Demokrazia irakaskuntzan

1997-03-01
Autoritaritarismoa Euskal ikasleon borroka kontrolatu, erreprimitu eta galerazteko tresna bat da. Autoritarismoak inposatu diguten hezkuntzaren helburuak betetzea ziurtatzen du. Horrela bada, autoritarismoaz hitz egitea, demokrazia ezaz hitz egitea da, eta autoritarismoaren aurka borrokatzea hezkuntza justu eta demokratiko baten alde borrokatzea da, ikasleon borrokatzeko eskubidea bermatzeko bidea.
 
 
Demokrazia irakaskuntzan

Demokraziaz hitz egitean ez dugu gauza abstraktu bat aipatu nahi, bada ordua demokrazia hitz huts bat izatetik, egunerokotasunean praktika konkretu bilakatzeko. Demokrazia aipatzean errealitate justu, partehartzaile eta konkretu batetaz ari gara, Euskal Herriak definitu behar duen errealitate konkretu batetaz.

Hezkuntza Sistema Euskal Herriaren errealitate eta beharretara egokitu behar da, izan ere Euskal Herriaren nortasunaren garapen eta eraikuntza lanean makina garrantzitsu eta eraginkorra da. Euskal Herriari bere hezkuntza hautatzen uzten ez zaion bitartean (edukiak, materiak...) irakaskuntzan ez da benetako demokraziarik egongo. Benetako irakaskuntza demokratiko bat euskal herritarrok zehaztu beharrekoa da, kanpoko inolako eskusartzerik gabe eta Euskal Herriaren izaera eta beharrei erantzun asmoz.

Hezkuntza proiektu hau norberak bere tokitik bultzatu beharrekoa da, etengabe eta ilusioz beterik, norberak iniziatiba bere esku hartu eta posible duguna aldaraziz.

Bestalde, Hezkuntza Sistemaren demokratizazioa aipatzean ezin ahaztu dezakegu instituzio honen barne dinamika, eta era berean, ezin ahaztu ikastetxeetako egoera, alegia, ikasleok sufritzen dugun egoera larria.

Guk ulertzen dugun eran benetako irakaskuntza demokratiko batek partehartzailea izan behar du, kontuan hartu behar ditu berau osatzen dugunon beharrak eta ezin du autoritarismo edo inposaketan erroturik egon. Irakaskuntzan demokrazia eskatzea, ikasleoi orain arte onartu ez zaigun funtzioa betetzea da: hezkuntzren eraikitzaile izatearena. Eraikitzaile, bai, geuk ere aspektu honetan badugulako zer esan eta zer erabaki, hezkuntzaren gai orokorrei dagokienean eta baita ikastetxeetako dinamika konkretuetan ere. Guzti horregatik ezin gaituzte alderatu edozein erabaki hartzeko orduan edo dinamika konkretuak zehazteko momentuan. Elitismoa eta erabakiak hartzeko orduko jarrera alderdikoiak desagertu egin behar dute. Horrela bada, ikasleon partehartzea ezin da sinbolikoa izan eta bitartekoak jarri beharko dira denon hitza ongi aditua eta kontutan hartua izan dadin.

Inposaketak, botere gehiegikeriak eta abarrek bukatu egin behar dute. Gure giza maila pertsonal eta kolektiboko eskubideak errespetatu behar zaizkigu, pertsona garen heinean dagokigun eran tratatuko gaituztelarik eta ez ematen digutena irensten duten animaliak bagina bezala, aprobatzea helburu eta kurtsoa inguruari begiratu eta kuestionatu gabe pasatzea beste zereginik ez duten animaliak bagina bezela.



Gaur egungo egoera

Euskal Herrian gaur egun inposatuak zaizkigun bi Hezkuntza Sistema dauzkagu. Alde batetik frantziar estatuak definitzen duena eta bestetik espainiar estatuarena.

Bi sistema hauek gauza bera suposatzen digute azken finean: alde batetik Euskal Herriarekiko desnazionalizazioa eta ondorioz beraien nazionalitateen asimilazioa; bestetik, bi estatu kapitalisten pieza izatera behartzen gaituen programazioa.

