dagoena, eta formazioa, jardunaldiak eta topaketak antolatzen ditu urte osoan zehar. Lantalde horretan hiru kazetari gara. Oraingo honetan, Alaia Martin bertsolariak ere erredakzio-lanetan lagundu digu, eta ibilbide osoan lagun izan ditugun kolaboratzaileek ere ekarpen handia egin dute, ohi bezala: Libe Garmendia nutrizionista, Aitziber Estonba sexologoa, Iñaki Eizmendi euskara aholkularia, Amaia Arroyo Sagasta irakaslea eta ikerlaria... Irakurleek euren kontsultak bidali diezazkiekete gure adituei. 

 

Aurrera begira, zer erronka dituzue?

Oso lan espezializatua egin dugu hamar urte hauetan, informazioaren kalitatean zentratu gara, eta artisauen gisan landu ditugu urtean argitaratzen ditugun lau zenbakiak, mimo handiz. Aurrera begira, gure erronka nagusia HAZI HEZI zabaltzea izango da, formatua berritu dugu eta eramangarriagoa izango da, edozein lekutan irakurri ahal izateko, badakigulako gurasoek oso denbora gutxi izaten dutela irakurtzeko. Familia eta hezitzaile gehiagorengana iristea izango da gure erronka, betiko kalitateari eta informazio landuari eutsiz. Horrez gain, etxe gehiagotara ailegatu nahi dugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin 2022ko udazkenetik urtebetean lurraldean jaiotako ume guztien familiei etxera bidaliko zaie aldizkariaren ale berezi bat. 

 

Nola ospatuko duzue hamargarren urteurrena?

Alde batetik, HAZI HEZI aldizkariaren formatu berria aurkezteko ekitaldia egingo dugu maiatzean. Guretzat pauso garrantzitsua da HAZI HEZI jendarteratzeko egin dugun berrikuntza eta gogo handiz gaude publiko zabalari erakusteko. Lehendabizi harpideak izango dira HAZI HEZI berria ezagutuko dutenak, elkarrizketa hau bera aldizkari berrituan irakurriko baitute. Ondoren, komunitate zabalagoei aurkeztuko diegu.

 

Eta gero, festa egingo dugu: maiatzaren 29an Adunan. Hamargarren urteurrena harpideekin eta familiekin ospatzeko gogo handia daukagu. Festa irekia izango da eta Porrotx eta Marimotots etorriko zaizkigu goiza biribiltzeko.