Geopolitikan kokatzen: munduko gatazkak ulertzeko gakoak

2022-05-23

Oraingoa desberdina izaten ari da: Yemengo edo Maliko gerrak ez bezala, Ukrainakoa gertuago bizitzen ari da Europan. Halabeharrez, geografikoki gertuago kokatua dagoelako; baina ez horregatik soilik, baita Europar Batasuneko herrialdeen jokaera desberdina delako ere. Europa gerran dago, Ukrainan esku-hartzen ari da beste herrialdeetan ez bezala, laguntza humanitarioa emanez eta armak bidaliz. Agerikoa, azkarra eta komunikabideetan azpimarratua izan den laguntza horrek, ordea, beste geruza batzuk nabarmendu ditu: zergatik ez zaie laguntzen ukrainarrei bezala palestinarrei, sahararrei, siriarrei edo yemendarrei? Lehen eta bigarren mailako errefuxiatuak eta etorkinak al daude? Galdera kritikoak ernatu dira herritarren eta ikasleen artean; aitzakia ona geopolitikaz hitz egiteko eta pentsamendu kritikoa lantzeko.

 
 
Geopolitikan kokatzen: munduko gatazkak ulertzeko gakoak

I

nondik inora justifikatu ezin daitekeen gerra bizitzen ari dira Ukrainan. Eta gerra guztietan bezala, herritar askok euren etxeak utzi eta alde egin behar izan dute. Europako herrialdeek esku zabalik hartu dituzte ukrainar errefuxiatuak: autobusetatik jaitsi direnean harrera egin zaie, etxebizitzak prestatu zaizkie eta umeak eskolatuak izan dira. Baita Euskal Herrian ere.

 

Eskuzabaltasun horrek, ordea, galdera ugari sorrarazi ditu: zergatik orain eta ukrainarrekin bai eta magrebtarrekin eta afrikarrekin ez? Zergatik Ukrainako gerraren gaitzespen irmoa Europako estatuen eta erakundeen aldetik eta ez Yemengo edo Maliko gerrena? Armak bidaltzea ote da laguntzeko modurik egokiena eta bidezkoena? Zer zerikusi daukate munduko potentziek eta nola kokatu dira gerra honetan eta gainerakoetan?

 

Asier Blas EHUko Politika eta Administrazio Zientzia Saileko irakasleak argi dio galdera eta kontraesan horien jatorrian zer dagoen: “Gu, europarrok, gerran gaude oraingoan, Ukrainakoan; besteetan ez, eta hori da diferentzia. Zeren posizio bat hartzea zilegi da, baina oraingoan Europarena gehiago izan da, esku-hartzea da. Horregatik ulertzen da errefuxiatu batzuei paperak ematea automatikoki eta beste batzuei ez; Ukraina armatzea eta Josep Borrellen adierazpenak 'ezin da eskatu gatazka bake bidetik konpontzea eta momentu honetan gurekin ez daudenak gogoratuko ditugu'. Gerrako hitzak dira”.

 

Bilboko metroan Ukrainako bandera jarri dute, Palestinakoa edo Yemengoa ez dituzte inoiz jarri, Siria, Libia eta Irakekoak ere ez. Euskal Herriko ikastetxeetako ikasleen artean egoera horiek galderak sorrarazi dituzte. Ez dute gerrarik nahi inon, laguntzeko premia ikusten dute eta prestasuna ere badute, baina ez dute ulertzen zergatik batzuei bai eta beste batzuei ez. Beasaingo BHIko ikasle den Aya El Fatimi Lhasnaouik ondo islatu du kontraesan hori Euskara ikasgaian egindako lan batean. Batxilergoko 2. mailan dabil eta gai baten gaineko ahozko aurkezpen bat egin behar zutelarik, El Fatimi Lhasnaouik Eurozentrismoaz izenburua jarri zion ondorengo hausnarketa hau egin zuen:

Eurozentrismoaz

Hainbeste miseria eta gerraren ostean, ea zergatik dauden horrenbeste errefuxiatu harrera mugagabean galdetzen diot neure buruari. Ez dut ulertzen zein den Mediterraneoan hildako baten eta Kieven hildako pertsona baten artean dagoen aldea. Baina horren erantzun garbia da orain errefuxiatu horiek ilehoriak direla eta begi urdinak dituztela. 