Beraz Euskal Herriak egun ez dauka irakaskuntza eredu propiorik eta are gehiago, hau ezinezko egiten duten muga errealak dauzka (Espainiar konstituzioa, bi estatu ezberdinen legeen menpe egotea...). Honen ondorioak (euskaraz ezin ikastea, gure kultura ezin ikastea, osotasun batetan ezin ikastea, Euskal Herrian ezin ikastea...) ez ditugu ikasleok bakarrik pairatzen, ondorioak Euskal Herri osoak pairatzen ditu, Hezkuntza Sistema propio bat ez edukitzeak etorkizunerako ate nagusietako bat ixten baitio.

Bestalde, guk irakaskuntzan daukagun existentzia erabat antidemokratiko, faxista eta autoritarioa da, gainera egoera hau gero eta larriagoa da, burokratizazioa eta geure praktikak aurrera ermateko oztopoak gehitzen baitoaz. Ikasleok gero eta zailtasun gehiago dauzkagu kartelak jartzeko, asanbladak egiteko edota grebara ateratzeko. Honi guztiari, gainera, etengabeko errespetu falta eta irainak gehitu behar zaizkio.

Mobilizatzeko orduan alde guztietatik jasaten dugun errepresioarekin egiten dugu topo: errepresio poliziala, zinpeko guardak eta zentro bertako errepresioa. Batzuetan azken honetaz ohartzea zaila suertatzen da, baina, espedienteak direla, txantaiak direla, asistentzia faltak direla... ikasleok etengabe pairatzen dugu errepresioa. Era berean, polizi indarrek ez dute inolako arazorik izaten ikastetxeen aldetik, barrura sartu, ikasleok jarraitu, erasotu eta zigortzeko orduan.

Sarritan egoera hau, irakasle eta zuzendarien nahien arabera ematen da eta baita, ikasleon eskubideak bermatzen ez dituzten legedien ondorioz ere (gaur egun ikasleon eskubide eta betebeharren dekretuak ikastetxeei beraiei legeak komeni zaien moduan moldatzeko bidea uzten die eta bertan zehazten dira ikasleoi onartzen zaizkigun eskubideak).

Erreforma berriarekin gure eskubideak modu inplizitu batean gutxitzen dira, batez ere 16 urterarteko derrigorrezko hezkuntza dela eta, guri dagozkigun erabakiak hartzea debekatzen baitigute (greba egitea ukatuta dago, propaganda jartzea ere bai...). Eta bitartean, kalean, atxilotuak izan gaitezke. Hau guztia, Òpertsona kritikoak eta tolerantzian heziakÓ izan gaitezen.

Horri guztiari legalki apurtu ezina den irakasle eta zuzendariek duten botere estatusa gehitu behar zaio, ez baitago ez lege, ez organu, ez inolako borondaterik hauei egiten dituzten abusuak ordainarazteko. Ikasleoi geratzen zaigun bide bakarra autodefentsa da.



Autoritarismoa: sistemaren tresna bat

Gure zentroetako autoritarismoa, sistemak ikasleok pasibo eta kontrolatuta edukitzeko erabiltzen duen estrategia bezala ulertu beharra dago. Sistemak badaki edozein mugimendu, edozein erreakzio alternatibo kontrolatu behar duela. Honetarako errealitate berrietara egokitu eta modernizatuko ditu mekanismo ideologiko eta sozialak, eta baita, era berean, zuzeneko edo zeharkako errepresioa.

Sistemak ez du behar errealitatearekin kontzientziaturik dagoen euskal gazterik. Horrela beste tresna askoren artean irakaskuntza ere erabiltzen du gure jokaera eta baloreak moldatuko dituen tresna bezala. Moldaketa hau kontsumismora, ultraindibidualismora, arriskatzearen aurrean beldur izatera eta erabat faltsua den urruneko elkartasun batera bideratuko du.

