Irakasle idealaren bila

2023-03-21

(Garazi Ruiz de Sabando. Gasteizko Mendebaldea BHI-ko DBH 4. mailako ikaslea) Gaur egun, ikasleok egunean sei-zazpi ordu pasatzen ditugu ikastetxe barruan, geldirik, arbelari begira, parez pare dugun irakaslea esaten ari denari arreta handirik jarri gabe, edo okerragoa dena, batere arretarik jarri gabe. Irakasleek ikasleon emaitzan zein jarreran duten erantzukizuna oso handia da. Izan ere, irakasle bati esker, hainbeste gorroto zenuen ikasgai hura gustukoa izatera pasatu daiteke, edo kontrara. Ikasleok beti izan dugu irakasle idealaren ideia bat, eta ezaugarri askotan ados ez bagaude ere, beste askotan gauza bera desio dugu.

 
 
Irakasle idealaren bila

 

Irakasleek gure zailtasunak kontuan hartzea gustatzen zaigu. Irakasgai guztien artean, ikasle bakoitzak bere kuttunena du, baina baita zailtasun handienak ekartzen dizkiona ere. Izan ere, ikasle guztiok ez ditugu maila eta gaitasun berberak. Baina, hala ere, modu berean ebaluatzen gaituzte. 

Ahalegintzeko gogoa pizten duten irakasleak nahi ditugu, haien laguntza dugula sentiarazten digutenak. Beti entzun dugu “gainditu ez baduzu, nahikoa ikasi ez duzulako izan da”. Egia da, batzuetan, nagikeriak irabazten digula eta gutxi saiatzen garela; baina, beste batzuetan, irakasleak ez dira kontziente gure etxeko logelan zenbat orduz egon garen Frantziako Iraultzako urteak ikasten edota disoluzio baten molartasuna kalkulatzen. Azkenean zer, eta azterketan gorriz biribildutako emaitza bostetik beherakoa izateko, eta gainera, irakasleak zugandik gehiago espero zuela esateko. Asko ikasi nahiz ez, animo ematea behar dugu, babesa. 

Bestelako irakasteko moduak dituzten irakasleak nahi ditugu. Milaka ikasleren eskuetatik pasatu diren liburu ulergaitzak irakurtzeaz eta ariketak etengabe egiteaz gain, azalpen eraginkorrak behar ditugu, erraz ulertzekoak. Ez dut esango erraza denik, baina bai haien lanaren parte dela. 

Praktika bultzatzen duten irakasleak nahi ditugu. Bestela, dena da teoria, dena da ikasi eta idatzi. Eta praktika, noizko? Argi dago teoria ere eman behar dela, baina praktikak uste baino gehiago laguntzen digu. Oso garrantzitsua da irakasleek ikasleoi alderdi praktiko hori ezagutaraztea. 

Ikasleak babesten dituzten irakasleak nahi ditugu. Zenbat alditan entzun dudan iruzkin matxista, homofobo zein transfobo bat… eta zein gutxitan, ordea, eman duen irakasleak hura eteteko erantzun bat, nahiz eta irakasleen arduretako bat izan. Jarrera horien aurrean, irakasle gutxik jokatzen du arduraz; gehienetan ikasleok egin behar izaten dugu. Eta, hori gutxi balitz bezala, ikasleen artean neurriz gainekoak geu gara, iruzkin batengatik horrela jartzeagatik. Gure ustez, gai horiei buruzko formakuntzak ezinbestekoak dira irakasleen artean, erasoen aurrean erantzun eraginkorrak emateko eta, horrela, berriz gerta ez daitezen.

Badakigu ohiturak aldatzea ez dela batere erraza, baina argi dago zerbait egin beharra dagoela. Beraz, saiatu gaitezen ikastetxeak desio dugun espazio bihurtzen.