 

Oso interesgarria iruditzen zait Europako herrialdeek ukrainar zuri guztiei ateak nola zabaltzen dizkieten ikustea, beste herrialde batzuetako errefuxiatu batzuk Mediterraneoan itotzen edo Turkian ez atzera eta ez aurrera utzita, ezin dutelako ‘miseriarik’ sartzen utzi haientzako lekurik ez dagoelako aitzakiarekin. Elkartasun bitxi honek Mendebaldeko munduaren hipokrisia erakusten du, eta gizarte honetan pertsona zurien pribilegioa, arrazakeria eta eurozentrismoa nagusi direla erakusten digu.

 

Gainera, Poloniak, iaz bielorrusiar askori herrialdea zeharkatu eta bere mugan hiltzen utzi nahi izan zituen herrialdeak, ukrainar zurientzako 9 harrera zentro irekitzea erabaki du orain. Eta zuria diot Ukrainako agintariek ez dietelako uzten atzerriko jatorria dutenei edo zuriak ez direnei ebakuazio garraioetan sartzen. Gauza bera gertatzen da Polonian eta Hungarian, beste jatorri bat dutenei ez baitiete sartzen uzten.

 

Berdin gertatzen da Estatu Batuetako politika xenofoboarekin. Mexikoko mugan familia batzuei ez zieten sartzen utzi, baina, orain, ukrainar zuriak esku zabalik hartzen dituzte. Adibideak, zoritxarrez, askoz gehiago ere badira.

 

Kontuan izatekoa da zenbateraino deshumanizatzen ditugun Afrikatik edo Asiatik datozen pertsonak beren herrialdeko egoera penagarrietatik alde egin nahi dutelako. Beraz, argi dago zuria eta europarra ez den jendeak ez duela ia baliorik zuri, europarra eta, ziurrenik, kristaua den jendearekin alderatuta.

 

Dudarik gabe, Ukrainan gertatzen ari dena oso larria eta kaltegarria da; momentu honetan migrazio jario oso garrantzitsuak daude, baina aipatzekoa da pertsona batzuk besteak baino gehiago baloratzen ditugula eta batzuei beste batzuei baino garrantzi handiagoa ematen diegula.

 

Era berean, ukaezina da, askotan, munduan zehar hedatuta dauden sare sozialek eta hainbat komunikabidek gerra batzuei beste batzuei baino arreta handiagoa jartzen dietela, guztiek garrantzi bera izan beharko balute ere. Ez zaigu axola behar larruazalaren kolorea, erlijioa edo horrelakorik pertsona bat migratzen ari denean, beste guztien laguntza bera merezi du eta. 

 

Ez dago errefuxiatu on edo txarrik, VOXek esaten duenaren kontrara. Bizi-proiektu hobe baten alde sufritzen ari diren pertsonak dira errefuxiatuak, dela gerragatik, dela bere herrialdeko egoera ezegonkorragatik edo beste edozein arrazoirengatik. Atlantikoan ez ezik, Mediterraneoan ere bai. Ez dago bestea baino gehiago balio duen bizitzarik. Ukrainako errefuxiatuek Afganistango, Palestinako, Siriako eta Etiopiako errefuxiatuen oso antzeko egoerarengatik egiten dute ihes: kasu honetan gerragatik. 

 

Bukatzeko, eta esaten ari naizena zalantzan ez jartzeko, komunikabideetan kazetari batzuek esan berri dituzten astakeriak aipatuko ditut:

- BBC News egunkarian: “Hau ez da Irak edo Afganistan, pertsona hauek (ukraniarrei erreferentzia eginez) nahiko zibilizatuak dira”.

- Fiskal ukraniar batek: “Zaila da egoera hau ikustea, begi urdinak eta ile ilehoria duten europar jendea ikusten bonbardatua izaten”.

- Al Jazeerako kazetari batek: “Hauek, klase ertaineko pertsona oparoak dira, ez Ekialde Hurbiletik edo Afrika iparraldetik ihes egiten saiatzen diren errefuxiatuak. Zure ondoan bizi daitekeen Europako edozein familia dirudite”.

