Frankismoaren garaiko etxe eskolaren esperientzia Bizkaian

1996-04-01
 
 
Frankismoaren urte ilunetan euskal eskola birsortzeko saiorik ezagunena Elbira Zipitriak egindakoa dugu, emakume honek gerraurreko metaketa teoriko pedagogiko eta ideologikoa etxe-eskolan gauzatu zuelarik. Gudak euskal gizartean sortutako komunikazio haustura gainditzeko tresna gisa eta, zer esanik ez, heziketa mailan belaunaldi berriei iraganaren herentziaren berri emateko ekintza izan zen.

Etxe-eskola hauen ereduan funtsezko osagaiak honoko hauek izan genituen: familiaren ideologia, emakume sare hezitzaileak, hizkuntzaren gordailu funtzioa, erlijiotasun errotua, oinarrizko alfabetatzeari soilik erantzuten zion eskolaratzea (bederatzi urtera arte baino ez) eta andereñoaren bigarren ama funtzioa.

Orain arte ikertutakoaren arabera bagenekien etxe-eskola hauek Donostian hedatu zirela eta 1946tik 1.969ra bitarte iraun zutela bi ziklotan banandurik: 3 urtetik 5 urtera eskolaurretzat hartzen zena (maila honetako andereñoek irakasle titulorik izatea ez zen derigorrezkotzat jotzen, legeak zioenaren aurka bazihoan ere) eta 5 urtetik 9ra bitartekoa, hau da, eskolatze formala ingreso izeneko azterketa gainditzeari begira batxilergoan sartu ahal izateko.

Bizkaian ostera ez geneukan antzeko esperientziaren berririk, baina jakin badakigu antzeko etxe-eskola bat izan zela Zaldibarren behintzat, Miren Maortua Garitazelaia andereñoaren ardurapean. 50eko hamarkadan, emakume honek bere etxean biltzen zituen 3 urtetik 6 urtera bitarteko familia euskaldunen haurrak eta bertan irakasten zien irakurtzen, idazten, aritmetika hastapenak, dotrina eta euskarazko abestiak; baina argi dago eskola honen kutsua familiartekoa zela, familia nazionalistaren birsorkuntza garatzeko gunetzat jotzen zen hain zuzen ere. Andereñoaren etxeko gela handi batean hiru mahai handiren inguruan biltzen ziren ikasleak taldeka eta etxeko hizkuntza, euskara jakina, erabiltzen zen bertan.

Baina Miren Maortua Zaldibarko etxe-eskolako andereñoak ezagutu zuen gobernadore zibilaren debekua eta hainbat bider itxiarazi zioten eskola; gero beste horrenbestetan zabaldu bazuen ere Klaudio Bilboko San Antongo erretore euskaltzale ezagunak egindako gestioei esker. Azkenean 1956an bertan behera geratu zen hainbat urtetako esperientzia hura.



Bibliografia

FERNANDEZ, I.(1.994) Oroimenaren hitza. Ikastolen historia 1.960-1.975. Udako Euskal Unibertsitatea

Ley de Enseñanza Primaria del 14 de Julio de 1945