Integrazioa

1996-04-01
Duela 36 urte bakarrik familia batean atzerapen mentala zuen haurra jaiotzean, familiak jasotzen zuen berehalako informazioa honako hau izaten zen:

"Zure seme/alabak ezingo du inoiz ikasi, zuk zain ezazu eta janaria eman iezaiozu, hori da beragatik egin dezakezun guztia..."
 
 
ATZEGI:eskolartasunerako sarbidea

PEÑ‘ALBA, Kany

ATZEGIko kidea



Hitz hauek entzutean, gurasoak lur jota geratzen ziren, gainera batzuetan IZAKI hori jainkoak gurasoei beraien bekatuzko jarrerangatik ezarritako zigorra zenaren usteagatik gizartean ere seinalatuta egotea jasan behar zuten. Hau guztia, nahiz eta batzuei aurreko mendekoa iruditu, orain dela urte gutxitako kontua da. Gizartea hermetikoa zen eta atzerapen mentala zuten pertsonei ez zien inolako aukerarik eskaintzen.

Errealitate horretan murgildurik, ez zen guraso talde bat batere beldurtu eta gehiegikeria sozial horretaz defendatu ezin ziren pertsonen izenean hitzegitea erabaki zuen, horretarako mementu hartan "ATZERATUEN ALDEKO GIPUZKOAKO ELKARTEA" deitu zena eta gaur egun "ATZEGI-z (Atzerapen mentala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartea) ezagutzen dena sortuz. Batasun honek familiek estutasun hori bakardadean nozitu behar ez izatea zilegi egin zuen, esperientzien trukaketarako eta laguntzarako ingurune bat sortu zuen eta, batez ere, hezkuntza den bezain oinarrizko eskubidea ukatuz, atzerapen mentala zuten pertsonak garapenerako ahalbiderik gabeko IZAKIAK izatera kondenatzen zituen baieztapenaren aurka borroka egiteko kemena eman zien.

Eskolako atea itxirik zegoen eta gizarteko hermetismoak zerbait irekitzeko edozein ahalegin galerazten zuen. Egoera honek, berriki sortua zen taldea koldartu ordez, mementu horretan iraultzailea zen esperientzia bat abiarazteko adorea eman zien: Eskola Berezia. Eskola honen ezaugarririk nagusiena jende "bereziari", "beste" eskolara sartzea ukatzen zitzaien haurrei zuzendua egotea zen.

Atzerapen mentala pairatzen duen taldearentzat gaur egun baztertzailea eta onura gutxikoa den modalitate honek bere garaian atzerapen mentala zuten pertsonen integrazioan ukaezinezko balioa eduki zuen, batez ere beraien ingurukoen antzeko bizitzeko era normalizatuaz jabetzea ahalbideratu baitzien, eta baita beharrak banakatzearen egite soilaz eta irakasteko erak beraien ulermen mailari egokituz, ordurarte galeraziak zitzaizkien ezaguerak beraien ahalmenarentzako eskuragarriak bilakatzea ere.

Orduko Aurrezki Kutxa Munizipalak, gaur egungo KUTXA-k, ATZEGI-n bildutako familiei esperientzia hau garatzen lagundu zien. Horretarako "SAN MIGEL PATRONATU"-aren egitura sortu zuen, Ekintza Sozial propio bezala, honela heziketa bereziaren konplexutasun guztia gestionatu ahal izateko.

Zerbaitetarako jeikitzeak, gosaltzeak, ikastetxera joateak, disziplinari lotzeak, besteekin harremanetan jartzeak, intelektualki lan egiteak, eta abarrek muga susmagaitzetaraino garatu ahal izateko bideak ireki zituen, eta batez ere atzerapen mentala pairatzen zuten pertsonei ordurarte ez zuten eginkizun edo rol bat eskuratzea ahalbideratu zien, hots, ikasleena.

Eskolako esperientziaren bidez ezezagun gertatzen zen errealitate batera hurbiltzera iritsi zen. 70. hamarkadaren bukaeran bizi izandako aldaketa sozialak onespen sozial hau sakonduz doaz, naturaltasun osoz ohiko onespen eskolako ikasle bezala onartzera iritsi arte. Atzerapen mentala pairatzen zuten pertsonen gaitasun intelektuala garatzeko ahalmen aukeraren aurkikuntza birbaiezten zen inguru eskolarren aldetik, hala nola beraien eskubide pertsonalen onespena.

