Zientzia nesken kontua ere badela erakutsi dute ikastetxeetan

2023-03-10

‘Emakumeak Zientzian’ ekimenaren 7. edizioa egin da aurten eta ikastetxeetan oihartzuna izan du. Emakume zientzialariak ikastetxeetara gerturatu dira haien bizipenei eta lanari buruz hitz egitera eta ikasleak ikerketa zentroetara ere joan dira. Zientzia nesken kontua ere badela gogorarazteko balio izan dute ekimenok.

 
 
Zientzia nesken kontua ere badela erakutsi dute ikastetxeetan

Duela zazpi urte xumeki abiatutako ekimenean aurten 24 euskal erakundek hartu dute parte, eta 50 jardueratik gora antolatu dituzte denen artean. Jarduera horietako batzuk ikasleei eta irakasleei eskaini zaizkie eta zientzia arloan emakumeen presentzia eta egoera nolakoa den ezagutzeko aukera eman diete.
Mari Luz Guenaga Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko irakasleak eta Emakumeak Zientzian ekimeneko koordinazio taldeko kideak argi adierazi du zein den jarduera horien helburu nagusia: “Normaltasunez ikustea emakumeak ere badaudela zientzia arloan lanean”.
Eskolara itzulera izan da ikastetxeek eskura eduki duten jardueretako bat. Izena eman duten 24 ikastetxeetara emakume zientzialariak eta teknologoak joan dira haien bizitzari eta lanari buruzko azalpenak ematera. “Bakoitzak bere arloari buruzko hitzaldiak eman ditu, bere esparrutik hitz eginez”, dio Guenagak. “Polimero biodegradagarria, kartilagoa birsortzeko 3D egiturak, plastikoen birziklapena, nola erabili neutroiak material biguna ikusteko eta abar. Gai horien barruan, bakoitzak bere esparruan nola lan egiten duen azaldu du”. Emakume gisa, ikasketetatik hasi eta lan mundura arte zein bizipen izan dituzten ere azaldu dute. Ikasleen jakin-mina egindako ibilbideari buruzkoa izaten da, batik bat, Guenagak azaldutakoaren arabera: “Batez ere zein ikasketa egin dituzten, zer pauso jarraitu dituzten... jakin nahi izaten dute. Hau da, nola iritsi diren ailegatu diren lekura edo lanbidera”.
Neskek zein mutilek entzuten dituzte hitzaldiak eta denentzat interesgarria eta onuragarria dela dio Guenagak. “Neskentzat erreferentzia dira emakume zientzialariak eta teknologoak, haien ispilu izan daitezke eta identifikazio aldetik garrantzitsuak dira. Historikoki ikusezinak izan dira emakumeak eta ikusten ez dena ez da existitzen sarritan, eta beraz, esparru hori ez da helburutzat hartzen”. Badaude emakumeak zientzian lan egiten eta horien lana balioan jartzea garrantzitsua da, atzetik datozen neskek eta emakumeek erreferentziak izan ditzaten, emakumeei dagokien arloa ere badela ikus dadin. “Mutilentzat, bestalde, zientziak mutilen eta nesken kontua direla ohartzeko balio du”, jarraitzen du Guenagak. “Hau da, euren bizitzan zehar arlo hauetan emakumeak aurkituko dituztela jakitea eta hori normaltasunez bizitzea garrantzitsua da. Zenbat eta teknikoagoak izan arloak, orduan eta arrotzagoa da emakumeak bertan egotea, baina egon badaudenez, normaltasunez ikustea da xedea. Azken finean, jakin dezatela beraientzat aukera bat dela, beste edozein aukera bezala”.

Bertatik bertara ere bai
Enpresetara eta ikerketa zentroetara bisitak ere antolatzen dituzte eta lanbidearen nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dute. “Zer egiten den eta zer motatako produktuak edo zerbitzuak garatzen diren erakusten zaie”. Bisita horietan emakumeek ematen dituzte azalpenak eta emakume zientzilariak lanean ikusten dituzte. Besteak beste, hauek izan dira bisitatu dituzten ikerketa zentroak: Achucarro, CIC biomaGUNE, Tecnalia, BCBL, Biofisika Institutua eta Biodonostia. Guztira 400 ikasle inguru ibili dira zentro horietan.
Tailerrak ere eskaini dituzte hainbat gairen inguruan: algoritmoak, neurozientzia, neuroteknologia, informatika, kriptografia... “Kasu batzuetan ikastetxeetara joan gara gu eta beste kasu batzuetan ikasleak gerturatu dira unibertsitateetara edo ikerketa zentroetara”.
Irakasleentzat orientazio akademikoari lotutako saio bereziak ere eskaini dituzte, STEAM hezkuntza lantzeko pautak ematera bideratuta. Guenagak dioenez, “saio horietan STEAM hezkuntza zelan bultzatu dezakegun hausnartu da, eta baita genero ikuspegia nola txertatu dezakegun ere”. Lehen Hezkuntzako zein Bigarren Hezkuntzako irakasleei bideratutako ekintza izan da eta ideiak eta esperientziak elkarrekin partekatzeko aukera eman diete.
Jarduera horiek guztiek emakumeek zientzia arloan duten presentzia ikusarazteko balio dute, historikoki ikusezinak izan direlako, eta baita arlo horiek ezagutzeko ere. Izan ere, Guenagak dioen moduan, eguneroko bizimodutik urrun geratzen diren lanbideak dira, “eta ezin dute imajinatu zer den Tecnalian, Deustuko Unibertsitatean, Nanogunen edo beste ikerketa zentroetan lan egitea. Gauza interesgarriak egiten dira, gizartearentzat oso beharrezkoak eta garrantzitsuak diren produktuak eta egitasmoak garatzen dira, eta horren berri izatea inportantea da. Ikerketa zentroetan talde lanak garrantzi handia dauka eta taldeka nola lan egiten duten ikustea ere oso interesgarria da. Informazioa edukitzea eta hori guztia gertuagotik eta gehiago ezagutzera ematea ere bada gure helburua”.