MONTERO, Jose Luis:

1995-12-01
Sare desberdinetako hezkuntz aholkularia, Pariseko Pedagogi Ikerketa eta Dokumentazio Zentru Nazionaleko partaide, Aula de Innovacion Educativa hezkuntz aldizkariko kolaboratzaile, Ingalaterrako East Agliako unibertsitateko ikerketa proiektuko kolaboratzailea
 
 
Badirudi garai hauetan ezin dugula "Erreforma" bakar batez hitz egin, Erreforma administratiboa eta Hezkuntz Erreforma bereizi behar ditugula

Garbi dago bi erreforma ditugula, nolabait esateko. Administrazioari dagokionez erreformak izaera administratiboa hartu du erabat, ikusi besterik ez dago martxan jarriko diren neurrien izaera (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ezarpenean bi maila batera, lehen zikloa osoa alegia, modu azeleratu batean martxan jartzea erabaki baita). Bestetik, errealitatearen planoan, erreforma pedagogikoarena daukagu.

Hartu berri diren neurri hauek, prozesua bizkortzearenak, eskola mapa argitzeko, irakasle plantilak nola geratuko diren ikusteko balio lezakete, baina ikuspegi pedagogikotik azeleratze hau tamalgarria da.

Ikastetxeen ikuspegitik, nire iritziz behintzat, beharrezkoa izango da bi erritmo, bi ordulari bereiztea. Administrazioaren ordulariak bere erritmoa darama, ordulari honek aldaketa batzuetara behartuko gaitu, baina eskolari dagokionez aldaketak ez dira oso esanguratsuak izango, aldaketak batik bat etapen luzapena eta izenari loturikoak baitira.

Badago beste ordulari bat, ordulari biologikoa, guretzat garrantzitsua dena, benetako pedagogi ordularia. Honek askoz ere mantsoago joan beharko luke aldaketa pedagogikoa efektiboa izan dadin, etorkizunean ikuspegi pedagogikotik aldaketa koalitatibo bat eman dugula esan ahal izateko. Eta ordulari hori administrazio mailan ematen ari den azelerazio horretatik babestu behar dugu.



Zergatik diozu hori?

Irakaslegoak erreziklaia eta etengabeko formakuntzan ohitura handia duen herri batean ari bagina, curriculum irekia tradizio egonkorra balitz, eta irakaslegoak erabakiak hartzeko eta autonomiaz jokatzeko tradizioa balu, ez litzateke hain grabea izango momentu jakin batean administrazioak honelako bizkortze neurri bat hartuko balu. Baina hau ez da gure egoera. Gure artean, urteetan, curriculum itxia eduki dugu, administrazioko teknikari ezezagun batzuk diseinatutako curriculum itxia, eta irakaslearen papera inolako hausnarketa eta independentziarik gabeko ejekutatzailearena izan da. Irakaslegoaren formakuntza akademikoa ez dator esijentzia berriekin bat eta etengabeko formakuntzarako tradizioa eskasa izan da, askotan gaizki kooordinatua, gainera. Beraz gure plantilak honelako aldakuntza pedagogikoen aurrean, orokorrean, kezkatu egiten dira.



Gure egoeran normaltzat jo daiteke hori, ezta?

Bai, guzti hau gauetik goizera egin da, administrazioaren erabakiaren erritmora egokitzeko. Ikastetxeetako proiektuak erabat eraldatzen saiatzea suizidio kolektibo bat izango litzateke.

Nire ustez aukera oso garbia da. Administrazioak nahi duena esan dezake, baina benetako barne aldaketak askoz ere polikiago joan behar du. Konsziente izan behar dugu, urte batzuk kolokan ibili behar dugula, hori da hitza, koloka, behin-behineko egoeran. Jakin behar dugu norbaitek ordaindu beharko duela egoera hori, eta tamalez aldaketa urte hauek jasatea tokatuko zaien ikasle batzuk izango dira ordainduko dutenak. Gure benetako helburua ez da administrazioa pozteko aldaketa azkar eta lardats bat egitea. Aldaketak arrakasta edukiko duela ziur gaudenean ekin beharko genioke garatzeari.

Beraz ikastetxearen ikuspegitik gure erritmo propioak markatzeari eman beharko genioke garrantzia. Berrikuntza pedagogiko egoki bat egiteko beharrezkotzat jotzen dugunari.