Gaur egun jadanik inork ez du pertsona hauen irakaskuntzarako eskubidea zalantzan jartzen, ezta OHIKO ESKOLA denik ere eskubide hau gauzatu behar den lekua, honela gai izateko eta Gizarte honen partaide bilakatzeko beharrezkoak diren laguntzak zilegi egingo dituzten programak eskatuz. Gainera denek onartzen dute heziketa integratzailea beharrezkoa eta baliagarria dela jarrera bereizgarriak aldatzen laguntzeko.

Oraindik badira lortu gabeko helburuak, hau dela eta ATZEGI-n lanean jarraitzen dugu ESKOLA (beste ñabardurarik gabe) bertan behar bereziak agertzen dituztenei erantzuna emateko gai izan dadin lortzeko. Programak eta borondate ona badaude, materialak eta giza-baliabideak falta dira. Eskola hobea lortzen saiatuko gara, baina jadanik ez gaude bakarrik, ez gara "bereziak", GIZARTE ZUZENAGO baten alde borroka egiten duen taldeko partaide gara.



ASPACE: Heziketa berezia

USABIAGA, Itziar



ASPACE Guraso Elkarte bat da. Paralisi zerebrala zuten pertsonek eta beraien inguruak planteatzen zituzten behar guztiei erantzuna emateko xedearekin orain dela 26 urte eratu zen.

Beste batzuen artean, Hezkuntza Sailarekin hitzartutako zerbitzu hezgarria ezkaintzen du.


1982an Euskal Herrirako Heziketa Berezirako plangintza aldarrikatu zenetik, ASPACE-k, paralisi zerebralaz eragindakoei beraien garapen globalean laguntzeko ahalik eta egoera hoberenak eskaintzeko bokazioari zintzo jarraituz, bere ikaslegoa ikastetxe normalizatuetara norabidetzen saiatu zen.

Ordudanik ASPACE-ko profesionalok jardunbidera egokitzen joan gara, lehen fase batean Gipuzkoako zentru koordinatzailea eratuz, geroago gure arretaren helburu diren ikaslegoaren beharrei hobekien egokitzen zaizkien formula misto eta malguak garatzeko.

Gaur egun, Gipuzkoako ASPACE, eskualdeetan kokatuta, ikasleari erantzun globala ematen saiatzen da.

Lehen adinetan heziketa goiztiarra planteatzen da, ahalik eta inguru normalizatuenean gurasoen lankidetza, laguntza bereziak eta haurtzaindegia konbinatuz.

Eskolaratzeko adinean aukera desberdinak planteatzen dira: zenbait laguntza berezirekin ikastetxera joatea; ikastetxera eta zerbitzu berezietara era parekidean joatea: jardunaldi erdia bakoitzean eginez; bereziki zerbitzu berezietara joatea; edo soilik zerbitzu berezietara.

ASPACE-ko profesionalek heziketako modalitate desberdinetan parte hartzen dute.

Arlo berezietan komunikazioko espezilistek laguntzen dute, hots, logopedek, hauen betekizuna honako hau delarik: lengoia eta honen funtzionaltasuna hobetzeko egitarauak ezartzea eta garatzea eta, beharrezkoa denean, komunikaziorako era hautazkoak eta handikariak.

Eginkizun hezitzailean fisioterapeutek ere laguntzen dute, hauen zeregin zehatza mugimenduaren eta posturaren hobekuntzarako egitarauak ezarri eta garatzean datza.

IKASTETXE BEREZIA

Ikastetxeko proiektu kurrikularretik abiatuz eta gelako programaziotik igaroz, garapeneko alde desberdinak kontuan dauzkan ikaslearen norbanakako curriculuma zehazten da.

Azpiegitura profesionala paralisi zerebralean esperientzia daukaten hezitzaileek eta baliabide bezala erabiliak diren arlo berezietako espezialistek osatzen dute.

