TOKI-ALAI herri ikastetxea, Irun: Irakurketaren zaletasuna bultzatuz

1996-06-01
Irungo Toki-Alai Herri ikastetxea bi edifiziotan kokatuta dago, batean Haur Hezkuntzako 10 gela eta bestean Lehen Hezkuntzako 18 gela izanik. Toki-Alai Herri Ikastetxean "D" eredua besterik ez dugu eta, hasierako murgiltze prozesuan, aurre-irakurketa eta irakurketari oso garrantzi handia ematen diogu. Gure ikasleen aurre-irakurketa eta irakurketa-prozesuen barruko beste tresna bat bezala hartzen dugu liburutegia.

Beraz, betidanik gure planteamendua izan da liburutegiak nola antola genitzakeen eguneroko klaseetan egiten dugun irakas-lanean murgiltzeko.Lotura hori beti eduki nahi izan dugu gure ikasleek liburutegiaren erabilpena baliogarria ikus zezaten eta aldi berean, era entretenigarri eta atseginean irakurketarekiko zaletasuna sortuz.
 
 
Hau dela eta, hemen aipatuko dugun antolaketak helburu hori lortu nahi du eta horretarako kurtso hasieran plangintza bat definitu ohi dugu antolaketa jakin bati jarraituz, baldintza material eta pertsonalak kontutan harturik.



Antolaketarako oinarri orokorrak

Ikasturte bakoitzaren bukaeran, memoriaren bidez, liburutegiaren funtzionamendua aztertzen da egindako ekintzak ebaluatuz eta, beharrezkoa balitz, aldaketa proposamenak egiteko. Beraz, hurrengo antolaketa martxan jartzerakoan, kurtso bukaerako memoria hori ardatza izango da.

Kurtso hasieran ziklo bakoitzak bere asmoak eta beharrak aurkezten ditu eta guzti hauek jaso eta aztertu ondoren, egutegi bat prestatzen da, denon nahiak erantzuteko asmoz, zikloetan eztabaidatzeko eta ontzat emateko.

Honekin batera, klaustroak, Zuzendaritza Batzordeak proposatuko liburutegiko arduraduna izendatzen du, honek antolaketa, liburuak, funtzionamendua, erosketa berriak eta abarreko aspektuak koordina ditzan. Lan hau aurrera eramateko, astean ordu bat izango du eta ordu horretan liburutegia ikasleentzat itxita egongo da, arduradunak liburutegiaren kontrola eta antolaketa egin ahal izateko.

Behin lehenengo urrats hauek emanda, arduradunak liburutegia erabiliko duten irakasleekin bilera bat egiten du funtzionamendurako arauak ikertzeko eta erabakitzeko. Honekin lortu nahi dugu denok, irakasleek nahiz ikasleek, irizpide berdinak izatea, liburutegiaren erabilpena koherentea eta aurrerakorra izan dadin.

Bilera horretan finkatu behar diren erizpideak honakoak izango dira:

-Liburutegiaren aurkezpena.

-Arduradunaren ordutegia eta betebeharrak

-Egutegiaren arabera, erabilpenaren maiztasuna eta, batik bat, noiz eta nortzuk joango diren liburutegian bertan lan egiteko eta irakurtzeko.

-Liburuen kontrola.

-Liburuen aldaketa egiteko prozedura.

-Liburuen laburpenen maiztasuna eta fitxen definizioa.

-Ikasle eta irakasleen betebeharrak.

-Geletan egingo diren iharduerak.

Antolaketa orokorraren barruan, ziklo bakoitzak baditu bere funtzionamendu eta ezugarri propioak, ikasleen ahalmenak, gaitasunak, adina eta mailaren arabera, eta guzti hau kontutan izanik ondorengo antolaketa lau zikloetan garatzen da.



Haur Hezkuntza

Haur hezkuntzan liburutegia gela barruan dago. Hala ere, gela guztietan ez dago kokaturik txoko berdinean, baizik eta kokapena lekuaren arabera izan ohi da.

Liburutegi hau ikasleek ekarritako liburuez osatzen da. Haur Hezkuntzako andereñoek liburu zerrenda luze bat prestatzen dute, umeen adinak kontutan harturik, eta urtero, Gabonetan hain zuzen ere, ume bakoitzak ipuin bat ekartzen du.

Ipuinak apal berezi batean jarrita daude, alegia, ipuinak zutik, banaka eta izenburua irakurtzeko moduan kokaturik.

Ipuinak sarrerako eta irteerako unetan erabiltzen dituzte mantalak janzten edo eranzten dituzten bitartean eta ume guztiak gelara sartu arte.

Umeek banaka nahiz taldeka ikusten dituzte ipuinak. Askotan ume batek besteari ikusten duena kontatzen dio eta komentario ezberdinak azaltzen dira. Era berean, beste batzuetan ipuinak aukeratzen dituzte talde osoaren aurrean kontatzeko.

Hau dela eta, umeengan sortzen da hainbat ohitura: ipuinak manipulatzeko, ikusteko eta kontatzeko.