Bai, hala da, bestela 70 hamarkadako erreformarekin (Villar Palasi) gertatutakoa errepikatzeko arriskuan egon gaitezke. Legea onartzen da -printzipioz perfektua den teoria bat-, eta ondoren administrazioa martxan jartzen da. Baina administrazioak ez du errealitate pedagogikoaren logika erabiltzen, administrazioak bere beharren logikarekin funtzionatzen du. Logika horren baldintzetara makurtzen bagara, gureak egin du, hilabete gutxi barru buka dazakegu erreformarekin, 70.ean gertatu zen bezalaxe.

Horrela da, guk ordulari biologikoaren erritmoa jarraitu behar dugu, eta horrek zera dio, eboluzio pedagogikoari dagokionez K.a. 5000. urtean gaudela, administrazioko ordulariak berriz 1995. urtean gaudela dio, eta hortxe, onartu behar dugun desfase bat dago. Desfasea onartzeak erronka onartzea dakar, ezin dugu ezikusiarena egin.

Dena den, gehiago esango nuke; une honetan erreformaz hitz egitea ere baztertu egin beharko genuke, jada termino hori peioratiboa delako. Badirudi hitz hau erabiltzen dugunean aurreko guztiak ez duela baliorik, eta ez dago hori baino gezur handiagorik. Hainbat urtetan geletan egindako esperirentzia multzoa oso aberatsa baita eta kasu askotan hezkuntza aholkulariek egiten duguna, esperientzia horiek guztiak era ordenatu batean sistematizatzeko saio bat besterik ez da izaten.

Bestalde, ez nuke "erreforma orain" esango, badirudi hori esateak eman beharreko pauso edo lan zehatz bat eskatzen digula gogora: Orain honelako pausoa eman eta kitto! Bukatu dugu!

Badirudi erreformatu beharra obligazioa dela! Eta erreformatzen garenean, ez da ezer gertatu, berriro ere dena ondo dago, akabo.



Eta nola jokatu beharko genuke, bada?

Transmititu behar dugun mezua zera da: 1990. urteko legeak irekitzen duena, hausnarketarako aitzakia bat besterik ez dela, aldaketa pedagogikoaz hausnartzeko, etengabeko aldaketa progresibo batez hausnartzeko, aurreko esperientzia guztien sistematizazioaz hausnartzeko, orain arte bideratu eta konpondu ez diren arazoez hausnartzeko. Inondik inora egiterik ez dagoena, erreforma etapen izen eta luzapen aldaketarekin identifikatzea da, ikastetxeko curriculum proiektua izeneko lan bat egitearekin identifikatzea alegia. Hori bukatuta, denok gure geletara, beti bezala eta hemen ez da ezer gertatu.

Baina erreformaz hitz egiteari uzten badiogu ere, ikastetxeetan hitz egin dezagun BERRIKUNTZA PEDAGOGIKOAZ, etengabeko hezkuntzaren progresoaz, zeren eta erreformak izaera puntuala izan badezake ere, progresoak jarraitu egiten du, ez da amaitzen.

Erreforma erabili behar da, lege bati eta horren ondorioz sortutako egoera bati izena emateko, baina kitto! Guk beste prespektiba batean egon behar dugu.



Zein izan daitezke berrikuntza pedagogikoari ekiteko eman beharreko pausoak?

Oso zabala dela iruditzen zait, baina oinarrizko ildo batzuk adieraz ditzakegu.

Lehenik, ezinbestekoa dugu indibidualtasunerako joera aldatzea. Estatuko hezkuntza sistemak, irakaskuntza gizabanakoak egiten zuen lan bat bezala ikusi eta bultzatu izan du. Horri buelta eman behar diogu, gizabanakoaren bereiztasun eta konpetentziak aitortuko dituen talde-lanaren izaera eman behar diogu gure lanari. Oinarrian pertsona multzo baten talde-lana izan behar du gureak.

Bestetik berrikuntza pedagogikoa garatzeko ezinbestekoa da aspektu guztietan eskola egungo garaiaren erritmora egokitzea.



Hori hobeto adierazteko inoiz adibideren bat entzun dizugu.

Bai, hala da. Zenbateraino saiatzen da eskola gaur egungo politikariek botatzen dizkioten ardura guztiak jasotzen?

Zera esan nahi dut: Nork du biolentziaren errua? Eskolak, ez baitu ez biolento izaten irakatsi.

Nork du denok zikinak izatearen errua? Eskolak, ez digulako ekologista izaten irakatsi.

Non konpondu daitezke drogomenpekotasunaren arazoak? Eskolan, programa egokiak erabiliz...

