Kronika

1997-03-01
 
 
Aurrematrikulazioa eta Euskal Eredua
Aurre matrikulazio garaian murgilduta pasa ditugu azken aste hauek, ikastetxe guztietan horretarako epeak zabaldu direlarik. Baina ez dira ikastetxeak bakarrik izan mugitu direnak. EKBk D ereduaren aldeko kanpaina eraman du aurrera, eredu honetan matrikulatzeko eskatuz.
Gauza bera egin zuten Bilbon hainbat pertsona ezagunek. Euren kanpainaren bitartez gurasoak seme-alabak D ereduan matrikula zitzaten animatu nahi zituzten. Bilbo inguruan eredu nagusiena D baldin bada ere, oraindik guraso batzuk ez dira ausartzen euskara hutsezko ereduan matrikulatzen. Hori dela eta, talde honek kanpaina informatibo bat eskaini die gurasoei. Euskararen balioa azpimarratu nahi izan dute eta baita seme-alabak elebidunak izatea eredu honek bermatzen duela ere. Kanpainaren helburua D ereduko matrikulazioak igotzea izan da. Gaur egun EAEn %50 baino gehiago euskarazko ereduan ari dira ikasten.

Hezkuntza Sailak DOBHko proposamena alda dezala eskatuz
EAEko STEE/EILAS, ELA, LAB, Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak eta EKBk idatzi bat zuzendu diote Hezkuntza Sailari ondorengo bi eskakizunak eginez:
- Eskualde guzietan gutxienez eskarazko jarraipena ziurtatzeko moduko eskaintza izatea, eta bereziki hau heziketa zikloetan zaintzea, izango diren hizkuntz ereduak lehenbailehen proposatuz.
- Hezkuntza Sistema osoan lehenbailehen finkatzea Hizkuntz Normalkuntzarako Plangintza Orokorra, horri begira eta lehentasun handiz irakasleria euskalduntzeko plangintza burutuz.

Ikastetxeak sortu, mantendu eta desagertu
Ikasturtearen erdialdeko hilabete hauetan zenbait ikastetxetan ezohiko mugimendua nabari da. Mugimendu pozgarria, kezkagarria, tristea... denetik. Baionako Oihana ikastolan, adibidez, berri onak nagusitu dira. Hilabete luzeetako tirabiren ondotik, azkenean udalak eskainitako egoitza berria estreinatu dute.
Bergarako Aranzadi ikastolatik ere oihartzun alaiak datorzkigu. 25 urte betetzen ditu aurten, eta hori ospatzeko ekitaldi anitz prestatu dituzte.
Zaratamoko J.R. Azpiri ikastola publikotik, ordea, ez dugu horrelako ospakizunen berririk, eta beharbada horretarako aukerarik ere ez du izango. Hezkuntza Sailak 97-98 ikasturterako aurrematrikulazio prozesua etetea erabaki baitu. Duela bi urte sare publikoan sartu zen gaur egun 200 ikasle dituen ikastola. Eskola Kontseiluak eta Guraso Elkarteak auzi-errekurtsoa jartzea erabaki dute Hezkuntza Sailaren erabaki politiko eta arbitrario honen aurrean. Era berean, Xabier Markiegi arartekoarekin biltzeko eskaria ere egin dute. Egoera larria da, bai irakasleentzat eta baita ikastolako proiektu pedagogikoarentzat ere. Ea albiste honek beste norabide bat hartzen duen.

Sindikatu eta Nafarroako gobernuaren arteko konponezinak
Nafarroako Hezkuntza Publikoaren plantifikazioa nahiko lanak ematen ari da azkenaldi honetan. Hezkuntza arloko gai garrantzitsuenak eztabaidatzeko garaian ikuspuntu desberdina agertu dute sindikatuek eta Santiago Arellano, Hezkuntza Saileko zuzendari orokorrak. Lehenengoen iritziz, zenbait gai eztabidatzeko epeak oso berandu ezarri dira. Eta gainera, egindako bileretan informatzera mugatu da Gobernua. Ez inolako eztabaida, propamen eta iradokizun egiteko tarterik gelditu.
Horrez gain, AFAPNA-ANPE, CCOO, CISF, ELA, LAB, EILAS eta UGT LOGSEren ezarpenaz kezkatuta agertu dira. Prozesua geldirik dagoela adierazi dute, eta DOBHren egituraketa ere ikuspegi orokor eta globalik gabe egiten ari direla.
Egoera eta gai hauen guztien aurrean, sindikatuak negoziatzeko eta hitz egiteko prest agertu dira, beti ere garantia minimo batzuk ematen badira (epeak, proposamenak, aldez aurreko materialak...).
Badirudi, azkenean, sindikatuen eskaerak onartu direla neurri batean, azken bileran Santiago Arellanok irakasleen zenbait eskaera onartu baitzituen.
Bestalde, DBHko 4. kurtsorako diseinua ere erakutsi berri dute. Datorren ikasturtean Nafarroa izango da DBH osoa (lau kurtsoekin) martxan edukiko duen komunitate bakarra. 4. maila honetan 15-16 urteko ikasleak egongo dira, eta gaur egungo Lanbide Heziketa, BBB eta Erreformako 2. mailak desagertu egingo dira. Azken kurtso honen planifikazioaren barnean, arazoak dituzten ikasleei erantzuteko neurriak ezarriko direla azpimarratu du Nafarroako Gobernuak. Adina dela eta, motibazio arazoak izango omen dira nagusienak, eta horiei erantzuteko neurriak diseinatu ditu.

Gasteizko irakasletza eskolaren 150 urteak
Otsailaren 6an Gasteizen Maisu Eskola sortu zeneko 150. urteurrena bete zen. 1847an, Alde Zaharreko egoitza batean ireki zituen ateak eskola honek, eta gizonezkoentzat bakarrik, hasiera hartan. Urtebeteko ibilbidearen ondoren, itxi egin zuten, Arabako herrietan oso jende gutxi baitzegoen maisuen formakuntzarako zentroa mantentzeko. Hala ere, 1849an, berriro ere martxan jarri zen Eskola Normala titulupean. 1962an gaur egungo egoitzan finkatu zen Gasteizko Maisu-Maistren Eskola Normala. Eta 1972an EHUren barnean txertatu zen Irakasletza Eskola Unibertsitatea bihurtu zelarik.
Gaur egun 1.200 ikasle ditu eta hiru espezialitate ikas daitezke bertan: hauetatik bi euskaraz eta gaztelaniaz (Haur Hezkuntza eta Gorputz Hezkuntza) eta Lehen Hezkuntza gaztelaniaz, euskara irakasgai gisa dagoelarik. Alor honetan erronka handia dutela adierazi dute arduradunek, oraindik ez daudela egoera onenean.
Dena dela, 150 urte hauetako lanaren emaitzak hor daude, eta ospatzeko modukoak dira. Horretarako, hainbat hitzaldi eta mahainguru antolatu dituzte. Beraz, aurtengo ikasturteak klaseetatik at hainbat gauza ezagutzeko aukera emango du.