ARANBURU, Harbil: Zer iritzi duzu hilabetekari honi buruz?

1995-06-01
 
 
Asmoak ezagutu orduko, ideia honi, susmo ona hartu nion. Heziketa giroan murgilduta gabiltzanok, ondotxe ezagutzen ditugu aldizkari honen bidez bete daitezkeen hutsune nabarmenak.

Lehenik, gure lanaren inguruan sortzen zaizkigun kezka, ideia edo esperientziak irakurri nahiz ekoizteko ematen digun aukerari oso aberasgarri deritzodala aitortu behar dut.

Bestalde, hezkuntza inguruan ari diren sare nahiz kolektibo ezberdinentzat ateak zabalik izateak, guztien arteko ahaleginak integratzera eta batzera jo beharko lukeela esango nuke; azken finean, ahalegin hau, heziketaren gune eta ardatz nagusi den ikaslearen mesedetan gertatuko baita.

Sarri, berrikuntzaren grinak eraginda "noraezean" ibili ohi gara urrutiko esperientzia berrien bila, hurbileko iharduera aberats eta oparoak ezagutzeke. Ateak zabaltze honek, gure arteko esperientzien elkartrukaketari ere beharko lioke erantzun.