 

Aya El Fatimi Lhasnaoui, Beasaingo BHIko Batxilergoko 2. mailako ikaslea

 

Geopolitikaren ardatzean

 

Horrelako gatazka bat sortzen denean, aitzakia ona dela dio EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak geopolitikaz pixka bat ikasteko eta pentsamendu kritikoa lantzeko. “Geopolitika zera da: gaur egun eta betidanik munduan potentzien artean egon den lehia beraien eragin esparru bat segurtatzeko”. Eragin esparru hori desberdina izan daiteke herrialdearen arabera. AEB Amerikako Estatu Batuen kasuan mundu osoa kontrolatzeko asmoa izan du beti, eta beraz, haientzat bere eragin esparrua mundu osoa da. Beste potentzia batzuek ez daukate ez gaitasunik ez borondaterik mundu osoa kontrolatzeko, baina bai beren esfera segurtatzeko. Kasu hori da Errusiarena, eta garai batean Sobietar Batasuneko lurraldeak edo errepublikak izandako herrialdeak segurtatu nahi ditu.

 

Eragin esparruan hainbat arlotan eragin dezakete potentziek, “baina motorra beti da ekonomia”, azpimarratzen du Blas politologoak. “Eta eragin ekonomikoaz hitz egiten dugunean hiru gauza dira geopolitikan edo borroka inperialistan: lehengaiak, eskulana eta merkatuak”.

 

Lehengaiak: momentu honetan nazioarteko borroka hegemonikoan bi potentzia nagusi daude, AEB eta Txina, eta lehia ekonomiko horretan inportantea da lehengaien kontrola, Blasek dioenez. “Lehengaien kontrolak produkzioa merkeago izaten laguntzen du. Esate baterako, Alemaniak gatazka honekin epe ertain edo motzera aurreikusitako gasa baino gutxiago jasoko du Errusiatik eta ondorioz konpetitibitatea galduko du; gasa eta energia garestiago ordainduko ditu, ondorioz bere produktuak garestitu egingo dira eta, beraz, konpetitibitatea galduko du AEBren eta Txinaren mesedetan. Txinak dagoeneko Errusiarekin sinatu du gasbide berri bat eraikitzeko proiektua”. Garbi dago Errusiak bere gasaren eta petrolioaren zati gero eta handiagoa bideratuko duela Asiara eta horrek eragina izango duela Europan. “Lehengaien kontrola oso inportantea da beti. Gogoratu besterik ez dago AEBk Irak inbaditu zutela. Han ez zegoen inolako gatazkarik bizilagunekin, ez gatazka nazionalistarik; arrazoia ekonomikoa izan zen, lehengaia, petrolioa”.

 

Eskulana: potentziei eskulan garatua izatea interesatzen zaie eta horretarako etorkinak hartzeko arazorik ez dute izaten. “Munduan zehar mugitzen diren etorkin asko hezkuntza maila altua dutenak dira. Jatorrizko herrialdeetan inbertsio handia egiten dute haien hezkuntza hobetzeko eta gero herrialde garatuetara joaten dira lanera. Tendentzia hori ikusten dugu Mendebaldean: AEBk edo Europak burmuin horiek xurgatzen dituzte; beste herrialde batzuetan dauden burmuinak herrialde zentral horietara joaten dira”. Errusiak ere espazio post-
sobietarreko herrialdeetako herritarrak erakartzen ditu ekonomikoki indartsuagoa delako. Lehen esklabuekin egiten zen modura, egun horrela lortzen da eskulana.

 

Merkatuak: produktuak saltzeko merkatua behar da eta geopolitikan nagusigoa lortzeko, potentziek ezinbestekoa dute hanka bat gutxienez Eurasian izatea, munduko zentrotzat hartzen den Eurasian presentzia izatea. Une honetan Eurasia asko integratu da ekonomikoki eta merkataritzaren ikuspegitik Txinaren lidergopean. “Gatazka honek merkatuen logika ikusarazteko balio izan du”, Blasek dioenez. “AEBk Eurasian duten hanka bakarra EB Europar Batasuna da eta bere interesetara inguratzen saiatzen ari da, dagoeneko EBren lehenengo bazkide komertziala Txina baita. Hori dela-eta, AEBren helburua Txinaren eragina txikitzea izango litzateke eta horretarako, buruan zerabilen edo darabilen proiektua, gatazka hau baliatuz EBrekin Merkatu Libreko Tratatua berreskuratzea izango litzateke. Horrela AEBtik datozen produktuek ez lukete arantzelik izango eta produktu txinatarrek, aldiz, bai. Ondorioz, AEBk ia 500 milioi pertsonako merkatu bat gatibu hartzea lortuko luke. Errusiaren kasuan gauza bera gertatzen da: Ukrainako merkatua oso garrantzitsua da beretzat, bere produktuen kontsumorako pertsona potentzial handia dagoelako”.

