IRLANDA: Irlandako Hezkuntza Sistema

1997-03-01
Aurreko alean Gales eta Ingalaterrako Hezkuntza Sistemak ikusi bagenituen, oraingoan iparralderuntz jarraitu dugu itsasuntzia hartuta, eta Irlandan porturatu gara.
 
 
Irlandan ere Hezkuntza Sistema maila desberdinetan banatua dago beste lekuetan bezala. Hasi, eskolaurrearekin hasten da, haurrek 4 urte betetzen dituztenean. Bi urtetan zehar junior eta senior mailetan banatzen da eskolaurreko etapa. Lehen Mailako ikasketak burutzen diren zentro berdinetara joaten dira eskolaurreko haurrak: Eskola Nazionaletara, pribatuetara edo berezietara.

Eskola Nazionalek jabetza eta kontrol pribatua izaten dute, baina dirulaguntza publikoak jasotzen dituzte eta ikuskapen publikoa ere bai. Eskola Nazional hauetako irakasleria eskola bakoitzeko Zuzendaritza Eskola Kontseiluak kontratatzen du, baina Hezkuntza Sailak ordaintzen die zuzenean.

Eskolaurreko bi urteren ondoren 6-7 urterekin Lehen Hezuntza hasten dute irlandar haurrek, eta sei kurtsoren ondoren 12-13 urterekin bukatzen dute. Ondoren Bigarren Hezkuntzako ikasketak hasten dituzte.

Etapa honetan bi ziklo bereizten dira. Lehen hiru urtetan junior zikloa deitzen dena dago. Normalean 15-16 urterekin amaitzen da hau eta Junior Ziurtagiria deritzona lortzen da azterketa bat egin ondoren. Azterketa publiko idatzia da, eskolatik kanpoko irakasleek ebaluatzen dutena.

Ondoren Bigarren zikloa dator, senior zikloa. Ikasketa Amaierako Ziurtagiria eskuratzen da ziklo honetako bi urteren ostean. Ziklo honetan lan mundurako sarrera errazteko zenbait programa eta ikasgai badaude. Baita nekazaritza arloko kurtsoak eta ikastetxe komertzial pribatuak ere.

Bigarren Hezkuntza eskaintzen duten zentroak borondatezkoak, profesionalak, komunitarioak eta orokorrak dira. Dena dela, izen desberdina eduki arren, denek antzeko gai eta ikasketa planak eskaintzen dituzte. Denek dirulaguntza publikoa jasotzen dute. Borondatezko ikasketetxeak jabetza eta kontrol pribatukoak dira, nahiz eta besteek bezalako erregulazioak izan. Eskola profesionalak, berriz, hezkuntza autoritate lokalek administratzen dituzte. Hezkuntza Profesionaleko Komiteak deitzen zaie hauei.

Goi Mailako ikasketei dagokienez, gradu edo maila desberdinak daude. Alde batetik, unibertsitate titulaziorik ez duten ikasketak daude. eskualdeko Ikastetxe Teknikoetan edo Dublingo Teknologia Institutuan egin daitezke ikasketa hauek.

Unibertsitateko ateak zeharkatuz, bestalde, hiru urteko ikasketekin batera Lizentziatura lor daiteke. Hala ere, zenbait karrera urte gehixeagokoak dira: medikuntza, arkitektura, injineritza... Unibertsitatez gain, beste instituzio batzuk ere ikasketa hauek eskaintzeko ahalmena dute.

Unibertsitateak publikoki finantzatzen dira eta gobernuko erakundeek zuzentzen dituzte. Aurrekontuak Hezkuntzako Goi Autoritateak erabakitzen ditu, baina unibertsitateek iturri pribatuak ere bila ditzakete ikerketa eta irakaskuntza finantzatzeko.

Lehen mailako ikasketa unibertsitarioei jarraipena emateko Masterrak daude. Egun osoko klaseak hartuz urte batean edo bitan burutzeko modukoak izaten dira.

Helduentzako aukerak ere badaude Irlandan. Bigarren aukera bezala eskaintzen dira, normalean ikasketak utzi zituen jendeak berriro ikasteari ekiten baitio. Egun osoko edo erdiko klaseak hartzeko aukera egoten da, bai lanbide ikasketetan eta baita gainontzekoetan ere.