Oinherri: “Haurtzaroa da txikitasunaren neurri politikoa”

2022-07-15

“Jendarteko pertsona txikienari hitza emateko ariketa egiten dugunean, orain arte periferian edo bazterrean egon diren kolektibo guztiei hitza emateko ariketa egiten dugu”. Horixe da Oinherri herri hezitzaileen  sarearen funtsa, Maite Azpiazu koordinatzailearen hitzetan. Hamar urte bete ditu sareak eta osasuntsu dago.

 
 
Oinherri: “Haurtzaroa da  txikitasunaren neurri  politikoa”

2012an hezkuntza, aisia eta euskarari loturiko sei erakunde —tartean Hik Hasi egitasmo pedagogikoa— biltzen hasi ziren haurren aisia hezitzaile eta euskaldunaren inguruan pentsatzeko eta ekiteko. Handik sortu zen Oinherri, herri hezitzaileen sarea. Gaur egun 16 eragile teorizatzaile eta ia berrogei herriko sarea da. Hamar urteko ibilbidea ospatu egingo dute, irailaren 30an Garaionen. 2020an hartu zuen koordinazioa Maite Azpiazuk eta Iker Agirrek komunikazioaren ardura.

 

Zertan bereizten da herri bat, Oinherriko kide izatera pasatzen denean. Zer da herri hezitzaile bat?

Maite Azpiazu: Herri hezitzaile izateko modu asko daude, ez  dago modu bat eta bakarra eta berez, herri guztiak dira hezitzaileak. Kontua da hori modu kontzientean edo modu inkontzientean egiten dugun. Modu inkontzientean egiten badugu, oro har, jendartean hegemonikoak diren balioak sustatuko ditugu. Oinherrin sartzen diren herriak bereizten dituena kontzientzia hartzea da. Gure herria hezitzailea dela kontzientzia hartzen dugunean, zer baliotan hezi nahi dugun hausnartzen dugu. Kontzientzia hartzen dugu herriek hezi egiten dutela eta heziketaren ardura ez dela eskolaren eta familiaren gain soilik egon behar duen ardura bat. Herriko instituzio eta agente ugarien artean hezkuntzaren ardura partekatu egin beharko genuke eta udalak protagonista bilakatu beharko lirateke. Udalak agente hezitzaileak dira -herrigintzako eragileak izan daitezkeen bezala, edo eremu ez formala den bezala -eta, gainera, baliabideak jarri behar ditu. Herriak zer-nolako baliotan hezi nahi dugun hausnartzetik sartzen dira sarean.

 

Iker Agirre: Eraldaketarako, izan eraldaketa pertsonalerako nahiz kolektiborako, ezinbestekoa da gauzen inguruko kontzientzia hartzea, eta, horrekin batera, elkarlanerako ezinbestekoa da gune komun bat eta adostasuna edukitzea. Oinherri aurkezten dugunean bi ideia horiek zabaltzen ditugu: hezkuntzaren ardura partekatua, batetik, eta aldi berean, hezkuntza ez dela haurtzaroan eta nerabezaroan gertatzen den prozesua soilik, jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, testuinguruarekin daukagun harremanak hezten gaitu eta eraldatzen gaitu.

 

M. A.: Herriak heziketarako eduki, baliabide, testuinguru eta eragile dira, eta horren kontzientzia hartzera garamatza Oinherrik. Herriko eragile ugariek hezkuntzan ardura partekatua daukaten horiekin elkargune bat sortu eta herri proiektu bat edo ipar partekatu bat eraikitzen hastea da gakoa.

 

Zazpi oinarri defendatzen dituzue: jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea. Oro har, gizartean, nola ikusten dituzue balio horiek? 

I. A.: Badirudi mundua norabide batean doala eta Oinherrik zazpi giltzarri horiek planteatzea munduak daraman norabide horren kontrapisua da. Euskara, haurtzaroa ikusteko modua, komunitatea, parte-hartzea, ingurumen naturala… Gaur egungo gizarte ereduak daukan norabidean espazio gutxi daukaten balioak dira. Oinherrik planteatzen dituen printzipio horiek balio horiek indartzeko nahia erakusten dute eta kontzientzia hartzeko beharra.