Gure ikasleriaren hutsuneen konplexutasunak eta larritasunak, era global eta garapen pertsonalaren inguruan interakzionatutako erantzuna ematea ezinbestekoa egiten duen behar desberdinak planteatzen ditu:

* Osasun fisikoa.

- Sendagileen zaintza.A

- Medikazioa.

- Aditasun mediku-sanitarioa.

* Oinarrizko funtzio biologikoak.

- Elikadura.

- Atsedena-loa.

- Higiene pertsonala.

* Ongizate emozionala.

* Oharmenaren indarketa.

* Ingurunearekin elkarrekintza.

Hauek guztiak lengoaia barneratzeko eta behar den toki eta unean laguntza pertsonala edo materiala eskainiko dien ingurune egituratu eta egokitua sortzeko estrategien beharra agertzen dute.

Beharrizanen ebaluazioaren eta helburuen lanketaren jardupidea disziplinartekoa da (hezitzailea- psikopedagogikoa- berrabiltzailea- terapeutikoa- soziala).

Ikastetxea bere ikaslegoarekin plantetazen den zenbait helburuz ahaztu behar dugu, baina azterketa bat eginez gero, ikasle taldearentzat egokiagoak diren beste helburu batzuek ordezkatzen dituzten helburu akademizistez bakarrik ahaztu behar dugula ikus daiteke.

Beste helburu batzuk, gizartean gure garapenak mugatzen dituztenak, amankomunak izango dira:

* Ahalik eta jokaera gizartekoi eta sozializatuenak eduki.

* Ahal dugun garapenik autonomo eta osoena lortu.

* Kideekin harremanak edukitzen ikasi.

* Jarrera baikorrak ezarri.

* Ahalik eta zoriontsuenak izan.

Garrantzitsua da helburu errealak planteatzea. Oinarrizko lan-arloen artean honako hauek egongo lirateke:

* Eragin multisensoriala.

* Posturen kontrolak eta aldaketak.

* Komunikazioaren garapena.

* Jarrera ezezkorren kontrola.

* Higineari dagokion autonomiaren garapena.

Hezitzaile bezala gure eginkizunetako bat, aldiro gure ikasleak baloratuz eta aztertuz, geroz eta murrizketa gutxiago izango dituen egoera eskolarraz gozarazten ahalegintzea izango da.

Zuzenki ikasleari egokitutako egitarauaz gain, bere ingurunearekin erlazionatutako beste behar batzuk ere kontuan hartzen dira. Honela lorpenetan atzerapenak ekiditeko eta familiari lasaitasuna eskaintzeko, eskolako egutegi luzeagoarekin eta egun osoko lanaldi jarraiarekin funtzionatzen da.



Ikusmen Urrikoen Hezkuntza Integrazioa

ZAPIRAIN, Lurdes



1980an, haur itsuen Gipuzkoako elkartea antolatu zen, eskola-adinean egonik ikusmen arazoak zituzten umeei hezkuntza integratuaren aukera eskaintzeko.

1984an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Itsuentzako baliabidetegia onetsi zuen ofizialki Bizkaia eta Arabakoekin batera. Zentro honen oinarrizko helburua integrazioa erraztea da, bai hezkuntza prozesuan, nola gizartean, giza-talde zabalaren laguntzaz: Irakasle ibiltarien bidez (Hezkuntza goiztiarra, Haurreskola, LH, DBH, BBB, HZ... eta Unibertsitatea).


Aurten, 1995/96 ikasturte honetan, adibide gisa 90 kasu inguru dauzkagu itsu eta ikusmen urrikoen artean.

Lantalde honen oinarrizko zereginak honakoak dira:

-Umeen ikusmen gabeziari buruzko aholkularitza guraso eta profesional desberdinei, umearen integrazio-prozesuan parte hartu ahal izan dezaten.

Gure koordinazio lana bideratu eta zabaltzeko bide desberdinak ditugu: PAT (Pedagogi aholkularitzategia), AGI (Gurasoen elkartea), ONCE, Oftalmologoak...; denok batera elkarlanean arituz.

-Ikusmen gabeziak oztopatzen dituen ikas-prozesuetan laguntza eskaini hainbat etapatan (Haurreskola, Lehen Hezkuntza...).

