Euskararen kalitateaz erakaskuntzan

1996-08-01

Kalitatezko euskara batek ulergarria izan behar du, zehatza eta goxoa.

Lehenbizi eskatzen du hizkuntza estandarra, oraikotua, normalizatua.

 
 

Segurki, euskalkia bizi den tokian, hartatik hasi behar da, nik uste, ama-eskolan eta lehen mailan. Baina bigarren mailako erakaskuntzan, batura pasa gaitezen, zabalagoa eta goragoa delako.

Hargatik, euskara batua ez da soil-soilik gipuzkera osatua.
Azkuez geroztik, urak egin du bide: Mitxelenaren ildotik, beste hautu bat egin zuen Euskaltzaindiak, lapurterari gutienez hainbat indar emanez (bizkaiera baztertu gabe noski), eta pundu hori askok ahazten du, iparraldean ere zoritxarrez. Etsenplu ona mendebaletik datorkigu gehien bat, Bizkaiko idazle batzuen lumatik: gogoan ditut adibidez VILLASANTE, Alfonso IRIGOIEN, KINTANA, GANDIAGA, SARRIONANDIA... jatorriz batutik urrunenak liratekeelarik! Bestalde nafarrak naturalki batutik oso hurbil daude.
Hiztegi kontuak aipatu ditut lehenik. Hor badaude bi aukera: batetik Axularrena, besteetik Mitxelena ta Lafitte-rena. Axularrek euskalki guztietako sinonimoak zerabilzkien elkarganaturik, Rabelais batek mende bat lehen frantsesean egiten zuen bezala. Baina oparotasun horren garaia pasa zen hizkuntza guztietan, gaur uhur ari dira, perpaus labur eta zorrotzekin, hitzak ongi hautatuz.
Beraz, hor dago bigarren bidea, batuak errazten duena, eta hortako da hain zuzen. Lafittek zioen mila bat hitzekin idazten zutela Corneille ta Racinek, baina zinez ongi hautatuz. Berak ere bazakien argi eta garbi komunikatzen. Adibidez Platonen ideiak miresgarri azaltzen zizkigun eguneroko hitzen bitartez.
Baina hiztegiaz besterik sartzen da hor. Ez du munta gutiago joskerak. Bere pleguak baditu hizkuntza bakoitzak eta oso bereziak dira euskararenak: horiek emaiten diote bere genio bizi partikularra. Mesfida gaitezen itzulpenaz, arrazoin osoz baitio italierak “traduttore, traditore”. Itzulpenaz asko baliatzen gara euskaldunak eta ez da beti ongi egina, hortik urrun. Haunitz aldiz ateratzen dira perpaus batzuk ezin ulertuak, nahiz euskal hitzez beteak diren osoki. Kontuan har ditzagun otoi Euskaltzaindiaren aholku eta ereduak, bai eta IVAP-en “Argi idazteko bideak”, bereiziki liburuxka horrek dioskularik 37. orrialdean: “Perpaus txertatuek esaldia iluntzeko arriskua dute.”
Itzulpenak, berenaz eta naturalki, euskara beste hizkuntza baten azpiko emaiten du, haren pleguetara tolesten du, batzuetan behartzen eta bortxatzen, trabailatzen eta torturatzen ere, are gehiago gaizki moldatua delarik, hitzez hitz hartzen dituelarik beste mintzaira haren hara-honatak, itzuli-mitzuliak eta bihurguneak. Beraz, ongi asmatu beharreko lana da, euskararen izaera gain-gainetik errespetatuz, eta lehenik ulergarria izateko.
Baina gure testuak gero eta gehiago geronek idatzi, sortu, kreatu behar ditugu, euskaraz pentsatu. Ariz eta eginez ikasten da noski, eta paradoxoa iduri baldin badu ere, itzulpenetan aritzeak hortarako trebatzen ahal gaitu. Gainera ez gara uste dugun bezain pobre, txiro eta behartsu. Euskararen egokitzeko, oraikotzeko lan handiak egin ditugu batzuek eta besteek, azken 30 urte hauetan bereziki, eta edozein gauzaren adierazteko gaitasuna erakutsi du dagoeneko gure hizkuntzak, bai eta puntako zientzia horietan ere. Literatura mintzairan are hornituagoa da eta hor, kalitatearen lantzeko bide onena dugu klasikoetara jotzea, haien irakurtzea: hegoaldeko idazle sonatuak bistan dena, baina iparraldekoak ere noski! Aldarrikatu nahi nuke ez dela Axularrekin bukatu gure emaitza, idazle onak izan direla geroztik lapurteraz (edo nafar-lapurteraz) eta zubereraz hiru mende hauetan. Arestian aipatu dut Lafitte: Mitxelenaren aldean ezartzekoa litzateke nire ustetan, ez balitz iparraldekoa. Baina hor dago beti muga, guztiz gure buru-muinetan...
Dena dela, ipar ala hegoaldeko izanik, klasikoek badute gaurko idazleengan beti erideiten ez diren bi kalitate: idurizko erraztasuna (baina landua) eta zinezko goxotasun bat. Hizkuntza ez da matematika huts eta hotza, bere poetika sakona badu: musika da ber denboran. Doinu ederrez belarria ferekatu behar du, eztiaz eta indarraz bihotza hunki, ukitu, harmoniaz gogoa balakatu. Sendimendu gabeko pentsakerarik bai ote da? Aingeruengan agian... baina gizon-emakumeen baitan, nekez nik uste. Eginbide zaila du ikasleak, lagundu behar dugu hizkuntza ulergarri eta maitagarri batez, ikasteko lana ez dakion gerta guztiz trabailu astun, tormentatzaile, nazkagarria.