Beraz... egin ditzagun kontsumoari buruzko ikastaroak, irakatsi ikasleari ekologikoagoa izaten eta abar eta abar. Eta agian askoz ere oinarrizkoago eta sinpleagoa den gauza batez ahaztu egiten gara. Irakatsi al diegu gure ikasleei aldakorrak izaten? Erakusten al dugu dibertsitatea, aniztasuna antzematen? Eta antzematen erakusteaz gain onartzen?

Gu geu ba al gara aniztasunaren eredu, gelan bost iritzi desberdin onartuz? Ala diskriminazio eredu gara gurearekin bat datorren iritzia bakarrik onartuz?. Hemen ditugu garrantzizko eta oinarrizko arazoak. Hau guztia haurrei pilak erreziklatzen erakustea baino oinarrizkoagoa da. Noski programa hauek guztiak politikoki oso errentagarriak direla, baina ikuspegi pedagogikotik ezin gaitezke horretara mugatu.



Ezkutuko Curriculuma kanporatu beharko genuke?

Bai, bai. Nire ustez zirkunstantzia desberdinek eragin zuten ezkutuko curriculuma. Batetik bizi genuen erregimen politikoak, zenbaitek onartu nahi ez badu ere, bestetik irakasle izan aurretik geuk jaso genuen formazioak eta ahantzi ezin dugun gure izaerak, nortasunak; irakasleak ez baikara beste munduko izakiak, pertsona arruntak baizik eta ondorioz baditugu gure iritzi, akats eta joerak.

Nire ustez ezkutuko curriculumak argia ikus dezake, lehen aipatu ditugunak martxan jarriz. Utz diezaiogun dibertsitateaz, eta terminologia abstraktoz hitz egiteari, ekin diezaiogun praktikari. Ez dezagun Euskal Eskolarentzat berebiziko garrantzia duen gaia Bakerako Heziketa dela esan, oraindik gai horretaz edukirik ez badu. Niretzat lehentasunezkoa da Bakerako Hezkuntza, baina zehaz diezagutela zertan datzan, zeren eta zauria arrotuz, irakasleak lazo urdina eraman edo ez eramatearen arabera egingo baitira Bakearen Hezkuntzari buruzko interpretazioak eta horrek arazoa konpondu beharrean areagotu eta iraunarazi egingo baitu.



Beraz, kanpaina gutxiago eta hezkuntz asmoak garbiago, ezta hala?

Bai. Azkenean erantzun behar dugun galdera nagusia zera da: zertarako dago eskola?

Eta noski, bi erantzun daude: eskola sistema iraunarazteko dela batetik eta eskola gizartea aldatzeko dagoela bestetik.

Hori da galdera nagusia, zalantza nagusia. Ni bigarren erantzunaren aldekoa naiz, eskola gizartea aldatzeko dagoela dioenaren aldekoa.

Eta beti adibide bera jartzen dut. Ingurugiroari zor diogun errespetuaz ari bagara, ene ustez, eskola ez dago bizkar gainean urte mordoxka duten enpresarien jarrera aldatzeko, balore moldagaitzak baitituzte. Eskola balore berriak sortzeko dago, jarrera berriak, eta enpresari horien ondorengoak izango diren pertsonengan sortu behar ditu baloreak. Pertsona berri horiek gai moldakorrez eginak daude, horiekin lan egin daiteke, eta hori da eskolaren balioa, indarra, etorkizuneko belaunaldiekin lanean dihardugu eta. Etorkizuneko proiektuak sortu behar ditugu, agian orain ardurarik ez dutenekin, baina gerora izango dutenekin.



Komunikabide eta beste faktoreen eragina kontuan harturik, zein da eskolari geratzen zaion espazioa, aldaketaren eragilea izateko?

Beno, eskolari inkonformista izatearen espazioa geratzen zaio, inguruko giroaren, nolabait esanda, aurka bizitzearena. Baina, gertatzen dena zera da, eta hori litzateke azken dilema, aldaketen eragilea izateko: boluntarista izan beharra dagoela. Benetako konpromezua behar dugu, konturatu behar dugu, zorionez ala zoritxarrez, gure lanbidea ez dela ardoa botilaratzea bezain sinplea, kotxe bat fabrikatzea bezain sinplea, horrek izan dezakeen konplexutasun guztiarekin.

Sinesten duguna transmititzen saiatu behar dugu, eta zaila da benetan, etorkizunean sinesten ez duenak, bakean sinesten ez duenak, soluziotan sinesten ez duenak, gelan hori guztia transmititzea.



