Kronika

1996-08-01
 
 

> Ikasturte berriaren hasiera

Azkenean hasi da ikasturte berria, eta horrekin batera etorri da Hezkuntza Erreforma ere. Eta egia esan, ez istilu eta gora-beherarik gabe. Orohar, Iñaxio Oliveri Hezkuntza Sailburua pozik agertu da eta Erreformak “hezkuntza kalitatearen hobekuntza” ekarriko duela adierazi du.
Euskadiko Eskola Kontseilua ere pozik agertu da DBH martxan jartzeko burutu den prozesuarekin, eta Hezkuntza Sailburuaren lana aipatu du.
Ez dira iritzi berekoak EAE eta Nafarroako zenbait herri eskola. Bizkaiko Aulesti, Berriatua eta Etxebarri, Gipuzkoako Zaldibia eta Nafarroako Ribaforada, Barañain, Lizarra, Irunberri eta Castejonen ikasturte hasierak ezohikoak izan dira. Herri hauetan DBHko lehen zikloa ez da ezarri, eta herriko eskolan egin ahal izatea eskatzen zuten gurasoek. Hezkuntza arduradunekin bildu arren, gauzak ez dira konpondu herri guztietan. Zaldibiako gurasoek azkenean seme-alabak Ordiziako ikastetxera eramatea erabaki zuten. Gauza bera egin dute Nafarrroako herrietan, baina DBH berain herrietan ezar dezaten ahaleginduko direla argi utziz.
Baionan, bestalde, Lizeo berri bat ireki du Seaskak, Kanboko Xalbador ikastegiaren egoitza txikia bilakatu baitzaie. Bertako 70 ikasleek Industria Ganbararen egoitzean ikasiko dute. Dena dela, hainbat egokitze oraindik egiteke daude eta bien bitartean kirola egitera Rousseau ikastetxera joan beharko dute eta bazkaltzera Baionako fakultatera.

Eskola publikoaren aldeko mugimenduak Nafarroan

Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Aldeko Plataforma eratu dute Batzarre eta IU alderdi politikoek, CCOO, ESK, EILAS eta FETE-UGT sindikatuek eta Herrikoa guraso elkarteak. Euskal eskola publikoaren alde sortu da erakundea. Dena dela, SORTZEN mugimendua kezkati azaldu da. Beraien iritziz, irakaskuntza publikoaren hobekuntzan eta defentsan etengabe lanean aritutako talde, guraso, ikasle eta irakasle garrantzitsuak kontuan hartu gabe sortu da.
Dena dela, SORTZEN beti prest agertu da eskola publikoaren aldeko kontsentsu zabal batean parte hartzeko eta ekimen berrien aurrean ez da itxirik mantentzen.

Hezkuntzako langileak gose greban

Oporrak eten eta Hego Euskal Herriko lau herrialdetako eta irakaskuntza sare desberdinak ordezkatzen zituzten hezkuntzako 15 langilek gose greba bat burutu zuten abuztuak 17tik 24ra Donostiako Artzain Onaren katedralean hertsirik.
Bat egiten zuten honela Herrik Ekimenak deiturik abendutik astero astero txandakatuz jada 600 gose grebalari bildu dituen elkartasun ekimenarekin.
Abuztuak 22an eskainitako prentsaurrekoan euren jarreraren arrazoiak azaldu ostean, gaur egun Euskal Irakaskuntzak giza eskubider eta kolektiboen esparruan duen zeresana eta zeregina azaldu zuten.

“Hezkuntza askatasun gosez” lemapean bildurik, irakaskuntza publiko eta ikastoletako hezkuntzako 15 langilek estatu espainolak berak diseinatu eta inposaturiko legeria bete dezan esijitu zuten.

Ondoren giza eskubide indibidual eta kolektiboek Euskal Herrian jasaten duten egoera eta hezitzaileok dugun erantzukizuna aztertu zuten hezkuntza mundutik.
Era berean aurrerantzean ikastetxeetan eskakizun hauek erantzuna izan dezaten garatuko dituzten ekintzak aurkeztu zituzten. Bere elkartasuna besteen artean egun preso dauden hezkuntza langileei.
Aipagarri txanda honetako ur botil huts bat Jáuregui jaunari bidali ziotela ikastolei buruz aste horretan egin zituen adierazpenengatik.

Jose Luis Gorostidiren omenez

“Euskaraz Bizi” proiektuaren sortzaile izan zen Jose Luis Gorostidik gure artetik aldegin du. Azken urteotan, bere osasun egoeraz jabetuta egon arren, azken unerarte lanean aritu da. Bere bizitzako lana benetan emankorra izan da euskal hezkuntzan. Konduktibismoan oinarritutako “Euskaraz Bizi” proiektuaren bidez, euskararen erabilpenari izugarrizko bultzada eman zion. Lizarrako ikastola eta Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolako esperientziak horren lekuko izan dira. Bere lanak izan duen garrantzia eta eragina kontuan hartuz, HIK HASIk hurrengo aleetan bere lanak argitaratzeko konpromezua hartzen du.