Emakumeak eta hezkidetza

1997-03-01
Martxoaren 8a pasa berri dugu, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Emakume talde desberdinen ekintzak ugaritu egin dira, baina lana ez da egun horretara mugatzen. Urte osoan zehar lantzeko adina esparru daude, eta hezkuntza arloan ere bai. Hezkidetza eta emakumearen paperaren inguruan oraindik eztabaida eta proposamen ugari daude.
 
 
Hezkuntzaren barruan emakumearen zeregina arlo desberdinetan banatzen da, eta horietan bere presentzia finkatu eta areagotzeko planteamenduak daude. Hezkidetza da landu behar den esparru bat, eta kezka desberdinak daude gai horren inguruan.

Alde batetik, hezkuntza politika gizonezkoen ikuspegitik antolatua dago. Sexuaren araberako banaketan oinarritzen den egungo gizarte ereduak emakumeen zapalketa ezarri, iraunarazi eta estali egiten du. Eginkizun honetan Hezkuntza Sistema ezinbesteko tresna bilakatu da.

Gizartean ematen den sexu bazterketa Hezkuntza Sisteman isladatzen da: antolaketan, irakaskuntza jardueran edota elkarbizitzan. Mundu akademikoari dagokionez, zientzia eta ezagupen ofizialean emakumeak ez dira existitzen, beren izatea ukatu egiten da. Euskal Hezkuntza Sistemaren erronka, aldiz, emakumeen eskuhartze soziala (kulturan, zientzian, politikan, eguneroko bizitzan...) berreskuratzea eta zabaltzea litzateke. Gure kulturaren iraupena eta transmisioa bermatu beharko ditu.

Horretarako, hezkidetza arloan euskal emakume langileen izaera landu behar da, berauen esperientzia, eskuhartze eta ekarpena jasoz. Horrela gertatzen ez bada, atea zabaltzen zaie emakume eta kultur eredu arrotzei euskal ereduen desagerpena bultzatuz.

Gizarte sexistarekin bat datorren Hezkuntza Sistema gainditzea da helburua, zientziaren eredua (pentsamoldeak, baloreak, ikaste prozesua, lan metodoak...) ulertu eta transmisioa eraldatuz, eta aldakuntza hori Euskal Nazioaren Hezkuntza Sistema eratzeko ekimenean kokatuz.



Esparru sindikalean emakumeen presentzia

Ekintza sindikala ez da Hezkuntza Sistematik at funtzionatzen duen zerbait, eta arlo honetan ere kezkak nabariak dira. Ekintza sindikala ere jokabide eta oinarri sexistak gainditzeko tresna bilakatu behar da. Lanaren kontzeptua berraztertu behar da, lan baldintzen eraldaketa eta lan harreman berdintzaileak bultzatu.

Lana eta enplegu kontzeptuen arteko disoziazioa gero eta handiagoa da. Emakumezkoen kasuan, gehiengoak betetzen duen etxe familiarekiko lanaren errekonozimendu ekonomiko zein sozialaren eza dakartza.

Gizarte mailan eta lan merkatuan ematen den sexuaren araberako lan banaketa hori Hezkuntza Sisteman ere ematen da. Alde batetik, prestijio eta soldata gutxien duten lanpostuetan aurkitzen dira emakumeak, goi mailako kargu eta erabaki guneetatik at. Bestetik, baldintza estruktural hauekin batera trasmititzen diren boterearekiko harremanak, itxaropenak eta balorapenak erabakiorrak dira zapalketa areagotzen, eta baita aukerak mugatzen ere.

Hori aldakatzeko, emakumeak sindikatu barneko zenbait esparrutan eta kargutan parte hartu behar du. Esate baterako: ekintza sindikalaren gai nagusietan, afiliazioaren heziketa eta kontzientziazioan, ikastetxeetako dinamikan, arazo eta beharrizanetan, sindikatu eta administrazio ereduetan, sindikatu eta administrazioaren arteko harreman eta negoziaketa prozesuetan...

Hau guztia lortzeko, egungo eredua gainditzeko, berdintasunean oinarritutako harremanei egin behar zaie leku. Horretarako, antolakuntza aldatu behar da. Izan ere, gaur egun nabaria da eredu maskulinoaren nagusitasunarekin batera emakumezkoen bazterketa gauzatzen dela, baina ez edozein modutan: ageriko joerek neutraltasun faltsu eta "formak gordetzeari" uzten baitie lekua. Sexuarekiko baloreak, jarrerak, itxaropenak... azalaraziz, benetako aldaketa sakonak bultzatu behar dira egitura eta antolaketan, funtzionamenduan eta barne lanaren banaketan.

Jarrerak, rol banaketa, baloreak, ordezkaritza, inplikazioa, iritzia sortzeko eta agertzeko aukera, arduren banaketa, erabakiak hartzeko prozedura... aztertu eta eraldatzeko erantzunkizuna dugu sexu bazterketa gaindituz joateko.

Irakaskuntza arloan ere, baldintzak jarri eta bitartekoak garatu behar dira gaur egun asmoak, borondateak eta egitasmoak direnak praktika objektibo bihur daitezen.