-Ikusmen gabezia eta ikusmen urria dutenentzako teknologia berriei buruzko informazio eta aholkularitza ematen.

Ordenagailuak laguntza handia dira testu eta letrak handitu eta nork beraren ikusmenera moldatzeko. Honetarako hor daude programa bereziak: MEGA, ZOOM-TEX...

Braille-speak bezalako tresnek grabagailu modura funtzionatzen dute informazioa jasotzeko memoria zabala izanik.

Hauek adibide soilak besterik ez dira. Aurrerapen teknologikoen berri ematen dugun bezalaxe hauen erabilera egokia ere ahalbideratzen dugu.

-Eguneroko bizimodurako trebetasunak, orientazioa eta mugikortasuna landu, nork beraren autonomia areagotzeko, pertsonaren osotasuna bilatu nahi delako eta hori ez eskolan bakarrik. Aipatu arloak curriculumean zehaztu gabe badaude ere, hauek lantzea oinarrizkoa da gure ikasleentzat. Integrazioarekin batera Normalizazioa ere lortu nahi da. Adibide moduan aipatuko genuke itsuei bastoiaren erabilpena erakusten zaiela, gero eskolan, etxean Â…, mugitzeko autonomoago izango direlakoan.

-Materialaren egokitzapena da eskuartean dugun beste eginkizunetako bat.

Ikusmen urria dutenen kasuan, besteak beste, anpliazioak, kontraste handiko fotokopiakÂ… egiten dira.

Itsuei braillez traskribatzen zaizkie arlo desberdinetako liburuak: matematika, hizkuntza, musika, ipuinak... Horiek erliebez plastifikatutako orrien, irudien, mapen, eta abarren bidez ematen dute informazioa.

Jokoak: xakea, kartak... moldatu egiten dira itsuek beren gisa integrazioan besteekin batera aritzeko aukera izan dezaten.

-Koordinazioa eta orientazioa ikusmen gabeziak bestelako arazoak dakartzaneko kasuetan. Askotan, pertsona hauek ez dira itsuak soilik izaten; pluridefizienteak direnean beste hainbat arazo izaten da eta hor ere sartzen da gure koordinazio lana.

-Material zehatzaren erabileraren irakaskuntza.

Braille idazkeraren irakaspenean Perkins idazmakinaren ikasketa espezifikoa egin behar izaten da.

-Ikusmenaren berrezketa: ikusmen-arrastoaren aprobetxamendua.

Honetarako itsuen teknikak erabiltzen badira ere arrasto hori aprobetxatzen saiatzen gara ahalik eta gehien.

Helburu hauek lortzeko, irakasle ibiltarien lantaldea dugu; gurasoek beraien erabakiz aukeratutako ikastola, eskola publiko edo ikastetxe pribatuetara joaten dira aldizka. Bertan integraturik dauden ikasleei dagozkien helburu espezifikoak betetzen laguntzeko eta ohiko zentroekin koordinatzeko.



Gorrak: eskubideak dituen giza taldea

AZKARATE, Guillermo

(ARANS-GI)



Gaitasun murrizketetan, arlorik ezezagunenetakoa entzumenarena da. "Entzule" denak gabezia honen ondorioak "ikusten" ez dituenez, izugarri zail gertatzen zaio gabezia hori duen pertsonari dakarzkion zailtasun larriez jabetzea.

Entzumena inguruarekin etengabeko kontaktuan mantentzen gaituen zentzumen bakarra dela kontuan izanik, distantziazko zentzumenetan garrantzitsuena gertatzen zaigu.

Kanpoko soinuak edota norkbere burua entzuteko ezintasuna edo zailtasun honek ondorio larriak ekartzen dizkio gorrari, ez ekoizten diren ahozko mezuak jasotzerakoan soilik, baita informazio akustikoan oinarritutako esperientzia oro izateko orduan ere. Ez dugu ahaztu behar, zenbait ikerketen arabera, hautematen dugunaren % 70a entzumenaren bidez egiten dugula.

Gortasunaren ondorioak, berau jasaten ez duenarentzat bistakoak ez direnez, "gutxitasun ikustezina" deitzen zaio.