 

M. A.: Herrietan Oinherri zer den esplikatzen dugunean, gako hauek azaltzen ditugunean, “oso polita, baina hori utopia bat da”, esaten digute. Eta guk esaten diegu: “Bai, noski, eta utopiak behar ditugu”. Alde guztietatik etorkizun distopikoak eta okerragoak bakarrik planteatzen dizkiguten garai hauetan, alternatibak ere ez direla posible sinetsarazten digute, eta Oinherrik mahai gainean jartzen du alternatibak posible direla; amets partekatuak, utopiak eta ipar bat edukitzea garrantzitsua dela harantz abiatzeko. Guk herrietan honakoa planteatzen dugu: non zaudete? Nora iritsi nahi duzue? Eta, nola joango gara? Gaur egun hegemonikoak diren balio horien aurrean beste alternatiba batzuk eta beste egiteko modu batzuk badaudela ikusaraztea da gure asmoa, eta gainera, ausartuko ginateke esatera, Euskal Herrian, Oinherriz aparte balio horiekin bat egiten duten egitasmo asko egiten direla. Askotan egitasmo interesgarri horiek balioan jarri, ezagutzera eman eta horiek saretzea da helburu nagusia eta ez hainbeste gauza berriak sortzea. Herrietan ekimen interesgarriak egiten dira, eta horiek ikusgarri egiten saiatzen gara gu.

 

Jolasa, haurren parte-hartzea, aniztasuna... Ez dira balio narbarmenak gure jendartean. Oinherriren ekintza edo adibide zehatzik aipa dezakezue?

I. A.: Gertatu izan zaigu, adibidez, nerabeentzako izango den espazio baten inguruan hausnartzen hasi eta zalantzan jartzea nerabeei iritzia eskatu behar zaien ala ez. Utopiek dimentsio handia dute, baina egia da, asko sinesten dugula eraldaketa txikitik egin behar dela, eta horrelako prozesuak oso garrantzitsuak dira. Haurrentzat egitetik haurrekin egitera pasatzeko prozesuan, gure sarera etortzen diren herriak errealitate txikietatik eragiten hasten dira, eta foroetan sortzen diren elkarrizketak oso interesgarriak izaten dira, baita erresistentziak ere, eraldaketak beti baitakartza erresistentziak. Orain arte ez dugu haurren hitza kontuan hartu eta epe laburrean beste muturrean koka gaitezke: dena erabaki nahi izatea haurrekin. Poliki joan behar dugu bidea zabaltzen,  balantzaren beste aldera pasa gabe. 

 

M. A.: Oinherrirentzat garrantzitsua da giltzarri horietako bakoitzarekiko begirada aldatzea. Hau da, haurtzaroaren eta nerabezaroaren kasuan, adibidez, oraindik ere etorkizuneko herritarrak direla pentsatzen dugu, eta herrietan begirada hori aldatzen hastea garrantzitsua da,  orain eta hemen ere herritar subjektu aktibo eraikitzaile moduan ikusten hastea garrantzitsua da. Behin begirada aldatzen dugunean, errazagoa da beste modu batean lan egiten hastea. Hori benetan sinesteak eramango gaitu eraldaketara: haurrak eta nerabeak subjektu eraikitzaile aktibo gisa ikusteak. Nerabezaroa arazoak eta gatazkak sortzen dituen aldi baten gisan bakarrik ikusten badugu, etengabe suhiltzaile lana egitea egokituko zaigu, eta hori pandemian asko ikusi dugu: herrietatik deitu izan digute nerabeekin arazoak eta elkarbizitzako gatazkak zeudela-eta, “eta orain zer?”, bada, “orain suhitzailtzaile lana”, erantzuten genuen. Benetan garrantzitsua aurretik egiten den basozain lana da. Begirada aldaketa sustatzen eta esperientzia horiek martxan jartzen saiatzen gara. 