 

Aipagarria da gerra garaian armen merkatuak hartzen duen indarra. EBko herrialde gehienek gastu militarra igo dute (%2). “Tristea den arren, gerrek armen eskaparate baten antzera funtzionatzen dute salmentarako”, baieztatzen du Blasek. “Gerra honekin, AEBk NATO kohesionatzea lortu du eta denek igo dute gastu militarra. Gainera, denak NATOren estandarreko armak erostera derrigortuta daude eta armagile nagusia AEB da”.

 

Hiru dimentsio horiez gain badaude borroka geopolitikoan eragina duten beste pare bat. Dimentsio politikoa da horietako bat. “Ezin da denbora luzean mantendu nagusigoa indarrez edo ekonomiaren bitartez soilik, ondoren hegemonia politikoa behar du potentzia den herrialde horrek arantzelak berarekin edukitzeko eta ez beste batekin, mailegu ekonomikoak berari eskatzeko eta ez beste bati, hitzarmen ekonomikoak berarekin egiteko eta ez beste batekin...”. Dimentsio politikoa elikatzeko tresna oso erabiliak dira nazionalismoa eta herrialdearen segurtasuna, besteak beste.

 

Eta horri lotuta dago dimentsio kulturala ere. “Europaren kasuan argi ikusten da AEBen eragin kulturala: ingelesaren zabalpena, Hollywood, Netflix, unibertsitateak... Errusiaren kasuan, errusiera eta errusiar kulturaren eragina antzematen dira”. Soft power deitzen zaio nazioarteko harremanetan, botere biguna, mantso doana. “Herritarrak kode kultural batzuk edukitzera ohituta baldin badaude, kode kultural horietan kontsumo modu batzuk daude eta errazagoa da kode berak erabiltzen dituztenen arteko kontsumoa”.

 

Osagai horiek denak sartzen dira Ukrainako gerran. “Errusiak Mendebaldeak daukan diskurtsoa mimetizatu du. 1999. urtean gertatu zen nazioarteko legediaren haustura lehendabiziko aldiz gerra egiteko, NATOk Jugoslavia erasotu zuenean. NBE Nazio Batuen Erakundeak gerra egiteko zeukan araudia hautsi zen: erasotua izan gabe herrialde bat erasotu zuen. Aitzakia humanitarioa erabili zen, eta gerra humanitarioak hasi ziren. Ondoren, terrorismoaren aurkako gerra prebentiboak etorri ziren eta gero demokrazia ezartzeko gerrak. Orain Errusiak gauza bera egin du: Ukrainak Donbassen egindako ustezko genozidioaren aurrean gerra humanitarioa; ondoren, gerra prebentiboarekin hasi da Ukraina NATOn sar ez dadin”. Baina guztiaren oinarrian, esaten ez bada ere, borroka ekonomikoa dagoela gogorarazten du Blasek. “Mozorrotu egiten da ideologia humanitarioarekin, demokratikoarekin, nazionalistarekin, desnazifikazioarekin, segurtasunarekin edo dena delakorekin, baina horren atzean zer dago? Lur edo merkatu gehiago nahi izatea. Zertarako? Lehengai eta eskulan gehiago izateko. Zertarako? Merkatu gehiago izateko. Betikora bueltatzen gara, kontua da zer jantzi erabiltzen den hori egiteko”.