Berrikuntza pedagogikoaz hitz egiterakoan, gaitasunak aztertu beharko ditugu, ezta?

Bai, gakoa hor dago, baina, hala izanik ere, sistematikoki ahazten den gaia da. Ez zait hezkuntz ardurak dituztenen aldetik diskurtso garbi bat dagoenik iruditzen. Dekretu ofizialek, Etapako Helburu orokor ospetsuak, gaitasunen terminoetan espresaturik daudela badiote ere, errealitatea ez da hori. Helburu horietan ez dago argi eta garbi zehazturik, konbentzionalismoak besterik ez dituzte islatzen. Ba al du inolako zehaztasunik ikasle batek gauza bat edo bestea, ikasi eta ulertu behar duela esateak?

Eta azkenean, hemen dugun arriskua, edukiek berriz ere protagonismoa hartuko dutena da. Ez dut horrekin protagonismoa behar ez dutenik esan nahi, baina jakin behar dugu pertsona batek eduki horietaz jabetzeko, ezinbesteko duela gaitasunetan oinarrituriko hezkuntza sendoa. Eta egun ez dugu ikusten gai honi buruzko ez mezu, ez programa ezta orientabiderik ere.

Ikastetxeetan hau guztia argitzea oinarrizkoa da, edukiekin batera gaitasunen lanketarako bideak markatzea, gaitasunen irakaskuntza baita oinarrizkoena.

Zaila d x fenomenoaren aldaketara faktoreak deduzitzea , lehenik deduzitzea bezalako eragiketa erraz eta orokorra ez badakigu martxan jartzen.

Egiaztatuta dago, gure ikasleek, edo berdin da gure irakasleek ere, konparatzea, erlazionatzea, deduzitzea... bezalako kontzeptuez ez dutela konzientzia argirik. Bai, aditzak dira, baina ez dakigu zehaztasunez zein den hitz horien atzean dagoen benetako funtzioa. Erreformaren gakoetako bat izan beharko lukeen gai hau ezerezean geratzeko arriskuan gaude.



Gaitasunen garapenerako programarik ba al dago?

Bai. Euskadiko zenbait zentrutan esperimentatzen hasiak dira. Estatuarekiko abantailazko egoeran gaudela esan genezake, poliki-poliki hasi dira gure artean programa hauek zabaltzen. Aurrerapausoa da, baina administrazioak egiterik ez daukana zera da: deklarazio teoriko mailan gaitasunen garrantzia adierazi eta ondoren leloa moztu, bai formazio arloan bai praktikaren alorrean. Zentzu horretan inkoherentzia galanta izan daiteke.

Ahaztu gabe, bada aurre egin beharreko beste gai bat, aniztasunarena alegia, nola planteatuko zenuke eskolaren dinamikan?

Oso zaila da. Lege berriaren helburutako bat kalitatearen sustapena dela onartuz, parametro desberdinak erabili daitezke zerbitzuaren kalitatea behatu eta ebaluatzeko. Parametroei dagokienez iritzi desberdinak badaude ere, bi gauzatan guztiak bat datoz.

Lehen parametroa, proiektu baten beharra onartzea da, etorkizunerako gida eta aldi berean ebaluagarria izango den proiektu baten beharra, denok onartzen baitugu.

Bigarren parametroa heziketan oinarrizkoa den fenomeno horri, aniztasunaren fenomenoari erantzun egokia ematen ari zaion behatu eta ebaluatzea da.

Administrazioa aniztasunaz, egokitze curricularraz, dibertsifikazio curricularraz, laguntza gelaz eta, azken aldian, azelerazio curricularraren terminotan mintzo zaigu. Baina hori, nire ustez, geroago egin beharreko irakurketa da, nik horri, terminologia juridikoa erabiliz, bigarren instantziako aniztasuna deritzot.

Ahaztu egiten zaiguna, aurretikako aniztasunik badagoela da, nik lehen instantziko aniztasuna deitzen dudana. Proposamena zera da: Zer ote da interesgarriagoa, gure errekurtso guztiak, giza errekurtsoak, ekonomikoak... sendatzeko erabiltzea eta bigarren instantziako aniztasunean zentratzea? Edota errekurtso horien zati bat prebentzio lana egiteko erabiltzea? Bigarren aukera honek, bigarren instantziako aniztasuna gertatu aurretik lehen instantziako aniztasunarekin, aniztasun naturalarekin lan egin behar dugula onartzera bultzatzen gaitu.



Eta nola ulertzen duzu aniztasun naturala?