 

Askotan parte-hartzearekin beldurrak sortzen zaizkigu, helduok ez gaituztelako parte-hartzean hezi, ez gara ez adituak ez arituak, inork ez daki zehazki nola egin behar den, eta beraz, eta batez ere instituzio batzuen kasuan, piszinara jauzi egin eta nerabeei galdetzeak beldur handia ematen du. Herrietan egiten ari diren saiakerak oso interesgarriak dira, sortzen diren korapiloak nola ari diren askatzen ikustea oso interesgarria da. Herrietan elkarlanerako sortzen ari diren guneak eta ohiturak dira garrantzitsuenak. Herri hezitzaileak hiru hanka ditu: instituzio publikoa edo udala; hezkuntza arloko eragileak, ikastetxeak, hezkuntza eremu ez-formalekoak, aisialdi elkarteak, ludoteka eta gaztelekua; eta gero, herrigintza. Hiru hanka horietako herritarrak elkarrekin aritzeak asko aberasten du, elkarrekin lan egiteko ohitura sortzea benetan interesgarria da.

 

Hamar urte badira hainbat eragile hezkuntza eta aisia balio hezitzaileetan, partaidetza erdigunean jarriz, herrigintzatik eta euskaraz nola egin aztertzen hasi zinetela. Ordutik, zein ondorio atera duzue? Zein dira gakoak?

M. A.: Kontzientzia hartzea. Hezkuntzaren ardura partekatua denez, horren inguruan herri proiektu bat eraiki ahal izateko, eskolak bakarrik ezin du, ludotekak bakarrik ezin du, udalak bakarrik ezin du. Orduan, elkargune bat sortu eta izaera ezberdineko erakundeak elkartzen dira, udala eta herrigintzako elkarteak, adibidez, eta orduan bai, gauzak egin daitezke.

 

I. A.:  Hamarkada gutxitan jendartea asko aldatu da eta oso konplexua bihurtu da dena. Batzuetan kosta egiten zaigu erronkak identifikatzea bera, erronkak berak erpin asko dituelako. Horri erantzuteko ezinbestekoa iruditzen zaigu hiru hankarena: udaletik eragitea, herrigintzatik eragitea eta hezkuntza komunitatetik —hezkuntza komunitatea modu zabalean ulertuta—, hor egongo gara prest erronka horri erantzuteko. Gaur egun politika publikoak egiteko modua ere aldatu egin da, beste begirada batetik eraikitzen dira politika publikoak, edo norabide horretan goaz, behintzat. 

 

Guraso eta hezitzaileek non edukiko lukete lekua Oinherrriko organigraman? 

M. A.: Ni neu herri hezitzaileen sarera guraso eta hezitzaile izatetik gerturatu nintzen. Gaur egun gurasotasuna —nahiz eta modu asko egon guraso izateko— oso modu indibidualean bizitzen da, lehen umeak komunitatearenak ere baziren, beste sostengu bat zegoen. Hori denbora gutxian aldatu egin da. Goazen komunitate oso bat inplikatzera haurtzaro bizigarri eta eder batzuk sostengatzeko. Hezitzaile gisa ere, nik frustrazioa izaten nuen, nire esparruan balio batzuk sustatzen nituen, baina umeak gero beste toki batera joatean, igual kontrako mezuak jasotzen zituzten. Goazen adostera herri batean haurtzaroari eta nerabezaroari nondik begiratu nahi diegun. Herrietan sortzen diren lantaldeetan, kasu askotan, guraso eta hezitzaile emozionatuak dira akuilu, benetan ikusten dutelako hori dela eraldaketarako bidea. 

 

I. A.: Duela 10 urte ausarta izan zen bide hori urratzen hastea. Eta, aurrera begira, bide luzea daukagu egiteko eta ausartak izan behar dugu proposamenak egiteko orduan. Iruditzen zait haurra bera erdigunean jarri eta haurraren hitza balioan jartzea eta entzutea dagoeneko praktika transgresorea dela, jendartearen norabide orokorra zein den ikusita. Batzuetan emaitza zehatz batzuk eskuratzeko presa izaten dugu, baina bitartean egin behar den pedagogia lana itzela dela. Hamar urte hauetan praktika garrantzitsuak sortu dira, baina aldi berean, izan diren elkarrizketak ere oso hezitzaileak izan dira. Ni neu Txatxilipurditik nator, baina Oinherrik begirada zabaldu dit.

