000: Euskal heziketarako aldizkari nazionala kalean da jada

1995-06-01
Euskalduna, nazionala, irakasleena, baterakoia, irekia, plurala eta independentea
 
 
Irakasle Elkartean honelako aldizkari baten beharra aspalditxo ikusi bazen, iazko Udako Euskal Unibertsitatean behar honetaz hausnarketa serioa egin zen. Aurten berriz, asmoak eta ametsak egiaztatu nahiean talde batek martxan jartzea erabaki du, ondorengo "OINARRI PROGRAMATIKOA" abiapuntutzat hartuz:

Ez dira gaur sortutakoak Euskal Irakaskuntza osatzen dugun elkarte edo komunitateko partaideok (gurasoak, irakasleak, ikasleak, hezitzaileak...) gure Hezkuntza Sistemaren inguruan ditugun kezkak.

Ez da berria, ezta ere, Euskal Herriaren izaera, nortasuna eta kultur berezitasunak kontuan izanik, etengabe aldarrikatzen den Irakaskuntza euskalduna eta autonomoa; ezta Nafarroa, Iparraldea eta Euskal Autonomi Elkarteko zatiketa administratiboaren gainetik gure irakaskuntza ahalik eta gehien garatzeko herria egiten ari den ahalegina ere.

Gure irakaskuntzaz dihardugunean, zeraz ari gara: euskal kulturan oinarritutako curriculum propioaz, irakaslego iraunkor eta euskaldunaz, Euskal Herritik kanpora hartutako erabakien menpe ez dagoen eredu deszentralizatuaz, zentruen autonomiaz eta eraikitzen ari den herri bati irakaskuntzarako zor zaion finantziazio publikoaren igoera nabarmenaz. Hau guztia bideratzeak berma lezake kalitatezko Euskal Irakaskuntzarako herritarrok dugun eskubidea.

Sortu nahi dugun edota dagoeneko sortzen ari garen hilabetekari honen helburu nagusia, gorago aipatutako Euskal Irakaskuntzaren partaide garen guztion informazio, eztabaida eta elkargunerako bitarteko bat izatea da.

Horrela, bada, egitasmo hau guztion ekarpenen beharrean dagoela eta, proiektu honen ateak zabalik ditugu nahi duten guztiek parte har dezaten.




Ea, beraz, denon artean proiektua bideratzea lortzen dugun. Animo eta aurrera!.