LUKAS, J. F.:

1996-06-01
 
 
LOGSEk aipamen berezia egiten dio ebaluazioari: Zer dela eta bihurtu zaigu ebaluazioa hezkuntza ihardueraren ardatzetako bat? Zergatik da hain garrantzitsua ebaluazioa?

Ebaluazioa ikasleen ezagupen kontzeptualetara mugatu izan da tradizionalki. Hark funtzio sozial bat zuen helburutzat, zigortzaile edo santzionatzailearena, aprobatuak eta suspendituak ziren ikasleen arteko bereizketa batik bat. Ez zuen beraz hobekuntza funtziorik betetzen.

LOGSEk, aldiz, bitarteko didaktikotzat hartzen du ebaluazioa, ikas-irakaste prozesu barneko elementu gisa, ikastearen prozesu osoan zehar egingo den zerbait bezala eta bere helburua ez da izango funtzio soziala, pedagogikoa baizik. Honela, ikasle eta irakasle berak ere orientatzeko erabili ahal izango du ebaluazioa.

Ebaluazio egoki baten bidez irakaslea bere ikaslearen aurrerapenaz ohar liteke eta, haren lanaren kalitateaz, modu honetan ikasketa prozesu osoa hobe dadin. LOGSEn gainera ebaluazio KRITERIALA aipatzen da. Horrelako ebaluazioa egiteko, esan beharrik ez dago aurretik ezarri beharreko irizpideek duten erabateko garrantzia. LOGSEk ebaluazio PERTSONALIZATU bati buruz ere hitz egiten du, hots, ikasle bakoitzaren abiapuntua, dituen gaitasunak, egindako aurrerapenak nolakoak eta norainokoak izan diren jaso eta kontutan hartuko dituen ebaluazioa.



Orain arte izan den ebaluazio motak zein ezaugarri eta zein hutsune izan ditu?

Ezagupen kontzeptualetara mugatzeak eta funtzio zigortzailea besterik betetzen ez zuen ebaluazioa burutzeak ez zuen ikaste prozesura inongo hobekuntza asmorik ekarri. Ikastaroaren bukaeran egin ohi zen ebaluazioa sumatiboa izaten zen.

Halare, 70ko legean beste funtzio batzuk atxiki zitzaizkion. Garai hartan hasi zen ikastaroa lau-bost ebaluzioetan zatitzen zen eta honela ikaste prozesuaren azterketa egiten zela uste izan zen. Baina hemen ere ebaluazio bat besteari gehitzea besterik ez zen egiten eta ebaluatu beharreko gaia ikasleen ezagupena zen orobat.

Gaurko erreformak ordea, ikaslearen ezagutzak neurtzeaz gain,hiru edukin ezberdin bereiztu ditu: aipatu konzeptuak, prozedurak eta jarrerak.



Noren erantzukizuna da ebaluazioa? Nork egin behar du?

Nik uste ebaluazio mota ezberdinez hitz egin beharko genukeela honela, bakoitzaren erantzukizuna pertsona ezberdinek izango lukete.

Nire iritziz, eskola barnean egiterik dagoen ebaluazio mota garrantzitsuena eskola programaren ebaluazioa da eta berau irakasle bakoitzaren edota irakasle taldearen erantzukizuna izango litzateke. Irakasleek behar luketen autonomia dator orain kontura, aurkitutako hutsuneak gainditzeko beharrezkoak liratekeen aldaketak gauzatu ahal izateko. Honek guztiak ez luke zentzu handirik izango ebaluazioaren ondorioz eman behar diren aldakuntzak ezartzeko autonomiarik ez balego.

Ebaluatzea hausnarketa bat egitea da, azken finean irakasleak programa bat du aurrera eramateko, bidezkoa litzateke programa hori aztertzea, nola ari den garatzen ikertzeko. Programaren ebaluazioaren atal bat izango litzateke ikaslearen ebaluazioa. Gerta zitekeena da irakasle beraren formakuntzan hutsuneak egotea . Hau guztia eskola barneko ebaluazioa litzateke, eta nire ustez garrantzitsuena. Honek erantzukizunak beraz, bi mailetan bereiz ditzake:

1. Irakasleak du erantzukizun handiena gelan gertatzen denaz, eta,

2. Irakasle taldeak luke erantzukizuna departamentuka edo ikastetxe mailan aritzerakoan.

Horrek ez du esan nahi egin behar den ebaluazio bakarra hori denik. Badira ere makroebaluazioak, kanpotik egin behar diren ebaluazioak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eratutako HELEMA proiektua adibidez; ikuspuntu orokor batetik Hezkuntza sisteman zer gertatzen den jakiteko, gobernuak markatutako minimoak betetzen diren ala ez ikusteko, ea B ereduko ikasleak B ereduan jardutearren D eredukoen mailara iristen diren ala ez. Horretatako ikerketa ebaluatibo bat egin beharko litzateke, makroebaluazioa.

Honen erantzukizuna ez da irakaslearena, hori administrazioak egin beharko lukeena da, bi ebaluazio motak osagarriak direlarik.



Irakasleek zein zailtasun topatzen dituzte? Egokitu zaien inguruan irakasleria ezkor ageri da. Zein ekarpen ekar diezazkioke ebaluazioak irakasleari eguneroko jardunean? Zer dela eta zailtasun hori?