 

M. A.: Oinherrirentzat gakoa da jendarte helduzentrista honetan umeei eta nerabeei leku bat egitea eta benetan haien beharrak entzutea. Umea metafora baten modukoa da. Jendarte honetako izakirik txikiena eta zaurgarriena da haurra eta haurtzaroak txikitasunaren neurri politikoa eman diezaguke. Jendarteko pertsonatxo txikienari hitza emateko ariketa egiten dugunean, orain arte periferian edo bazterrean kokaturik egon diren kolektibo horiei guztiei hitza emateko ariketa egiten dugu. [Francesco] Tonuccik esaten duen bezala, haur batentzat ona bada, denontzat ona izango da. Heldu gisa eman zaigun botere hori gutxitzen dugunean eta txikitasun horri toki egiten diogunean, gure herriak birpentsatzeko ariketa interesgarria egiten dugu. Herriak beti handitasunaren neurrira eraiki beharrean, txikitasunetik birpentsatzen baldin baditugu bai hirigintza, baita bertan bizi daitezkeen harremanak, balioak, hizkuntza politikak… Jendarte osoarentzat hobeak izango diren herriak eraikiko ditugu.

 

Hamar urte hauetan bizi erritmoa bizkortu da, gero eta presa gehiagorekin bizi gara, eta hori ez dator bat haurrek eta nerabeek behar duten erritmoarekin. Haatik, Oinherri gero eta indartsuago dago. Bada beste modu batera bizi eta hezi nahi duen jendea, beraz?

I. A.: Pandemiak gauza txar asko ekarri ditu eta eragin gogorra izan du gure bizitza eta gorputzetan. Oinherriren kasuan pandemia bera katalizatzaile izan da. Itxialdian oso begi-bistakoa izan zen jendarte honek haurrei uzten dien lekua; zein izan ziren ahotsik gabe utzi zituztenak; zein ziren azkenak, zeinentzako egiten ziren politikak eta zeinendako ez... Munduaren norabide horretan nortzuk utzi ziren atzean? Adinekoak eta haurrak. Horrek jendea ukitu egin du eta Oinherrira gerturatu. 

 

M. A.: Sistema kapitalistak gauza horiek sotilki egiten ditu, baina pandemiarekin oso nabarmen gelditu ziren gauza batzuk. Jendartean oso nabarmen gelditu zen haurrekiko zer ikuspegi den nagusi, itxialdian denbora luzeen egon direnak izan dira. Horrek jendeari nolabaiteko ispilu bat jarri zion parean, eta askoz ere ikusgarriagoa izan zen egoera.

 

Ordurako inertziaz handitzera zihoan Oinherri, bazegoen gauzak beste modu batera egiteko gogoa, bai herrigintzatik eta baita politika publikoetatik ere, baina pandemiak azkartu egin du prozesua. Hezkuntza Lege berriak ere deszentralizazioa ekarriko du. Hezkuntzatik harago, energian, elikadura burujabetzan eta beste sektore askotan txikira jotzeko apustuak egiten ari dira.  

Zuen lan-ildoetako bat dibulgazioa da, hausnartu eta teorizatzen duzuenaren dibulgazioa. Zer lan ildo dituzue? Herri antolamendua, eskola kirola…? M. A.: Oinherrik zazpi balio ditu oinarrian, modu teorikoan formulatuta, bere ustez modu kontzientean herri bat hezitzaile izateko kontuan hartu beharko liratekeenak, baina horiek praktikara ekartzeko lau lan ildo identifikatu ditugu. Lan ildo bat, nerabezaroaren kultura eta parte-hartzeari dagokiona da. Nerabezaroa jendartean ez dugu, oro har, aro baikor gisa ikusten eta gaia landu beharra argi ikusi dugu. Nerabezaroa ez leku bat dela esan izan digute nerabeek eurek. 

