BIURDANA (Iruñea) eta ASAKATASUNA (Burlata) institutuak: DBHren ezarpena Nafarroako institutuetan

1996-11-01
Aurreko alean Nafarroako ikastoletan DBHren ezarpena nolakoa izan zen jakiteko aukera izan genuen. Oraingoan, Iruñeko Biurdana eta Burlatako Askatasuna Bigarren Hezkuntzako D ereduko institutuetara jo dugu. Nafarroan, ikastetxe publikoei dagokienez, DBH institutuetan ezarri da kasurik gehienetan eta ez Lehen Hezkuntzako zentroetan. Dagoeneko urtebete pasa da aldaketa hori eman zenetik, eta esperientzia honen berri eman digute Tomas Sukuntza Biurdanako zuzendariak eta Aingeru Martinez de Rituerto, Askatasunako zuzendariordeak.
 
 
Nola bizi izan duzue DBHren ezarpena zuen zentroetan?

Aingeru Martinez de Rituerto.-Egia esan, urtebete daramagu DBHn, baina aldaketak eta prestaketak lehenago hasi ziren. Iaz lehen zikloko bi kurtsoak ezarri ziren, baina aldaketa handirik ez zuen ekarri. Nik uste dut bigarren zikloan emango dela gehiago nabarituko den aldaketa.

Bestalde, lehen irakasle bakoitzak geure lana egiten genuen, elkarren arteko koordinaziorik gabe. Orain, ordea, prestakuntza guztiak departamentuetan elkartuz burutu ditugu eta elkarlanean aritu gara.

Tomas Sukuntza.-Dinamika iraultzailea sartu da ikastetxeetan. Aniztasuna oinarritzat hartuz, programaketa malguak egin dira, ikasleen arabera moldatuak eta erritmo desberdinetan. Honek elkarlana eta departamentuetan lan asko eskatu du.



Dena den, testu liburu eta materialen falta nabarituko zenuten.

T. S.-Erreforma honetan administrazioak gai eta arlo zehatz batzuk izendatu ditu, baina gero ikastetxe bakoitzak zehaztu eta finkatu ditu bere planteamentuak. Zentzu horretan aurretik lanean hasiak geunden. 94-95 ikasturtean taldeka bltzen ginen ikastetxean eta elkarlanean gaiak jorratu, ebaluazio irizpideak finkatu , e.a, egin genuen. Horregatik, aldaketak ez gaitu ezustean harrapatu. Departamentuetan zama handia nabaritu da, baina liburu falta ez da hainbestekoa izan. Geure lanarekin moldatu dugu hutsune hori.

Nafarroako ikastetxe publikoetan DBH institutuetan ezarri da. Alde horretatik, irakasleen artean toki edo lan aldaketa handiak egon al dira?

T.S.-Lehen zikloa ematera OHOko irakasleak etorri dira, eta hor esperientzia handiko jendearekin egin dugu topo. Programazio aldetik arazoak izan dituzte, baina lan egiteko moduan eta haurrak tratatzeko eran estrategia egokiak dituzte.



Eta institutuetako irakasleak zein egoeratan aurkitu zarete?

T.S.-Irakasleria berziklatu egin da urte hauetan, baina arazo guneei aurre egiteko estrategiak ez ditu garatu. Hau da, haurrak orain gazteagoak dira; lehen 14 urterekin etortzen ziren eta orain 12rekin. Beraz, beste era batean irakatsi behar zaie eta horri aurre egiteko estrategiarik ez dugu prestatu programetan.

A. M.-Normalean gainera, D ereduan irakasle gazteak eta esperientziarik gabekoak aurkitzen dira, eta agian prestakuntza pedagogikorik gabekoak. Hori aldatu egin behar da, lana beste modu batean antolatuz eta jarrerak aldatuz.



Orain, eduki aldetik, DBHko Batxilerrean lau adar desberdin eskaini behar dira. Alde horretatik antolaketa, azpiegitura...aldaketarik ekarri al du?