 

Arrazakeriaren gorakada

 

Horrelako gatazka bat sortzen denean eta aipatutako elementu guztiak hor daudelarik, Blasek dio interesgarria dela ikustea nola azaleratzen den arrazakeria eta xenofobia. Irungo Harrera Sareko Josune Mendigutxiak bat egiten du Blasekin. “Errate baterako, ni joaten ahal naiz zazpi aldiz Irun eta Hendaiako mugara eta ez zait ezer gertatzen; beltzez margotu eta zortzigarren aldiz joaten banaiz, ordea, gelditu egingo naute. Kontrolak arrazistak dira. Segurtasun nazionalagatik eta antiterrorismoagatik dela erraten dute beraiek, baina hemen ez dute terrorista bakar bat ere ikusi. Eta, gainera, zuriak ere izan daitezke terroristak. Kontrolak arrunt arrazistak dira. Profil bakarra dago: beltzak eta magrebtarrak, beste guztiak lasai ederrean pasatzen ahal gara”. 

 

Irungo Harrera Sareko kideek lau urte daramatzate Frantziako estatura pasa nahi duten etorkinei laguntzen: bertara iristen direnean harrera egiten, arropa eta janaria ematen eta informazioa ematen Irungo Udalaren aurreko plazan. Lau urteotan 22.000 pertsona iritsi dira Irunera. “Ukrainako gerran egiten ari direna ikaragarria da, hori ezin da ukatu. Baina beste etorkin hauekin berdin segitzen dute, ez dute ezer egin, hauei ez zaie kasurik egiten. Gerra guztiak dira txarrak, ez Ukrainakoa bakarrik. Udalean orain jarri dute ‘gerrarik ez, no a la guerra’ kartela; aurretik ez”, dio minduta Mendigutxiak. “Korridore humanitarioak bai, baina denentzat. Ukrainan ere badira etorkinak: errumaniarrak, ijitoak, beltzak, indiarrak... eta ez ditugu ikusi”. Munduan etorkin eta errefuxiatu guztiek egiten dute ihes beharrak bultzatuta, Afrikako etorkinek ere bai: “Beraiek etxetik ez dutela joan nahi jakin behar dugu”, dio Mendigutxiak. “Ez dute nahi, egoerak behartuta alde egiten dute: haien herrialdean gerran daudelako, aldaketa klimatikoaren ondorioz ez daukatelako janaririk eta ezer egiteko aukerarik, emakumeak 13-14 urterekin ezkontzen dituztelako ondoko aitona zaharrarekin eta ihes egiten dutelako umeekin, amek alabei ablaziorik ez egiteko alde egiten dutelako, gizon batzuk euren orientazio sexuala ez delako errespetatua eta euren bizia arriskuan dagoelako eta abar”. Irungo Harrera Sareko kideak ozen dio guztiok dugula gure bizia nahi dugun tokian egiteko eskubidea eta horrexegatik jarraituko dutela Irunera iristen diren etorkinei eta errefuxiatuei laguntzen.

 

Gerra guztien aurkako oihua

 

Munduko biztanle askok pairatzen dute hori dena geopolitikaren izenean. Horregatik uste du Mendigutxiak ikastetxeetan egiten dituzten sentsibilizazio hitzaldiek eta Irunera bisitan etortzen diren ikasle taldeek ikusten dutenak emaitzak izan ditzakeela. “Guk hori egin dezakegu, jendeari eta ikasleei zer gertatzen den kontatu eta kontzientziatu. Irunera etortzen diren ikasle taldeek bertatik bertara ikusten dituzten etorkinak eta Bidasoa zeharkatzerakoan atzera nola botatzen dituzten ere ikustea tokatu zaie batzuei. Nik beti erraten diet ikasleei mundua euren eskuetan egongo dela. Zerbait ikasten baldin badute eta zerbait geratzen baldin bazaie buruan, hemendik 10-20 urtera agian aldatzen ahal da zeozer.” Eta ez migrazioaren kasuan soilik, baita ekologismoan eta gainerako gaietan ere”. Esperantza haziak ereiten jarraitu beharra dago.

 

Pentsamendu kritikoa lantzeko tresnak

Ikasleekin pentsamendu kritikoa lantzeko modu bat baino gehiago egon daitezke eta horien artean daude ondorengo aukerak.

Galderak egitea: normalean galderak formulatuta ematen dira, egiten dituenak nahi dituen moduan formulatuak. Kritikotasuna lantzeko hobe da erantzunak jaso beharrean galderak egitea, horrela beste modu batetara ikus daitezkeelako egoerak eta gatazkak. Galderetatik hasi eta irits daiteke geopolitikara, ez alderantziz:

Zergatik dauka gerra honek daukan oihartzuna eta beste batzuek ez? Zergatik errefuxiatu batzuek automatikoki lortzen dituzte paperak eta beste batzuek ez? 