Platonen ideiak

Heidegger-ek Platon erasiatzen du, izaitea eta agertzea elgarretarik osoki berezi dituelakoan; berexkunde holakorik ez omen da ezagun Heladako lehen filosofoen erranetan hauiek uste baitzuten itxura ez dela izaitearen kanpoa baizik eta kanpo hori bat dagoela izaitearen barne mamiarekin.
Ihardets ditake Platon-ek ez duela nahi izan zahar hoieri gibelaz itzuli den gutienik; aiher zitzaioten bakarrik bere mendeko sofista xoriburuei; hauiek bazerasaten mundua ez dela itxura iheskor baizik, eta axal horren pean ez dela deus badagonik, ez mamirik, ez izaiterik.
Platonek nehork baino hobeki bazakien gauzen jarioaren berri: ikusten zituen oro zoatzila, baratu gabe aldatuz, bertzelakatuz, irabiatuz, ibai-pikoa edo itsas-gaina bezain higikoi: panta rei errepikatu bide zuen gaztedanikan arbasoek bezala. Bainan ohartua zen izar zitakela uhaitz baten oldarra eta neurt haren joaidura; ohartua ere izarrek bai eta itsasoak bazituztela beren aldi eta uratsak; hots, badela zerbait gelditzen denik ere, gisa bat ala bertze, eta deus ere ez dela egiten legerik gabe, erran nahi baita bilakatzea ez dela izaitearen agerpen bat baizik...
Ordre bat ezagutzen du munduan, bainan ez zaio aski bilatzea zoin den; nahi du xilatu zerk egiten duen, edo, orobat baita, zertako baden. Eta guk lur huntan ez baitugu deus osorik besarkatzen, gogoan du asmuz bederen oro ageri litazken gain hartarat heltzea. Orduan asmatzen ditu denboraz kanpoko molde batzu, hetan parte hartzen baitute gure “gauzek”, eta adimendu huts bagine, guk ere ikusten ahal ginituzkeenak: deitzen ditu IDEIAK.
Aitortu behar dugu ez dela errax asmatzea zer ditazkeen Ideia horiek: nik eskuaraz erran nezake DEI batzu direla. Gauzek nunbaitikako dei bati bezala ihardesten dute eta xede bat betetzen, izaiterat heltzen diren beretik. Xede bera betez geroz, hartze dute DEITURA bera, izen bera. Platonek zion xakur guztiek badutela xakurtasuna, xakur guztiak desberdin izanik-ere, denek parte hartzen baitute xakur-arau berean, xakur-ideia berean.
Pierre LAFITTE (1901-1985)