Iraunkortasunerako hezkuntza ala basakeria

2023-05-09

Iraunkortasunerako hezkuntza lantzeko beharra azpimarratzen du Haizea Isasa Amasek artikulu honetan. Tolosako Orixe BHIn egindako ikerketan oinarrituta, eskola bakoitzaren inguruan elkartzen den hezkuntza komunitateak tokian tokiko errealitatea kontuan izanda egin dezakeen prestakuntzarako prozesu eraldatzailea kontatu du Isasak, eta iraunkortasunerako hezkuntzaren aldeko apustua egin beharra azpimarratu du. 

 
 
Iraunkortasunerako hezkuntza ala basakeria

I

noiz pentsatu al duzu zenbat geratzen zaion planetari hazkunde ekonomiko esponentzial honekin jarraitzen badugu? Joan den otsailean telebistan eman zuten Irauteko, murriztu izenburupeko Teknopolis saioan, galdera hori egin zioten Alicia Valero Delgado ingeniari kimikoari. Zientzialariak muga fisiko eta ekologikoekin lotu zuen erantzuna, eta aipatu zuen trantsitzio energetikoa (deskarbonizazioa) egiteko beharko ditugun baliabide materialen erauzketaren kostua (ekologikoa, ekonomikoa eta energetikoa) oso altua izango litzatekeela, planetan lehengaiak egonik ere. Meategi berriak ustiatzen jarraitu arren, gero eta geldoagoak omen dira esplotazio erritmoak eta meategi gutxiago aurkitzen dira. Pentsa, 2035erako, bikoiztu egingo omen da kobrearen eskaria; baina meategi berri gutxiago aurkitzen ditugu: ideia bat egiteko, azken hamarkadan, urtean 50.000.000 tona erauztetik 8.000.000 tona erauztera pasatu dira. Beraz, argi eta garbi esan dezakegu planteatzen ari garen garapena ez dela bideragarria. Kobrearekin gertatzen den moduan, gauza bera gertatzen da beste hamaika lehengairekin ere: gaur egungo bateriak fabrikatzeko erabiltzen diren litioarekin, kobaltoarekin, nikelarekin eta manganesoarekin, esaterako. Puntu kritikoak izango dira horiek, adibidez, auto elektrikoak hedatzeko edota digitalizaziorako. Zientzialariak ohartarazi zuen, jende guztiak trantsizioa guk egin dugun erritmoari helduta egingo balu, lehengaien erreserbarik gabe geratuko ginatekeela (kobalto kantitatearen beharra laukoiztuko litzateke, adibidez), eta lehengai horien eskasiak arriskuan jarriko lukeela deskarbonizazioa edo trantsizio energetikoa.

Orain arte bezala jarraitu nahi dugu, ordea, eta hori da arazoa: egunetik egunera kontsumoa handituz doa. Lurraren baliabideak mugatuak direnez, ez dugu kontsumoa murriztea beste aukerarik. Esatea erraza bada ere, aldaketa ez da gizartean halabeharrez gertatuko. Kultura eraldaketarako prozesu baten beharraz ari gara, eta hezkuntza da eraldaketa horretarako gakoa: iraunkortasunerako hezkuntza, hain zuzen ere. Esku artean duzun artikulu honek, beraz, iraunkortasunerako hezkuntza hedatzeko baliabide izan nahi du, eskola bakoitzaren inguruan elkartzen den hezkuntza komunitateak tokiko errealitatea kontuan izanda aurrera eraman dezakeen prestaketa prozesu eraldatzaile baten kontaketa egiten baita lerro hauetan. Master Amaierako Lana baliatuz­ —Gizarte eta hezkuntzako eremuen ikerketa izenburua daramana—, lanean aritu nintzen Tolosako Orixe BHI institutuan bost hilabetean zehar, eta han egin genuen ikerketa ekintza parte-hartzailearen esperientziaren berri emango dizuet. Maila lokalean eta tokikoen parte-hartzearekin egindako ikerketarik ezean, ezinezkoa baita iraunkortasunaren aldeko kultura eraldaketarik gauzatzea. 