Zergatik piztu da horrelako histeria Europan? 2014n ere gerra bat piztu zen Ukrainan, soldaduskara joan nahi ez zuten gazte askok ihes egin zuten, bazekitelako soldaduskara joanez gero Donbasseko gerrara joan beharko zutela. Bi milioi errefuxiatu egon ziren Donbasseko gerran eta 15.000 hildako. Nola da posible orain sekulako alarma piztu izana eta 2014an ez?

Zer espazio dute beste gerra eta gatazkek hedabideetan? Egun dagoen drama humanitariorik handiena Yemengoa da, 500.000 hildakorekin.

Nola tratatzen dira beste gerrak eta gatazkak?

Non dago hildako gehien? Ukrainian ala beste lekuren batean? Egunean hildako kopuru gehiago daude Yemenen, Mexikon edo beste gatazka batzuetan.

Zergatik gaude gerra honetan zentratuta eta zergatik armatu behar ditugu ukrainarrak eta ez beste batzuk? Zergatik ez ditugu armatzen palestinarrak? Eta sahararrak? Eta yemendarrak?

Zer koherentzia daukagu? Erasotuak daudenak armatu behar al ditugu? Kasu guztietan hori egiten hasiz gero, ez litzateke bukatuko, asko baitaude erasotuak mundu osoan zehar.

Armak emateak ez al du egoera arriskutsuago bilakatzen? Ez al gaitu gerturatzen bonba nuklearren erabilerara? Ez al gaitu gerturatzen gerra betikotzera edo epe luzeko bilakatzera? Ez al gaitu gerturatzen Ukraina Txetxenia bihurtzera?

AEBn dorre bikiak bota zituztenean zer erantzun artikulatu zuten? Zertarako?

Beste komunikabide batzuk irakurtzea-ikustea-entzutea: oso interesgarria da gerraren parte ez diren herrialdeetako komunikabideak irakurtzea. Errusiari zigor ekonomikoak jarri dizkietenak Kanada, AEB, Zelanda Berria, Australia, Japonia eta EB izan dira. Gainerako herrialdeek ez dizkiote jarri eta pentsamendu kritikoa lantzeko era bat izan daiteke hango komunikabideak jarraitzea; India edo Pakistango egunkariak irakurri eta gerra hau nola esplikatzen duten ikustea, adibidez.

 

Ikus-entzunezkoak ikustea: Gerra hemen hasten da, Ongi etorri errefuxiatuak eta beste hainbat dokumental, youtubeko hainbat bideo...

 

Kontinenteen mapa: geografikoki Europa Eurasian dago, Asiako mapa ikusi besterik ez dago. Zergatik existitzen da aparteko kontinente bat bezala? Eraikuntza politiko bat da, munduko herrialde desberdinetan kontinenteak modu desberdinean zenbatzen dituzte: batzuek bost, beste batzuek sei, zazpi...

 

Paralelismoak egitea: egokia da egoerak konparatzea eta paralelismoak egitea. Errusiak Ukrainan egin duen inbasioaren aurrean EBren jarrera zein izan den ikustea eta AEBk Irak inbaditu zutenean zein izan zen. Zer egin zaie errusiarrei? Eta estatubatuarrei? Zigorrik jarri zitzaien? Jazarpenik pairatu zuten? Errusiarrei egin zaien guztia egin izan balitzaie estatubatuarrei, zer gerta zitekeen? Zein izan zitekeen haien erantzuna? Gauza bera Jugoslaviako gerran. Zein izan zen orduan Europaren jarrera eta zein da orain?

 

Ikuspegi historikoa: interesgarria da eskulanaren bilakaera nolakoa izan den ikustea. Garai batean esklabuak hartzen ziren, gerora egoera garatzen joan da eta gaur egun etorkinak hartzea bada eskulana hartzeko modu bat, zaurgarriak ez diren etorkinak, kasu honetan.

 

Liburuak: geopolitikari buruzko Sir. Halford Mackinder-en liburuak.