Ikusten dudan hutsunetako bat irakaslearen formazioarena da. Askotan, irakasleak gelan egiten duena ez dago LOGSEk proposatzen duenetik oso aparte. Arazoa sistematizazio okerra egitea edo sistematizazio eza da. Hutsune hau ez da gertatzen irakasleak hala nahi duelako, teknika batzuk ez dituelako baizik.

Ebaluazio mota edozein delarik ere, informazioa jaso beharra dago; sistematikoki jaso eta sistematikoki analizatu ere. Honetarako teknika batzuk esplika daitezke, baina tresna bera ez da egoera guztietarako baliogarri izaten. Horrexegatik azken helburua irakasleak berak garaian garaiko tresnak prestatu eta datuen analisirako gai izatean datza. Irakaslea bere eguneroko praktika ebaluatzera heltzen denean etorriko da hobekuntza. Eta horretarako bitartekoak jarri behar noski.



Zer ebaluatu beharko luke irakasleak?

Aipatu bezala ikasleak ebaluatu beharko dira baina beti ere LOGSEk erakusten dituen hiru guneak kontutan hartuz, ebaluazio formatibo bat egin nahi bada behintzat:

l.Hasierako ebaluaketa

2.Prozesuaren ebaluaketa

3.Azken ebaluaketa

Hasierako ebaluazioa behar-beharrezkoa da. Programa bat ikasleak non dauden kokatuta jakin gabe egitea Erreformaren filosofiaren aurka joatea da. Ezinbestekoa dirudi programa bat martxan jartzeko nondik abiatzen garen jakinik abiatzea.

Prozesuaren ebaluazioa, ikas-irakaste prozesua ematen ari den bitartean egindako ebaluazioari deritzo.

Azken ebaluazioak ez du esan nahi azken azterketa ezin dugunik egin, bere esanahi zuzena ordura arte egindako ebaluazio guztien azken erreflesioa da. Azterketak erabil daitezke ikasleen ezagupenak neurtzeko, baina tresna edo bitarteko batzu besterik ez direlarik.

Irakasleak ere bere burua ebaluatu beharko luke. Bere metodologia, akzioa, jokatzeko era, lan egiteko era, dituen bitartekoak eta abar. Informazio hori guztia bildu eta haren azterketaren bidez erabakiak hartzera bultzatuko luke eta hobekuntzak gauzatu daitezen aldaketak egin beharko lituzke.

Zentzu horretan, bukatzen ez den prozesua izango litzateke irakasleen ebaluazio hau. Bistan da eman den aurrerapausoa ikerketa ebaluatiboa proposatzerakoan.

Hau guztia nola egin? Orain arte ebaluazioak egiteko, ikasleak bakarrik ebaluatzeko alegia, azterketak erabili ohi dira. Azterketak berez teknika kuantitatiboa ala kualitatiboa izan daitezke. Tradizionalki azterketa zenbaki bat zen, zazpi bat, lau bat, eta abar.

Gaur egun proposatzen dena aldiz metodologia kualitatiboa da. Haserako kurtsoetan azpimarratzen dena behaketa edo obserbazio lanaren beharra dago. Honek informazio oso baliagarria eman diezaguke. Kontutan hartu behar dena hauxe da: zenbat eta datu gehiago lortu modu ezberdinez orduan eta informazio aberatsagoa, geroko hausnarketa eta analisia ere sakonagoak izango dira eta azkenik hartuko diren erabakiak hobeak. Honi triangulazioa deritzo. Beraz, azterketetatik jaso dugun informazioaz gain beste tresna batzuk erabiltzea komeni da.



Zein baldintza bete behar dira antolakuntzaren esparruan ebaluazioa eraginkorra izan dadin?

Irakasleak eta ikastetxeak dira era honetako ebaluazioak egin beharko lituzketenak, beraiena baita erantzukizuna gai horretan. Eta hemen sortzen den arazoa ebaluatzaile profesionalei sortzen zaien arazo berbera da.

Orokorrean profesional batek sugerentziak edo iradokizunak ematen dizkio kontratatzen duenari eta hau izaten da zer egin erabakitzen duena. Hezkuntzari buruz ari garenean berriz, honek ez du balio hobekuntza gauzatzeko. Irakasleak askatasuna eta autonomina behar ditu bidezkoak iruditzen zaizkion aldaketak burutu ahal izateko.

Barruko ebaluazio honen osagarri azaltzen zaigu kanpoko makroebaluazioa. Tamalez, horrelako ebaluazio lan handitan askotan ikusi dugunez, bildutako datu pilak ez du ondoriorik izan gure geletako ikas-irakaste prozesu hori hobetzeko, nahiz honen barruan egon irakasleek eta ikastxeek egindako autoebaluazioak. Aldiz, irakaskuntzaren norabide orokorra zein den erakusteko balio dute makroebaluazio hauek.



Zein laguntza ditu irakasleak?

Badira gaur egun zenbait erakunde horretan laguntza eskaini dezaketenak. Horietako batzuetatik momentu konkretu batetan egon daitezken zalantzak bideratzeko laguntza jaso dezakegu. Beste erakunde batzuk formaziorako ikastaroak antolatzen aritzen dira. Ebaluazioaren Institutua da bereziki ebaluazioa arlo honetara zuzendurik eratzen ari den erakundea.

Erakunde hau legeak bai Espainian eta baita Komunitate Autonomoan ezagutu duen arren, bere egituraketa motel doa EAEn. Halare, honelako institutu batek kanpoko ebaluazioaren tresna bihurtzearen arriskua du eta hori porrot handia izango litzateke.