Gizon edo emakume gorra: kontzeptu patologikotik kultur ikuspegira

Duela gutxira arte, eta kasu askotan baita gaur egun ere, gizon edo emakume gorra osasun-patologiaren ikuspegitik hartu izan da kontuan, hau da, entzumen funtziorik gabeko pertsonatzat hartu izan da, eta konpontzen saiatu beharrekoa. Pertsonaren ikuspegi mugatu honek helburu garrantzitsuen gisa, entzumenaren eta mintzamenaren errehabilitazioa planteatzea eragin digu, bestelako gogoetak albo batera utziz.

Gainera, hori lortu ahal izateko, gorren arteko harremanak distortsionatzailetzat jotzen ziren, eskuen bidez komunikatzen baitira euren artean, hitz egitera behartu gabe.

Azken planteamendu honek zenbait ondorio zekartzan berarekin. Batetik, bilatzen zen hezkuntza eredua gorra entzuleen ikastetxe batean kokatzea zen; kontaktuak lagundu eta hitz egitera behartuko zuen. Bestetik, gorraren eta entzulearen arteko harremanak itxuraz normalak izan zitezen saiatu beharra zegoen.

Hala ere, urte askotan, hainbat teknika bidez beste hainbeste saiakera egin ondoren (bai errehabilitazio mailakoak eta bai didaktikoak), entzuleen talderantz behartu nahi izan zen zuhaitza. Eskola garaia amaitzean bere joera naturalera itzultzen zela ikusi zen, hau da, gorren taldera. Giza harreman endogamikoak zituela ikusi zen eta beraien hizkuntza berezia erabiltzen zutela, zeinuena alegia.

1960. urtean, amerikarren zenbait ikerketak hizkuntzaren maila eman zioten zeinuari, horretarako beharrezkoak ziren ezaugarri eta funtzioak betetzen zituela ikusi zutelako. Gogoratu Gorren Komunitatea dela bere komunikazio-kodigo berezia sortu duen bakarra.

Dena dela, estatu espainiarrean 80ko hamarkadatik aurrera hasi ziren gizon edo emakume gorra ezaugarri bereizgarri batzuk dituen pertsona bezala ikusten, eta ez gaixo patologiko bezala. Gorren komunitatearen ezaugarri bereizgarriez arituko ziren argitalpenak hasi ziren agertzen, eta gorren lehenbiziko ekintza erreibindikatzaileak ere garai honetakoak dira. Datu interesgarria da hau, zeren ordura arte entzuleek burutzen baitzuten gorren taldeari buruzko erabakiak hartzeko prozesu guztia.

Kontzeptuen trantsizio prozesu honetan, hasieran osasun arazo bat bezala hasi zenak, gortasunak, une honetan pertsonaren garapeneko alor guztiei eragiten ziela baloratzen hasi zen: afektiboa, soziala, psikikoa, heziketarenaÂ… Gizabanakoaren flotazio lerroa delakoari eragiten baitzion, hots, komunikazioari.

Era berean, gorra zen pertsona bi taldetako kidetzat jotzen zen: gorren taldekoa eta entzuleen taldekoa. Honela, positiboki baloratuko zen, hasieratik, bi taldeekiko harremana eta, sarrerarako nahiz elkartrukerako, bi norabidetako bideak ipiniko ziren.



Integrazioa: aldatzen ari den kontzeptua

Modu berean, eta horrekin batera, eskola ere aldatzen eta aldaketak sortzen joan zen. 80ko hamarkadan hasi zen traszendentzia handiko heziketa helburuak planteatzen: sozializazioa, normalizazioa, integrazioa...

Baina horiek guztiak normaren, estandarra denaren eta talde handiaren inposaketaren planteamendutik zetozen; gorren kasuan entzule normalengandik.

Gorraren eta entzulearen arteko kontaktua positibotzat jotzen zen, bere horretan. Kanpotik ez zen ia eraginik egiten prozesu hori bi aldeentzat benetan eraginkorra izan zedin. Honela, ohiko eskolan ikasle gorrak banaka sartu ohi ziren, aipatutako arrazoiengatik.

Era berean, gorrak duen esperientziarako biderik onena eta bakarra mintza-entzunezkoa dela planteatzen zen, eta jakintzat jotzen ziren bestelako planteamendu osagarriak.

