Etapak moztearen ajeak

2022-09-06

Nerabezaroaurrea eta nerabezaroa. Batetik besterako mugak lausotzen ari dira, denborak eta etapak aurreratzen. Nerabezaroaurrea moztu egin da, bi urte eta erdikoa edo hiru urtekoa izatetik bospasei hilabetekoa izatera pasa da. Horrek desorekak eta gorabeherak sortu ditu neska-mutilengan eta gurasoengan.

 
 
Etapak moztearen  ajeak

Neska-mutil nerabe batzuk bizitzaren garai horri dagozkion jarrerak, portaerak eta bizipenak izaten hasten dira etxean, kalean, aisialdi esparruan eta abar. Nerabe izan gabe ere, nerabezaroaurrean dauden batzuk “mundu” horretan murgiltzen dira. Eta badira bete-betean nerabeen “gauzak” egiten hasten ez diren preadoleszenteak ere: batzuk gorputzaren aldaketak onartu nahi ezik geratzen dira; beste batzuk nahiago dute betiko jolasetan jarraitu; beste batzuei ez die batere erakartzen alkohola edaten hasteak edo parrandan ateratzen hasteak; beste zenbait ez daude prest beste mota bateko arropak janzteko. Erresistentzia txikiak dira eta ezinegona edo deserosotasuna sor dezakete neska-mutilengan edota gurasoengan. Oharkabean pasatzen utzi gabe, behatzea komeni da, oso adierazgarriak baitira gaur egun nerabezaroarekin eta nerabezaroaurrearekin gertatzen ari dena ulertzeko.

 

Haurtzaroa, nerabezaroaurrea eta nerabezaroa. Hiru etapa horiek izendatzen dira helduaroaren aurretik eta adi erreparatzeko deia egiten du Izar Arregi psikologoak, “preadoleszenteen erresistentziak nerabezaroaurrea laburtu delako gertatzen dira. Lehen nerabezaroaurrea LH6tik DBH2ra zen, 12-14 urte bitartean, eta bi urte eta erdi edo hiru urtekoa zen. Orain bat-batean moztu egin da eta bospasei hilabetekoa da. Horregatik, batzuk ez daude salto hori egiteko prest. Preadoleszentzia jan egin dugu eta hori akats handia da”.

 

Nerabezaroaurrea zapoketan ibiltzea da, polizia eta lapurretan jolastea, bizikletarekin aldapan gora eta aldapan behera ibiltzea, “ni zutaz nago eta zu nitaz” aritzea, lagun bat bidaltzea ikastetxera etorri den berriarekin hitz egitera, lagunartean gutunak idaztea mindu egin dela esateko, denak batera ibiltzea baina batzuk pixka bat apartatzen hastea, gomatan ibiltzea, patinetan izerditan elkarren atzetik ibiltzea, ping-pongean jokatzea... “Jolas horiek denak desagertu egin dira eta hori da arazoa. Batzuei gorputza aldatu zaien arren, oraindik ez dira nerabeak, oraindik mutil kozkor eta neska kozkor puntu horretan daude eta hori mantentzea litzateke egokiena”, nerabezaroan espezializatutako Arregi psikologoaren ustez.

 

Nerabezaroaurrea mantentzea eta etapa hori ez moztea garrantzitsua dela azpimarratzen du Arregik, “une horretan dosi txikietan lantzen direlako gero sakontasunean edo intentsitate gehiagorekin bizituko diren sentimenduak: lagunen desleiatasunak, gustuko ekintzatan parte ez hartzea, neska batzuk mutil batzuekin jokoetan hastea, ikastolako atarian geratu ordez herriko beste ikastetxe bateko atarira joatea han saltsa gehiago dagoelako, gustuko duen pertsonak lagun mina izatea gustuko... Egoera horiek maila baxukoak dira eta asko entrenatzen dira. Oso momentu polita da beldurrak eta lotsak lantzeko, dena ez dela hain perfektua izan behar konturatzeko, ez dela ezer pasatzen hain gustukoa ez den gai batekin aspertzen badira eta abar. Entrenatzea oso inportantea da, bestela, entrenatu gabe baitoaz partidara”. 

Entrenamendu horietan probatzen dute kiroletan nolakoak diren, lagunen artean nolakoak diren, nola kokatuko diren koadrilan, egun horretan zein lagunekin irtengo diren, koadrilan gertatu den gauza baten aurrean iritzia emango duten edo ez, gustatzen ez zaien jolasean ezer esan gabe arituko diren edo ez zaiela gustatzen esango duten, nola esango dien lagunei zerbaitek min eman diela, nola esango dien lagunei orain beste joko batean ibili nahi duela... Erabaki txikiak dira eta abilezia sozialak hor entrenatzen dira.