Autoritarismoa beraien ordena mantentzeko erabiltzen dute; pasotismo eta morrontza interesatuan murgildurik gaituzten bitartean, ikasle konprometituak direnak kaleratu, espedientatu, zigortu eta abar egiten dituzte. Kontrola sinestezina da, gure eskubide funtsezkoenen aurka ari dira eta guk zerbait logikoa eta morala bailitzen asimilatzen dugu, gu iraintzea, oposizioak ateratzearren jasotzen duten pribilegio balitz bezala; gure ideologia izkutatu behar dugu beraiek pentsatzen dutenaren aurka joatea pekatu kapital bat balitz bezala.

Honek amaierarik ez badu miserian murgildurik jarraituko dugu, beraien zuloetako arratoi gisa.

Hau guztiauikusirik, gure betebeharra da zentroetako bizi baldintzen hobetze bidean aldaketak ematea eta era berean, gure herriaren beharretara zuzendua dagoen hezkuntza batera gaurdanik pausoak ematea.



Zer da taula erreibindikatiboa?

Taula honek legitimoki gureak diren eskubide batzuk bildu eta definitzen ditu. Eskubide hauek nahiz eta aipatu bezala legitimoki gureak izan, ez dira bere osotasunean onartzen Euskal Herriko ikastetxeetan.

Eskubide hauek gaur egun ikasleon bizibaldintzak hobetzeko beharrezkoak diren gutxiengo demokratikoak dira.

Eskubide hauek lejitimoak diren heinean ezin dira ez eztabaidatu, ez kuestionatu, ezta negoziatu ere. Horrela dira eta kitto. Zentroetako partaide eta pertsona gisa eskuratzen ditugan eskubideak dira.

Hau dela eta, gaurko egoera aldatu egin behar da, guztion lana izanik (ez ikasleona bakarrik) honen aldeko apustua eta konpromezua hartzea. Hau lortuz Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistemaren eraikuntzan lehen urratsak emango ditu edo beste era batera esanda, honen alde borrokatu ahal izateko tresnetaz baliatuko ditugu ikastetxe eta bertako partaideak.

Taula erreibindikatiboa zentro bakoitzean dagoen egoera gainditzeko erabiliko dugun zutabea da, honen inguruan eztabaidak sortuz eta gure borrokan tresna gisa erabiliz.

Taula gutxiengo demokratiko hauek era orokorrean biltzen dituzten puntuetan sailkatzen da, bere ulermena errazteko gehienbat.



Gure osotasun eta duintasunerako eskubidea:

Ikasleok ez gara objetuak, Hezkuntza Sisteman parte hartze zuzena dugun sujetuak gara eta ondorioz, gure iritzi eta izaera desberdintasunak errespetatu behar zaizkigu, ikastetxeetan gure parte hartzea bultzatuz.

Era berean, gure nortasun pertsonalaren garapenera, sormena lantzera eta ingurua hobetzeko konpromezua hartzera bideraturiko hezkuntza jasotzeko eskubidea dugu.

Azkenik, azpimarratu beharrekoa da, ikasleon osotasun fisiko, psikiko eta morala ziurtatu behar dela, eta era berean, irakasleria eta zuzendaritzaren jarrera prepotente, irain eta gu matxakatzeko era denen aurrean erantzunkizunak exijitzen hasi behar dugu.



Askatasunez jarduteko eta gureak diren erabakiak hartzeko aukera:

Zentroetan ematen diren erabakien artean badaude guri bakarrik dagozkigunak, erabaki kolektibo zein pertsonalak. Hauetan gure hitza da bakarra eta erabakiak ezin izango dituzte ez murriztu, ez eskusartu,ez mugatu, ezta debekatu ere. Erabaki hauen artean hauek egongo lirateke:

1) Adierazpen askatasunerako eskubidea:

Ikasleok pentsatzen duguna adierazteko eskubide osoa dugu inolako eraso, errepresibo ezta bortxarik edo eraginik jasan gabe. Gure artean informatzeko eskubidea onartu egin behar digute, honetarako baliabideak eta materialak eman behar dizkigutelarik. Eginiko propaganda ezin izango da zentsuratu, ez arrazo politikoak, ez beste motako arrazoiengatik. Propagandari ez zaizkio kantitate edo motaren inguruko mugak jarriko, hauek ipintzeko tokirik egongo ez balitz, zentro osoan zehar eta ikasleen kriterioaren arabera, panelak jarriko lirateke kartelak jarri ahal izateko.

