Urrutiko euskal eskola: Euskadi-Venezuela ikastola (1965-1986)

1996-06-01
 
 
adaude bere eremu geografikotik mugitu beharrik izan ez duten herriak; badaude beste batzuk, ordea, mugitzea bizigai izan dutenak. Pobrezia, egitura politiko eta ekonomiko finkoen falta, burujabetasun eza, gerrak eta gatazkak izan dira, besteak beste, urrutira joateko arrazoiak, Euskal Herritik kanpora ere beste euskal herrixkak sortarazi dituzten eragileak.

Euskal migrazioen historian baina, ez da erraz aurkitzen euskarazko eskola esperientziarik. Badaude, zer esanik ez, euskaldunek eratutako hezkuntza erakunde ezberdinak, batzuk gainera sobera ospetsuak, batez ere ordenu erlijiosoekin lotutakoak: Mexikoko Colegio de las Vizcainas izenekoa edo Jesusen Konpañiako Kolejio ezberdinak... baina euskal eskolak baino zenbait euskal jendek antolatutako zentroak zirela esango genuke.

Euskal diasporaren eremu zabal honetan, baina, badago gure aburuz argitasun propioa duen euskal eskola esperientzia bat, Caracasen hogei urtez funtzionatu zuen Euskadi-Venezuela ikastola hain zuzen. Bere erakargarritasun, agian, izan zituen ezaugarri orokor beraietan ere aurkitzen ditugula esango genuke: gerra zibila edota haren ondorengo krisi ekonomikoaren eraginez heldutako exiliatu/emigrante taldeak bultzatu izana (beraz, autoantolatzen den taldea eta ez egitura erlijioso baten zuzendaritzapekoa), talde identitatearekiko kezkak gidatuta belaunaldi berriari euskal kutsua duen eskola eraikitzeko desioa eta, agian garrantzitsuena, euskarak bere presentzia duen ekimen izatea.



Eskola elebiduna eta kultur mestizaia

Identitatearen birsorkuntza, neurri batean, eskolaren bidezko euskararen ikaskuntza bezala interpretatu bazuten ere, ez da Caracaseko hau Euskal Herrian garai berean jaiotako hainbat ikastolaren modukoa, zeren ekinbide honen testuinguruak kultura eta hizkuntzen trataeraren egokitzapen eta eraikuntza berrietara mugiarazi baitzituen ikastolako bultzatzaile eta partaideak.

Eskolatze prozesuaren hasieran, 4 eta 6 urte bitarteko kinderrean, euskara hutsezko planteamendua zuzendu zitzaien umeei, jolasak, kantak, otoitzak eta adin horretako ohiko ekintzak murgiltze moduko sisteman burutzen zirelarik.

Oinarrizko hezkuntzan sartzean, berriz, Venezuelako Gobernuak ezarritako baldintzak (programak, zuzendaria eta irakaslegoaren parte batek, gutxienez, venezuelarrak izatearen derrigorra...) bete beharrak batetik, eta andereño lanetarako jende euskalduna aurkitzeko zailtasunak bestetik, gaztelania ikaskuntzarako tresna eta euskara ikasgai eta arlo ez formaletarako hizkuntza izatea ekarri zuten. Zeren ikastola honetako partaideek, Euskal Herrian gertatutakoa ez bezala, gatazka gabeko kultur/hizkuntz bikoitzeko eskola proiektua eraiki beharra sentitu baitzuten, hemendik ikusita egoera hau bitxi samarra iruditu arren.

Izan ere, mende honen lehenengo hamarkadetan Venezuelako agintariek garapen ekonomiko eta sozialerako aurkitzen zuten oztopoetako bat demografian zetzan, hau da, iturri naturaletan hain aberatsa eta emankorra zen herrialdeak nahiko giza baliabide ez eta etorkinen beharraz jabetu omen zen, bereziki petrolioaren ustiapenak zekarkion potentziala bilakatu ahal izateko. Testuinguru honetan iritsiko dira herrialde honetara jatorri ezberdineko etorkinak, bai euskaldunak zein beste toki askotakoak ere, kultur mestizaia konplexu baterako urratsak ematen hasi zirelarik.

Hara heldutako lehenengo exiliatu/emigranteen identitatearen eraikuntzan baina, ez da antzematen mestizaia eta integraziorako joerarik hasiera batean behintzat, zeren euron bizi proiektutan ez baitzen sartzen Venezuela hartan betiko gelditzea. Beraz, bizipen honek ikastolari "bueltatu bitartean" belaunaldi berriari euskaraz eta euskal kulturan hezitzearen zentzua eman zion. Baina urteak pasa ahala, hasierako epe laburreko egonaldia iraupen luzeko, data gabeko eta itzulera ezinezko bihurturik, kultur identitate bikoitzarekiko kezka hedatu zuen gurasoen artean, mestizaia, erroak ezin alboraturik gizarte berrian integratze bezala ulerturik. Ikastola izan zen prozesu honen esparru naturala, izaera berri horren harrobia.

Ikastola hau arrazoi ezberdinengatik itxi behar izan zen arren, ezin aipatu gabe utzi Arantxa Mujikaren bultzadaz eratutako lehenengo talde txiki hartatik matrikula hedatuz joan zela urteko batezbeste ehun bat ikasle eskolatu zelarik. Ezin ahaztu ere bertan andereño lanetan ibilitako Itziar Barrenetxea, Karmentxu Gaztelu, Lore Goimendi, Josebe Torrontegi eta beste hainbat laguntzaile eta partehartzaile, beraien lan honekin euskal eskolagintzaren beste ispilu bat erakutsi digute-eta.