Aniztasun naturala, bi modutara ulertu behar dugu. Lehenik aniztasuna ona dela, beharrezkoa dela, eta bultzatu behar dugula ulertzea da. Adibide ugari dugu hori baieztatzeko. Galileo, aniztasunean sinesten zuen pertsona zen, hala izan ez balitz oraindik denak leizezuloetan biziko ginateke. Aniztasunean sinisten duen jendeak, mundua mugitzen du, progresoaren sinboloa dira.

Nik Velazquez margolari ona zela irakatsi dezaket, Velazquezen lan pila bat erakatsi dezaket, beste hainbeste egin dezaket Ibarrolarekin, baina ondoren haurraren gustua errespetatu behar dut, hori litzateke naturala. Nik ezin dut haurraren gustuan eragina izaten saiatu.

Geure buruari erantzun behar diogu, ea benetan aniztasunarekiko errespetuz ari garen lanean edota gureak diren eta gure lanari ez dagozkion balore, iritzi eta interpretazioak transmititzen ari ote garen.

Bestalde, aniztasuna errespetu bezala ulertu behar dugu. Denok ez ditugu ahalmen berdinak gauza berdinetan. Honek ez du esan nahi ahalmen berdinak ez ditugunik, bestela ingeniari nuklear bat iturgin bat baino pertsona distiratsuagoa dela onartuko genuke eta ikuspegi horrekin ez goaz inora. Onartu behar dugu guztiok ahalmen berdinak eduki ditzakegula, baina bakoitzak aukeratzen duela ahalmen horiek zein esparrutan inbertituko dituen.



Eguneroko lanean, gelan, zer suposatzen du horrek?

Guk 25 ikasle ditugunean, 25 dibertsitate ditugu; matematikara 25 ikasle etortzen zaizkigunean, bost ikaragarri onak izan daitezke, beste bost onargarriak, bost arruntak, bost eskasak eta beste bost oso eskasak eta honela etengabeÂ…

Eta hori onartu beharra dago, gure estrategiak eta gure baliabideak egokitu behar ditugu, alferrikakoa litzateke 25ak Einstein bihurtu nahi izatea, hortxe sortzen baititugu dibertsitateak, bigarren mailako dibertsitateak. Aniztasuna errespetatu behar dugu, baina kontuz, horretarako oso garbi eduki behar ditugu minimo batzuk, zeren eta literatura ofizialari kasu eginez Derrigorrezko Hezkuntzak, ikasle batek bere gizartean eskubide betezko gizaki izateko beharrezko dituen eduki minimoak bereganatuko dituela bermatu behar baitu. Gizarte horretan zer gertatzen den interpretatzen jakin behar du, bertan parte hartu behar du eta gizarte horren aldaketarako eragile izateko ere gai izan behar du. Honek guztiak ezagutza eta trebetasun minimo batzuen beharra markatzen du... Eskolak minimo horiek oso garbi izan behar ditu eta onartu behar du arlo batzuetan ikasle batzuk minimo horietara baino ez direla iritsiko. Errealitatea hau da eta horren kontra ezin dugu ezer egin.

Minimo horietara iristen ez diren ikasleekin sartuko ginateke administrazioaren diskurtsoan, bigarren mailako aniztasunean, alegia.

Aniztasun hori ez dago errespetatua izateko, baizik eta haren aurka joateko, aurka joan noski ahal den neurrian konpontzeko, hutsuneak betetzeko. Garbi dagoena zera da: lehen mailako aniztasuna errekonozituz eta gure jokabideak eta baliabideak horretara egokituz, bigarren mailako aniztasuna neurri handi batean baztertu dezakegula.



Gizarteratze garantiarako minimo horiek, zehazturik zeuden kasuetan ez al ziren altuegiak aniztasun desberdinei erantzuteko?

Altuak ala baxuak, nik ez dut horretan sartu nahi, gehiago iruditzen zait % 90ean ez zeudela garbi, ezta inon jasota ere; asko jota zenbaiten burutan egongo ziren, soilik.



Eta kalifikazioetan?

Kalifikazioek ez dute ia inoiz errealitatea islatzen. Ikasle batek 5a atera dezake desastre hutsa izanik, zentru askotako ebaluazio sistemak hori posible egiten duelako. Ebaluaziorako zenbakien sistema erabiltzen delako. Ikasle batek 10 galderatatik 10ak modu eskas batean erantzunik atera dezake 5a.