 

Preadoleszentzian jolasetan ibili dena eta nahikoa entrenatu dena nerabezarora salto egiteko prest egon daiteke; beste batzuek, ordea, denbora gehiago behar dute. “Prozesu horretan gurasoek semea edo alaba joko horietan ibiltzera eta ‘entrenatzera’ bultzatu dezakete. Hau da, bere ikastetxeko atarian bakarrik egon ordez lagunekin beste ikastetxeko atarira joatera edo une horretako jolasetan parte hartzera animatu dezakete. Baina kolpetik botiloia egitera, iluntzetan afaltzera ateratzera edo hiriburura arropak erostera joatea beste salto bat da. “Eta hor dago koska edo arazoa: ez da oraindik adin horretan dagokiena, gauza batzuk nerabezaroaurrekoak dira eta beste batzuk nerabezarokoak”, ohartarazten du Arregik.

 

Nerabezaroa, ekintza unea

Behin preadoleszentziako entrenamenduaren ondoren, nerabezaroa ekintzen garaia da. “Neska batekin edo mutil batekin amodio konturen bat izango dute, alkohola probatuko dute, lagunartean zatarkeria handiak egin ditzakete, elikadura gorabeherak hasten dira jateari utziz, diziplina gorabeherak haratago joan daitezke... Batzuk ekintzetan murgiltzen dira, eta beste batzuk ez dira seguru sentitzen egoera horietan. ‘Zergatik ez dugu jolastu behar oraindik armiarmara?’, galdetzen dute. ‘Zergatik ez gara bizikletan ibiltzera joaten?’, ‘zergatik egon behar dugu hizketan aldamenekoari begira eta zigarroak erraz?’, ‘goazen eskubaloian ibiltzera’. Agian bik edo hiruk nahiago izango dute bizikletan ibili, baina popularrenek ez badute nahi, denak popularraren atzetik joaten dira. Eta bestea, orain arte lider karismatikoa izan dena hor dago, aitarekin bizikletan ibiltzera joatea nahiago duelarik”. Bidegurutzeko garaia da.

 

Gurasoen zeregina eta posizioa

Oraindik nerabezaroko ekintzetara igarotzeko gogorik ez duen semea edo alaba izanez gero, lasai hartzea gomendatzen du Arregik. “Nerabezaroaurreko egoerak handietsi gabe, egoeraz gozatzeko esango nieke, gero ere nahiko denbora dagoelako beste ekintzetarako. Goxatu eta egin semearekin edo alabarekin gauzak: bizikletan ibiltzera joan, mendira joan, etxean denek elkarrekin pelikula bat ikusi, arrantzara joan, udan astebete zaldian ibiltzera joan, piraguismoko edo surfeko ikastaroa egin beste herri batean betiko lagunartetik ateraz...”. Gurasoei semeaz edo alabaz gozatzea proposatzen die Arregik.

 

Aldiz, semea edo alaba ekintzara pasata duten gurasoei kontuz ibiltzeko deia egiten die psikologoak. “Agian ez duela entrenamendurik behar pentsatuko dute, baina entrenatu gabe doa eta arriskuan dago”. Gainera, gurasoek semea edo alaba ulertzeko joera dagoela dio, eta horrekin ere kontuz ibili behar dela, “gehiegi ulertu eta enpatizatu gabe. Adibidez, semea edo alaba egun baterako etxera bidali baldin badute eskolatik, enpatizatu dezakete eta irakaslearekin bat ez egin. Baina kontuan izan behar da gelan 30 ikasle egongo direla eta justu beraiena bidali dutela. Agian euren semea edo alaba errespeturik gabe aritu delako. Beraz, adi, mugak ere behar dituzte”. Gurasoek indartuta egon behar dute garai hauetan, seme edo alaba preadoleszenteak arropa erosketak egin nahi dituenean, iPhone-a eskatzen duenean edo astebururo etxetik kanpo afaldu nahi duenean. “Hori dena emanda gustura ikusiko ditugu, baina mugak ere behar dituzte. Guraso gisa, inportantea da zer gauza erakutsi nahi dizkiegun eta zer ez garbi edukitzea. Gurasook indartu eta segurtasuna eduki behar dugu geure irizpideetan. Eta ezetzarekin erantzun behar bazaie, ezetzarekin. Gure seme-alabekin haserretzen ikasi behar dugu. Lagun asko izango dituzte, baina guraso bakarrak dituzte”.

 

Seme-alabak bete-betean nerabezaroko ekintzetan daudenean, “sinetsi egin behar dugu nerabeen baloreetan eta probatzen eta erortzen direnean gurasook hor egon behar dugu altxatzen laguntzeko. Sinetsi egin behar dugu orain arte egindako lan guztia ez dela alferrik izan eta oinarri ona daukala. Gurasoak beldurrez gaude haurdun etorriko zaigun. Alkohola edo speed-a oso gazterik kontsumitzen dute... Arrisku errealak dira, eta nahiz eta gogorrak izan, konfiantza eduki behar da semearengan edo alabarengan, eta erortzen direnean hor egon jasotzeko”.