Nola landu eta aukeratu hezkidetzako ikasmateriala

1996-08-01

Hezkidetza, tradiziozkoak eta dagoeneko zaharkituak diren estereotipoen araberako eredu maskulinoa eta femeninoa alde batera utzirik, neskentzat nahiz mutilentzat baliogarria den pertsona-eredua bultzatzean datza.

Indarreko lege araudia abiapuntutzat harturik berrikuspenerako irizpide eta orientabide batzuk eskaini nahi ditugu, LOGSEren arabera argitaratuko diren ikasmaterialak lege horretara egokitu daitezen eta hezkidetzaren ikuspegitik landuak izan daitezen.
Hezkidetzako ikasmaterialgintzarako orientabideak

 
 

Hezkidetza bidean erabiltzen den ikasmateriala oso garrantzitsua gerta daiteke inolako hierarkizazio edo diskriminaziorik azaltzen ez duten bizimodu eta jokaera desberdinen erakusle gisa. Horregatik, hain zuzen ere, hezkidetzaren ikuspegitik ikasmaterialak prestatu eta lantzerakoan hurrengo orientabideok kontutan hartzeko gomendioa egiten dugu.

Irudietan

- Agertzen diren pertsonaia femenino eta maskulinoen proportzioa errealitatera egokitu.
- Pertsonaia hauek toki desberdinetan kokatu, jeneroen araberako kokapen estereotipatua ekidinez.
- Bai neskak eta bai mutilak, bereizketarik gabe, bizitasuna, sentikortasuna, bakezaletasuna, ausardia...bezalako tasunez agertu daitezela.
- Emakume nahiz gizonak lanbide berberetan dihardutela erakutsi.
- Neskentzat nahiz mutilentzat interesgarriak diren iharduerak moldatu.
- Pertsonaien protagonismoaz arduratu hierarkizazio sexistarik agertu ez dezaten. Esate baterako, emakumea eta gizona bai zuzendari gisa eta bai menpeko gisa agertu daitezela.
- Jeneroen araberako balore-hierarkizaziorik gabeko marrazkiak azaldu.
- Gizon emakumeen gorputzak inolako diskriminazio negatiborik gabe aurkeztu.
- Edertasunaren inguruko estereotipoak gainditu eta pertsona bakoitzak bere edertasuna baduela erakutsi.
- Helburua den-dena elkarbanatzea dela erakutsi.
- Irudietan femeninoa denaren gutxiespen sozialari aurka egin.
- Bizimodu berriak eskaini.
-
Testuan
- Gizartearen garapenean emakumeei dagozkien ekarpenak azaldu, bai gizakiaren ugalketan eta bai zientzia nahiz kultura arloan eginikoak aintzat hartuz.
- Nabarmendu diren emakumeak aipatu.
- Gizartean femeninotzat hartzen denaren balorazio egokia dakarten esaldiak nabarmendu.
- Emakumeek munduan garatutako kulturak etorkizuneko gizateriaren garapenerako erreferentzia baliogarriak eskaintzen dituela azpimarratu.
- Adjetibazioa kontutan hartu.
- Zientzilari, historilari, idazle e.a. diren emakumeen aipamenak egin.
- Emakumeak eginiko testuen erakusketari ekin.
- Bibliografian emakumeek idatzitako liburuak aipatu.
- Testu bat azaltzean jartzen diren adibideez arduratu, neskentzat zein mutilentzat interesgarriak gerta daitezen.
- Hitz egiterakoan batzutan bi jeneroez baliatu eta beste batzutan epizenoaz, horrela gogoan benetako errealitatea dugula erakutsiz.
- Gizakiaren erabateko garapena lortuko bada, bere ahalmen eta gaitasun guztiak beharrezkoak direla azpimarratu.
Edozein ikasmaterial egiterakoan, beharrezkoa da argitaletxeak hezkidetzan adituak direnen aholkuaz baliatzea. Izan ere, maskulinoa femeninoaren gainetik ezartzen duen hierarkizazioan oinarritutako gizartean bizi gara, eta askotan hierarkizazio hori oharkabean zabaldu egiten dugu. Horregatik, hezkidetzan oso kontutan hartu beharrekoa da berdintasunean oinarritutako eredu bat erakustea.