 

Iraunkortasunaren dimentsioak

Zenbait autorek iraunkortasunerako hezkuntza XXI. mendeko kalitatezko hezkuntzaren elementu integral gisa planteatzen dute. Baina zertaz ari gara iraunkortasunerako hezkuntzaz dihardugunean? Iraunkortasunaren edo jasangarritasunaren alde egitea da etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarri gabe egungo beharrak bermatzea. Iraunkortasunak dimentsio asko ditu. Mikromatxismoekin erabiltzen den icebergaren metaforari helduz, iraunkortasunaz hitz egitean ere, soilik ingurumen arazoak etortzen zaizkigu burura. Baina jakin badakigu iraunkortasunik ezak askotariko arazoak biltzen dituela: ekonomikoak, teknologikoak, ingurumenari lotutakoak, politikoak, sozialak eta kulturalak; eta, gainera, arazo horiek elkarri eragiten diote. Batzuetan, icebergaren muturra baino ez dugu hautematen; baina nekez konponduko ditugu arazo horiek, sorburuan dauden arrazoiei heldu gabe. Iraunkortasunerako hezkuntzak garapenerako elementuen arteko lotura ulertzen laguntzen du, eta baita konplexutasun hori kontuan hartuta diagnosia egiten eta irtenbideak proposatzen ere. Beraz, gizarte industrializatu batean, gurean, adibidez, iraunkortasunerako hezkuntza irakasteko eta ikasteko prozesu bat izango litzateke, produkzio eta kontsumo joeren eraldaketa sustatuko lukeena. Horretarako, beharrezkoa da pentsamendu kritikoa garatzea, iraunkortasunaren aldeko balioetan oinarritzea, ekintza eta konpromisoa sustatzea, erabakietan parte hartzea, diziplinarteko ikuspegia bermatzea, eta tokiko eskala eta eskala globala uztartzea.

Bigarren Hezkuntzako irakasle izaki, ezin izan diot iskin egin azken urteotan bolo-bolo dabilen gai honi: XXI. mendeko erronkei erantzuteko konpetentziei, alegia. Azkenean, ulertu dut XXI. mendeko arazoak ebatziko dituzten ikasleak hezteak irakasle izateko modu berri bat eskatzen duela halabeharrez: ikasleari bere testuinguruan aktiboki eta kritikoki parte hartzea ahalbidetuko diona, eta demokrazia, parekidetasuna, kulturartekotasuna, aniztasuna, ingurumena eta abar errespetatzen dituzten balioak eta jarrerak transmititzea ahalbidetuko diona. Ezin uka dezakegu mundua eta hezkuntza testuingurua gero eta konplexuago bilakatzen ari direla, eta, horren ondorioz, modu berean, konplexuago bihurtzen ari dela irakaslearen lana, bai eta haren prestakuntza ere. Hortaz, irakasleen etengabeko prestakuntza ezinbestekoa da, eta uste dut prestakuntza prozesua bera kolektiboa ahalduntzeko tresna gisa erabili beharko genukeela. Egun, halako prozesuak gauzatzeko beharra sumatzen dut irakasleen artean, baina horretarako, eskolek autonomia nahikoa izan beharko lukete, beren prestakuntza planak diseinatzeko. Baliabideak behar dira lekuan lekuko ikastetxeetako premietara egokituko diren eta hezkuntza komunitateek bizi dituzten askotariko errealitateak kontuan hartuko dituzten berrikuntza proiektu komunitarioak martxan jartzeko. 

Azaleratu ditut dagoeneko iraunkortasunerako hezkuntzaren eta prestakuntzaren beharrak, eta nire lanaren oinarriari buruzko azalpena bukatzeko, hirugarren gako bat aipatzea falta zait: diziplinartekotasuna. Aipatu dut iraunkortasunak dimentsio asko dauzkala, eta, hortaz, iraunkortasuna lantzeko, hainbat diziplinaren arteko begirada izatea izango litzateke egokiena. Badakigu diziplinarteko (edo eremukako) lana desafiatzailea dela irakasleontzat, baina Europako azken hamarkadetako hezkuntza legeek argi erakusten dute hezkuntzaren norabidea horixe dela. Beraz, eskoletan egiten diren prestakuntza prozesuek ere diziplinarteko begirada bildu behar dutela uste dut. 