Bazen bestalde, gorren familiei beste gorrekin harremanik ez izaten saiatu beharra bezalako orientabideak ematen zituenik. Gogoratu haur gorren gurasoen % 90a entzulea dela.

Azken finean, balio handiagoa ematen zitzaion ikaslea sartzen zuteneko eskola motari, nork bere eta besteen ezberdintasunak baloratzen eta errespetatzen ikasteari baino.

Bi aldaketa hauek elkartzeak, gorren taldean eta hezkuntza sisteman emandakoak, alegia, Gorren Komunitatearekiko planteamendu orokorrak ezberdinak izatea ekarri zuen, teoria mailan gutxienik.



Iinguru hezitzailea

Bi debatek bihurtu dute eztabaidatsu pertsona gorren heziketaren historia. Bata, ahozko hizkuntzaren eta zeinuenaren jabekuntzak osagarriak egitea ezinezkoa izatea. Horretarako, jadanik 1880. urtean, Milanen, gorren hezitzaileen kongresu bat burutu zen eta bertan, orduan mimika deitzen zitzaion zeinuen hizkuntza hezkuntzaren lurraldetik erbesteratzeko neurriak hartu ziren. Bestea, heziketa lanaren kokapenari buruzko auzia: ikastetxe berezia ala ohiko ikastetxea.

Batez ere entzuleek eragindako debate hauek egoera kaltegarriak eta emaitza eskasekoak sortu zituzten.

Debate hauetako lehenengoan -zeinuen hizkuntzak batetik eta gorra izatearen bizipen baikorrak bestetik- jasan behar izan duten errepresioaren ondorioz, gorrak diren gizon-emakume askok autokontzeptu eta autoestima desegokiak ditu orain.

Bigarren debateari dagokionez, hots, gorra den pertsonaren eskolaratzeak non gertatu behar duen, hortxe kokatu izan da debatea, non horretan, zer eta nola irakatsi edo edukia eta metodologia ia aztertu gabe.

Gaur egun, badirudi badela akordio bat gai honi buruzko zenbait puntutan:

-Normalizazio eta integrazio bezalako hitzen edukina birkontzeptualizatzeak interesgarria dirudi, pertsona gorren taldeak kontuan hartu beharreko ezaugarri bereziak baititu.

-Ikasle gorrari eman beharreko erantzunak banakakoa izan behar duela jakin arren, badira guztientzat berdinak diren aspektuak ere.

-Beharrezkoa da ondorengo hau kontuan izatea: hasieran osasun arazo bezala agertzen dena, beranduago arazo funtzional bezala agertzen da, eta bere garapeneko arlo guztiei eragiten die.

-Gorra izatearen ezberdintasuna onartzea garrantzitsua da; honek bere nortasun bereziak (zeinuen hizkuntza, giza harreman mota, bere historioa eta abar) ezagutu, errespetatu, eta garatzera eramango du.

-Beharrezkoa da ahozko kodigoa funtzionalki ikastea.

-Familian integrazio hobea lortzeko nahitaezkoa da harekin batera lan egitea.

-Pertsona gorraren integrazioak bere erreferentzia direnekin batera lan egitea suposatzen du.

-Pertsona gorraren integrazioak bere erreferentzia diren bi taldeengana zuzendua egon behar du: gorrengana eta entzuleengana.

-Pertsona gorrak erreferente ebolutibo gorrak izan ditzan, adin ezberdineko ikasle gorrak elkartu beharra dago.

-Lehen aipatzen zen bezala, entzumenaren galerak ez die heziketa edota errehabilitazio arloei bakarrik eragiten, garapeneko arlo guztiei baizik. Beraz, erantzunaren ereduak globala eta disziplinartekoa izan behar du.

-Era berean, komenigarria litzateke eredu gor helduak hezkuntza ingurura ekartzea, honela, haurren garapenaren araberako identitate harremanak sortu ahal izateko.



Gautena: esku-hartze zuzena

MERINO, Mª Eugenia



Gautenan (Autismoz edota Garapeneko Beste Nahaste Orokorren batez Kaltetuen gurasoen Gipuzkoako Elkartea) Garapeneko Nahaste Orokorrak dituzten gizon-emakumeak gizartean ahal bezain integratuen egotera zuzentzen dugu gure lan guztia. Honela, "ahal den gutxien mugatuko dituen ingurua"ren irizpide integratzaileak gidatzen du gure eskuhartzea.