Lehen Hezkuntza: lehen zikloa

Eskolako ganbaran egokituta dagoen tokian aurki dezakegu. Bertara haurrak astero, eta asteburuko astia aprobetxatuz, etxera eramaten duten liburua jasotzera joaten dira eta hurrengo astean, liburua bueltatu ohi dute. Bigarren mailako haurrak hamabostean behin ere liburutegian bertan ordu erdiz irakurtzen aritzen dira.

Guzti honen kontrola haurren artean, astero txandaturik bigarren mailako arduradun batek mailaka (maila bakoitza kolore batek definitzen du) jasotzen du: bertan haur bakoitzaren izena, hartutako liburuaren izenburua, harturiko eta jasotako data agertzen direlarik. Arduradunaren txanda, kontrolatutako liburuaren bueltatzea gertatzen denean, bukatu egiten da.

Liburutegian liburuak zikloka saikatuta daude eta ikasle bakoitzak multzo horretatik nahi duena aukeratzen du.

Batzuetan gerta daiteke hartutako liburuaren zailtasun maila desegokia den bat hartzea komentatuz. Ikasleak oraindik irakurtzen ez badaki gurasoen laguntzaz ikusten du.

Liburua ekarritakoan, asteburuan irakurri ondoren, haurrak, binaka jarrita, bost minutuz batak besteari irakurritako ipuina elkarri kontatzen diote, eta ondoren, bi haurrek gela osoari kontatu egiten diote.

Asteburuan irakurritako liburuaren fitxa osatzen da, honetan izenburua, pertsonaiak, istorioaren kokapena, kritika txiki bat eta ipuinaren zenbakia (bakoitzak irakurritako liburuaren ordinala) idatziz. Irakasleak liburuaren fitxa kontrolatu eta irakurketa-txokoko karpetan gordetzen du.



Bigarren zikloa

Gela bakoitzak, astero, liburutegiko ordutegian bi ordu ditu, bata Hizkuntza arlorako eta bestea Gaztelaniarako. Bi arlo hauetan funtzionamendu bera delarik.

Ikasleek hilabetean behin "liburutegiko eguna" daukate, hau da, aurreko hilabetean aukeratutako liburua irakurri ondoren, irakurketari dagokion fitxa bete behar dute, liburuen datuak, argudioa (sarrera, gertaera eta bukaera banaturik) eta kritika (nota) ipiniz.

Egun horretan liburutegian bertan zenbait ekintza egiten ditugu: irakurritako ipuinen komentarioa eta kritika, aurreko fitxaren zuzenketak eta azalpenak, liburu berrien aukeraketa, bakarkako irakurketa eta abar.

Honetaz gain, astero gelari dagokion orduan, aurreko liburua irakurri baldin badute, beste liburu bat har dezakete. Liburu hauek libreak dira eta ez dute irakurketari dagokion fitxa bete behar.

Liburutegian erabilitako bi hizkuntzetako liburuen kontrola ikasle bakoitzak liburutegiko kontrol fitxa batean eramaten du. Fitxa honetan izartxo (*) bat eramango dute "liburutegiko egunekoak", besteek, berriz, ezer ez. Fitxa hauek gure zikloari dagokion fitxeroan egoten dira.

Liburutegiaren erabilpen sistema honekin, irakurketari dagokion, bi helburu nagusi betetzea nahiko genuke, alde batetik "liburutegiko eguna"ri dagokion irakurketaz, kurtsoan zehar bederatzi liburuen irakurketa eta hauen azterketa zihurtatu; eta bestetik astean zehar hartzen dituztenez, irakurketarekiko zaletasuna bultzatu.



Hirugarren zikloa

Zaletasuna sortzea helburu nagusia denez, haurrek astero liburu berri bat hartzeko aukera dute, bakoitzaren erritmoa errespetatuz.

Ikasle bakoitzak bere mailari dagokion apaletatik, nahi duen liburua hartuta, hortarako prestatutako fitxa batean liburuaren izenburua eta jaso nahiz bueltariko datak apuntatzen ditu.

Liburua bukatutakoan, ikasleak horren fitxa egiten du, horretarako irakasleek prestatutako fitxa batean, non izenburua, egilea, editoriala, bilduma eta liburuaren azterketa eta "kalifikazioa" agertzen diren.

Liburuaren azterketa egiteko pertsonaiak, argudioa, iritzi pertsonala, hizkuntza maila, istorioaren aldaketa posibleak kontutan hartzen dituzten datuak dira. Azkenik, 0tik 10era bitarteko nota edo kalifikazioa ematen diote liburuari. Nota hau gelako toki berezi batean haur bakoitzak liburuaren izenburuaren ondoan jartzen du, honela iritzi guztiak kontutan har ditzakete liburu berri baten bila joaterakoan. Batezbesteko kalifikazioak oso desberdinak badira, denon artean komentatzen dira zergatiak aztertuz.

Irakurketa honen prozesu eta emaitza irakasleak liburutegira joanez, fitxak aztertuz eta ikasleekin komentatuz kontrolatzen du.

Inork informazio gehiago nahiko balu TOKI-ALAI ikastetxera dei dezala eta Jose Ignaciok behar dituen argibideak eskainiko dizkio. Tel. 943 622 837