 

Ikasleak iraunkortasunean hezteko proiektua

Behin oinarria finkatuta, nire Master Amaierako Lanaren bidez zer lortu nahi izan dudan azaltzeari ekingo diot. Egindako lana prozesu eraldatzailea izan da, eta prozesu horretan, Tolosako Orixe BHIko Batxilergoko 1. mailako hainbat diziplinatako irakasleek parte hartu dute. Helburua zen Batxilergoko 1. mailako ikasleak iraunkortasunean hezteko proiektu bat diseinatzea. Prestaketa prozesu horrek bazuen bigarren helburu garrantzitsu bat: irakasleen arteko ezagutza eraikitzea eta ahalduntze kolektiboa bultzatzea, hain zuzen ere. Eta hori nola egin genuen? Bada, paradigma kritikoaren eta metodologia kualitatiboaren barruan kokatzen den ikerketa ekintza parte-hartzaile baten bidez. Esku hartzen den testuinguruaren eraldaketa soziala eragitea da paradigma kritikoaren ezaugarri nagusia. Kasu honetan, iraunkortasunerako hezkuntzaren barneko eraldaketa parte-hartzaileon ahalduntzetik etorriko litzateke. 

Prestaketa prozesuan, hainbat diziplinatako 16 irakaslek hartu genuen parte: Ekonomia, Filosofia, Biologia eta Geologia, Matematika, Euskara, Ingelesa, Musika, IKT eta Marrazketa mintegietakoek, hain zuzen ere. Nire lana, beste parte-hartzaile bat izateaz gain, taldeari ikerketa egiteko ezagutza eta baliabideak eskaintzea izan zen. Irakasleon prestakuntzarako gune gisa, hiru lantegi planteatu genituen, eta horietako bakoitzean, askotariko dinamika parte-hartzaileak eraman genituen aurrera. Dinamika horien bidez eta norberaren errealitatetik eta praktikatik abiatuta, proiektuaren eraikuntzarako beharrezko informazioa lortu genuen. 

Edozer sortzen hasi aurretik, ezinbestekoa da dagoeneko egiten denaz jabetzea. Beraz, lehenik eta behin, irakasleon abiapuntua zein zen aztertu genuen: irakasle bakoitzaren jarduna nolakoa zen, praktikan zer arazo edo beldur sumatzen genituen… Gehien errepikatu zen ideietako bat hauxe izan zen: irakaskuntza praktika eraldatzeko, iraunkortasunerako hezkuntzan prestatu beharra genuela; eta diziplinen artean lan egiteko beldurra genuela ere askotan aipatu zen. Oro har, ondorioztatu genuen irakaslearen esku geratzen zela iraunkortasunerako lanketa egitea; hau da, ez zela modu kontziente eta integratuan egiten. Hala ere, hainbat autorek nabarmendu duten moduan, irakasleek bazekiten etorkizun iraunkorra eraikitzeko ikasleekin Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) lantzea eraginkorra zela, eta lanketarako, ezinbestekoa zela praktikan ikasgelaren, gizartearen eta inguruaren arteko lotura egitea. 

Prestakuntza prozesuan parte hartzen ari ginen irakasleon abiapuntua zein zen aztertu eta gero, sortu nahi genuen proiektuaren gakoak adosteari ekin genion. Hainbat arazo ekosozialen aurrean, aztarna ekologikoa hautatu genuen ikasleekin ebatzi beharreko arazo gisa, eta erabaki genuen hori lantzeko irakaskuntza metodologiarik egokiena arazoetan oinarritutako irakaskuntza zela. Ikasleek mundu errealarekin lotura zuzena duen gai batean aktiboki lan eginda ikasten dutenean, pentsamendu kritikoa, lankidetzarako gaitasunak, sormena eta komunikaziorako gaitasunak lantzen dituzte, edukiak sakon ikasteaz gain. Ondoren, ikasgai bakoitzean iraunkortasunarekin lotutako curriculumeko edukiak eta ebaluazio irizpideak hautatu genituen, eta informazio hori guztia bilduta, proposamen didaktikoa eta proiektua bera ebaluatzeko errubrika osatu genituen. 