T.S.-Ez, handirik ez. Batxiler teknologikoa eta zientifikoa, adibidez, antzekoak dira, eta ez da aldaketa handirik eman. Azpiegitura aldetik ere, exijentzia handirik ez da izan.

A.M.-Irakasle aldetik egon den mugikortasuna adar hauen eskaintzearen inguruan izan da batez ere. Horregatik, Lanbide Heziketako irakasleak ere, etorri dira institutuetara Teknologia arlorako. Orain arte IEEn (REM) egon dira hauek eta egin duten lanak bere balioa du. DBHko irakasgairen planteamendua eta curriculumak antzekoak dira. Orain egin behar duten esfortzua, adinera egokitzea da.



Eskola Maparen finkapena egokia izan dela uste al duzue?

T.S.-12-18 urte bitarteko ikasleak ikastetxe berean egotea zela egokiena ikusi zuten eta hori egin da. DBH, kasurik gehienetan, ohiko institutuetan ezarri da. Beste zenbait kasutan, Lanbide Heziketako zentruekin ere bategiteak eman dira.

A.M.-Maparen ondorioetako bat institutuen tamaina izan da. Batzuk handiak dira, baina beste batzuk oso txikiak gelditu dira, gehienez bi lerrorekin.

T.S.-Hala da. Erreforma izugarri landua eta esperimentatua izan da. Ikasleei aukera desberdinak emateko egoera optimoa sei lerro eskaintzea zela ikusi zuten, baina errealitatean bat edo bi lerrotan gaude.

Izan ere, lehen institutu elebidun baten zeundeten eta gero banatu egin zineten; batak D eredua eta besteak A eredua eskainiz. Elebakarra izatea abantailatsua al da?

A.M.-Nik uste dut zentru txikiak antolaketa errazagoa duela eta abantaila asko dituela. Baina integraziorako elebiduna izatea hobe da, euskal adarrak bere filosofia besteengana zabaltzen duelako.

T.S.-Gure zentroan aldaketak trauma txiki bat suposatu zuen. Zazpi-zortzi urtetan elbiduna izan ondoren, eredua normalizatzea lortu genuen. Baina orain ere, gauza positiboak badaude eta hauek aprobetxatuz aurrera jarraitu behar dugu.



Erreformaren garapenean Nafarroako Gobernuaren aldaketak eraginik izan al du zuengan?

T.S.-Eragina izan du administrazio bakoitzak bere erara planteatu dituelako asuntu hauek eta horrek gauzak alde batera edo bestera bideratzen ditu. Baina Hezkuntza Sistema nahiko araututa dago Nafarroan eta ikastetxeek badute nahiko heldutasuna aurrera jarraitzeko.

A.M.-Eskola Mapan, adibidez, proposamen desberdinak izan dituzte UPN eta PSNk, baina eguneroko lanean ez da gehiegi nabaritu aldaketa hori.



Beraz, nolabaiteko autonomia badute ikastetxeek?

A.M.-Bai, ikastetxeak ez daude jendeak uste duen bezain lotuta administrazioarekin. Zentro bakoitzak zer nahi duen eta zein pertsona mota hezi nahi duen erabakitzen du. Eta hori oso garrantzitsua da. Bakoitzak bere curriculuma moldatzen duenez, autonomia mantentzen du.

Autonomia neurri batean, baina ekonomian, irakaslerian...administrazioak hartzen dituen erabakiek eragin zuzena dute ikastetxearen funtzionamenduan.

T.S.-Bai, hala da. Erreforma oso ona da nire ustez, baina giza baliabide izugarriak eskatzen ditu. Finantziazio legerik ez da egin eta erreforma oso garestia egin nahiean gaude murrizketa ekonomikoen urteetan. 70ko Villar Palasi legeak ere finantziaketa ezagatik egin zuen porrot eta arautzea ezinbestekoa da laguntzak jasotzeko.

A.M.-Irakasleon mugikortasuna bada arazoa. Gure ikastetxean esaterako irakasleriaren erdiak plaza finkorik gabe aurkitzen gara