R. M. de AZKUE ikastola, Lekeitio: Non(d) (hik) hasi?

1996-04-01
Badirudi BERTSOLARITZAren anaia-arreba txikia KOPLAK direla. Uste honetan, ahozko iharduera hau landu ohi da, bertsotan hasi orduko. Beste alde batetik, koplek dituzten hasierako gaiztasunak saihestekotan, idatzizko ariketa ezberdinak makulu legez erabiliz, hasi ohi gara, eta baita hainbat ariketa ere erritma, puntua eta abarrak finkatzerakoan.

"hik hasi"ren 1.alean J. Txapartegik aitatzen zuen bertsotara heldu aurretik egin genezakeen ariketetariko bat.
 
 
Seguru gaude hainbat ikastetxetan esperientzia aberasgarriak egon badaudela honen inguruan, "ahozko aurreliteraturari" buruz, alegia. Gureak zeozertan lagun balezake, hona hemen gure proposamena:



Esataritza

Kopla baino zeozer errazagorik ba al dago? Bai, ESALDIAK ESATEA OZENKI. Baina, honek eskaini dezake koplagintzak sortu eragiten duen "saltsa" edo giro "atsegina?. Bai, egin ezazue froga. Lehenengo unetik hasita, Donostiako Belodromoan legez aurkituko zara.

Eta edonork (irakasle/ikasle) egin lezake prestaketa berezi barik? Bai, inoiz bertso saio "eklektiko" bat ikusi eta erdi inbiditan geratu bada.



Proposamena

3.etik hasi eta 8. maila arte erraz egiten dute. Beraz, beharbada, lehenago ere has daiteke lanean.

Ariketa guztiak bertso jaialdi batean egin ohi diren legez egitea proposatzen da, baina maila askoz apalagoa eskatuz ariketetan. Alegia DENA AHOZ izango da, launaka, binaka... irtengo dira ikasgelako aurreko aldera eta euren entzulegoa landuko da.

Ahoz esandakoa idatz daiteke geroago(gordetzeko, lantzeko, hobetzeko,...)

Sentsazio ezberdinak (ikara, urduritasuna,lotsa,...) hezi egingo ditugu. Egunak igaro ahala nabarituko da.

Gorputzaren jarrera landuko dugu: gorputzaren jarrera, eskuen kokagune posibleak, buruaren posizioa, hanken jarrera,...

Ahotsaren indarra (egunetik egunera ozenkiago egiten saiatuz)

Entzulegoaren jarrera: adi eta begirunez entzuten.



Oina lantzeko ariketa

Lau ume atera, iladan jarri, irakasleak berba bat idatziko du arbelean eta bakoitzak esaldi bana egiten ( ahoz, jakina! ) saiatuko da, berba hori esaldiaren azken tokian doalarik. Hiru minutu izango dute irtendakoan esaldia esateko, eta holan adieraziko zaie eurei. Esaldia buruan egin duenean batak, eskua jaso eta gai jartzaileak ozen esateko "baimena" emango dio. Denek esango dutenean jezarri egingo dira.



Gaia lantzeko ariketa

Gai bat (edo berba bat) emango zaie esaldi bat osatu dezaten. Berba ematen zaien kasuan berba hori ez du zertan agertu behar esaldian, eta zer esanik ez, ezta esaldiaren azken tokian.

Gainontzeko oina landu dugun era berean landuko dugu.



Ofizioa lantzeko ariketak

Ofizio bana eman eta esaldi bat osatu bakoitzak.



Errima lantzeko ariketak

Berba bat emango zaizue lauei. Bakoitzak amaiera berdina duen beste hitz bat esan behar du minutu bateko (edo gehiago, adinaren arabera) epean.

Aldaketa: Berba berdina denei eman beharrean bakoitzari berba bana eman.



Neurria lantzeko ariketa

Kolpe edo txalo bateko (bikoa, hirukoa, laukoa, bostekoa) berba bana eskatu zaie bateko epean. *******.?????*****

Aldaketa: laukoa osatzeko silaba bateko berba+hiru silabakoa egin daiteke. Baita beste edozein aldaketa eta beste silaba kopuru bat lortzeko.



Etena lantzeko ariketa

-Bost kolpeko berba bat esan.

-Bost silaba osatuko duten berba multzoa esan (zentzuaz).

Ariketa hau doinu erraz eta labur batekin landu genezake.Esate baterako Elizetan kantatu eta sarritan errepikatzen ohi duten "Jaunaaa zuekiiiin". Bost silaba ditu eta baita doinua ere eta ez badakigu besteren bat asmatu eta kito (inor ez da konturatuko).



Esalditik puntura ariketa

Kopla txikiaren doinu ezagunena erakutsiko zaie ezer baino lehen "Aurtengo zezenak" leloa daroana, hain justu. Doinu osoa ikasita dutenean, bigarren zatia (edo azken puntua) kantatuz egingo dira goian aitatutako ariketa mota gehienak. Erraztasuna lortua dutenean kopla osoa kantatzera abiatuko dira.

Kopla erditik kopla osora kantatzeko tartea luzea edo laburragoa izan daiteke, adinaren arabera. Hala ere ondo finkatzea komenigarria da. Kopla osoa egin aurretik koplaren azkena (edo bigarren zatia) ozen kantatuko da. Ondoren osoa hainbat arinen kantatuko da. Era honetara "azkena" aurretik pentsatuta zeukana bota duela ziurtatuko dugu.

Bertsotan jasotzen den legez, esaldiaren ziria,edertasuna, hizketaren trataera, erantzuteko arintasuna,...erakutsiko eta baloratuko da. Beraz, kontutan hartu eragingo diegu guzti honetaz.



Ekitaldi baten adibidea

Gai jartzailea (IRAKASLEA): Beno, gaurko saioa hasteko, Itsaso ,Zuriñe, Peru, Amaia eta Paul irten zaitezte aurrera mesedez (Zutunik eta bertsolariak kantatzera doazela egon ohi diren legez jartzen lagunduko diegu). Hona hemen berba bat, bakoitzak esaldi bana esan ozenki ;KIRTENA. Hiru minutu duzue.

Itsaso: Nire aititak aitzurrari apurtu dio kirtena.

Paul: Zu zara, zu, kirtena!

Zuriñe: Hemen denok gara argiak, baina irakaslea kirtena.

Amaia:Lanak azken amaitzen dituena: kirtena!

Irakaslea laster konturatuko da ume GUZTI-GUZTIEK erantzungo dutela eta onartu beharko ditu erantzun guztiak "Ona!" edo antzeko zeozer esanez (entzuleak txalorik jotzen ez badu).

Ariketa hau egiteko (ikasgela osoak) l5 minutu nahikoak izan daitezke. Hau egin ondoren denak batera jazarri eta orrian idatz dezatela. Era honetara memoria landuko dugu. Beharbada batzuk esango dute ez dutela gogoratzen. Baina hau ez da posible, uste bat besterik esaldi bat egin beharrean, bina, hiruna... ere eska daiteke, bertsotan legez.

Ondoren beste bat egin dezakegu:



Ofizioka

Gai jartzailea: Zuek laurok gaur soinketa duzue. Horregatik zuek biok, Jon eta Nahia, poltsa ekarri duzue jantziekin. Baina zuek, Peru eta itsaso ez. Bakoitzak esaldi bat esan dezala.

Ia beti (beti ez esateagatik) DENEK egiten dute lan hau (hobeto edo txartoago, baina egin, egin bai). Hiru minutu hoiek erlatiboak dira? Gauza da, ariketa arin egiteko aitzakia behar dela eta baita entzuleek ixltasuna jasan dezaten ere.