Horretarako, gure ikaslegoaren heziketa-beharrizanei erantzuten dien zerbitzua burutzen dugu, gure heziketa programan. Noski, hori guztia Heziketa Orokorraren markoaren barruan eta hezkuntza-sektoreko laguntza baliabideekin harreman estuan.

Bestalde, elkarteak beste zenbait zerbitzu ere aurrikusten ditu, heziketa zerbitzuaz gain:

- Anbulatorioko tratamendua

- Erresidentzia

- Aisialdia eta atsedena

- Egunez burutzeko jardueren Zentrua (Helduentzat)

Autismodun haurrek ez dute jolasten haien adinari dagokien moduan, ezta erlazionatu eta komunikatu ere. Arazoak dituzte harremanen elkartrukaketan, zail gertatzen zaie besteek ere pentsatu egiten dutela eta emozioak sentitzen dituztela ulertzea. Zailtasunak dituzte imitatzeko, jolasteko... eta oso zail egiten zaie hitz egitea. Jarduera eta interes sorta mugatua dute, irudimenaren garapena bezalaxe.

Ikaskuntzaren arazo bat dela esan dezakegu, heziketa mailakoa. Beraien gaitasunak hobetzen irakatsi behar diegu, pixkanaka, eta eguneroko ingurunea da horretarako aberatsena.

Esku-hartzea

Ikasle hauek banakako lanean jarduteko uneak behar dituzte, ikaskuntza zehatzetarako eta, bestalde, besteekin egoteko uneak ere bai.

Heziketarako hiru orientabide ditugu Gautenan, gaur egun:

- Heziketa Berezirako Zentrua ( 2 gela).

- Ohiko ikastetxeetan integratutako gelak, publiko zein pribatutan. Gela finkoak (10 gela).

- Banakako integraziorako laguntza zerbitzua.

Adaptazio mailaren arabera, ikasleek orientabide hauetan dagokiena erabiliko dute.

Badago psikiatra bat, hiru psikolo eta pedagogo batek osatzen duten lan-talde edo ekipo tekniko bat.



Heziketa helburuak

. Planteatutako helburuek haurren ezaugarri afektiboak, intelektualak, komunikazio mailakoak eta sozializazio arlokoak izan behar dituzte kontuan.

. Haien kronologi adinari egokituak izan behar dute.

. Lehentasuna eman behar zaie ikasketa funtzionalei, autonomiari laguntzen diotenei.

Heziketan inplikaturik dauden guztien parte hartzea eta koherentzia behar-beharrezkoak dira, irakasle, familia edota, erabiliko balira, aisialdiko zerbitzu eta taldetako etxeena.

. Kontuan hartu behar dira "bizitzaren joanean" eman beharrekoak diren pausoak eta hauek garaiz prestatzen joan: familia ingurutik eskolara igarotzea eta eskolatik helduaren mundura.

. Helburuek errealistak izan behar dute, zein epe motzera zein luzera, eta aldaketei egokitzen joan.

Jarraian, ikasle hauekiko eskuhartze hezitzailean lagun dezaketen zenbait metodologia estrategia aipatuko dut:

- Indibidualizazioa ekintza hetzitzailean, banakako moldaketa kurrikularrak:

- Ratio gutxitua.

- Izugarri egituratutako iraskaskuntza.

- Ikusmenezko laguntzak.

- Lan bakunen analisia. Pixkanaka-pixkanaka joan.

- Komunikaziorako ezohiko sistemak.

- Gertakizunetik abiatutako irakaskuntza, testuinguruan.

- Motibazioa egin beharreko lanean, pizgarri edo errefortzuak.

- Ikaslearen indarguneetatik eta interesetatik abiatu ikaskuntzetan.

- Akatsik gabeko ikaskuntza, arrakasta bermatu.

- Inguruaren kontrola, jokabidezko arazo larriak lantzeko orduan, batez ere.

- Gaitasun sozialak lehentasunez landu.

- Erabatekoa ez den parte hartzea...