Bada beste gai bat ere. Eskolan oso ona den ikasle asko, eskolaz kanpo, bizitzari aurre egin behar diotenean desastre hutsak izaten dira eta beste batzuk alderantziz. Arazo honen aurrean bururatzen zaidan erantzun bakarra bertsalitate arazo bat dela esatea da. Eskolan ikasle bat ona izango da, eskolak eskatzen dion erantzunari ondo egokitu bazaio, eta honela ez dugu jende malgua, jende sortzailea, edozein gauzari erantzuna eman diezaiokeen pertsona sortzen. Hori ere aniztasuna da, aniztasuna bilakaera, progresu bezela ulertuta.

Zer diozu Euskal Eskolari buruz, ba al dago Euskal Eskolarik, sortu al daiteke?

Euskal eskolari buruz, ba, susmo batzuk baditut. Badugu Euskal Eskola publikoaren lege bat, badugu euskal curriculum bat, baditugu konpetentzia batzuk onarturik eta honela etengabe, baina hauek guztiak pauso administratibo-juridiko-politikoak besterik ez dira. Nire beldurra da, ea gai izango ote garen Euskal Eskola hori benetako edukiez hornitzeko. Benetako edukiak zentzu guztietan, gizarte zientzietan Estatuko historiaz gain, Europako historiaz gain, munduko historiaz gain gure historiaren edukiei aurre egiteko eta garatzeko gai izango ote garen da nire kezka. Erraza da gure historiari garai batera arte aurre egitea, baina hortik aurrera badirudi inork ez duela gehiago sakondu nahi, sentsibilitate desberdinak daudelako, gatazka sor daitekeelako. Hori zintzilik daukagu, batetik Euskal Eskolak etorkizunari begira aldaketa eragilea izan behar lukeelako eta bestetik gai izan beharko genukeelako, errealitate politikoa, errealitate historikoa eta errealitate soziala dena islatzen.



Politika eta kultura bereiztea, beraz?

Ikuspuntu politikotik, ez dugu konsistentziarik, ez dugu homogeneotasunik. Euskadiko euskaldunez hitz egin dezakegu, Nafarroako euskaldunez hitz egin dezakegu eta Iparraldeko euskaldunez hitz egin dezakegu, horren epaiketan sartu gabe, garbi dago errealitate bat dela. Baina momentu politiko honetako errealitateak ezin du eragotzi gu konsziente izatea, eta gure ikasleei ikusaraztea, egoera politikoaren gainetik Nafarroako jendearen, Iparraldeko jendearen, Komunitate Autonomoko jendearen historia, iragana, berdina dela eta gainera etorkizun berdinaren partaide ere izan gaitezkeela, eta horrek agian, beste planoa, plano politikoa alegia, argi zezakeen gainera.

Niri iruditzen zait oraindik bide horretatik ez dugula lanik egin, ez garela saiatu, badakit ez dela erraza baina horretan ahalegindu beharra dugu egoera absurdoak baztertzeko, hala nola audientziaren arabera, nire kasua, gure hitzak neurtu behar izatearena: Euskadi ala Komunitate Autonomoa, Euskal Herria, Vaskongadak; Espainia ala Estatua...

Irakaskuntzan plano politiko hori gainditu behar dugu, zeren inork ukatzerik ez daukan errealitatea da, Bidasoaz bestalde bizi direnak ere, gu bezain euskaldunak direla.



Ez al da kontraesana, errealitate politiko honetan euskal curriculum bat badela esatea?

Esan dezakegu espainiar estatuaren barruan Elkarte Autonomoko curriculuma dagoela, eta Nafar Komunitatearen curriculuma dagoela, horraino bakarrik iritsi gara. Horregatik diot plano horretan aurrera egitea zaila edo ezinezkoa dela, errealitate politiko batzuk daudelako. Beste planoan aurreratu behar dugu, plano kulturalean identitate amankomunaren planoan eta horretan aurreratuz garantia handiagoarekin hel diezaiokegu etorkizunean plano politikoari.



Horrela jokatzeak, ez al luke zenbait sektoreek Euskal Herriaren zatiketa administratiboaren maniobra modura interpretatuko?

Ez zait iruditzen. Inork ezin du ukatu Ainhoan eta Zugarramurdin berdin hitz egiten denik. Egiterik ez dagoena, benetako inkoherentzia, zera da: batetik estatu espainolaren barruan, Euskal Autonomi Elkarteko curriculuma dugula esan eta ondoren errealitate historikoa, kulturala eta soziala egungo errealitate politikoaren terminoetan interpretatzea.