Propaganda jartzen dutenak izango dira kentzeko orduan ere arduradun izango direnak, propaganda mota eta beharren arabera beti ere, beste inork ezin izango duelarik propaganda hori kendu.

2) Organizatzeko eskubidea:

Ikasleok batzartzeko, kezka eta arazo batzuen inguruan organizatzeko, premia daukagu. Honetarako zentroek lokalak eskeini behar dituzte talde hauen lanen garapen onuragarria ziurtatu dadin (materiala gordetzeko aukera, aktibitateak egin...), ordutegiak ere egokitu behar dira ikasle guztiek lokal hauek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Honetaz gain zentroari begira lan egingo duten erakundeak errespetatuak eta errekonozituak izan behar dute. zein izaeratakoa den axola gabe. Erakunde hauetan parte hartzeak ez du errepresio edo bortxa arrazoi bat izan behar.

3) Ikasleen asanblada eskubidea:

-Batzartu eta informatzeko behar honen barnean sartu dezakegu benetan demokratikoak izango diren markoak sortzeko eskubidea. Ikasleria osoak parte hartu, aportatu eta erabakiak hartzeko lekuak izango dira hauek.

Asanblada hauek ezin izango dira ez zentsuratu ezta kontrolatu ere bertatik at dagoen edozeinengandik (irakasle, zuzendari...). Kontrol osoa asanbladak eramango du, eta zentroaren betebeharra izango da hauek burutzeko lekua eta azpiegitura eskaintzea ikasleoi. Asanbladen gai eta datei buruz informatzeko aukera erraztu beharko da.

Asanblada hauek ikasketa orduetan egiteko aukera egon behar da. Ezin da materiarekin aurrera jo hauek bukatu artean eta hauen iraupenari ez zaio mugarik jarriko.

4) Grebarako eskubidea:

Ikasleok zenbait gai, arazo eta abarren inguruan gure iritzia azaltzeko eskubidea dugu, iritzia eta jarrera adierazteko modu bat greba izanik. Hau dela eta, grebak egiterako orduan ezin dugu inolako bortxa edo eskusartzerik jasan, eta ezin izango dira zentsuratu arrazoi politikoak edo dena delakoak medio. Konbokatu dutenak izango dira berau atzera bota ahalko duten bakarrak, beraiek aurrez hori baloratu badute.

Erabakitze prozesuari ezin izango zaizkio muga metodologikoak jarri. Ez da burokratizazioetan eroriko. Metodologia zuzena izango da ikasleria zuzenki informatu ahal izateko, ikastetxeak denbora, lekua eta bitartekoak ipini beharko dituelarik.

Prozesuan harturiko erabakia zentroaren osotasunak onartu beharko du, hau da, erabakia edo hartutako jarrera elkartua eta bakarra izango da, zentroaren aktibitatea hoetara moldatuz. Greba egitekotan ezingo dira asistentzia faltak jarri, ezta klasean materia aurreratu ere. Desbinkulazioek bere hortan ez dute tokirik izango.



Ikastetxeetan presio-errepresio bideen ezabapena:

Ikasleok errepresio zein kontrol neurri ugarirekin egiten dugu topo gure eguneroko errealitatean. Ikasketa zentroak gaur egun errepresio modu eta tekniken laborategi bihurtu dira.

Makinaria honen eguneroko praktikan mota guztietako poliziek hartzen dute parte. Hauetaz aparte, badaude egun zetroetan jarrera parapolizial hau hartzen ari diren pertsona ugari, zentroaren militarizazioan kolaboratuz.

