Irakasle-ikasleen arteko harremanak

1996-03-01
Sufismoak ikastearen prozesua gerta dadin hiru baldintza jartzen ditu: pertsona egokia, lekua eta momentu aproposa.

Ni lerro hauetan lehenengo baldintzaz arituko naiz.

Irakastea eta ikastea irakasle askorentzat hitz sinonimoak dira, eta beti elkarri lotuta daudela uste dute, nahiz eta eguneroko errealiteak presuposizio hau ukatzen duen.

Irakasle multzo batek prestaketari ematen dio garrantzia eta hau horrela izanik, alderdi bat besterik ez da, derrigorrezko alderdia, noski, bainan ez da nahikoa. Denok ezagutu dugu irakasle jakintsu horietako bat, eskola ematerakoan, astuna, agoantaezinezko klaseak ematen zituena, eta ezin esan dezakegu irakasten ez denik, baina ikasi ez dugu tutik ikasten.
 
 
Orduan, prestakuntza on batek ikastearen prozesua zihurtatzen ez badu, zerk zihurta dezake? Bada... harremana, ikaslearekiko harreman mota batek.

Irakastea ez da, inolaz ere, nik dakidana azaltzea, nik dakidana norbaiti azaltzea baizik, eta garrantzitsuena ez da zer irakasten den soilik, nori irakasten zaion baizik, eta ikaslearekin segun eta zer motatako harremanetara iristen naizen, halakoxea izango da ikastearen prozesua.

Baina harremanetan gure beldurrak, segurtasun ezak, errekonozimendu beharrak, eta abar, berpizten dira, zeren eta irakasle eta ikaslearen arteko harremana, bi pertsonen arteko harremana baita; horregatik, oso zaila gertatzen da batzuetan giro on bat lortzea.

Hortaz, zer ezaugarri behar ditu irakasle batek ikasgiro on bat lortzeko?

C. Rogers-en ustez, lehena zintzotasuna da. Batzuetan ez gara zintzotasunez jokatzeko gai adarra jotzeko beldurragatik, ikasleen beldurrengatik, noski; ez dugu gugan konfiantzarik sentitzen eta "ez dira fidatzekoak" pentsatzen dugularik, "zurt" jartzen gara, berezkotasuna galduz. Jarrera honen inguruko harremanak mesfidantzazko komunikazioa eragiten du.

Baldintzagabeko onarpena jarriko nuke bigarrena. Ikasleak eta beren interesak, ideiak, iritziak errespetatuz, diren bezala onartu, horrela ikasarazteko behar dugun harremana eraikiko baitugu.

Ikasleak guretzat inportantea dela sentitu behar du, eta berarentzat garrantzitsuena dena, guri ere interesatzen zaigula; eta desadostasuna sortzen denean irakasleok jakinduria ez dugu ikaslea pertsona bezala makurtzeko erabiltzen. Desadostasunean onartzea, errespetatzea, eta ez konpartitzea da gure jarrera.

Eta hirugarrena ulerkuntza enpatikoa litzateke. Ikaslearen larruan kokatuko gara beren sentimenduak, grinak, nahiak, adoregabezia, beldurrak, hobeto ulertzeko. Ikaslearen arlo emozionala nahiz motibazionala nolakoa den jakin behar dugu. Horrelako hurbilketa emozional-motibazionala lotuz gero bakarrik egoki dezakegu gure irakaste jarrera edo estrategia.

Aipatutako hiru ezaugarri hauek ez dira irakasle baten apaingarriak, derrigorrezkoak eta beharrezkoak baizik.

Mundu emozionalak ikaste prozesuan zenbateko garrantzia duen jabetzen bagara, esparru emozionala eta sentimenduak gure geletatik kanpo uzten ditugunean prozesu honi zenbateko kaltea egiten diogun jakin behar dugu; eta zoritxarrez, gehienetan ez dugu hau ikasleen onurarako egiten, emozioen esparru horretan ez dakigu guk geuk ere ibiltzen, erabiltzen eta maneiatzen.