EKISOAIN, Juan Jose: Zer iritzi duzu hilabetekari honi buruz?

1995-06-01
 
 
Euskal irakaskuntzan aritzen garen guztiok hagitz ongi dakigu zein garrantzitsua den alor, maila eta erakunde desberdinen arteko harremanak izatea, esperientzien elkar trukaketa eduki ahal izateko eta elkarlanak bideratzeko.

Izatez, irakaskuntza Haur Hezkuntzatik hasita Unibertsitate mailaraino hari jarraikor eta aurreratzaile batez dago loturik.Errealitateak berak bultzatzen gaitu, beraz, lan koordinatua egitera maila desberdin hauetan aritzen garen profesionalok.

Egoera administratiboari dagokionez, euskal irakaskuntza hiru Erakunde desberdinen menpe dugu banatuta, ezaugarri eta beharrak berberak direlarik. Instituzionalizaturik ez izan arren badira harreman teknikoak, eta hauexek sakondu behar ditugu.

Une honetan Hezkuntza Administrazioak buru belarri daude sarturik Hezkuntza antolamendu berrian eta hauxe izanen da, hain zuzen, heldu diren urteetako helburua. Bitartean antolamendu ofizial hauei doitzen ez zaizkien irakasleen lanek eta esfortzuek ez dute bideratze errazik izanen, hauexek agian aurreratzaileenak izanik ere, beste ateratzerik ematen ez bazaie.

Arrazoi guzti hauengatik gaur karrikaratzen den aldizkari hau, tresna baliogarria eta beharrezkoa dugu gaur euskal irakaskuntzaren bilakaerarako.