Hau dela eta, aldaketak bi zentzutan eman behar ditugu:

1) Polizi indar zein segurtasun pribatuaren sarreraren debekua:

Zentroetan ezin izango da inolako pertsona armaturik sartu eta ondorioz, edozein gorputz polizialena. Era berean, zentroetan ezin izango da ikasleriarenganako kontrola burutuko duen inolako zinpenko goardarik kontratatu.

Honekin batera zentroaren inguruan sorturiko edozein motatako kontrol polizialari ezetza adierazi behar zaio, hala nola, kontrol interesatuak, ikasleen grabaketak bideoan... .Honi ezetz aktiboa eman behar zaio, zentro guztia egoera horrekin amaitzera konprometituz.

2) Ikasleekiko kontrol zein txantaia neurrien ezabapena:

Ikasleok egunero zuzendari, irakasle eta beste guztien aldetik jasaten ditugun mehatxuek bukatu egin behar dute. Hau dela eta, ezin izango dira ikasleon gurasoak informatu honek ikasketaz aparte buruturiko gauzen inguruan, beti ere ekintza hauek zentroko partaideen integritatea apurtzen ez duen bitartean. Irakasleek ezin izango dituzte ikasleak klasetik beren kabuz bakarrik bota, ikasgela guztiaren erabaki bat izan beharko du eta inolaz ere ez irakaslearena bakarrik.

Argi izan behar dugu gure ikasteko eskubidea ezin izango dela moztu. Hau dela eta, ezin izango da arrazoi politikoak medio ikasle bat zentrotik kanporatu, ez espedientatu, ez inolako neurri disziplinariorik hartu. Eta noski, beste arrazoiren baten kausaz neurri hau aztertu edo erabaki beharko balitz, ikastetxeko partaide denen artean eta era demokratiko batean egin beharko litzateke, horrela izateko bitartekoak jarriz.

Eskubide hauek errespeta daitezen (ziurtatzeko) zentroaren bidea jarraituko duten organuak sortu behar dira. Organu hauek benetan demokratikoak izan beharko dute, ikasleriaren ahotsa entzunarazi eta honi duen garrantzia emango diotenak. Organu hauek irakasle zein zuzendari faxistak egun duten zigorgabetasunarekin amaituko dute.

Erreflexio hauek egun dauden organuak gure betebeharrak betetzen ez dituztelako egiten ditugu. Gure ustetan organu hauek egun ez dira demokratikoak, eta ikasleon errepresentatibitatea sinbolismo hutsean geratzen da



Guztion betebeharra da egoera honekin apurtzea eta aldatzea

Borroka honetan ez dira ikasleak bakarrik inplikatu behar. Borroka honetan ikastetxeetako estamentu guztiak inplikatu behar dira. Ikasleak egungo egoeraren kontzientzia hartu behar du, gaurko egoerak ikasleriari suposatzen diona ulertuz, eta borroka honetan beharrezko garrantzia hartuz, onean ez bada txarrean aldatuko dugu. Irakasleriak bere arazoa ere badela ulertu behar du, eta bere jarrera pasibo zein aktiboak dakartzan ondorioak ulertu behar ditu. Hau dela eta, konpromezua, edo bederen, posizionamendu argi bat eskatu behar zaio. Hau dena honela izanik, norberak zentzuzko izan beharko du bueltan etor dakizkioken ondorioei aurre egiteko prest egonaz.

Bide berari jarraiki, guraso nahiz irakasle ez den langileria erantsi behar da borrokara., guztion artean aldaketa demokratikoagoa lortzeko, Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistemaruntz zuzendutako aldaketa.

Honek guztiak denon arazoa dela esan nahi du, ondorioz, kontzientziatu eta borroka honen parte izan behar dugu, baina ez bakarrik ikasleok edo hezkuntza munduko gainontzeko estamentuek, baizik eta Euskal Herriko gizarte osoak, norberak bere tokitik, dagokion borroka era edo lehentasunen arabera.