Amnesiaren gaitz mortala

1995-12-01
Joxe Azurmendik herri biziaren osagai sakonak iragana eta geroa, oroimena eta utopia direla esan berri digu eta guk gure aldetik, hezkuntzak, herri biziaren atala den neurrian, osagai berberak beharko lituzkela gaineratuko genuke. Nahiz eta hezitzaileon kezketan geroa eta utopia maiz agertu, iraganaz ohartu ez eta egoera amnesikoetara ere iritsi omen gara.

Sail honetan, Euskal Hezkuntzaren oroimen historikoaren eraikitze eta gureganatze horretan ekarpena egin nahi genuke, bai buruturiko ikerlan akademiko ezberdinekin, baita zuotako askok tokiz tokiko hezkuntzaren historiarako egin dezakezuen ekarpenarekin ere.
 
 
Esan izan da bere oroimen historikoan tradizio-etenak dituen herriak zailtasunak izaten dituela bere burua ezagutzeko. Horrelako herriek, kultur aniztasunaren uretan barruraino murgilduta egonki, beren nortasuna akulturalismoan itota bukatzeko arriskua izaten dute. Azken urte hauetan euskal kulturaren berreskurapen-saioan ahaleginik franko egiten bada ere, kezka zabaldu xamarra dago hurbileko emaitza positiboen losintxak ez ote duen ezkutatzen kultur asimilazioaren sator-lana.

Unibertsitateko irakasle-ofiziotik jasotako hainbat irakatsitatik, datu kezkagarri hauxe geratu zait burmuinean tinko josita: euskara sartu dela gutxi-asko unibertsitateko sail gehienetan, baina euskal kulturari buruzko ezagutza neurri handi batean arrotza dela bertako ikasgeletan. Askotan oinarrizko datu historikoak ere ezezagunak egiten zaizkio lauzpabost urtez bertan diharduen gehiengo bati. Agian jakingo du Gabriel Aresti idazle bat izan zela, baina Detxepare nor izan zitekeenik arrastorik ere ez. Askorentzat frankismoa bera urrutiko historia egiten da. Mende honetako lehen hamarkadetatik harago joaten bazara, berriz, informazioa asko urritzen da. Euskal eskolaren historia badenik ere apenas inork dakien. Amnesia ia totala da.

Zergatik gertatzen den ezjakintasun hori? Galdera, esan beharrik ere ez dago, oso konplexua da. Baina gehiegi arriskatu gabe, esan daiteke euskal hezkuntza enpirismoak sobera hartua daukala eta ez dela gai bere dinamika propioa sortu eta lantzeko. Hain da handia errealismoaren indarra, ezen epe hurbileko edo, gehienez, ertaineko helburuak nagusitzen baitira hezkuntza-politikan. Erdal ereduaren akats guztiak sortu eta birsortzen ari gara hezkuntza sistemako maila guztietan eta bereziki, goi-mailakoan.

Unibertsitatea euskal campus-ean kokatua dago, baina egituraz, kultur tradizioz eta funtzionamenduz espainola da. Erdal ereduaren jarraitzaile eta kopiatzaile izanez segitzen dugu. Hala izatea harritzekoa ere ez da, baldin kontuan hartzen bada pedagogi curriculuma osatzen duten gai-ardatzak administrazio zentraletik ezarrita datozkigula eta euskal tematikari legozkiokeen gai ezpezifikoak lantzeko aukera administratiboak benetan murritzak direla. Pedagogia garaikidearen historian edo beste gaietan, euskal hezkuntza sistemari eskainitako gai autonomorik ez da irakatsi. Eta egin denean, irakasleak berak egin du, bere kontura, irakaskuntza espainolaren azpi-atal gisa. Normala da, bada, unibertsitate honek titulatu dituen eta egun irakaskuntzan diharduten pedagogo profesionalek defizit nabarmen-nabarmena agertzea euskal kulturaren eta, zehazki, euskal hezkuntzaren sailean. Normala den bezala, irakasle hauek gauza bera sortu eta birsortzea irakaskuntza ez-unibertsitarioan. Horrelaxe goaz zirkulu sorginean sartuta, biribilka, norako jakinik gabe. Agian ez dugu jakin izan, edota ez gara behar adina saiatu irekita dauzkagun legezko posibilitateak erabiltzen. Euskal curriculuma errotik berrikusi beharra dago.

Azkenaldiotan, gobernu autonomoekin euskal irakaskuntzan inauguratu diren hizkuntz ereduek zer-nolako bilakabidea izan duten jakin nahiak eraginda, datu estatistikoetan oinarritutako ikerketak nagusitu dira gehienbat. Horrelako lanetan epealdi jakin eta laburrak hartzen dira neurgaitzat, kasu honetan, erreforma autonomikoari dagozkionak, eta 1an horiek eskaintzen duten ikuspegia funtsean ahistorikoa da. Euskal eskolaren historiaurrerik ez bailegokeen, hezkuntza sistemari buruzko planteamendua 1970eko hamarkada-bukaeratik hasteko joera handia dago. Hori da zero puntua, ikerketaren alfa. Honek esan nahi du, erretolika akademikoan mila bider kondenatua izan arren, gurean oraindik bizi-bizi dagoela funtzionalismo enpirikoa.

Aurrerantzean zer egin daiteke? Egitekoak asko dirateke, segur aski. Baina eginkizunik beharrezkoena, zalantzarik gabe, euskal eskola nazionala eraikitzearena dugu. Honek hezkuntza formalaren alorrean nondik gatozen, zertan garen eta nora joan nahi dugun planteatzera garamatza. Emango diren pausoak bitez plangintza baten barruan eginak, epeka egingarriak eta, oinarrizkoa dena, beti azken helburu bati zuzenduak.

Helburu nagusi horretara iristeak lehentasunezko eginkizun batzuk markatzea aurreskatzen du. Horietako bat da, luzaezinezkoa, euskal hezkuntzari buruzko gaiak curriculum akademikoan integratzea. Aurtengo ikasturtean, besteak beste, sartuta daude gaiok: Euskal gizartea eta kultura; Euskal Herriaren hezkuntzaren historia; Nazionalismoa eta hezkuntza; Hizkuntza minorizatuak eta hezkuntza. Betetzeke dagoen beste hutsune nabaria, euskal eskolari buruz jadanik eginda dauden lan historikoak eta sektorialak eskola-munduko irakasleen artean ezagutzera ematea dugu, dibulgazio-mailan eta ekinaldi jarraituan. HIK HASI-ko orrialdeetan bere leku betea luke eginkizun honek