Kronika

1996-03-01
 
 
Hego Euskal Herriko Eskola Mapetan hobekuntzak
Hainbat sektore euskaltzalek bultzata euskal ereduetan EAE eta Nafarroako eskola mapek hobekuntzak jaso dituzte eta hori pozgarria da. Iazko ikastaroan Nafarroan, eta aurtengoan EAEn egin ziren proposamenak hobetu egin dira. Nafarroan, konkretuki, Iruñea eta bere inguruan bost zentruk D ereduan irakasteko baimena jaso dute, eta horrez gain, Otsagi, Garralda eta Ultzamako eskola txikietan euskal lerroak onartu dituzte.
Nafarroako SORTZENek, eman den hobekuntza txalotzen badu ere, gogor kritikatu du Gobernuaren ezjakintasuna. Beren ustez, DBH ondorengo ikasketetan euskal eredua eta erdal eredua zentru berean nahastea onartezina da. Bestalde, Haur Eskoletan eskolaratzeko egiten den eskakizuna ez dela kontuan hartzen salatu dute.
EAEn berriz, Bizkaian D ereduko sei zentru eta D-B ereduetako beste sei gehiago onartu dituzte. Gasteizen ere D ereduko beste bi zentruk onarpena jaso dute.
Hau guztia horrela bada ere, Nafarroan, euskararen ofizialtasun faltak hainbat eskualdetan euskarazko irakaskuntza zabaltzeko trabak jartzen ditu.
EAEn aldiz, eskolan euskara ikasteko eskubidea aitortzen den arren, ikasleen % 36,5 A ereduan eta % 28,5 B ereduan ari direlarik, euskara maila egokia lortzea ezinezkoa dela salatu izan da

Herri txikietako eskolak kezkati
Kosta-Urola, Goierri, Deba Garaia eta Lea-Artibai bailaretako berrogeiren bat herritako udal, guraso eta irakasleren ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten Donostian. Helburua, Eskola Mapak beraien herrietan izango dituen ondorio kaltegarriak herritarrei ezagutaraztea izan da. Eta honekin batera, Inaxio Oliveri Hezkuntza Saileko buruari bilera bat egiteko eskaera egin diote.
Beraien ustez, nekazari herriek politika konpentsatzailea behar dute.
Prentsaurreko honen ondoren Jaurlaritzako ordezkariekin harremanetan jartzea eta hitz egiten hastea lortu dute.

Pedagogi Plan Nazionala eratzeko asmoa dute ikastolek
Euskal Herri osoko 125 ikastoletako ordezkariak (Arabako 14, Gipuzkoako 49, Nafarroako 17, Bizkaiko 29 eta Iparraldeko 16) izan ziren otsailaren 3an Donostiako Santo Tomas Lizeoan eginiko batzarrean.
Ikastolen talde tekniko batek prestatutako lan-zirriborroa aurkeztu zen eta ekaina bitarteko epea ipini dute ikastoletara eztabaida zabaltzeko. Ekainean, eztabaidetatik ateratako proposamenen azken erabakiak hartzeko eta datozen lau urtetarako (1996-2000) plana zehazteko, III. Batzarra deituko dute.
Ordezkariek azaldu zutenez, kalitatezko hezkuntza euskaldunarekin jarraitzea izan da Ikastolen Plan Nazional honen proposamena burutzeko orduan kontuan hartu dena. Ildo horretatik, lau ezaugarri nagusi ditu osatu duten planak:
-Erabilgarria izan dadin, plan argia eta laburra burutu dute. Honela, guraso eta irakasle guztien partehartze zuzena bultzatu nahi da.
-Plan malgua da. Hezkuntza aberats eta anitza lortzeko edonoren ekarpenak jasotzeko irekia dago.
-Jarritako helburuak burutu diren ala ez jakiteko, ebaluazio sistema bat zehaztuko da.
-Ikuspuntu Nazionaletik egina dago. Hau da, Euskal Herriko ikuspegitik burutua eta Euskal Herri osoarentzat eginiko proeiktutzat jo zuten.
Bestalde, Plan Nazional hau, ikastolak ez izan arren Euskal Eskola izan nahi dutenentzat ere irekia dagoela adierazi zuten.

Iparraldean, euskal irakaskuntza urratsak emanez
IKAS elkartea erakunde pedagogiko bezala onartua izateak poza sortu bazuen ere, ez du gutxiago sortu Miarritzeko udalak elebitasunaren aldeko plana burutzeko hartu duen erabakiak.
Miarritzeko udalak EKE erakundearekin sinatu berri duen hitzarmenak neurri zehatzak jartzen ditu. Horien artean, udalak, euskal haurtzaindegia martxan jar dezan eraikin bat utzi dio Uda-Leku elkarteari. Iparralde osoan euskaraz arituko den lehenengo haurtzaindegia izango da.
Ikastolaren eraikina handitzeko erabakia hartu du udalak eta sare publikoko irakaskuntza elebiduna ere bultzatuko du.
Gau Eskolarekin berriz, beste hitzarmen bat egin nahi du: diru laguntza eman, eraikinak utzi eta udaleko langileak euskalduntzeko plana zehaztuÂ…