Bidean sortu zitzaigun arazoetako bat hauxe izan zen: Batxilergoan hainbat diziplinatan batera nola aritu behar genuen asmatzeko ezintasuna. Unibertsitatera sartzeko frogak baldintzatzen duen etapa da Batxilergoa: ikasgaietan banatua, curriculum eduki amaigabeak, proiektuak metodologia aktiboen bidez gauzatzeko denbora falta... Hala ere, LOMLOE legeak ekarritako berrikuntzetako batek eman zigun sortu genuen proiektua aurrera eramateko aukera: Komunitaterako proiektuak ikasgaia curriculumik ez duen ikasgaia izanik, nitxo ezin hobea zen iraunkortasunerako hainbat diziplinatan batera txertatzeko. Diziplinartekotasunak irakasleen artean sortzen duen mesfidantza gainditzea ahalbidetzen du ikasgai horrek, berezko ikasgaiei dagokien curriculuma lantzeko denbora kendu gabe eta ikasgaien araberako antolaketak dakarren oztopoa gaindituz. 

Arestian aipatu bezala, prestakuntza prozesua irakasleak ahalduntzeko tresna gisa planteatu genuen. Parte-hartzaileotzat, konfiantza da irakasleen garapen profesionalean eragiten duen faktore garrantzitsuetako bat.

Halako proiektuen bidez, ondorioztatu genuen ezagutza eraikitzeko eta ikasitako teoria praktikara eramateko gakoa zela gure artean konfiantza eskuratzeko trebatzea. Hau da, egindako prestakuntza prozesuak halako proiektuak diseinatzeko eta egiteko ahaldundu gintuen. Eginahal horretan, prestakuntza lantegiek izan zuten balioa azpimarratu nahiko nuke. Esperientzia praktikotik abiatuta, ikaskuntza eraikitzea ahalbidetu zuten prestakuntzarako eta garapen pertsonalerako espazio ezin hobeak izan baitziren lantegiak. Hala ere, denbora faltagatik, ezin izan zen prozesuan nahi beste sakondu, batez ere diziplinartekotasunari zegokionez.

 

Ondorio nagusiak

Bukatze aldera, iiraunkortasunerako hezkuntza testuinguru zehatz batean sustatzeko proposamen faltak bultzatuta bost hilabetez egin zen ikerketa ekintza parte-hartzailearen bi ondorio nagusiak aipatu nahiko nituzke: lehena, lankidetzan diseinatutako unitate didaktikoaren balioa nabarmentzea; eta bigarrena, prozesuak berak parte-hartzaileengan izan duen eragina. 

Diseinatu genuen unitate didaktikoaren balioari dagokionez, iraunkortasunari buruzko prestakuntza plan baten oinarria finkatu dela ondorioztatzen da. Izan ere, proiektu bat sortu genuen, zeinean integratu ziren iraunkortasuna lortzeko funtsezkoak diren ikaskuntzak. Azpimarratzekoa da, bestalde, sorkuntza lanaren diseinuan, hainbat diziplinatako irakasleok lankidetzan aritu ginela, bertatik bertara, dagoeneko egiten genuenaren gainean hausnartuz eta hori eraldatuz. 

Prozesuak berak parte-hartzaileengan izan duen eraginari dagokionez, esan daiteke irakasleen artean ezagutza eraikitzea eta ahalduntze kolektiboa bultzatzea lortu zela. Izan ere, prozesuan gauzatu ziren lantegien bidez, hainbat diziplinatako irakasleen prestakuntzan eta garapen profesionalean eragin zen. Modu horretan, hezkuntza gogoetako praktikei zentzu kritikoagoa emateko urratsa egin zen, iraunkortasunerako hezkuntzaren aldeko eraldaketa erdietsiz. 

Batek daki 2035ean zer kobalto behar izango dugun; batek daki politika kontinuisten kapitalismo berdeari noiz esango diogun planto; batek daki oligopolio energetikoen aurrean trantsizio ekosoziala komunitateetan antolatu ahal izango dugun... Baina jakin badakit, gaurtik hasita iraunkortasunerako hezkuntzaren aldeko apustu garbirik egin ezean trantsizio energetikoa modu duinean egiteko kultura iraunkorraren hedapena atzeratzen ariko garela. Bitartean, jarraitu dezagun hezkuntzatik proiektu eraldatzaile eta komunitarioak bertatik bertara sustatzen eta eraikitzen!