 

I. A.: Oro har, ez dugu aro baten gisan ikusten. Helduaroaren eta haurtzaroaren arteko trantsizio baten moduan ikusten dugu. Oinherritik etapa horri bere protagonismoa emateko ahalegina egiten dugu. Nerabezaroaren kultura eta parte-hartzea liburuxka atera genuen, hasteko, begirada komun bat, marko bat sortzeko. 

 

M. A.: Beste lan ildo bat eskola kirolari buruzkoa izan da. Batez ere Gipuzkoako herriek eskola kirola hezkuntza komunitatea modu zabalean ulertzeko modu bat dela ikusten dute, haurra erdigunean jarri eta udala, klubak, eskolak eta gurasoak elkartzen diren egitasmo bat izanik. Baina, era berean, birpentsatu beharra ikusten zen, haurraren beharrak ez zirelako benetan aintzat hartzen. Hasiera batean, eskola kirola eraldatzeko jardunaldi batzuk antolatu genituen eta ondoren eraldaketa egin nahi duten herriekin foro bat osatu da. Eskola kirola gogoeta kolektiborako tresna sortu dugu eta Hik Hasiren Udako Topaketetan aurkeztuko dugu.

 

I. A.: Hirigintzari dagokiona da beste lan-ildo bat, parkeen bernaturalizazioarekin hasi ginen, baina parkeetatik harago joan eta herri oso bat herri hezitzaileen ikuspegitik berplanteatzeko praktika eta teoria landu du lantalde honek Hiritik At kooperatibarekin. 

 

M. A.: Beste lan ildo bat parte-hartzeari dagokiona da. Parte-hartzearen kultura berri bat behar dugula ondorioztatu dugu. Ez gara ez arituak ez adituak parte-hartzean, lehendabizi hausnartu egin behar dugu zer-nolako parte-hartze prozesuak egiten ditugun, nork deitzen dituen, norentzat, nor gelditzen den kanpoan, nor etortzen den, nor ez… Lan ildo hori orain ireki dugun meloi bat da. Marko bat adostu nahi dugu: parte-hartzeari buruz ari garenean, zertaz ari gara?

 

I. A.: Egungo paradigmak goia jo du, eta komeni da gaur egungo parte-hartze prozesuen planteamenduak berrikustea. Hirigintzako jardunaldietan ere atera zen gaia: benetakoa da ala egin beharreko bihurtu da?  Zer da parte-hartzea? Iritzia ematea? Auzolana? Egitetik berplanteatu behar dugu agian, parte-hartzea. Asanblada batean parte-hartzea da parte hartzea? 

 

Lau lan-ildo horiek, herrietako lantaldeak eta Oinherriren hausnarketan parte hartzen duten 16 erakundeak daude. Zer-nolako osaera dauka Oinherrik?

I. A.: Oinherrik bi hanka ditu: batetik atzean dituen eragileak eta, bestetik, herri hezitzaileen sarea. Lan ildoetan sortzen diren foroetan bat egiten dute eragileek eta herri hezitzaileen sareko agendek.  

 

M. A.: Eragileak, batez ere, aisia, euskara eta kultur arloan lan egiten duten eragileak dira, baina oso eragile desberdinak dira eta bakoitzak bere eremutik egiten du ekarpena. Oinherriren altxorrik preziatuena aberastasun hori da. Gainera, aberastasun hori herriekin lotzen da, eragileen ekarpenak agian plano teorikoago batean gelditu daitezke, baina hausnarketa horiek gero praktikara eramaten dira herrietan. Beraz elkar elikatzen dute eragileek eta  herrietan sortzen ari diren lantaldeetako jendeak.

 

Nola egiten da Oinherriranzko lehen urratsa?

M. A.: Hasteko gogoa eta nahia behar dira. Gero, gai honekin norbere herrian aliatu nor izan daitekeen bilatu behar dugu, bide hau ezin baita bakarrik egin. Aliatu horien artean, gure hiru hankak egonez gero, primeran: udala, hezkuntza (formala nahiz ez formala) eta herrigintza. Nahi bat, gogo bat eta aliatu multzo bat behar da hori sostengatzeko eta herrian zirikatzen hasteko.